Nire herrietako galdeketen galderak

teknologia — 2017-02-23
Irakurri Offline:

“…eta pentsatu, ni joan eta gero,
besterentzako egun gehiago etorriko direla, beste egun batzuk,
beste gau batzuk.
Zakurrak alderrai, haizeak astindutako
arbolak.
…” Charles Bukowski

Jaio nintzen Franco hil zen urte berean, eta bizitzako lehen hilabeteak, lehen sei urteak, Lezoko Gurutze Santuaren plazako etxe batean egin nituen, elizaren pareko etxean. 4. zenbakikoa. Jakin dudanez, 1568. urtean hor zegoen etxea, aipamen zahar baten arabera. Zaharragoa ere izan daiteke. 1960ko hamarkadaren hasieran, han bizi zen Iñaki Urkizu Sarasua, aitaren anaia. II. Errepublikaren garaian jaioa, 1934an. Arrantzalea zen, eta itsasoak eraman zuen haren bizitza 29 urte baino ez zituela, 1963ko ekainaren 2an. Handik egun batzuetara azaldu zen gorpua ur gainean, Jaizkibel parean. Jaizkibel, ez dute han super-porturik egingo. Jaizkibelgo parajeen inguruko argazki liluragarriak ateratzen ditu Lander Zurutuza Lezoko liburuzainak. Blog batean ditu ederrenak jasoak. Bizitzako beste bost urte egin nituen Lezoko etxean, eta senide gazteago bat bizi da han orain. Senide horrek, haren ahizpak eta bien amak zita bat dute etorkizunarekin martxoaren 19an. “Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?”, galderari Bai ala Ez bozkatzeko aukera izango dute. Edo txuri.

Lezotik oinez joan izan gara (ia-ia) beti Errenteria-Oreretara. Gauza asko ikasi nituen han, lagunekin. Poteoan, Zumardi inguruan. Geroago, jendaurreko kontakizunetan eta askotariko gorabeheretan Mikelazulo Kultur Elkartean. Han galdera bat ez, baizik eta bi dituzte herritarrek erantzuteko martxoaren 19an. “1) Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin? 2) Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados zaude independentea izatearekin?”.

Aldameneko herrian, Oiartzunen, telebista baten lana nolakoa zen ezagutu nuen 1998. urtearen bueltan. Faltan botatzen dudan Oarso Telebista hartan. Herri horretan ere izango ditugu senideak eta lagunak, martxoaren 19an botoa emateko aukerarekin. Galdera, Lezoko ia bera: “Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?”.

Aurrera begiratzeko iragana oroitzea funtsezkoa dugunez, Pasaian 1984an gertatu zena ere nahi dugu gogoratu, irudiz. Datozen hilabeteetan ikusi ahalko den dokumental interesgarria izango da ziurrenik Pasaiako Badia lana. Okerrik ezean, udazkenean estreinatuko dute. Aurretik, herritarrentzat galdera bat: “Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?”.

Tolosaldean ere bada gertuko jendea. Lantokian aldameneko eserlekura iristen da egunero Maite Arregi. Metro gutxitara du bulegoa Martxelo Otamendik; azkeneko hilabeteetan minbiziari aurre egin dio Otamendik, eta gainditu du, zorionez. Begiratzen dio tente etorkizunari. Arregik, Otamendik eta beste hainbat herritarrek martxoaren 19an badute zita. “Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?”.

Larrabetzun ere izango dute galdeketa Patxi Gaztelumendik, Gotzon Barandiaranek, Etxahun Lekuek eta gainontzeko herritarrek. Bizkaia maite.

Hernani. Badira urte batzuk bertan bizi naizela. Gure Esku Dagoren herriko taldean aritu izan naiz laguntzen noiz edo noiz. Herri galdeketa antolatzeaz arduratu den Bagagiltza herri plataforman gero. Jende zoragarria ezagutu dut bide horretan. Supergaitasunekin horietako batzuk. Luis Gorrotxategi, fisikoki itsua, komunikazio taldeko koordinatzailea izan da azkeneko hilabeteetan. Supergaitasunak atzeman dizkiot bere jardunean, beste batzuek ikusten ez zituenak ikusiz, jendea animatuz, ilusioa jarriz, eduki apartak partekatuz, kritikoa izanez. Unai Lizaso, Miren Rekondo, Juantxo Morcillo, Mariaje, Pol, Edu… Guztietatik ikasi dut, eta ilusio bereziarekin biziko dut martxoaren 19a. Galdera: “Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?”. Astigarragako galdera ere horixe bera.

Apirilaren 2an, Busturialdea eta Arrigorriaga. Maiatzaren 7an, Debabarrena, Durangaldea, Lasarte-Oria, Usurbil, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, Legutio, Orozko, Urkabuztaiz, Uribe Kosta, Urola Kosta eta Zeanuri. Ekainaren 18an, Basaburua, Bortziriak, Imotz, Mendialdea eta Sakana.

Martxoaren 19tik ekainaren 18ra, herriz herri, galdeketak egingo dituzte. Prozesu parte-hartzaile eta horizontalen bitartez iritsi dira herriotan galdeketak antolatzera. Herritarrak parte hartzera eramango ditu galdeketa olatuak. Izango dira kritikak. Izango dira erasoak. Baina etorkizuna gure esku dagoela herritarrei adieraztea ez da batere kontu makala. 2009ko iraila zen Arenys de Munt herrian Kataluniako lehen galdeketa egin zutenean. Ez da hainbeste denbora pasatu. Arenys de Muntekoa Katalunia osoa egin bazuten, eta berriro egingo dute, zergatik da ezinezkoa pentsatzea udaberri honetako herriz herrikoa Euskal Herri osora zabaldu daitekeenik? Herri mugimenduaren bultzada beharrezkoa izango da horretarako. Demokrazian sinesten duen herritar orok badu horretan erantzukizunaren parte bat. Nik heltzen diot neureari. Itxaropenez biziko ditut nire herrietako galderak datozen martxoaren 19an. Hala egingo zuen Iñaki osabak ere (1934-1963).

Irakurri Offline: