Urtzi Urkizu

1995. urtetik euskarazko komunikabideetan kazetari lanak egiten. Etzi egingo dugu topo/topa euskal errepublikan.

Etzi eta Pitz (X): Maialen Beloki, Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea

Maialen Beloki (Donostia, 1983) Donostia Zinemaldiaren zuzendariordea da 2016tik (zortzi urte dira jaialdian lanean ari dela). Ikus-entzunezko Komuniazioan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean. Antxon Ezeiza zinemagilearen inguruan egin zuen doktore tesia. Elias Querejeta zinema eskola martxan jartzen parte hartu du, eta eskolako Zuzendaritza Akademikoko kide da. Komunikazioko irakaslea izan da HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatean. Antxon Eceiza, cine, existencialismo y dialéctica (Jesús Angulo, Maialen Beloki, José Luis Rebordinos, Antonio Santamarina, Euskadiko Filmategia, 2010) liburuaren egileetako bat izan zen. Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Kontseiluko kide izan da.

Txikitatik izan al duzu zinemarekiko zaletasuna?

Bai, amaren eragina aipatu behar dut. Ama literatura irakaslea zen, eta zinemazale amorratua. Amara auzoan bizi nintzen, Astoria zinema aretoak ondoan nituen. Etxean amak askotan ulertzen ez nituen pelikulak jartzen zizkidan, baina gustura egoten nintzen. Oso txikia nintzela Akira Kurosawaren pelikula bat jarri zidan. Erritual baten modukoa zen amarekin filmak ikustea.

Antxon Ezeizaren inguruan egin zenuen doktore tesia. Gaur egun ikus-entzunezkoen munduan dabilen jendeak nahikoa ezagutzen al du Ezeiza?

Ez. Nahiko ezezaguna da askorentzat. Tesia egin nuenean, Santos Zunzunegi izan zen nire zuzendaria. Ikerketa batzuk eginak zituen, baina arlo zabala dago hor ikerketarako. Ezeiza gutxi eman da ezagutzera kanpora. Euskadiko Filmategiak liburu bat atera zuen, eta bertan parte hartu nuen. Noizean behin, agertzen dira bere pelikulak, baina, oro har, ezezagunak dira bere lanak zein teoriak. Kontuan hartu behar da, gainera, teoriko garrantzitsua izan zela.

Ikuska dokumental sailean ekoizle izan zen Ezeiza. Lan horiek garrantzitsuak izan ziren bere garaian, ezta?

Bai, Ikuskak izan dira euskal zinemagintzan egon den sailik garrantzitsuenetakoa. Trantsizio garaian, euskaraz grabatu eta zineman estreinatu ziren aurreneko dokumentalak izan ziren. Lehen Ikuskan esaldi bat entzuten da euskaraz, eta Ezeizak esaten zuen hori izan zela zineman soinua aurrenekoz entzun zen modukoa. Behingoz zinema euskaraz entzun ahal izateko aukera Ikuskak ireki zuela, alegia. Ikuskak garrantzitsuak izan ziren artistikoki, hogei atal dira, maila dezente ona dute. Baina horrez gain, aukera eman zieten bertako teknikariei zineman lanean hasteko. Han hasi ziren gero zinemagintzan aritu ziren teknikari eta zinemagile ia guztiak. Ikuska batzuk Ezeizak berak zuzendu zituen, eta mentore lana ere egin zuen.

Xabier Mendiguren Elizegik apirilean artikulu bat idatzi zuen Berrian, eta bertan Ezeiza eta Elias Kerejeta aipatu zituen. Kritikatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Kerejetaren izena hartu izana zinema eskolarentzat. Ez al zen egokiagoa zinema eskolari Antxon Ezeiza izena jartzea?

Iritzi kontuak dira. Ezeizak aitortza bat merezi du, eta hor badago lan bat egiteko, adibidez, bere artxibo pertsonala ikertzen. Baina Elias Kerejeta oso zinemagile eta ekoizle garrantzitsua izan dela ukaezina da. Ezeizaren ibilbideak etena izan zuen, bere erabaki politikoengatik eta erbestean ezin izan zituelako pelikula asko egin. Kerejetaren zinematografia ekoizle moduan luzeagoa izan da. Izan zitekeela zinema eskola Antxon Ezeiza? Bai, baina Kerejetak ere merezi zuen izena ematea. Garrantzitsua da Ezeizari dagokion tokia ematea. Baina zinema eskolaren izena ondo jarrita dago.

2019an 30 urte beteko dira Ezeizak Ke arteko egunak filma ekoitzi zuenetik. Lan horrek Donostia Saria irabazi zuen Zinemaldian.

Pelikula hori berandu ezagutu nuen. Baina bitxikeria gisa esan dezaket Elene Lizarralde film horretako aktorea nire gurasoen bizilaguna izan zela urte luzez. Ke arteko egunak izan zen Sail Ofizialean lehian egon zen aurreneko euskarazko pelikula, nahiz eta ez zen guztiz euskaraz grabatuta egon; gaztelaniaz grabatu zen, aktore protagonista Pedro Armendariz Jr. zelako. Gero, Loreak iritsi arte, 25 urte pasatu ziren Sail Ofizialean lehian euskarazko pelikularik egon gabe.

Duela aste batzuk Noka egitasmoaren aurkezpenean azaldu zinen. Zinemalditik nola ikusten duzue egitasmo hori emakume zinemagileentzat?

Emakumeen inkorporazioa bultzatzen duen edozein egitasmok ongi etorriak izan behar du. Datu fidagarriak falta zaizkigu, baina agerikoa da zinema jaialdietan askoz emakume zuzendari eta teknikari gutxiago daudela aukeratutako pelikuletan. Iruditzen zait ekarpena egin daitekeela erakunde publikoetatik; Noka mentoring programa bat da, epea zabalik dago abenduaren 14ra arte (gaur arte). Nik hautespen prozesuan parte hartuko dut, beste bi pertsonekin batera. Aukeratutakoek tutoreak izango dituzte, nazioartekoak eta bertakoak, proiektuaren garapena izateko urte batean zehar. Erakunde publikoek inkorporazio egonkor bat sustatu beharko lukete, edonola ere, ez sartu-irten bat eta kito.

Zinemaldiko lantaldean askoz emakume gehiago zaudete. 34tik 28 zarete andreak. Zer eragin du horrek?

Hori horrela gertatu da, ez da erabaki pentsatu bat izan. Pentsatzen dut emakumeak eta gizonak oso antzekoak garela lan egiterako orduan, eta ez duela eragin askorik egunerokotasunean. Baina garrantzitsua iruditzen zait ardura postuetan, gutxienez, erdiak emakumeak izatea. Kultura kudeaketa munduan emakume asko daude, baina goi karguetan gizonak egoten dira normalean. Egoerari buelta ematen ari zaio; adibidez, Tabakalerako zuzendaria emakumea da.

Euskadiko Filmategiarekin nolako harremana du Zinemaldiak?

Proiektu asko egiten ditugu elkarrekin. Batetik, Joxan Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea da, eta Zinemaldiko erabaki estrategiko guztietan parte hartzen du. Ikusmira Berriak proiektuan elkarrekin ari gara. Atzera begirako zikloak ere elkarrekin prestatzen ditugu.

Zinemaldiaren markaren inguruan kritika batzuk egon dira. Zergatik SSIFF?

Uste dut komunikazio arazo bat izan dugula, edo ez dugula ondo azaldu egindakoa. Urrezko Maskor berria eta SSIFF irudi berri batzuk baino ez dira. Zinemaldiaren izena mantendu egin dugu: lehen eta orain, izena Donostiako Zinemaldia-Festival de San Sebastian da. Hori da izen ofiziala, euskaraz eta gaztelaniaz. SSIFF akronimoa irudi bat da, baina egia da atzerrian izen horrekin ezagutzen gaituztela.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

2019an hamar urte beteko ditu Zinemira sailak. Garai batean Euskal Zinemaren Egunean baino ez ziren ikusten euskal ekoizpenak Zinemaldian. Pauso handia eman zen Zinemirarekin, euskal ekoizpenek jaialdian tartea izateko, ezta?

Euskal zinemaren egoera Zinemaldian asko aldatu da hamar urteotan. Egun bat izatetik sail bat sortzera pasatu zen; bertako ikusleak gerturatzen dituzu, baina baita atzerrikoak ere. Kanpoan gero eta interes gehiago dago euskal zinemaren inguruan. Guretzat, une gozo batean bizi gara euskal ekoizpenak emateari dagokionean; urtero dauzkagu pelikulak sail ezberdinetan, eta gainera Zinemira saileko ekoizpenak gero eta gehiago, eta gero eta ezberdinagoak dira. Askotariko proposamenak daude, eta zinemagileak ere oso desberdinak dira. Zentzu horretan, euskal zinemagintza osasuntsu dago. Guretzat egoera egokia da.

Zinemaldiko zuzendaritzan lan egiten duen pertsona batek zenbat pelikula ikusten ditu urtean?

Aurten 600 inguru ikusiko ditut. Hautespen batzorde osoak 2.800 pelikula ikusi ditu. 550-650 artean ikusi behar izaten ditut urtero, baina gaizki banatuta, hilabete gutxi batzuetan. Asko da.

Movistar+en hiru telesail estreinatu ditu Zinemaldiak azkeneko bi urteetan. Telesailak ere ikusten al dituzu?

Kalitate handiko telesailak daude, eta ez dugu arazorik ikusten Zinemaldian estreinatzeko. Niri asko gustatzen zaizkit telesailak, betidanik. Baina kontuz ibili beharra daukat: hasi naiteke goiz batean telesail bat ikusten, eta gauera arte ikusten jarraitu. Bolada batean irakurketa denborari kentzen nion telesailak ikusten emandakoa. Denborak ondo aprobetxatzen saiatu behar dut.

Nola kokatzen da Zinemaldia aurrera begira, eta zer indarrekin?

Zinemaldi jaialdiak asko aldatzen ari dira. Sentsazioa dugu jada ez duela balio duela urte batzuetako jaialdi ereduarekin. Ez du balio soilik pelikula onak eta glamour dosi bat izateak. Horrek egon behar du, noski, baina ez hori bakarrik. Donostiako Zinemaldian duela zazpi urtetik ikusi dugu industriak bertan egon behar duela. Industriako kideek elkar topatzeko eta negozioak egiteko topaleku bat izan behar du, eta horregatik sortu genuen koprodukzio foroa. Gainera, ikusita dago industria bertan baldin badago, pelikulak hobeak izango direla. Hori da apustu estrategikoetako bat. Beste bi apustu berriago egiten ari gara azkenaldian: batetik, talentu berrien aldeko apustua. Hor daude, adibidez, Ikusmira Berriak eta Nest Film Students topaketa. Zuzendari Berriak sailak ere garrantzi berezia du Zinemaldian. Sail Ofizialean, halaber, beti ditugu hiruzpalau pelikula, zeinetan zuzendariaren lehen edo bigarren lanak diren. Talentuentzako profesionalizaziorako plataforma bihurtu nahi du Zinemaldiak. Gure apustu berriena da teknologia berrientzako polo garrantzitsua izateko nahia da.

Nola egingo duzue teknologia berriena?

Euskal Herrian I+D+I enpresa asko dauzkagu. Potentzia bat gara ikus-entzunezko teknologietan, eta zentzu askotan zineman aplikatzen dira. Nahiko genuke Zinemaldia topaleku bihurtzea, non teknologia berriak ezagutzen diren. Iaz ekitaldi bat antolatzen hasi ginen, Tecnaliarekin eta Petronorrekin batera, eta ildo hori areagotu nahi dugu.

Gaur egun streaming plataforma handien inguruko boom bat dago: Netflix, Amazon, HBO eta etortzeko daudenak. Zinemalditik nola jokatuko duzue plataforma horiekin?

Aurten izan dugu Netflixen pelikula bat, Koreakoa. Guk ez dugu zinema industriaren epaile izan behar, ez dagokigu hori. Plataforma horiek berriak dira, eta sentsazioa dut gauzak egokitzen joango direla, elkarbizitza iritsiko dela. Ez dut uste auzia izan behar duenik zinema aretoak versus plataforma digitalak. Kontsumitzaileek hainbat bide aurkituko dituzte telesailak eta filmak ikusteko. Gai hori egokitze fase batean dagoela uste dut, ajuste garaian. Alfonso Cuaronen Roma filma, adibidez, zinema areto batean ikusteko egina dago (Netflixek abenduaren 14an estreinatuko du, gaur, alegia), pantaila handian gozatzeko. Baina pelikulak etxean ikusi nahi dituenak etxean ikustea? Zergatik ez, gauzak ez dira beltzak edo zuriak. Datorren urteetan gauzak aldatuko dira, eta zinema aretoek zein plataformek beren tokia aurkituko dute. Irudika dezaket Netflixen pelikula batzuek bide bat egin dezaketela zinema aretoetan, eta gero plataformako katalogora pasatu.

2019. urtean, Agur, Etxebeste! filma iritsiko da zinema aretoetara. Lehen zatia, Aupa Etxebeste! 2005ean estreinatu zen. Urteotan fikziozko 30 film inguru egin dira euskaraz. Baina 2005aren aurretik basamortu luze bat egon zen: hamasei urte baino gehiago euskaraz pelikularik egin gabe. Gauzak gaizki jarriko balira, arriskua egon daiteke euskaraz pelikulak egiteari uzteko?

Une honetan oso zaila da XX. mendeko egoera horretara itzultzea. Batetik, sortzaile, teknikari eta zinemagile euskaldun asko daude, formazio bat egin dutelako. Lanean ari diren guzti horiek pelikularik egin gabe egotea oso-oso zaila iruditzen zait. Egia da sektore publikotik lagundu behar dela euskarazko zinema, baina Eusko Jaurlaritzak eta EITBk badituzte diru laguntzak zinemaren ekoizpenerako. Ikusmira Berriak proiektuari esker, bestalde, ezagutzen dugu une honetan hasten eta hazten ari diren proiektuak zein diren. Jende asko dago ikasten, egiten, ikertzen, grabatzen… Ideia freskoak daude, eta zinema oso desberdina dago aukeren artean. Ez gara basamortura itzuliko.

Hamar urte barru, nola ikusten duzu Donostiako Zinemaldia eta Euskal Herria?

Azkeneko hiru urteetan gertatu diren gauzak duela bost urte esan izan balizkidate ez nituen sinistuko, beraz, auskalo. Hiru urte barru, biztanle bezala, Euskal Herrian zer gerta daitekeen, ba ez dut arrastorik. Zinemaldia ere ez dakit non egongo den, baina niri gustatuko litzaidake jaialdi sendoa bihurtzea bederatzi egunetan, baina baita urte osoan zehar ere. Formakuntza aldetik, talentuak laguntzen, programazioan…urte osoan zehar garatzea gustatuko litzaidake.

Hamar urte barru, elkarrizketa hau errepikatzen badugu non egin nahiko zenuke, eta zertaz hitz egiteko?

Tabakalerako beste espazio batean egitea gustatuko litzaidake, kafe on batekin. Ilusioz bizi ditut Tabakaleran dauden beste proiektuak. Gaia zinema izango litzateke, baina ikuspuntu eta ertz desberdinetatik. Zinemaldiari esker, zinemaren inguruko ikuspuntu askoren inguruan ari naiz ikasten. Hamar urte barru egongo da gai berriren bat zinemari lotua, eta horretaz mintzatuko ginateke.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude