1876tik 1936ra, Espainiako historia –hau segur aski sinplifikazio irri-emangarria den arren– bi alderdiko sistema baten hausturaren kronika da. Estatu kolpeen eta gerra zibilen kronika luzea gibelean uzteko asmoz, Borboitarren errestaurazioarekin batera sistema politiko bat martxan jarri zen, bi alderdi nagusi –kontserbadorea eta liberala– txandaka agintzea –koroaren zaintzapean, betiere– ahalbideratuko zuena eta, horrela, Espainiako sistema politikoari egonkortasuna emanen ziona. Hasmentan ongi funtzionatu bazuen ere, sistemak ez zuen tokirik uzten ez langileen mugimenduaren aldarrikapenetarako, ez nazio “periferikoen” eskaeretarako. Bigarren errepublikak ekarri zuen bi alderdiko sistema haren akabera, baina lehenagotik ere sistemak porrot egina zuen Estatuaren bazterretan, bertzelako alderdi sistemak zituzten eskualdeetan hain zuzen ere.

Trantsizioaz geroztik, Espainiako historia, hein handi batean –hau segur aski sinplifikazio irri-emangarria den arren– bi alderdiko sistema baten hausturaren kronika da. Borboitarren bigarren errestaurazio hori lehendabizikoari begira egin zen, eta antzeko aitzakia batekin: berriz ere gerra zibilik izan ez zedin espainolen artean. Alta, aitzakia horretan, kausak eta ondorioak nahasi eta aldrebestu egin ziren: Espainiako konstituzioari oinarri ematen zion irakurketa historikoan, bigarren errepublikako gehiegizko demokrazia jotzen zen gerra zibilaren ziotzat –inplizituki bazen ere–. Irakurketa horri esker –eta desmemoria ariketa ederra eginez–, gerra zibila ekarri eta diktadura babestua zutenak ere integratzen ahal ziren bi alderdiko sistema berrian, iraganean sistema demokratikoa hondatu eta, ondorioz, gerra eta diktadura ekarri zituena ez baitzen indar jakin batzuen jarrera antidemokratikoa, espainolen artean ados jartzeko gaitasun falta baizik. Beraz, iraganeko akatsak berriz ere gerta ez zitezen, kontsentsuaren izenean “eskuzabal” jokatu zutenek –frankistek, alegia– osatuko zuten erregimen berrian bi alderdiko sistemaren zutabe bat; bigarren zutaberako, eskuinaren alternatiba moderatua behar zuten: PSOEri egokitu zitzaion paper hori.

Bigarren errestaurazioan baita, bi alderdiko sistema Espainiako elite politikoak antolatu zuen, Espainiako elite politikoarendako; horrek, bistan da, bertzelako bideak hestea ekarri zuen, bortizki hestea ere –baina hori bertze kontu bat da–.

Bigarren errestaurazioan ere, lehendabizikoan bezala, bi alderdiko sistemak porrot egin du, eta, diotenez, abenduaren 20ko hauteskundeen emaitzak bipartidismoa hilda dagoela erakusten dute; baliteke hala izatea, baina, izatekotan, hasperen batekin izan da, ez leherketa batekin; nolanahi ere, zonbien gaineko zinematografia luzeak gure poza apaldu beharko luke pittin bat: zonbiak arrunt kutsakorrak dira, eta ez litzateke hain arraroa Podemosek eta Ciudadanosek denbora pixka baten buruan, eta azaleko erreforma batzuk erdietsita, eskema zaharrak errepikatuko balituzte. Arraroxeago litzateke, baina ez ezinezko, halako bi-bipartidismoa sortuko balitz, Podemos-PSOE batetik eta PP-Ciudadanos bertzetik.

Nolanahi ere, momentuz nabarmentzekoa da, berriz ere batez ere bazterretan egin duela porrot bi alderdiko sistemak: Podemos –Espainian bipartidismoaren kritikaren ikur bihurtu den alderdia– nagusi izan da Euskal Autonomi Erkidegoan –botoetan, bederen– eta Katalunian, eta bigarren indarra Nafarroan –eta, horrela, lehen indarra Hego Euskal Herrian–, Mallorcan eta Valentzian. Baita Madrilen ere, egia da, baina iduri luke Espainia ez direnek dutela Espainia aldatzeko gogo –edo interes, edo behar– handiena. Espainiako hauteskundeen emaitzek nahigabearen mapa erakusten dute, baina hori ez da, nire usez, hain harrigarria: ezinegon hori existitzen zela bagenekien; nire iduriko, harrigarriagoa da Espainiarenganako fede hori, Estatu espainola onbideratzea oraindik posible delako sinesmen hori.

Espainiako zenbait analistek ez dute ulertu –edo ulertzen ez dutela erran dute, ez baita gauza bera– zer dela eta mintzatu diren Podemoseko liderrak Espainiako konstituzioaren balizko erreformaz edo hauteskunde legearen aldaketa posible batez, ekonomiaz mintzatu beharrean. Zonbiaren eraginpean daude oraindik, eta ez dute entelegatu nahi hori –sistema politikoaren berritzea– dela, teorian behinik behin, Podemosen apustu nagusia. Gure arteko zenbaitek, EHBildutik Podemosera zenbat boto joan diren ikusita, haserre seinalatu dute ustezko independentista anitzek “espainol” gisa bozkatu dutela. Hautesle on eta gaiztoen karnetak banatu baino lehen, nik datua apuntatu eta interpretatzen saiatuko nintzateke: baliteke batzuek taktikoki bozkatu izana –Podemosek Espainian EHBilduk baino eragin handiagoa izanen duelakoan–, eta baliteke anitzendako independentzia helburu ez izatea, tresna baizik: hau da, independentzia hutsa ez da aski, independentziari edukia eman behar zaio. Podemos Espainia berritzen saiatzen den bitartean, akaso independentismoak bere burua berritu beharko luke. Nik uste dut bigarren hau zeregin errazagoa dela, bertze hura baino; eta, hartan fede handirik ez dudanez, beharrezkoagoa dela erranen nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude