Informazio teknologiek interfaze berriak garatu dituzte etengabe teknologia hauen ahalmena jendarte zabalago bati eskaintzeko. Testu komandoak, leihoak, teklatua, sagua… zerrenda amaitezina da, gaur egungo ukimen pantailetara iritsi arte.

Baina ez gaitezen engainatu. Pantailek, bereizmenak eta hatz-beteek zoratzen bagaituzte ere, hizkuntza da hartu-emanerako daukagun erraminta indartsuena. Ez alperrik, ordenagailuak hizkuntzarekin uztartzeko izan dituzten zailtasunak gainditzen hasi garela dirudi eta interneteko erraldoiak konturatu dira. Ahots morroia deitu diote.

Mugikorretan: Apple-en Siri eta Google Now

Agian ahots morroeitan ezagunena dugu Apple-en Siri eta, diotenez, lengoaia naturala egokien ulertzen duena. Bilaketa ezberdinak egin ditzake ahots komando zehatzak erabili gabe. Google-en Now aldiz, informazio gehien duena dela esan liteke, Google-ek guregandik lapurtutatako hartutako datu eta preferentzia denak zentralizatzen dituelako.

Batek zein besteak mugikorrari lotuta funtzionatzen du, baina sistema eragileari (iOS edo Android) zuzenduta funtzionatzen dute gehien bat, oraindik ez aplikazioei zuzenduta. Adibidez, ezin diogu Siri-ri “txio bat idatzi” agindu oraindik.

 

Ordenagailuetan: Microsoft Cortana eta Skype Translator

Windows 10-aren berrikuntzatako bat da Cortana ahots morroia eta Apple edo Siri-ren parekoa izango litzake, baina ordenagailuendako. Microsoft-en apostu interesgarriagoa Skype-en integratu duen itzultzailea izan daiteke, zeinek Skype-eko elkarrizketa denbora errealean bikoizten dituen parekoak esandakoa itzulita irakurri ahal duzu ia une berean hizkuntza zehatz batzuren artean.

 

Espreski elkarrizketarako sortutako gauzak: Amazon Echo

Baina apostu arriskatuena Amazonena izan daiteke: espreski ahots-morroi gisa bezala funtzionatzen duen Amazon Echo produktua kaleratu du, aurrekoek baino pausu bat aurreragoko elkarrizketa ahalbidetzen dituena bide batez.

 

Eta guk zer?

Euskal Herrian badira ahots errekonozimendua, ahots sintesian zein hizkuntza teknologietan ikerketa eta garapena egiten duten hainbat talde eta enpresa (EHU-ko IXA taldea edo Aholab, Elhuyar, Anboto, etab.), hauetako batzuk gainera osoki euskarara zuzenduak. Baina euskarako ikerketa hauek (adib., Ber2Tek proiektua) ez dira oraindik jendarte zabalera iritsi, eta noski, euskara ez dago oraindik Apple, Google, Microsoft edo Amazon-en jomugan. “Her” (Spike Jonze, 2013) pelikulakoa bezalako etorkizun bat gertu baldin bada eta etorkizun hori euskaraz amesten badugu, komeniko da ekimen hauek indartzea. Ahots morroi baten lokalizazio boluntarista bestelako aplikazioen lokalizazioa baino gauza konplikatuagoa izango delako.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude