[Txostena] α zero: 2018an datorrena

ekonomia — 2018-01-26
Irakurri Offline:

Aberastasunaren banaketa desorekatuak, pobreziak eta bere tresna garrantzitsuenak, etengabeko prekarizazio prozesuak, garrantzia berezia hartuko du aurten. Pesimismo ekonomikoa berriro hedatzen hasiko da, benetako aldaketarik ez dago eta. Auzo eta herrietako komunitateak harrapatzen saiatuko diren mezuak egongo dira, arreta izango dute, baina ez gustatuko litzaigukeen eragileen partetik. Herri eta auzoetan kohesioa lantzeko bideak eta proiektuak sortzeko unea da.

  • Lantzeko aukera bat, marxismoa eta feminismoaren arteko uztarketa. Kritiken, talken, kontraesanen urtea izango da, baina ekimen konkretuak sortzeko gai bagara euskal esparrutik, euskaraz korpus politiko berri baten aztarna ideologiko berriak izango dira emaitza. Esperientzia indartsu batzuk jaioko dira, oraindik txikiak, baina hedatzea lortuz gero, aukera hoberena izango dira datorrenari aurre egiteko.
  • Gerra makinaria handitu eta martxan jarri nahiko duten urtea da. Gerraren eta militarizazioaren aurkako mugimendua berriro esnatuko den urtea izango da. Aipatutako ildo ideologikoekin uztartzerik balego, indar handikoa litzateke.
  • Kriptomoneten espekulazioaren urtea. Asko eta anitzak jaioko dira, zentzurik izan dezaketenak, ordea, gutxi. Ez dugu ulertzen, Txinak egin bezala, zergatik ez diren mugatzen ari mendebaldean; arrazoi bakarra egon liteke, sostengatzeko prest egon daitezke. Bankuek ere joko espekulatiboan parte hartzeko gogoa dute, hasieratik… Jendeari espekulatzen utzi nahi diote, tranpan erori eta beraien zorrak birfinantzatzeko? Tulipanak gogoan. Edozein kasutan, hauen prezioa jaitsi egingo da, BitCoin-aren prezioa hiru zerotan egongo da, ez lautan.
  • Ohiko txanponetan, aldiz, dolarra erosionatzen hasiko den urtea ere izango da. Txina eta Errusiak petrolioa negoziatzeko dolarra erabiltzeari utziko diote eta beste batzuek ere berdin egingo dute.
  • Teknologiarekin lotutako kapital metaketak burtsa jan du. Enpresa teknologikoak dira nagusi, beraien azpiegitura, kapital eta ezagutza metaketak zaila egiten du hortik kanpo ezer gutxi jaiotzea. Enpresa txinatarrek gora egingo dute enpresa handien eskalan Tencent, Xiaomi, Alibaba… Ezagutzen ez bazenituzten, lasai, ezagutuko dituzue orain. Hala ere, software librea, bere hodei formetan orain, azken urteko garapen handiena izaten ari da. Negozio bolumenenean ez da izango, baina software librearen urtea izango da zentzu askotan. Aurrerakuntza guztiak ezkutuan gelditzen dira, hedabideek teknologia metatzaile handiengan baitituzte soilik begiak.
  • Plataforma kapitalistak teknologiaren bidezko prekarizazio prozesu azkarrak eragin nahi ditu. Horren aurrean, forma berriak asmatzeari ekin baino, kooperatibismoak dituen aukera guztiak aprobetxatu beharko ditugu, lan elkartuko eta kontsumo kooperatibak teknologiarekin uztartuz. Kooperatiba berri asko sortuko dira, baina kontuz sor daitezkeen tarteko kooperatiba faltsu ereduekin.
  • Ekonomia Sozial Eraldatzailea Euskal Herrian kontsolidatuko da. KoopFabrika proiektuak arrakasta izango du. OlatuKoop-ek 40 proiektu inguru bilduko ditu bere baitan. Alternatiben Herriak Iruñean sare mugimendu hau kohesionatuko du, eta Bilbon egingo den bilkura internazionalean paper garrantzitsua izango dute ekonomia mota honen partaideek.
  • Kontrolatutako ekonomia berri baten atzean ezkutaturik, aholkularitza negozio itxia eta Social Bussiness-a Ekonomia Sozialaren mailan jarri nahiko duten urtea ere izango da. Ekonomia Sozialaren aurkako eraso bezala hartu beharko dugu hau, eta ez ekonomia beste era batera ulertu nahi duten ohiko kapitalismoaren forma “hobe” batzuk bezala. Adi!
  • Ekonomia Sozial Eraldatzailea euskal lurraldeen elementu kohesionatzaile erreal bezala funtzionatzen hasiko da. Ekonomia harreman errealek, elkartasunarekin loturik, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko langile, kooperatiba eta eragileen arteko harremanak sortu eta sendotzeko tresna balioa hartuko dute.
  • Herri Kooperatiben ideia zabaltzen hasiko da Euskal Herrian. Estatuak abandonatzen lehenengoak diren landa eremuetan, herri erresilientziarako egitura ekonomiko eta sozialak sortzen hasiak dira, Lurraldean Lan eta Bizi logikarekin, lurraldeko biztanleen beharrak asetzeko asmoz. Aurten lurralde ezberdinetarako baliozkoa den eredu bezala definituko da.
  • Etxebizitza eskubidea logika komunitarioan oinarrituz, Erabilera Lagapen ereduan kudeatutako Etxebizitza Kooperatiba formularen emergentzia ikusiko dugu. Sustatzaile ezberdinen eskutik, pertsona talde txikiak, gazteak, udalak, zaharrak… etxebizitza komunitario proiektuak publiko egingo dira.
  • Txinatarren karrera espazialak txiki utziko du Elon Musk eta bere konpainiaren inguruan sortu den buzz guztia. Estatu bat eta enpresa pribatu bat konparatzea arraroa bada ere, enpresa hau AEBen proiektu militarrak espaziora bidaltzen ari denean, ez da hainbesterako. Orbitan dauden sateliteei (eta artefaktu berriei) buruz gehiago jakingo dugun urtea ere izango da. Albiste garrantzitsuena, txinatarren ilargi espedizioa izango da.
  • Facebook, Google eta Amazon bezalako eragileei gauza bakarra falta zaie estatu digital izateko: lurraldea. Indar ekonomikoa badute, baina beren egoitzetatik harago, lokalizatzea behar dute. Hiri edo lurralde zehatz bat beren politikaz guztiz kolonizatzea lortzen badute, Estatu Korporatibo berri izaera mereziko dute. Aurten, oraindik, politika publikoak bide horretan baldintzatzeko diplomazia indartzeko urtea izango dute. Erosketen bidez, beharrezkoak dituzten lurralde kokapen horiek hedatzeko estrategiak garatzeko urtea ere izango da. Aurretik zeuden negozioen erosketa bidez, bere politika txertatzeko eraldatuko dituzte, baina orain zure auzoan izan daiteke.
  • Inteligentzia artifizialean inbertsio handiak ikusiko ditugu. Gehienak puztuak izango dira eta espekulazioak burbuila bat ere sor dezake honen inguruan. Hala ere, estatu mailako politikak ere garatzen hasiko dira. Herrialde batzuk beren estatu estrategia garatzen hasten direnean, besteak segidan etorriko dira.
  • Zibereraso gehiago izango dira, masiboak eta berriak asko. Ramsomware-ak hodeira salto egingo du, on line plataformetan gure edukiak zifratuz. Inteligentzia artifizialak erasoen detekzioan lagunduko du, baina baita zaildu ere, erasoek gizakion jarrerak imitatzeko erraztasunak izan ditzaketelako. Goizegi da, hala ere, inteligentzia artifizialak eragin handirik izateko alor honetan. Eraso teknikoak eskala handikoak izan daitezke, eta deigarriak izango badira ere, eraso eta eztabaida informazioaren kontrolean eta operazio psikologiko masiboak egiteko aukeraren inguruan izango dira, bereziki, hauteskunde garaian. Adierazpen askatasunak oztopo berriei egin beharko die aurre, hauen aitzakiaz baliatu nahiko dute berriz ere.
  • Audioaren urtea ere izango da. Podcast-ak gauza serio bezala ikusten hasiko gara eta iVoox.com bezalako atariek garrantzia berezia izango dute. Audio-liburuentzako ere aukerak irekitzen dira, oraindik ez da ezer orokorra izango podcast-ekin alderatuz, baina pausoak ikusiko ditugu alor honetan ere.
  • Azkenean bai, 2018an antizipazio sozialean eta zientzia fikzioan oinarritutako euskarazko lehen argitaratze dispositiboa sortuko da.

Mundu zaharra joan da, datozen erronka berriak mundu berriari dagozkionak dira, betikoak izan arren. Adi! Erantzun zaharrek ez dute inoiz gehiago balioko bere horretan. Irudimena inoiz baino beharrezkoagoa izango da.

Irudia: Jim Linwood cc-by flickr.com/brighton/5799866481

Irakurri Offline: