Mundu guziak daki argazkilariok gure argazkiak sinatuak izatea eskatzen dugula beti. Mantra bat bezela errepikatu ohi dugu ‘ez ahaztu argazkia sinatzeaz’.

Autoretza errebindikatzen du sinadura horrek, baina zein garrantzi ematen diogu autoretza horri?

Egile eskubideak aitortuak izateko eskatzen da sinatzea, baina autore eskubideak aitortuak direlako sinatzen da beste batzuetan. Autoretza eskubide horiek ere modu ezberdinean kudeatu daitezke, modu hertsiago edo zabalagoak aukeratuz.

Beste batzuetan, autoretza horren atzean egoa egon daiteke batez ere; nik egina dela jakin aratzeko jendeari, eta beraz ni zeinen ona naizen ikus dezaten.

Baina kazetaritzari dagokionez, autoretza horrek ikuspuntua ere adierazi dezake.

Ochoa de Olza

Azken World Press Photo sariak banatu ondoren, hautsak harrotu dituen gaia esparru horretatik etorri da. Daniel Ochoa de Olza argazkilari iruindarrari ‘jendea’ sailean 3. saria eman zioten iazko azaroan Parisen izaniko atentatuen inguruan egin zuen lanarengatik. Parisko atentatuetan izandako biktimen argazkiak jarri ziren atentatuen lekuetan eta Danik erretratu horien erretratuak egin zituen.

Saria aitortu eta ordu gutxira, Danik lana egiten duen Associated Press agentziak, erreportajea erretiratzea eskatu zuen, lana argitaratua izan ez zenaren argudiata, Danik 3. sari hori galduz. Associated Pressek barne arauetan idatzia du argitaratu gabeko erreportajeak fotokazetaritza lehiaketatara ez aurkezteko irizpidea. Santiago Lyon, AP agentziako argazki saileko buruak azaldu zuenez egiletza eskubideen inguruan Agentziak duen politika ez betetzea izan zen argazki lana hedabideetara zabaldu ez izanaren arrazoia. Associated Pressek besteen argazkien erreprodukzio baldintzatzen duen politika zehatza du. Ez du onartzen argazki baten argazkiaren autoretza azken argazkilariak hartzea, beraz, ezin dira Parisko atentatuen ondoren ateratako argazki horiek Associated Preseko Daniel Ochoa de Olza argazkilariaren izenean argitara eman.

Nik argi daukat marra hori oso estua dela. Noiz uzten dio erreprodukzio batek lehen autorearen lana izateari eta noiz da bigarrenarena? Edozein lan fotokopiatzean, fotokopiaren egilea da lanaren egilea edo lana egin duen lehena da?

Hemen eztabaida hasieran aipatutako esparruetara zabaltzen da. Egilea nor den erabaki beharra dago, egile eskubideak norenak diren ebasteko. Ez bakarrik eskubide horiek eman dezaketen dirua jasotzeko, lan horiekin egin daitekeenaren gaineko erabakiak hartzeko ere bai (zabalkunde librea du? egin daiteke lan eratorririk? erabili daiteke helburu komertzialetarako?).

Ez dut ukatzen Danik edo Associated Pressek hor ‘arazoak’ izan ditzakeela. Lan eratorri bat egiten du, erabilera komertzialerako erabili… eta kalean denen bistan zeuden argazkiak izanagatik, horien erabilpena legeak mugatu egiten du. Egia da argazki zaharraren eta berriaren artean elementu berriak eransten dituela, euskarri fisikoan dauden islak eta batez ere euri tantak: baina hori, argi eta garbi, lan eratorri bat da.

Hala ere, nik Daniren fotokazetaritza ariketan ez dut duda izpirik. Kazetaritzan lan bat sinatzen denan, egile eskubideen eta egoen gainetik dagoena, autoretzaren aitortza bat da. Objektibitatea lortzeko bide antzuan egin daitekeen ariketarik zintzoena, ‘nik ikusi/entzun/ikasi dudan guzia kontutan hartuta, hau da nik, sinatzen dudan honek, zuri erakutsi nahi dizudana” esatea, hasiera hasieratik subjektibitatea onartzea. Danik hori egiten du atentatuetan hildakoen argazkiak modu horretan erakusteko jarrera duenean.

Biktima horien argazkiek, beraien etxeko albumean zeudenean, haiek bizirik izanik, balio dokumental bat zuten; Argazkietako pertsonaiak atentatuan hil eta irudi horiek albumetatik atera eta kalera, jende aurrera ateratzen direnean, balioa aldatu egiten da, baina Danik kalean dauden irudiak, euri tanta horiez bustirik guri erakustean, balio dokumental hori guregana iristeko bideak zabaldu egiten ditu.

Hau ez da Daniren alde edo aurka azaltzeko post bat. Oso ondo ulertzen dut Associated Press agentziak hartutako erabakia, beraiek jarduteko araudi bat baitute. Ez dut epaituko ea lanak saria merezi ote zuen, hor eztabaidatzeko beste hamaika fronte irekitzen baitzaizkigu; baina niri lana aurkezteko modua gustatu egin zitzaidan. Horrelako gertakari gogor bat modu horretara erretratatzeko sentsibilitate horri inbidia izan nion lana ikusi nuenean.

Iruzkinak

Utzi erantzuna etzipm(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude