(esn)Ametsetan

teknologia — 2017-06-20
Irakurri Offline:

David Lynch: “Benetan garrantzitsuak diren ametsak esna dituzunak dira”. Esnametsetan kontzeptua ere irakurri nuen nonbait. A, bai, euskal presoek idatzitako Ametsen liburuan izan zen. Oihane Makedano Maidagan presoaren testuaren azken parteak hala zituen hitzak:

Esnametsetan beti esnatzen naiz maitearen besoetan, irrifartsu, edo baso batean gabiltza, edo lagunekin hitz eta pitz, ilobekin jolasten, mahai inguruan izaten dira esnamets ugari, janari goxoak dastatzen, eta amaren irri hunkitua, eta aitaren begirada goxoa, ahizparen barre algarak…

Irrifar asko izaten da esnametsetan, irrifar egiten duen herria esnamesten dut, herria eraiki duten irrifarreak, esnametsetan elkartasunez, euskaraz eta askatasunez irrifar egiten duen herria gara”.

Egunotan irakurri dut baita ere esna amesteko ahalmena bereziki haurrek dutela garatua, eta helduok galdu egiten dugula gero. Badira haurtzaroko ahalmen eder horiek gerora berreskuratu nahi dituzten emakumeak eta gizonak, eta euren burua ‘onironautatzat’ jotzen dutenak. Ikastaroak ere badaude horretan saiatzeko. Ez genioke etorkizunean, etzi, esna amesten ikasteko bideari itxi nahi. Ziur baikaude iraganean esna amestu diren amets asko bete direla gero, erotasuna eta utopia errealitate bilakatu direla. Esna zegoen norbaitek izandako amets batetik lortu direla gauza asko. Eta bete ez direnak ere, izan direla eder askoak.

Ez gaude erabat ziur David Lynchek zer egoera bizitzen dituen bere barnean, bere garunean, ametsak ikus-entzunezko lan liluragarri bilakatzeko. Baina ezustean harrapatu gaitu berriro, Twin Peaks telesailaren itzulerarekin. Uau!

(Parentesi nekrologiko bat).

Hirugarren denboraldiaren estreinaldiaren aurretik hil zen Miguel Ferrer aktorea. 61 urte zituela zendu zen, minbiziaren eraginez. FBIko agente Albert Rosenfielden rola jokatzen zuen Twin Peaks-en. #respect Miguel Ferrer.

Lynchen esnametsekin tartean ari gara barre egiten, bestalde. Cooper agentearen (Kyle MacLachlan aktorea, bikain) izaera multipleekin, absurdoak ametsen gainetik hegan egiten duenean. Laura Palmer ere hor azaldu da nonbait, 25 urte beranduago, zimurrekin. Lynchen munduarekin gozatzen duenak ezin ditu galdu Twin Peaks-en atal berriak. Ei, lagunok: Helloooooooo!

Edu Lartzanguren lankideak #hitzokei bat asmatu du Lynch gurera ekartzeko:

BILYNCH. Bertso xelebre eta zentzurik gabekoekin entzule modernoak hipnotizatzen zituen bertsolaria.

Ez dugu gure burua modernotzat, baina ez legoke gaizki Lynch bertsotan entzutea sagardotegi bateko kupela artean. Donostiako Zinemaldiak gonbidatzen badu urteotako batean, saiatuko gara esnamets hori gauzatzen. Gai jartzaile Gaizka Izagirre ariko litzateke —euskal twiterriari erronkak jartzea amaitzen baldin badu behintzat—. Zazpi puntuko bertso sakon batzuk egin daitezke, agian, Lynchen Mulholland Drive (2001) film kitzikagarriarekin —ziur aski agertuko da #30egun30film erronkako txioren batean—. Oroitzen dut Astoria zinema aretoetan (Amara auzoan) ikusi nuela pelikula, Iñaki Lazkano EHUko irakaslearekin (Krzystof Kieslowskyri buruzko tesia egin zuen). Ondoren, garagardoz bustitako eztabaida ametsari zentzua bilatu nahi ezinezkoa izan zen. Ezinezko zein gozagarria. 15 joan dira ordutik. Alberto Irazuk idatzi zuen orduan pelikularen kritika Euskaldunon Egunkaria-n. “Zerua infernu dela adierazteko saio bikaina”. Hala zion Irazuk. Kritika berreskuratzea otu zaigu. 15 urte barru ea nola ikusten dugun pelikula, nolako ameskeritan!

Mulholland Drive hartan deskubritu genuen Justin Theroux aktorea. Azkeneko hilabeteetan, berriz, gauak partekatu ditugu Therouxekin, The leftovers telesailaren 28 ataletan (Kevin Garvey protagonistarena egiten du Therouxek). Kasu askotan esnametsetan egotea bezala izan da telesail horren ikustaldiaren esperientzia. Minaz, bakardadeaz, giza harremanez, fedeaz. Dardo pozoitsuak bota dizkigu telesailak, bihotzera eta garunera. Therouxekin batera, barneraino sartu zaigu Dora Durnsten pertsonaia. Carrie Coon aktoreak jokatu du, eta iaz Critics’Choice Awards saria eraman zuen lan horregatik. Amets gordinetan eraman gaitu pertsonaiaren minak. Esnamets txiki bat izan daiteke hura elkarrizketatzea. Elkarrizketa ematen badigu, galdetuko diogu etorkizunari begira zer amets egin daitezkeen esna.

Etorkizunean euskarazko horrelako telesail bat egitea posible al litzateke? Talentua egon, badago, ekoizpen interesgarriak egiteko. EITBk ba omen ditu proiektuak tiraderan gordeta. Bestetik, desiratzen gaude Aundiya eta Errementari film luzeak ikusteko. Aurtengo Zinemaldian ikusiko ditugu? The leftovers-en tankerako pertsonaiarik ikusiko ote dugu irailean Donostiako aretoetan?

Tom Perrotaren The Leftovers eleberria irakurtzen ari naiz egunotan, nolabait telesaileko pertsonaiekin oraindik harremanetan jarraitzeko. Haiei buruz eszena berriak topatzea opari bat izaten ari da. Max Richterren musika aparta etortzen zaigu esnametsera. Arrastoa utziko digun lana izango da The leftovers telesaila. Carrie Coon eta Justin Theroux gure esnametsen parte dira, etorkizun hurbil batean, behintzat.

Twin Peaks-en itzulera, The leftovers-en amaiera. Urte honen hondarretan helduko da Black mirror telesailaren atal sorta berria. Etorkizun hurbil ezerosoak proposatuko dizkigunaren peskizan. Garuneko pentsamenduak bat-bateko mezu bihurtzen duten teknologia garatzen ari dela iragarri dute Facebookek eta Neuralinkek. Ideia horri helduta ziur aski egin dezakete Black mirror berezi beldurgarriren bat. Garunean jarri beharreko kaskoa David Lynchi eguneko 24 ordutan jarriko baliote, eta mezuak telesaileko gidoi bilakatu, izango genituzke errepide galdu batzuk datozen hamarkadatarako. Hil arterainoko Lynch, bukle batean. Euskal Herrian ere izango al da halako garun sortzailerik, Lynchkeria absurdoak egiteko?

Amets batzuk errealitate bihurtzen diren bitartean, guk har dezagun merienda. Marrubi batido goxo bat edo Mary enda (Esti Ibarraren lizentziarekin). Faltan duenari guretik emanda.

Jarrai dezagun esnametsetan, telesail eta bideo eroekin gozatzen dugun bitartean. Ez saldu gure barne pentsamenduak, ezeren truke. Baina esnamestu etorkizuna, absurdoz zipriztindutako irribarre batekin. Amesgaiztoak hormara! Esnametsak boterera!

Irakurri Offline: