Espainia aldean badira hainbat egunkari mota: eskuindarrak eta arras eskuindarrak –maiz, eguneko lerro-buru nagusiak irakurrita, zaila izaten da asmatzea zein den El País-ena, ustezko kazeta ezkertiarrarena alegia–; badira beren burua gobernuaren laguntzailetzat jotzen dutenak –La Razón da horren adibide argiena: Rajoyk zernahi egin, hura defendatuko du Marhuendaren berri-paperak–, baina badira, eskuin politikoan kokatu arren, beren buru independentetzat jo eta gobernuaren eta, oro har, alderdi politikoen agenda makurrarazi eta bideratu nahiko luketen egunkariak –El Mundo, konparaziorako–.
Nafarroara etorrita, bi multzoetan bigarren taldekoa da Diario de Navarra: hau da, arras eskuindarra da, alde batetik, eta, bertzetik, gobernuak zer egin behar duen markatzea gustuko dutenetakoa –badu, beraz, gehiago El Mundotik, La Razónetik baino–. Hondar ehun urteetan, Nafarroan, erregimenak, alderdiak eta gobernuak etorri eta joan egin dira, baina DN-k jakin du beti bere burua egoera guzietara egokitzen. Lebowski Handia-n Jeff Brigdes-en pertsonaiak nola eusten zion –the dude abides–, horrelaxe ibili da DN aldaketa guzien gainetik.
Heldu diren lau urteetan, beraz, bi oposizio izanen dituzte Parlamentuko eta Iruñeko udaletxeko agintari berriek: politikariek eginen dutena –munduko trebeena izanen ez dena naski– eta eskualdeko hedabide nagusiak eguneroko lerro-buru, iritzi artikulu eta albiste itxuraz inuzenteen bidez eginen duena. Begi-bistakoa da helburu nagusia: etxean gelditu diren eskuineko hautesleak haserrearaztea, hurrengo hauteskundeetan botoa ematera joan daitezen.
Espainiako lehendakariak erran du berriki komunikazioan huts egin duela bere gobernuak, eta horregatik galdu duela galdu duen botere guzia. Gezurra da, edo, bertzenaz, Rajoyk benetan hori sinesten badu, arras analisi eskasa. Baina gurean gerta liteke, erabaki egokiak hartuta ere –eta pentsa dezagun gauzak ongi eginen direla: kudeaketan neketan egiten ahal dira UPNk baina makurrago–, emaitza txarrak izatea komunikazioa ongi zaintzen ez bada. Arerio nagusia hedabide bat izanen baita.
“Anexioa”, “integrazioa”: hizkuntza ere ebatsi digute urte hauetan guzietan, eta segur aski “identitatearen gaineko” eztabaidara joko dute erregimen zaharreko bozgorailuek. Azken batean, Eta interesgarria litzateke hortik hastea: eztabaida ez da nortasunaren gainean, eskubideen gainean baizik: UPSNren politikak bigarren mailako herritar bihurtzen nauelako naiz ni independentista, ez nortasun esentzial batek bulkatuta. Eta, alde horretatik, inportantea litzateke nahitaez etorriko den eztabaida horretan, inolako dudarik gabe etorriko diren eraso pozoitsu horien aitzinean, gu –alegia, aldaketaren egun dugunok– gauza izatea debatea definitzeko, eta ez soilik etorriko diren erasoei erantzuteko. Nagusigo politikoa eskuratu ondotik, nagusigo komunikatiboa ere izan beharko genuke helburu. Tira, bertzeak bertze. Gure esku dago.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude