Etzi izango ditugu hurrengo lau urteetan Udaletxeetan eta Foru Aldundietan herritarron premiak nork kudeatuko dituen erabakitzeko balioko duten hauteskundeak. Tira, erabaki baino egokiago litzateke erabakia isladatzeko eguna, izan ere egoera dagoen bezala egonda, zail egiten zait inkestek dioten modura herritarren portzentai handi batek ez duela bere botua erabaki eta azken unean egingo duela sinistea. Jendeak inkesta ez luzatzeko ematen duen erantzuna izan behar du. Edo inkestak egiten dabiltzanak beraien kontratu prekarioen helburu betegaitzetara ailegatzeko botatako erantzunak. Izan ere, bakoitzak argi izan behar lituzke bere lehentasunak, eta lehentasunon arabera jakin zein den gehien egokitzen zaion aukera.

Nik neure lehentasunak argi ditut eta aurtengo hauteskundeak hilaren 24ean direnez, 24 puntutan jasoko ditut nik bozkatuko dudan hautagaitzak lehenetsi beharko lituzkeen lan ildoak.

1. Osakidetza, Hezkuntza, hedabide publiko, tokian tokiko Udal eta administrazioa orohar, herritarren eta langile publikoen hizkuntza eskubideak bermatu bermatzeko gai izatea. Edozein ate gurutzatu eta Euskaraz komunikatzeko eskubidea bermatua izatea.

2. Erakundeak gizarte patriarkatuaren eta beronen balore matxisten aurkako borrokarako lehen gotorleku bilakatzea. Mikromatxismo eta genero kasu bortitzenen prebentzioa indartzea, lan eskubide, soldata, promozio eta errekonozimenduetan berdintasuna bultzatu eta ahal den heinean bermatzeko neurriak hartzea. Erakundeetatik baliabideak areagotu eta herritarrentzako sentsibilizazio planak zein ikasleentzako hezkuntza planean aldaketak egitea.

3. Autodeterminazio eskubidearen aldeko apustua egitea, aldebakarrekoa izan behar badu ere.

4. Etxegabetzeak bertan behera utzi eta Europan existitzen den etxebizitza lege ankerrenarekin bukatzeko urratsak ematea.

5. Duintasunez bizitzeko pertsona guztiek izatea Diru – sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI).

6. Gizarte orekatu bat izan eta maila sozial desberdinen arteko aldea ez handitzeko aberatsek gehiago ordaintzea.

7. Aurrerapena jasangarritasunetik lantzea, ez porlanetik eta AHTaren errailetatik.

8. Aurrerapena energia berritzaileekin lantzea, ez Fracking-a eta fosilekin.

9. Aurrerapena Ikerketa eta garapenean inbertsioak eginez lantzea, ez murrizketa eta hausteritate politikekin.

10. Ate birakariekin amaitzea.

11. Expolioarekin amaitzea. Udakoak ez diren txiringitoak ez ditut gogoko, ezta iturgin batzuk ere.

12. LOMCE bezala ezagutzen den hezkuntza plan berria ez aplikatzea eta nola ez, Euskal Kurrikulumaren alde borrokatzea.

13. Gaizki egindakotik ikasi eta errektifikatzeko ohitura izatea.

14. Euskal Herriko lehen eta bigarren sektoreen aldeko apustua egin eta politika neoliberalek ahuldutako ekonomia indartzeko behar diren inbertsioak egitea.

15. Etorkinak gure herrietan “kolokatzeaz” gain, etorkinak gure inguru soziokulturalean integratzeko plana garatzea.

16. Elizak dituen onurekin amaitzea “Apaizac hobeto” ez bizitzeko.

17. Euskal Herritar ororen oinarrizko eskubideak bermatuak izateko borrokatzea.

18. Euskal kulturak merezi duen errekonozimendu eta tratamendu duinaz gain, beronen ikusgarritasuna handitzeko plan estrategikoa martxan jarri eta diruz laguntzea (Miloika euro batzuk dauzkat buruan, kulturako aurrekontuaren herena esaterako).

19. Egun, Europar Batasunak gomendatutako 1.000 biztanleko polizia tasa laubidertzen dugulako, estatu polizial honekin amaitzeko urratsak ematea.

20. Erakundeetatik Herrien Europa baten alde lan egitea, Euskal Herriak bere leku propioa izateko.

21. Eskandinabiar herrialdeei begira jartzerakoan, probetxuzko guztia inportatzen jakitea, ez bakarrik partiduari komeni zaiona. Atez ateko sistema, bankariak kartzelara bidaltzen dituzten legeak edo politikarien dimititzeko ohitura sano hori esaterako.

22. Europako muga hermetikoena behin betiko hautsi eta Iparralde – Hegoalde fluxuak berpizteko politikak abian jartzea. Lana, kultura eta hezkuntza ardatz hartuta lurraldeen arteko fluxuak berpizteko apustua egitea.

23. Kannabisaren legalizaioa lantzea. Ez naiz sartuko sakonean gaia lantzen baina laburtuz hauek dira kannabisa legeztatzearen abantaila nagusiak: kontsumitzaileei produktuaren kalitatea bermatu, aplikazio terapeutikoak ikertu (minbizi, hezurretako arazo zein min kronikoentzako), lanpostuak sortu eta zergak bildu, merkatu beltza murriztu,…

24. Euskal Kirol Selekzioen ofizialtasuna erakundeetatik lantzea. Kirolak, eta batez ere futbolak, gizartean duen garrantzia ikusita estrategikoa da kanal hori aprobetxatu eta euskal nortasuna beste plaza batzuetan erakustea.

Etzikoa 31n balitz lasai asko gehituko nituzke beste zazpi puntu baina uste dut nahiko direla orain artekoak. Oraindik zure botua nori eman erabakitzeko bazaude eta zure balizko hautagai horrek aurreko puntuetako bi edo gehiago bete behar baditu, jakin “P”-a daraman hautagaitza bakar batek ere ez duela egingo.

Nik idatzitako lerro hauek ezer argitu ez badizute, egin kasu Lucio Urtubia eta Jose Mujikari, nire aldean asko dakite eta.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude