Nagore Vega

Portu Maritimoaren koordinatzailea

Aro berrian sartuko da laster Etzi Portu Maritimoa. Harpidetza sistema kooperazio kolektiboagatik aldatzeko erabakia hartu dugu, eta Etzi irekitzea, zuen konpromisoa lortu eta komunari ekarpena egin ahal izateko. Etzi komuna izango da, beraz; guztion eskura egongo dira bertako edukiak.

Aiert Goenagak orain ikus-entzunezkoen ardura hartuko du, eta Nagore Vegak koordinazioa, Talaios kooperatibaren lan taldearekin batera. Luma berriak izango ditugu artikuluetan. Ikus-entzunezkoei garrantzia berezia emango diegu: bideoak, irrati saio bat, ilustrazioak… Etzi Eguneko bazkaria eta Etzi Sariak ahaztu gabe, noski.

ETZI.PM hedabide digital bat da. Ez da, hori bai, hedabide arrunt bat; etorkizunari begirakoa baizik. Lehen fase honetan behintzat tresnak interneten izan du kokalekua, eta hori izan da ardatz nagusia, baina laster gai hauen inguruko edizio, ekitaldi eta foro presentzialak antolatzeko asmoa ere badugu.

Etzikide izatea, etorkizuneko proiektu komunikatibo bateko komunitateko kide izatea da. Etzi.pm lagunduz posible egiten duzu komunikabide honen jarraipena eta hedapena. Gure eduki guztiak libre zabaldu nahi ditugu, etorkizun posibleak irudikatzeko beharrezkoa ikusten dugulako, baina aldi berean, zure laguntzagatik, zerbait berezia eskaini nahi dizuegu.

ETZI.PM-k bere autofinantzatzea du helburu, eta horretarako, interesatutako jende eta eragileen aportazioa bilatuko dugu, auzolaguntzarekin proiektua bideragarri egiteko. Hori lortu ahal izateko, crowdfunding kanpaina irekiko dugu 2017aren hasierara arte. Hemen, xehetasunak:

Etziren esentzia

Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. ETZI.PM etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna bezala jaio zen 2014ko irailean.

Hainbat atal izan ditu, eta edukiak gai ezberdinetan adituak diren artikulugileek landu dituzte, beti ere etorkizunaren inguruko hausnarketa, eta guztion ildo bateratzailea izan da. Atal horiek Denbora eta Espazioaren arabera banatu ditugu. Denborarekin loturik Iparrorratza eta Astrolabioan gaurtik etorkizunera garrantzitsuak izango diren gaiak identifikatu eta aztertu ditugu. Espazioarekin lotuta berriz Uhartea eta Itsasoa ataletan, hurbileko eta urruneko eremuetan etorkizuna baldintzatuko duten gaiekin aritu gara. ETZI.PM-k ere izan du kanpoko eduki aukeratuentzako espazioa Faroa atalean, barne inteligentziarako edukiak filtratuz, artikulugile, editore eta automatismoen bitartez, etengabeko informazio interesgarri jarioa jasoz.

Gonbidatuak zaudete beraz, tresnarekin gozatu, ikasi, eztabaidatu eta etorkizunak eraikitzera, etzi izan nahi duguna guk eztabaidatu eta erabaki dezagun.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude