Duela urte bete, Iruñeko udal gobernu berriak hutsik zeuden 115 etxebizitza eraberritzeko konpromisoa hartu zuen. Hasierako fasea martxan jarri zenetik, hauetako 25 ekipatu dituzte eta behar urgentea duten herritarrek darabiltzate.

Etxebizitzak eraberritzeko lehiaketa publikoa ere ez zen ohikoa izan. Ohi baino lote txikiagoetan banatu zuten lana, obra monopolizatu ordez, enpresa txikiei aukera zabaltzeko. 200.000€ erabili zituzten lan honetarako.

Hurrengo fasean, etxebizitza gehiago berritzeaz gain, pausu berri bat emateko konpromisioa hartu du. IruñAri elkarteak proposatuta, kudeaketa publiko, kooperatibo eta komunitarioa landuko da.

Orain 5 urte sortu zen IruñAri elkartea. Etxebizitzaren gaia eta hirigintza ereduaren alternatibak aztertzeko Iruñean lanean ari ziren hainbat eragile sozial batu ziren; hala nola, PHA, gazte arkitektu kritikoen asanblada, auzo elkarte batzuk, gazte asanbladetako partaideak, kontsumo taldeetako kideak, elakagaien produktoreak…

Desjabetzeei eta espekulazioari aurre eginez, herritarren beharretan oinarritutako hainbat dinamika abiarazi zituzten: Hitzaldiak, ikastaroak, auzotarren beharren azterketarako parte hartze prozesuak, lurrak berreskuratzeko eta lantzeko dinamikak…

Bost urtetako ibilbide honek burujabetzarako gaitasuna eman die herritarrei, iritzi kritikoa sortzeaz gain, alternatibak eraikitzekoa. Egun Iruñean gero eta sare handiagoa ari da errealitate berriak sortzen. Kontsumo arduratsua bultzatzen duten kooperatibak, auzo elkarteak, kontsumo taldeak, finantza etikoetan zein energia berriztagarrietan oinarritzen diren proiektuak; oro har, herritarren autogestiorako eta burujabetzarako baliabideak garatzen ari dira.

IruñAri elkarteak proposamen bat luzatu dio Iruñako udal gobernu taldeari: 3na proiektua. Proiektu eraldatzailea da berau, etxe huts publikoak kudeatzeko gestio publiko-kooperatibo-komunitarioan oinarritzen dena. Hitzez hitz:

Publikoa: Espazioaren jabea udala da, honek 15 etxebizitza utziko lizkioke kooperatibari. Autobus geltoki zaharrean dauden etxebizitzak dira eraberritzeko zailtasun gehien dituztenak, hauek izango lirateke berreskuratuko direnak. 50 urterako utziko lizkioke, eta aurrerago, eredua ona balitz, etxe gehiago kudeatzeko aukera izango luke kooperatibak.

Kooperatiboa: Herritarren jabetza diren etxebizitzak Andel ereduan kudeatuko lirateke. Kooperatibak bere gain hartuko luke etxeak berrizteko ardura, udalari lan hau aurreztuz.

Andel eredua Danimarkan oso egonkortua dago. Dagoeneko 125.000 etxebizitza dira eredu honi jarraituz kudeatzen ari direnak; hauetako zenbait, tokiko administrazioekin harremanetan. Andel ereduan, etxe eraikinaren jabea kooperatiba da eta bazkideek etxebizitza baten erabilpenerako eskubidea dute. Kooperatiba ezin da banatu eta jabe elkarte bihurtu.

3na proiektuan bazkide bakoitzak sarrera gisa diru kopuru bat jarri beharko du eta etxean bizi den bitartean, hilero alokairua ordainduko dio kooperatibari. 60 m2ko etxe batentzat, hasierako kapitala 6.000 €koa da eta hileroko errenta 190 €koa izatea aurrikusten da .

Bazkideak hasierako kapitala lortzeko kreditua eskatu behar baldin badu, kooperatibak berak eta IruñAri elkarteko kideek emango diote bermea. Eraberritze lanak egiteko kooperatibak eskatuko du kreditua eta bazkideen artean banatuko da erantzukizuna.

Bazkideren batek etxebizitza utziko balu, hasieran jarritako kapitala bueltan jasoko luke, baina etxea kooperatibaren esku geratuko litzateke, bazkide berri batek erabiltzeko.

Kreditua eskatzeko finantza etikoetako balibideak erabiliko dira, arriskuak gutxitu eta erantzunkizuna banatzeko.

Komunitarioa: Andel ereduari figura bat gehitzen zaio hemen. IruñAri elkartea kooperatibako bazkide laguntzaile izango litzateke, ahalmen erabakitzailea izango luke. Honekin herriak bere jabetzaren gaineko jarraipena egiteko aukera izango luke. Autobus geltokiaren kasuan esaterako, auzoaren beharretara egokituko lirateke bertako espazioak. Kontsumo taldeetako produktuak kontsumitzeko bideak zabaldu ahalko lirateke. Auzolanak bultzatu. Finean, komunitatearen tokiko sareak eta zirkuituak indartu eta berriak sortzeko aukera emango luke.

Orain udalari dagokio proposamena aztertu, kudeaketa zehaztu eta proiektua martxan jartzea. Iruñeak aurrera egingo duen ala ez erabakitzea.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude