Belodromoko bertze gauza batzuk ez bezala, gustatu zitzaizkidan Arnaldo Otegiren hitz hauek –paragrafoa kakotxen artean paratuko badut ere, buruz ari naiz; ez da, beraz, hitzez hitzeko aipua–: “Ikusiko bagenu posible dela Espainiako estatua erreformatzea, prest geundeke erreforma hori nahi duten alderdiekin kolaboratzeko, baina ez dugu uste estatu espainola erreforma daitekeenik”. Adierazpen horrek berehala ekarri zuen Podemoseko Pablo Iglesiasen arrapostua –berriz ere kakotxak erabiliko ditut, baina buruz ari naiz honetakoan ere–: “Nik nire herrian sinesten dut eta uste dut posible dela Estatu hau erreformatzea”.
Eta, hara!, ados nago Otegirekin: nik ere uste dut Espainiako estatua ez dela erreformatzen ahal –tira, uste dut izugarri zaila litzatekeela, lan horrek merezi ez duen eginahala eskatuko lukeela–; are gehiago, horretaz ari naiz idazten –igual hobe: idatzi nahian nabil–, eta, hortaz, nire uste huts horretarik haratago, arrazoiak ere ematen ahalko nituzke ikuspuntu hori defendatzeko. Pentsatu nahi dut Iglesiasek eta Otegik ere badituztela beren motiboak zeinek bere jarrera defendatzeko, baina susmoa dut ondorioa –Espainia erreforma daiteke / ez da erreformatzen ahal– arrazoi horiek baino lehenagokoa dela, eta, hondarrean, nazio sentimendu batean oinarritzen dela.
Espainia porrot egindako estatua delako nahi dut estatu independente bat, edo estatu independente bat nahi dudalako uste dut Espainia porrot egindako estatua dela? Edo, bertzenaz adierazia: Espainiako estatuarekin nazkatua dagoen Euskal Herriko herritar oraingoz ez independentistari nola ikusarazi independentzia dela bidea, eta ez estatu espainolaren erreforma? Edo, bertzenaz adierazia: nola erakarri jendea proiektu independentista batera?
Barkatuko didazue berriz ere Nafarroa aipatzen badut adibide gisa: urte hauen guzien buruan, PSNk sinesgarritasun oso galdu ondotik, serioa den inork alderdi hori ezkertiartzat jotzen ezin duenean, Nafarroan zerk eramaten du beren burua ezkertiartzat duen jendea botoa alderdi horri ematera? Espainolismoak; identitatearen estakuruan, prest daude ez ikusteko aldaketaren alderdiak ez duela aldaketarik ekarri, ez ekarriko.
Lapur banden etika ala politika saiakeran, Joseba Sarrionandiak dio –eta orain, bai, hitzez hitz ekarriko dut aipua hona– “Syriza, Podemos, Bildu, nire ustez, gauza bera dira, erreferentzia nazionalaz aparte” (94. orr.); baina ez, ez nago ados horrekin, toki diferenteetarik heldu direlako, eta ez delako gauza bera existitzen den estatu bat aldatu nahi izatea, edo estatu berri bat sortu nahi izatea. Baina bertze toki batean, zera dio Sarrionandiak: “Nazioa behar dugu, estatua izateko” (80. orr.); “Nazio-estatua baino lehenago, nazioa behar dugu, proiektu ondo imajinatu eta erakargarri bat gizarte osoarentzat” (81. orr.). Independentzia helburu libururako Imanol Galfarsorok egin duen testuan zera dio –eta hemen ere literalki ekarriko ditut haren hitzak–: “iragan mitikoaren eta orain historikoaren artean ez daiteke lotura politiko zuzenik eratu” (300. orr.); eta geroago, “[Euskal Herriko] estatu horren izaera, hortaz, eraikuntza historikoaren beraren kontingentzia erabatekoa dela onartzetik etorriko da: ez dago berezko arrazoi historikorik Euskal Herria bilakatzeko edo ez bilakatzeko” (309. orr.); eta, hara!, ados nago; are gehiago, problemarik gabe sinatuko nituzkeen hitzak dira.
Bertze kontu bat da ea interesgarria den estatugintzaz solasean hastea, nazioa dagoeneko asmatua bagenu bezala, horren inguruko aski adostasuna bagenu bezala –lurraldetasunari dagokionez ere, Luistxo Fernandezek gogoraraziko ligukeen bezala, ados ez gaudelarik–. Kontingentzia historikoa den gure nazioa hala edo nola hezurmamitu beharko dugu; bertzenaz, beti aukeran izanen dugu Pablo Iglesiasen erantzuna: estatu berri bat sortu beharrean, zergatik ez dugun hau erreformatu. Bien ortzemugan antzeko utopia dago eta.

Iruzkinak

Utzi erantzuna aiertgoenaga(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude