Eraldaketari buruz asko hitz egiten dugu. Justua ez den sistemak eraldatu behar ditugula diogu. Antolaketa, autoeraketa, egiturak, alternatibak… baina ez dakit ez dugun pertsona ahazten.

Horregatik, modu zuzenean eta zeharka Rafael Cristobal aipatuz, kooperatibetako zentroa behar luken pertsonak hartuko ditut mintzagai oraingoan.

Kooperatibek ez dute ez kapitala, ez lana, ez jabetza muinean. Pertsona, subjektu protagonistak dira hasiera eta amaiera. Eta aurreko kolaborazioan aipatutako galderei beste bat gehitu behar zaio: nondik. Nondik, pertsonetatik eta komunitatetik sortzen eta bideratzen delako kooperatiba.

Hain zuzen ere, enpresa eta kooperatibaren definizioak honakoa behar luke: helburu komunak lortzeko kooperatzen duten pertsonen multzoa. Ez indibiduoak eta lanerako erreminta hutsak, kontzientzia duten pertsonak baizik. Subjektu protagonistak. Ez soilik norberarekiko kontzientzia dutenak, beren buruari soilik aitortzen diotenak izatea, nortasuna. Baita albokoa eta besteak errekonozitzeko gai direnak ere, komunitatearen parte sentitu eta direnak.

Parte-hartzeari eta pertsonari buruz hitz egiten duten zenbait erakunderen inguruan aritu naiz. Parte-hartzea eta pertsona tresna bezala ulertzen dituzte erakunde horiek. Egungo kudeaketa ereduen diskurtsoen alde ezkutua da hori. Pertsonengan sinesten dutela esanez, efizientzia eta lehiakortasuna irabazteko asmo bakarrarekin bultzatzen dute pertsonaren garapena. Ez dago enpresa humanista edo kooperatibo edo sozialik atzean. Kapitala da helburu.

Hala ere, langileentzako alde onak ere baditu kudeaketa eredu horrek, argi dago. Jauzia dago taylorismo garaietatik. Helburuak helburu, motibazioa eta inplikazioa bultzatzeak lan-baldintzak ere hobetzen ditu normalean. Alderatu ditzakegu eraginkortasuna pertsonen esplotazio hutsetik ulertzen duten enpresari horiek. Edozein baldintzatan soldata duin edo ez-duinaren truke langileak erabiltzen dituzten horiek. Humanismorik ez, eta epe motzeko estrategia gainera. Epe motzekoa, egungo ekonomian iraungitzera kondenatuta dagoen eredua baita adituen arabera. Adibide zehatzik jarri gabe, guztiok izango dituzue buruan enpresa bat baino gehiago.

Goienarako artikulu batean idatzi nuen esaldi hau: “Norbanako protagonistak, subjektu aktibo eta antolatuak, dira behar ditugunak”. Ahaldunduak eta kontzienteak gehituko nioke, besteak beste.

 

Irudian Emmanuel Mounier [es], Pertsonalismo komunitarioaren [eu] definizioa egin zuen filosofo frantsesa. Arizmendiarrietaren iturri garrantzitsuetako bat da Mounier.

Iturria: Wikipedia (cc-by-sa)

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude