Interneteko webguneen %26ak bakarrik erabiltzen dute komunikazio segurua. Bisitatzen ari garen webguneak komunikatzeko bide segurua erabiltzen ari bada, nabigatzailearen helbide barran giltzarrapo bat azalduko zaigu. Giltzarrapo horrek HTTPS protokoloaren bidez komunikatzen ari garela esan nahi du. Modu seguruan ari garela, alegia.

Pantaila-argazkia 2015-09-15 15:43:36

HTTPS protokoloa erabiltzeko, webguneari ziurtagiri digital bat txertatu behar zaio. Teknikoki oso konplikatua ez den arren, oztopoz beteriko bidea izan daiteke ziurtagiria lortzea. Batzuetan burokrazia lan astuna izaten da. Nahiz eta gaur egun eskaintza asko egon, prezioak ziurtatuko zaituen enpresaren araberakoak dira.

Badago bide bat, askok erabili izan duguna, doako ziurtagiriei esker komunikazio seguruaz baliatzeko. Self-signed ziurtagiri hauek, zeuk sinatutako ziurtagiriak dira. Teknikoki seguruak diren arren, ziurtagiria sinatzen duenarekiko konfidantzan oinarritutakoak dira. Kasu hauek nahiko ezagunak dira, guztiok gogaitu gaituzke, gogaitzen gaituzte eta gogaituko gaituzte aurrerantzean ere. Hona hemen adibide bat:

Pantaila-argazkia 2015-09-15 15:30:26

Baina dagoeneko guzti honi buelta emateko alternatiban lanean ari dira. Let’s encrypt proiektuak, (Electronic Frontier Foundation, Cisco, Mozilla, Linux Foundation eta abarrek sustatua) komunikazio seguruagoak sustatzeko helburuarekin, doan azkar eta modu oso errazean sortu daitezken ziurtagiriak lortzeko mekanismoa martxan jarri nahi du; aste honetan sortu dute lehen ziurtagiria.

Frogetan ari dira eta oraindik baliozko jaulkitzaile izateko hilabete batzuk beharko dituzte. Tresna laster erabiltzeko moduan egongo da. Komunitate garrantzitsua beharko da orain lan eder hau ahalik eta webgune gehienetan txertatzeko. Deia argia da, Internet zifra dezagun.

 

Iruzkinak

Utzi erantzuna teketen(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude