Ikerlaria edo. ZiFizalea eta optimista diagnostikatua. Izango garelako gara.

Garai onak dira telebistan ZiFia ikusteko. Une honetan ni maitasun-karratu bizarro batean sartuta nago Westworld, The Expanse eta Legion telesailekin. Bikainak hirurak, berezia bakoitza, eta ezin aukeratu bata bestearen gainetik jartzeko (baditut nire iritziak, baina aldatuz noa denborarekin).

Edozelan ere atzo Legion telesailaren bigarren denboraldia ikusten amaitu nuen 19. atalarekin. Eta hain izan da anti-klimatikoa (epikoki klimatikoa den arren aldi berean), desatsegina (baina beharrezkoa) eta gogorra (baina helduleku moral argi eta definitiborik gabea), ezen merezi duen tarte bat hartzeak.

SPOILERREKIN HASIKO NAIZ. Abisatuta zaudete.

Has gaitezen amaieratik: Marvel unibertsoko superheroi telesail bateko protagonistak bere neska-laguna bortxatzen du 19. atalean. Horretarako bere botere psikikoak erabiltzen ditu Sydney Barretten memoria borratu eta harreman sexualak izateko.

Ekintza honek ondorio diegetikoak ditu istorioan, inguruko pertsonaiek harrapatu egiten dutelako (Syd-ek berak azalduko dio zer egin duen, atalaren amaieran David Haller protagonistari: “Drogatu egin nauzu, eta sexua izan duzu gero nirekin”), baina extradiegetikoki ere pertsonaiaren heroi/bilau izaeraren eta bortxaren (baita sexualaren ere) inguruko lurrikara bat eragiten duela iruditzen zait. Ez dut uste telesailak bortxaketaren gaia tribializatu edo gainetik kendu nahi duenik, alderantziz, 2. denboraldi osoa bortxaketaren eta boterearen inguruko ikus-entzunezko saiakera bat izan dela iruditzen zait.

Ez dakigu zer gertatuko den Davidekin hemendik aurrera. Aukera asko zabaltzen ditu serieak. Baina badakigu ez dela ezer berdin izango. HAU GERTATU EGIN DA, Tori Amosen (bortxaketaren biktima izandakoa bera) Cornflake girl abestiaren bertsioarekin amaierako kredituek azpimarratzen diguten bezala:

This is not really, this, a-this
This is not really happening

You bet your life it is
You bet your life it is

Narratiboki oso erabaki ausarta iruditu zait, telesailaren pretentsio artistiko-intelektualoideetatik askoz harago “kuestio” politiko bat mahai gainean jartzeraino: ze harreman daukagu boterearen eta bortxaketaren artean? Bortxa fisiko elegantera ohitu egin gara, eta MTV erritmora bizi ditugu superheroien borroka emozionanteak: muturrekoak, ezpatak, arma automatikoak, izpi hilgarriak eta kamehameak. No problem. Baina Legion-eko bortxa beste bat da. Ez da elegantea. Ez da heroikoa. Biolentzia hutsa da, boteredunek besteengan egikaritzen duten|dugun bortxa hori.

David Haller da noski une honetan susmagarri nagusia, baina egin dezagun errepaso bat: telesail osoa bortxatzailez josita dago.

  •  Itzalen Erregea, Amal Farouk da agian bortxatzaileen erregea. David bera umetatik psikikoki parasitatu eta bortxatu duen izaki manipulatzaile, harro eta zitala. Ez dago bortxatu ez duen bururik inguruan: Oliver, Melanie, Sydney… eta Lenny, noski. Lenny izango da “bortxaketa” (rape) hitzez aipatuko duen lehen pertsonaia, Farouken menpe egondako urteez oroitzerakoan.

  •  Oliver Bird (Farouken mende dagoela) beste bortxatzaile argi bat da. Kasu honetan bortxa fisiko definitiboa burutzen du Amy Hallerren aurka, DNA eraldatzaile bat erabiliz bere gorputza beste batena (Lennyrenera) bihurtuz, nire ustez 2. denboraldi osoak duen atalik boteretsu eta ilunenean.

  •  Sydney Barret. Daviden biktima eta Farouken biktima da, argi eta garbi, baina baita erasotzaile ere, etorkizunetik Davidi egiten diona Davidek berari gero egingo diona baino okerragoa baita agian. Eta hor dago baita 16 urte zituenean bere amaren gorputzean sartu eta orduko maitalearekin sexua izan zuenekoa (botere mutantea amaitu eta amak maitalea eta alaba dutxan harrapatu eta maitale ohia kartzelatu zuteneko hura, bai). Orainaldian biktima, baina erasotzaile iraganean eta etorkizunean?

Pertsonaia nagusiak bortxatzaile ditugu orduan, modu batean edo bestean. Kontua, noski, gure heroiak bortxatzaileak direla konturatzean datza. Bilauengan ondo daramagu bortxarena. Bortxatzaileak “besteak” baitira, ez gu. Baina Legion-ek argi jartzen du asuntoa mahai gainean: ez dira besteak, gu gara.

Momentuz horixe. Asko esan liteke telesail honen inguruan, eta espero dut 19. atal honek ekarriko duela zeresana aurrerago ere. Apustu inportante bat egin dutela iruditzen zait, telesail batekin eta pertsonaia batekin zerbait egiteko apustua. Ikusiko dugu 3. denboraldian zer egiten duten honekin.

Hala ere denetarik irakurri daiteke sarean perspektiba feminista ezberdinetatik irakurrita. Zuek zer deritzozue? Apustu ausarta izan da ala hanka-sartze izugarria? Zabaltzen digu biderik, ala alderantziz?

Iruzkinak

  1. Nik ere spoiler alert egiten dut ta baita abisau iruzkin totxo bat egingo dudala nire seriefilia esnob kooltureta ateraz. Noizbehinka ez dator txarto.
    Zurekin bat nator Legion serie puska bat dela. Noah Hawleyk egiten duen edozer bezala, Fargoren 3 denboraldiak putamarabillak iruditzen zaizkit (bai, Coen anaiak Jainkoak dira eta Hawley bere profeta). Ta Hawleyrekin “ez zuri, ez beltz, grisak” topiko hori txiki gelditzen da eta koloreen paleta osoa beharrezkoa da. Asko zaintzen ditu istorioak, kontakizuna oso neurtua dago eta ez du tranparik behar: “hau da gertatzen dena, hauek dira ertzak, pentsatu nahi duzuna”. Ez digu ariketa errezik jartzen baina eskertzekoa da ikuslea heldutasunez tratatzea eta ez kontsumitzaile soil baten moduan.
    Ez zaizkit superheroien istorioak gustatzen (agents of shield kenduta, serie autoparodiko eder bat iruditzen zait) baina Legionen lehen kapitulua brutala iruditu zitzaidan, azken urteetako pilotorik onena (House of Cardsenarekin batera). Ta bertan hipotesi bat plazaratzen digute: David ez dago zoratuta, superbotereak ditu eta duen parasitoak zoratzen du. Ta seriean zehar “osatzen” saiatzen dira zeren David, berez, ona da eta maitatua izatea merezi du. Eta azken kapituluetan ñabardura bat dago hipotesian: superbotereak ditu eta zoratuta dago. Azken kapitukuan bortxaketa horrekin baieztatzen dena. Denboraldi bukaera bikaina. Gogorra, krudela, ankerra; baina istorioaren barne kohesioa errespetatuz eta, kontakizuna bihurritu gabe.
    Zuk diozun bezala bortxaz bortxa botere harremanak plazaratzen zaizkigu. Sydneyrena agian krudelena da. Baina Melaniek ere David bortxatzen du bere buruan sartuta, bere onerako, “osatzeko”, benetan hori guztia egiten duenean Oliver salbatzeko. Maitasunagatik. Davidel Sydney bortxatzen duenean bezala. Maitasunagatik. Hor beste kezka bat sortzen zait: zein momentutan gure burueta bilau bilakatzen da? Bortxaketa bezalako zerbait babesezina egin arte egiten duen guztia justifikatzen diogu? Torturatzea ere? Besteen portaerak manipulatzea? Non jarri diogu lerro gorria? Epaiketa Daviden aurka al da edo ikuslearen epaiketa al da?
    Ta agian horregatik da hain ankerra kapitulu hau eta momentu hori ( Broadchurcheko 3. denboraldiko lehen 30 minutuak eta azkeneko 20ak hain latzak egin zitzaizkidan Sydneyren bortxaketak ez zidala hain gorputz txarra utzi daitort): arrazoi onengatik gauza krudelak egiteko garelako: guztiek maitasunagatik egiten dute (oso deigarria egin zitzaidan Farouk malkotan ikustea bere “haurrari” nazka eragiten ziolako. Eta, hortaz, guztiok bilau izan gaitezkela.
    Gainera bortxa fisikoak baino gehiago bortxa mentalak akojonatu ninduen: zenbatetan ez gara saiatu maite dugun pertsona baten ideiak aldatzen maitasuna mantendu ahal izateko? Davidek superbotere hori duenez egiten du. Ez dugu superbotere hori baina bai maite duguna manipulatzen saiatzen garela maitasun hori kolokan dagoenean. Guztiok saiatu saiatu gara hori egiten. Horrek kriston gorputz txarra utzi zidan.
    Hortaz behar-beharrezkoa iruditzen zait bortxaketa hori, bai istorioren barruan, bai ikusleari erreakzio bat eragiteko eta, batez ere, denok bilau izan gaitezkela intentzio onak baditugu ere argi uzteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude