Asteazken gauean, aspaldian sarri egin ohi dugun bezala, Sidy eta biok birra bat hartzen egon ginen. Barraren ertzean batzen garen aldiro mila konturi buruz hitz egiten dugu. Bizitzako gauza txikiez zein gauzatu gabeko ametsez haize boladak hortik ematean; lana, sexua edo bakoitzaren afizioez gehientsuenetan. Planeta bakarrean batzen diren bi mundu desberdinetakoak gara baina desberdinatsun ororen gainetik hautua bakarra, pentsatzen dena esan. Baina ostiralean Senegal eta Ondarru arteko kilometroak adinako zuloa nabaritu nuen sabelean. Mila kontu esateko makina bat hitz gehiago behar direnez beti ez baitugu egokienekin asmatzen. Krisiaren eraginaz ari ginela herriko egoera zaila aipatu nuen. Ez dela lehen zenaren itzala, eta pobrezia ezkutuan mantentzen den arren hor dagoela, hainbat bizilagun apurka apurka itotzen. Segunduak behar izan zituen Ondarruko pobrezia munduan dagoen miseriarekin aldaratuz luxua dela esateko. Gehiegi kexatzen garela. Gehiegi edukitzera ohituak gaudela. Gure pribilegioei muzin egitearen planteamendu hutsak garuneko zaintiratua eragiten duen garaiotan bati baino gehiagori asimilatzea kostatuko zaion baieztapena. Baina arrazoi zuen. Benetako pobrezia, alegia miseria, gertutik ezagutu duenaren autoritateaz ari zen hizketan; nik egundaino usaindu ez dudana. Birra eta kanuto arteko parentesian espresioa aldatu zitzaion. Une bat izan zen, instant soil bat, baina amaigabea egin zitzaidan.

Eta zuloa handiago bihurtu zen fabrika baten argindarrik gabe ia urtebetez hautu propioz bizitzen egon nintzenetik bi urte baino gutxiago pasa direla oroitzean. Norbere oinarrizko lehentasunak birdefinitzeko ariketa bezala egina. Eguneroko zurrunbilo kontsumistatik at. Gasezko su eta berogailu zaharra, irrati bat eta liburuak lagun hartuta. Bertako egonaldia bukatu ostean, europar mendebaldeko herri “aurreratu” bateko erritmo eta materialismotik ihes egin eta “bizitzaren esentzia”-z gozatzearen aldeko hautua eginda, “zibilizaziora” bueltatu nintzen. Eta horretan ari naiz, saiatzen, baina joder, ze zaila den. Ze pozik bizi garen gure burbuila honetan. Sofa erosoak gara Kerobiak zioen bezala. Inozoak gehituko nioke nik, eta axolagabeak. Axolagabeak gure balizko printzipioekin, axolagabeak inguruarekin. Gure gailu elektronikoak ekoizteko koltanaren aferarekin ostrukarenak egiten dugunean esaterako. Gure arraindegietan arrainik falta ez dadin «gure» erakundeen babesarekin, armatuak, Afrikako kostak hustu dituzten kortsarioen arraina erostean garen bezala. Edo XXI. mendeko esklabuek ekoiztutako arropak jantzita gure arduragabetasuna biluzian erakustean. Axolagabek baita, gure aldarri ezkertiarrek gure bizimodu burgesarekin parez pare topo egiten dutenean aldatu behar den sistemari errua botatzean; sistema norbanakoen batura dela ahaztuko bagenu bezala, eta ondorioz norbera dela aldatu behar dena.

Inozoak sare sozialetan eguneko aldarria zintzilikatu eta atsegite kopuruaren arabera bihar beste bat zintzilikatu ala ez erabakitzean. Finean aldarri horren alde zer gehiago egin genezake ba? Ez eskatu gehiago arren. Edo oporretara nor joan den urrunen eta noren argazkiko ilunabarra den «cool»-ena aldaratzen ditugunean. Urrutira joan, ikusi eta buelta. Munduan bidaiatuz sendatzen baita ez dakit zer bat. Gure ustezko pribilegioen kateen loturagatik mundua bizitzea debekatua dugunean. Ze naturaltasunez ikusten dugun gure axolagabetasunean, bederatzi sexu eraso salaketa egonda herriko jaiek aurrera jarraitzea. Ze gutxi baloratzen dugun albokoaren duintasuna, bere isiltasunean ohiukatzen duena, bere hauskortasuna. Ordubete bat plazan, bi aldarri eta goazen parrandara. Horrelako afera batengatik jaia bera bertan behera uztea planteatu ezin den gauza bat balitz bezala. Garunean bigarren zaintiratua izan ez dezagun. Ene ama, arreba, alaba edo laguna ez den bitartean, noski. Orduan, errealitateak emandako zaplasteko gordinegi denez, gauzak desberdin ikustea lortzen dugu (edo ez).

Bada ondokoak kontraesanik ez badu berarekin fidatzea zaila egiten zaila dionik. Ados, zaila da kontraesanik ez izatea, baina honenbeste ere ez da ba oso sanoa. Eta konraesanekin jabetzean beste mila buelta ematen dizkiot bizitzaren esentziaren kontuari eta joder, are zailago ikusten dut guztia herri honetan. Ez dugu jaiotzea eskatu, ez dugu hil nahi, ez dakigu nola bizi eta badirudi denbora asko emango digula aldatzeak. Alegia, tontoak garela, behelaino artean zein eguzkitan.

Iruzkinak

  1. Hamar egun barru Argia aldizkariak Argia Eguna ospatuko du Ondarroan. Egitarauan dago aurrekoetan ere egin duten ekitaldi bat: “Euskal Herriko III. Nortasun Agiri Arrotz Jaurtiketa”. Niri ez zait buruan sartzen halako bat, baina beste batzuei guay iruditzen zaie. Zer pentsatuko du hori ikusten duen senegaldarrak? Ez da zaila irudikatzen: “Jaurtiko dituzte bai, baina jaso ere bai gero”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude