Ohar baten bidez Nikos Romanosek, Greziako preso anarkistak, 31 egunez eraman duen gose greba bertan behera uzten duela jakitera eman du. 2012an Banku baten lapurreta batean atxilotutako “Suaren Nukleoak” izeneko talde armatuaren kidea den Romanosek presoen hezkuntzarako eskubidearen alde borrokatzen zuen, izan ere, Atenaseko Unibertsitate publikoan sarbide azterketa gaindituta bazuen ere ez zioten klaseetara joaten uzten. Asteazkenean, abenduak 10, egarri greba hasi berri zuela Justizia ministroak helegite bat aurkeztu zuen. Bertan Nikos Romanosi Atenaseko Unibertsitateko klaseetara joateko baimena onartzen zitzaion, bi baldintza aurretik bete beharko zituen hala ere, alde batetik, hiru hilabetez jarraian bideokonferentziazko klaseak jarraitu beharko lituzke, eta beste alde batetik, eskumuturra elektronikoa jarri beharko luke klasera doan bakoitzean.

Helegite hau aho batez onartu dute alderdi ezberdinek eta hortik gutxira ospitaletik Nikos Romanosek gose greba bertan behera uzten duela jakinarazteko komunikatua atera du. Bertan Nikos Romanosek azken helegite hau aurrekoan aurkeztutakoa baina onargarriagoa jo du nahiz eta “eskumuturra eraman behar dudan”, eta Anarkisten borroka indartuta atera dela aldarrikatu du baita preso politikoen borroka ere. Eskertzeko hitzak izan ditu Romanosek, ospitaleko sendagileekiko, izan ere bortxazko elikadurari uko egin zioten presoaren borondatea errespetatuz.

Sare sozialetan erreakzio ezberdinak zabaldu dira, berria jakin bezain laister meme asko argitaratu dituzte “Νικιτής” (Irabazle) hitza Romanosen argazkiarekin batera. Halaber, alderdi politiko ezberdinetako erreakzioak eman dira, Syriza eta Alderdi komunista pozik azaldu badira ere, Nea Demokratiatik ez da erreakziorik aurkeztu baina alderdi eskuindarreko Kristina Siderisek gaitzetsi du erabakia eta deitu ditu unibertsitateko ikasleak zein gurasoak preso anarkistaren sarrera ikasgelan ekiditeko.

Nikos Romanos, atxilotua izan zen 2012ko otsailaren 2an, Kozani Hirian, beste hiru kideekin batera banku etxe batean kalashnikov bat eskuetan, lapurreta batean. “Suen Nukleoak” izeneko talde armatuko kideak ziren. Orduan atxilotu bezain pronto eskandalo bat suertatu zen iritzi publikoan izan ere poliziak atxilotuen argazkiak argitara eman bazituen ere, nabariak ziren aurpegian eta batez ere begietan jasotako tortura aztarnak, are okerrago, modu gordinean ezarritako edizio digitaleko filtroak begi-bistan zeuden, argi utziz poliziak kolpeen markak ezabatu nahi zituela.

listes-kozanis-xtipimenoi-4

Nikos Romanosek jasotako tortura aztarnak

nikos-photoshop

Poliziak “Photoshop” bidez eraldatutako irudia

bigarrenphotoshop

Δημήτριος Πολίτης (Dimitrios Politis) Nikos Romanosekin atxilotuari ere lepoan jasotako kolpeen aztarnak “ezabatzen” saiatu ziren.

Aurreko asteburuan, istilu larriak bizi izan dira Grezian, izan ere, Romanosen aldeko manifestazioekin batera milaka lagunek kaleak hartu zituzten orain dela 7 urte Exarchia auzoan Alexis Grigoropoulos poliziaren tiro batez erahil zutela gogoratu nahi zutelako ere. 2007ko abenduaren 6 hartan, Grigoropoulosen ondoan Nikos Romanos bera zegoen mobilizazioetan. Udazken gorriena bizi izan du Greziak orain dela bi urte Urrezko egunsentiko kide batek Pavlos Fyssas hiphop abeslaria labainez erahil zuenetik. Udazkenero mobilizazio ugari suertatzen dira. Irailean Salonikako urteroko Azokatik hasita, Pavlos Fyssasen heriotza gogora ekartzeko manifatik jarraituta irailaren bukaeran, 2. Mundu Gerra askapen eguna urrian, Junta militarraren aurkako matxinadaren omenez eta azkenik abenduaren 6koa. Horrez gain lehendakari berria bozkatuko du legebiltzarrak eta estatu mailako hauteskundeen aurrerapen iragarpenaren aurrean Atenaseko burtsak 12 puntu galdu ditu, honakoa izanik krisi garaian suertatutako beherapena gogorrena 1987tik. Hori gutxi balitz Troikak estuki presionatzen du Greziako gobernua, honek neurriak ezarri ditzan eta hurrengo laguntza paketea jaso dezan.

Alexis Grigoropoulos Gogoan eta Nikos Romanosen aldeko manifestazio jendetsuak aurreko asteburuan.

Bitartean, negu gorria bertan delarik, beste gose grebalariek haien kanpin dendak ezarri dituzte Syntagma plazan. Siriako errefuxiatuak dira, eta ikusi beharko da ea Romanosen akordioak haien aurka edo haien alde egingo duen. Baita Romanosen aldeko mobilizazio erraldoiak kontuan hartuko dituen Siriako errefuxiatuen aldarrikapenak, Greziak eta Europak haien eskubideak onar ditzan. Aris Chatzistefanou (Debtocraty eta Faxismoa SA izeneko dokumentalen zuzendaria) arduratuta agertu da bere blogean, izan ere Pavlos Fyssasen erailketaren ondotik Grezia osoa kalera atera eta borroka antifaxistarekin bat egin bazuen ez zen gauza bera gertatu 7 hilabete aurretik Salem Loukman pakistandarra erail zutenean. Chatzistefanouren beldurra da, elkartasuna, nahiz eta anarkismo eta ezker muturraren baitan zabaltzen den, ez ote den nazionalistegia eta greziarrekiko bakarrik aktibatzen ote den.


Siriako Errefuxiatuen babesa Nikos Romanosen aldeko manifestazioari

Etorkizunak erakutsiko digu.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude