Ikerlaria edo. ZiFizalea eta optimista diagnostikatua. Izango garelako gara.

[Irakurleari oharra: Sarrera hau Fikzio Zientzia eta Fikzio Arraroaren -hemendik haurrera FikZi- inguruko lan interesgarriei buruzko irakurketa sail baten lehena da. Etzi Portu Maritimoaren etorkizunarekiko nostalgiaren aitortzarekin bat eginik egileak uste du Euskal Herritik badugula zer entzun, irakurri, jolastu, idatzi eta esana gai hauen inguruan. Sailari hasiera emateko komiki formako lan berezi bezain interesgarri bat hartu dugu.]

Badaude komiki estraino, dentso eta anbizioz beteak munduan, baina ziurrenik ez asko Grant Morrison eskoziarraren Ikusezinak (The Invisibles) bestekoak. Atzera begiratuta mirari txiki bat dirudi autore lan esperimental hau akaberaraino heldu izanak, zinez ariketa estetiko, narratibo eta magiko (itzuliko gara horretara gero) benetan bitxia baita burusoil honek aurrera eramandakoa.

Baina has gaitezen hasieratik. Hau da, amaieratik.

invisibles 13The Invisibles 1 #1: Say you want a revolution. 

Ikusezinak lanaren muinean gatazka dago. Gatazka zaharra -zaharrena akaso- bi aurkariren artean. Gerra. Kontrolaren eta askapenaren arteako gerra; ezaren eta baiaren arteko guda, nahi bada. Alde batean Kanpoko Eliza dago (The Outer Church): opresioa, obedientzia eta beldurraren ideia bera, ezin boteretsuago, ezin zabalduagoa, denok soma dezakegun bezala etengabeko aurrerapena eginez munduan. Kolpez kolpe moldatuz, perfekzionatuz gizateriaren kartzela (ikus baita Kult rol jokoa). Beste aldean berriz Ikusezinak (Invisibles). Fakultate ikusezina, Harlequinadea, Azken Konspirazioa. Askazio nahia, gizateriaren mugarik gabeko emantzipazioaren aldeko indarren koalizioa.

Invisibles 14The Invisibles 1 #1: Say you want a revolution. 

Gatazka eta errelatoa, komiki sail zail eta sailkagaitz honen muinean.  Aluzinazioaren kontrolaren, hegemoniaren bilaketa eternalaren dema. (Anje Duhalderen ahotsa entzuten da, sotil: garaipen eguna… lortzen ari garena… lortuko duguna). Hori baina, ez da geruza bat baino. Gauzak ez baitira beti/inoiz diruditena. Lehen zenbakiko tik autoritariodun irakasle libertario onbera ez da dirudiena, eta istorioko protagonista nerabe-terrible molotov-aipale-eta-jaurtitzaile-Dane McGowan ere ez da hasiera batean den hura.

Gatazka badago, baina ez da dirudiena. Etsaia eta gu, gu eta etsaia, ez dira guk uste duguna.

Ikusezinen zelula ezberdinak ikusiko ditugu bortxaren alde eta aurka egiten, maitemintzen, esploratzen, hiltzen eta erahiltzen. Erratzen eta asmatzen. Ausartzen eta koldartzen. Eta ikusiko ditugu unibertsoaren eta errelatoaren bertsio ezberdinak bando bietako fakzio ezberdinen aho-ezpainetan. Denak sinesgarriak. Denak sinestezinak.

invisibles 16

Errelatoaren, narratibaren gerra ere ez da finean linealtasun baten edo bestearen artean konponduko, geroz eta konplexuagoa, interaktiboagoa den metatestu(inguru) bat sortuz baino. Komikia kosmos osoaren matrioska panpin bat bihurtzen den arte, unibertso osoa (hau da, irakurlea) eraldatzeko saiakera estetiko ausart bezain arrakastatsu batean. Ezinezkoa da Ikusezinak irakurri eta esperientziatik eraldatuta ez ateratzea.

Dena da erreala. Dena gertatzen da. Heriotzak, torturak, traizioak, magia, denboraren makinak. Komikiak Morrison beraren bizitzako pasarteak ditu txertatuta, eta komikia bera autorearen bizitza magikoki aldatzeko saiakera kontzientea bilakatu zen hipersigil edo hiperzigilu bezala ulertuta. Autorea eta pertsonaia, Grant Morrison eta King Mob -burusoilak biak- nahastu egiten dira etengabe.

Gatazka erabat da benetakoa. Fikzioa errealitatea da. Borroka erreala da, eta protagonistak (lehen borrokalariak, etimologiari erreparatuz gero) ere errealak dira. Irakurlea fikzio-jantziaren baitan sartu eta errelatoa bizi eta berreraikitzera gonbidatzen du Morrisonek, pertsonaia batek ere egiten duen modu berean. Irakurketa sormena da. Lineartasuna ilusio bat da. Denbora gu hazten ari garen lursaila da, ez besterik. Gauzak ez dira beti/inoiz diruditena. Gatazka eta errelatoa ere ez. Izan, badira, noski, eta ezaren eta baiaren, kontrolaren eta askapenaren arteko borrokak zentzu osoa du, baina zentzu holografiko batean. Bi planoren arteko intersekzioa da gure mundua.

Gure hatzamarren (eta behatzen, euskalkiren batetako hiztunen zein oinekin egindako metaforen aldekoentzat) arteko espazioa bezain arrotza da arerioa. Arerioa gu geu gara. Eta hau ez da gerra bat, erreskate operazio bat da.

Meritu eta demeritu asko ditu Ikusezinak lanak. Luzea da. Dentsoa. Zaila. Zuzenbideko testu liburu bat baino erreferentzia gehiagorekin josita dago. Komiki hipertestuala da (ikus adibidez Wicker Man filmaren inguruan proposatzen den irakurketa Eremuz Kanpon). Aurrera eta atzera eta saltoka eta zatika irakurri baino murgiltzera gonbidatu eta ia-behartzen zaituen lana. Esperimentu narratiboa. Esperimentu magikoa. Esperimentu politikoa. Mundua eta irakurlea – Jose Antonio Artzek liokeen bezala gizon haundi bat baita mundua, eta mundu txiki bat gizona – aldatzeko pausu bat aurrera.

Makinaren parte bihurtu nahi gaituzten indarrak, larruzko erropa estua, gabardina luzeak eta tiroak, etxeorratzetatik jau(z/s)iak, balak eta gnostizismoa. Matrix baino arinago (eta hobeto) egina zuen hori guztia Morrisonek. Eta gehitu zizkion anbizio gorenago batzuk. Itxaropen berriak.

Beharrean gaude.

 

invisibles15

The Invisibles 2 #2. Black Science, Part 2: Kickin´

 

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude