EHUko Uda Ikastaroetako Berrikuntza Politikoa mintegian izan nintzen duela egun batzuk Donostiako Miramar Jauregian, eta bertako kronika batzuk Etzi-rekin elkarlanean egiten dugun Mugikaria aplikazioan argitaratu nituen. Gerora irekian utzi ditut horietako bi Sustatun, Eduardo Madinak ustez federalismoaz esan zuenaz bata, eta bestea Xabier Barandiaranek independentziaren ezinaz esandakoa komentatuz.
Baina beste puntutxo bat ere egon zen nabarmentzeko jardunaldian, nire aburuz, Konstituzioaren erreformaz legelariek egindako ekarpena. Eduardo Virgala EHUko zuzenbide irakaslea eta Xabier Arzoz Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko letratua (hau euskalduna) izan ziren legelarien ikuspegi hori eman zutenak.

Azalpena bikaina iruditu zitzaidan Virgala eta Arzozena, baina ezin gainetik kendu burutazio bat: izaki fantastikoez ari gara hemen. Hogwarts-eko uda ikastaroetan (Harry Potterren eleberrietako magia eskola da Hogwarts), fantasiazko animaliei buruz maisu-lezioa emango baligute bezala. Zeren eta, sinetsi egin behar da benetan…

  1. Espainian konstituzio erreforma baterako nahikoa gogo egongo dela.
  2. Izatekotan, erabakitzeko eskubidea edo sezesiokoa edo subirautza partekatua bezalako kontzeptuak sartuko dituenik Kataluniaren edo Euskal Herriaren asmo independentistak bideratzeko modukoak.

 

harrypt
Baina tira, gauzak dauden bezala daude, eta legelarien azalpenak argigarriak izan ziren, guztiarekin. Barka bieazadate Virgalak eta Arzozek artikulu honen izenburua, eta noa kontatu zutena laburtzera.

Virgala: sezesioa arautu Konstituzioan

Eduardo Virgalak Espainiako Konstituzioa erreformatzeko aukera posibleak aipatu zituen. Sei aukera aipatu zituen:

  1. Statu-quoaren mantentzea, eta ber-zentralizazioa (alegia, aldaketarik ez eta lurralde-egituraketari dagokionez, atzera egitea).
  2. Konstituzio erreforma “arrunt” edo kosmetikoa.
  3. Konstituzio erreforma bat Estatu federal bat eratzeko,
  4. Konstituzioarren 1. Xedapen Gehigarriaren berrirakurketa bat (Eskubide Historikoen puntua da hori, EAJren erreibindikazio eta itxaropen bat nagusiki).
  5. Erreforma bat, sezesio eskubidea barne hartuko duena.
  6. DUI adierazpen bat (Katalanezko eta espainolezko laburduran, DUI da Aldabakarreko Independentzia Aldarrikapena). Virgalaren ustez, Kataluniak hemendik jotzen badu, zaila izango du erantzun positiborik lortzea atzerrian.

Aukera hauen artean, 2-3-4 multzoarekin oso eszeptiko agertu zen Virgala, bereziki proposamen federalarekin, asko aipatu arren ez duelako inork (irakur bedi, PSOEk) ezer zehatzik taularatu.

Virgalaren bidea, edo proposamen faboritoa, sezesio eskubidea onartuko lukeen Konstituzioa da. Pertsonalki, Virgala, gipuzkoarra eta elebakarra, ez dago sezesio eta euskal independentzia baten alde (halaxe esan zigun), baina aukera legal eta demokratiko baten alde bai.

Sezesio eskubide hori nola sartu Konstituzioan? Honetarako, zenbait puntu marraztu zituen:

  • Hasierako eskabide formal bat. (Demagun jasoa dagoela zein erakundek edo komunitate zehatzek aurkez dezaketen)
  • Galdera aski argi bat (Eskoziakoa ona iritzi zion)
  • Parte-hartzerako quorum jakin bat.
  • Beharrezko gehiengoaren zehaztapena (nonbait 51/49 sezesioaren alde ez zaio aski iruditzen Virgalari)
  • Lurraldeen araberako konfigurazioa (honetan ez zuen sakondu, baina interesgarria litzateke xehetasunetan sartzea, ea esan nahi duen azpi-lurralde guztietan behar den baiezkoa, edo azpi-lurraldeen araberako sezesioak hartzen diren kontua edo zer).
  • Ezezkoaren kasuan, “izozte” fase bat, ez dela berriz eskaerarik egingo demagun 20 urtetan.
  • Baiezkoaren kasuan, aurrez adostutako negoziazio-oinarriak: negoziazioaren autoritateak nor izango diren, ze printzipioren arabera jokatuko litzatekeen.

Arzoz: Estatutu erreformak alferrik dira, Konstituzioa aldatu behar da.

Beste hizlaria Xabier Arzoz letratua izan zen. Auzitegi Konstituzionaleko erabaki zenbaiten analisi zehatz bat egin zuen, zuzenbidearen ikuspegitik jasoa (eta hau sinatzen duenarentzat, latz samarra, onartzen dut).

Bi puntu nabarmendu zituen Arzoz, Auzitegiko bi ebazpen inportantetan oinarrituak.

Bata izan zen 2014ko martxoko epai inportante bat, zeinak atzera bota Kataluniako Parlamentuaren subirautza adierazpen bat. Epai horren testuan, subirautza ukatu arren Kataluniari (argi dago Konstituzioak zer dioen puntu horretan, egia esan), bide ematen zaio azalpenetan aukera bati: subirautzaren kontua edo sezesio edo beste edozein egitasmo politiko egingarriak dira Espainian, Konstituzioaren erreforma jakin batean onartzen badira.

Aukera egon, badago, beste konstituzio batzuek beren beregiz mugak ezartzen dituzten puntuan, epai honek argitzen baitu Espainian muga hori ez dela esistitzen. Tira ba, ondo dago jakitea.

Beste epai funtsezko bat izan zen 31/2010 urte batzuk lehenagokoa. Hau ere Kataluniari buruzkoa izan zen: Maragallen PSCren agintaldian bultzatzen saiatu ziren autonomia estatutu oso hedatuaren hainbat puntu deuseztu zituen epaia da. Epai negatibo honen ondotik piztu da nagusiki independentismoa Katalunian.

Arzozek irakurketa garbi bat egiten du epai honena: Estatutu erreforma bat ez dela bidea subirautzarekin zerikusia duten eskuduntzak edo automia hedatuago bat lortzeko. Ezin duzu estatutu autonomiko bat aldatuz edo proklamatuz, Konstituzioan gainetik dauden arauak hautsi. Konklusioa argia da: subirautzara bidean, estatutu erreformak alferrik dira, Konstituzio erreforma bat da beharrezkoa. Arzozek behin baino gehiagotan azpimarratu zuen hau bere hitzaldian.

Hortaz, ba bueno, animalia fantastikoa domestikatu behar da hemen: Espainiako Konstituzioa da aldatu behar dena sezesio bat posible izan dadin.

Puntu honetan, hausnarketa bat ere utzi zigun Xabier Arzozek. Filosofikoa edo politikoa, gehiago, legearen aldetik praktikoa baino. Estatu demokratiko batean, sektore baten edo bestearen indarra, joko demokratikoaren araberako gehiengoen alderaketak markatzen du. Sektore politikoek lehia egiten dute, gehiengoa euren alde jartzeko, eta hortaz, batzuen edo besteen aspirazio demokratikoak joko horretan ebatzi daitezke. Naziotasun-gutxiengo kontuak daudenean, ordea, gehiengoen jokoak ez du berdin funtzionatzen. Nazio-estatu nagusiak berez du gehiengoa, eta lurralde zati baten gutxiengo berezituak, bere asmoak gehiengoen jokoaren bidez nekez eraman ditzake aurrera testuinguru horretan. Hortxe dago tranpa eta gakoa: Konstituzioa aldatu daiteke, baita Espainiakoa ere, baina aldatu nahi duen subjektuaren borondatea egituraz gutxiengo bat denean, nola egin aurrera? Kataluniak nahi badu, baina egiturazko gehiengoak dekretatzen badu erabaki-puntua Espainiako osotasunaren subirautza dela, nola askatu korapilo hau demokratikoki eta legalki? Iruditu zitzaidan Arzozek erantzun gabe utzi zuela galdera, nahiz eta formulatu, oso ondo formulatu zuen.

Niri bururatzen zait, haustura demokratiko bat besterik ez.

Iruzkinak

Utzi erantzuna Etzi.pm(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude