Duela urte pare bat, ikasketak amaitu ondoren (langabeziaren eta soldatapeko prekarietatearen zoragarritasunean murgilduta) unibertsitatetik desintoxikatzeko probestu ordez, bete-betean sartu nintzen Ingurumen Zuzenbideko Masterrean. Idealista. Ideiatik asko eta listatik… gutxi.

Ingurumen gaiari lotuta egunotan Marrakechera begira gaude, NBEk antolatutako Gailurrean estatuetako ordezkariek zein konpromiso hartuko. Before the Flood dokumentalean Di Capriok ingurumen gaiak kapitalismoa zalantzan jarri gabe abordatzearen miopia ezin hobeto azaltzen du. Hiriko argiei begira, “auto guzti hauek ordezkatu egin behar dira auto elektrikoekin”esaten du. Partxeak. Business as usual egin ordez txapa y pintura eta business must go on irudikatzeko eszenografia. Hurrengo eszenan Teslako ordezkari bati elkarrizketa egiten dio. Noski, honek bere produktua saltzeko denbora falta du. “Nire 100 fabrikarekin mundua energia eredu berriztagarrietara pasa daiteke”. Kapitalaren salbatzaileak loratzeko ekosistema ezin hobea dugu egungoa.

Krisi ekologiko multidimentsionaletik salbatuko gaituzten profetak enpresetan bilatzen dituztenek idealistaren ideiatik gutxi eta listatik are gutxiago dute. Merkatuaren kontrapuntu bezala Estatuak ingurumen arauen bitartez arazo ekologikoei irteera emango dietela uste dutenak ere badira. Iraganetik datozen Estatuarekiko nostalgien arrastoak. Estatu (neo)liberalak Europa sozialdemokrataren atrezzoa erantzi du. Jada ez du mozorro hori behar. Ez du aurka egingo dion paradigma errealik. Estatua klase dominanteek eredua betikotzeko duten tresna politikoa da, jabetza eta harreman produktiboak arautzen dituena.

Hain zuzen ere jabetza arautze horren baitan dago ingurumen zuzenbidearen gezur handia. Ez dago ingurumen babeserako berme juridikorik. Ingurumen narriaduragatik jabetzan edo espazio pribatuan emandako kalteak dira juridikoki determinatu daitezkeenak. Ingurumena ez da bere horretan babesten. Estatuak ez daude bizitzaren beharrei erantzuteko diseinatuta eta haiengandik datorren neurri oro diseinuz mugatua izango da. Sistemak ez digu berekin amaitzeko tresna emango.

Ekuadorren aldaketa kualitatiboa eman nahi izan zen muga estruktural horiek gainditu ahal izateko, natura bera eskubide subjektu bilakatuz. Orain arteko planteamenduari buelta bat eman zion honek, zalantzarik gabe, baina horrek gainerako arau eta interesekin talka egiten du eta nazioarteko eszenarioan mugak ditu. Bide bat da, oraindik esploratzeke dagoena.

Kapitalismoaren logikaren garaipen handia da behar kolektiboak indibidualki asetzeko eredua gailendu izana, ekoizpena eta beharrak asetzeko bideak disoziatuz. Komunitateek eskaintza merkatuaren esku utzi ordez haien oinarrizko beharren diagnosia egin eta horiek asetzeko antolamendua era burujabe edo parte-hartzailean planifikatzeko aukera balute ekoizpenaren logikan eragina eta kontrola handitu litezke. Zer, nola eta norentzat/zeratako ekoitzi erabakitzea noren esku dagoen, horrek determinatzen du sistema ekonomikoaren funtsa. Honi buelta bat emateak lankidetza komunitario nahiz publiko-komunitarioan joko esparru berriak zabaltzeko aukera ematen digu, bereziki ekonomia garapen eta lurralde antolakuntzaren arloan. Instituzioek haien jatorrizko mugak direla eta jorratu ezin dituzten bideetan aurrera egiteko herri-plataformak sortzea eta tresna publikoak haietan deliberatutakora ekartzeak potentzialtasun handia du eraldaketa sozial, ekonomiko eta ekologikorako. Izan ere, ingurumenarekin izan nahi dugun harremana ere ekonomia da.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude