1917ko iraultzaz gozatzeko 9 liburu

Hedoi Etxarte-ren avatar

Gaur egun mundua eraldatu nahi duen edonori interesatu behar zaio urriko iraultza. Ez da ikuspuntu maximalista bat. Hura bezalakorik ez da berriro gertatuko. Ez gaude XX. mendean, baina hura da 1789ko Frantziako iraultzatik zuztarreko eraldaketa bat gertatu den azkenekoa.

Zergatik interesatu behar zaion? John Reed-ek kontatu zuen. 1917eko hamar egunek mundua inarrosi zuten. Ordura arteko politika ulertzeko moduak sintetizatu eta eraldatu ziren. Boltxebikeek bi nobedade nagusi ekarri zizkioten politika askatzaileari: irabazi zuten eta erradikalak izan ziren.

Aurreko garaipen sonatuena 1871ko Pariseko Komunarena izan zen. Bi hilabete eta hamar egun iraun zituen soilik bandera gorriko iraultza bat. Olivier Lissagaray kazetari eta sozialista independentearen arabera 50.000 komunazale hil zituen Versaillesko gobernuak. Gizonak, emakumeak, haurrak, zaharrak. 7.000 lagun Kaledonia Berrira deportatu zituzten –Louise Michel politikari eta poeta anarkista tartean–. Komunaz gain, izan ziren saiakera erradikalak, baina batek ere ez zuen boterea lortu eta iraun.

Honako liburu hautaketa ñimiño honek hori marrazten du: iraultzaren oinarri materialena; gaur egungo politikan 1917ak ezinbestean dituen oihartzunak; sortu zituen iruditeriak.

Appiagnanesi&Zárate: Lenin hasiberrientzat

Richard Appiagnanesi eta Oscar Záratek idatzi eta marraztu zuten Lenin y la Revolución Rusa para principiantes. Modu irisgarri batean, komiki askorekin eta xehetasunekin dago eraikita liburuxka hau. Sobietar iraultzaz eta aurreko errealitateaz ez dakitenentzat eta dakitenentzat lan eder bat. Ekintza eta gogoeta berdin atsegin zituen Vladimir Ilitx Ulianov-i buruzko sarrera ezin hobe bat.

Krupskaia: nor zen Lenin Lenin izan aurretik?

Krupskaia (1869-1939) irakaslea izan zen Smolensk langile auzoan. 1894an ezagutu zuen Lenin. Bere kolaboratzaile estua izan zen unerik gogorrenetan ere. Gerrari eta sozialdemokraten patriotismoari aurre egin zion posizio marxista internazionalistetatik.

2015ean berrargitaratu zuen Federico Engels Fundazioak Recuerdo de Lenin (FFE, 2015 Madril). Honakoan gaztelaniaz, baina kolektibo honek euskara ekarri ditu Marx eta Engelsen Manifestu komunista, Leninen Estatua eta Iraultza, Trotskiren Trantsizio programa, Rosa Luxemburgen Erreforma eta iraultza eta James Connolyren Klase zapalduak Irlandaren historian. XX. mendeko munduko iraultzaileen testu gehien itzuli dituen taldeetako bat da, beraz.

Sholokhov: 10 ipuin 1917 osteko gerra zibil odoltsuaz

Mikhail Sholokhov-en Don ibaiko ipuinak (Alberdania&Elkar, 2007) argitaratu zuten Literatura Unibertsalean urriko iraultzatik 90 urtera. Olga Martinez de Marigortak eta Roberto Serranok itzuli zuten eta hitzaurre fin bat egin zioten. XX. mendean giltzarri izan ziren eleberri askotan pertsonaia nagusia hiria izan zen. Döblin-ek Berlin Alexanderplatzen (Ibaizabal, 2000) izkiriatu zuen eta Dos Passosek Manhatttan transfer (Ibaizabal, 1999).

10 ipuinotan 1917aren ondoren jazo zen gerra zibileko pasarteak kontatzen ditu, gerora Nobel saridun izango zen Sholokhovek. Idazkera arin batekin betean sartuko zara ibai inguruko eszenarik sadiko, heroiko eta xamurrenetan. Gerraren okerrena, mundu berriena nahi dutenen eta tradizio injustuenak nahi dituztenen arteko lehia basati bat. Beldurrari etxeari estatuari komunismoari guraso izateari soldaduei Jainkoari buruzko bilduma intentsu bat.

Buck-Morss: SESB elikatu zuen utopia

Ze ametsek elikatu zuten Gerra Hotza? Eta Frantziako iraultza? Eta herrialde sozialistak? Ze arte egin zuten sobietar iraultzaren aldeko margolariek? Eta garai bereko AEBtan ze amets zeuzkaten?

Ideietan eta irudietan gutxi dira Susan Buck-Morssen Dreamworld and Catastrophe. The passing of Mass Utopia in East and West (MIT, 2004) bezain ederrak. Gaztelaniaz Mundo soñado y catástrofe. La desaparición de la utopía de masas en el Este y el Oeste (Antonio Machado, 2004) izenarekin historiako xehetasunak artelanekin nahasten ditu, literaturako lanen pasarteak berreskuratzen ditu, mundua ulertzeko moduak esplikatzen ditu.

Entziklopedia txiki bat da liburu handi hau, akaso sobietar mendeari buruz inoiz idatzi den liburu originalenetako bat.

Platonov: abangoardiako nobela antiutopiko bat

Andrei Platonov-en Lubakia (Alberdania&Elkar, 2009) abangoardiako nobela bat da. Ez da irensteko erraza, baina urdailera iritsiz gero, potentzia handiko elikagaia da. Iker Sanchorena da itzulpena eta hitzaurrean azaltzen duenez bi alderdi nabarmendu behar dira Lubakiaren inguruan: «Liburuaren edukia batetik, eta Platonoven adierazpen-formak nahiz hizkera-idazkera bestetik».

Liburuak noraezean doan langabe baten istorioa kontatzen du, talka ezberdinen bidez: ideologia iraultzailea –komunismoak hizkera berri bat sortu zuen– eta errealitate materiala, landako jendea eta hirikoa, jende langilea eta jende alferra, historia eta post-apokalipsia.

Zizek: iraultza ateetan

Ahal baduzu eskuratu liburu honen ingelesezko edizioa (Revolution at the gates: Selected writings of Lenin from 1917, Verso Books 2002). Gaztelaniazkoak liburu erdia faltan du (Repetir Lenin, Akal 2004).

Jatorrizkoan, batetik, Slavoj Zizeken hitzaurrea eta –bereziki– hitzoste mardul eta dibertigarria daude. Bestetik, 1917ko otsaileko iraultzatik urriko iraultzarako testuen bilduma jasotzen dute. Besteak beste, Esloganei buruz testu fundamentala dago, edo Iraultzaren eginkizunak gogoangarria.

Kollontai: maitasuna eta iraultza

Historian lehenengo emakume gobernukidea izan zen. Enbaxadore ere lehenengoa izan zen, baina bere ekarpen nagusiena sozialismoaren eta generoen arteko berdintasunaren alorrean egin zuen.

Fikziozko lan bat da, halere, Alexandra Kollontai-ren La bolchevique enamorada (Txalaparta, 2008). Maitasunaren proiektuaren eta iraultza politikoaren arteko tentsioak lantzen ditu. Nola eraikitzen da maitasun iraultzailea? Zertan behar du maitasun burgesarekin desberdina?

Trotski: terrorismoa eta komunismoa

1920 da, errepublika sozialistak gerran daude Errusian, Ukrainan, Bielorrusian eta Kaukason. Munduko langileen alderdi handieneko presidenteak – Alemaniako SPDko Karl Kautskyk – libelo bat idatzi berri du Terrorismoa eta komunismoa izenarekin. Eta Leon Trotskik, Armada Gorria muntatu zuen intelektual kosmopolita eta iraultzaileak liburu batekin erantzungo dio. Biolentzia zer den. Noren kontra erabili izan den. Zer zioen Marxek biolentziari buruz. Zer gertatu zen Pariseko Komunarekin.

Polemika honen inguruan idatzitakoa irakurtzeak biolentzia politikoaz eta 1917-1920 aurreko iraultzez gogoeta egiteko balio du. Verso Books-ek ingelesez (2007) ala Akal-ek gaztelaniaz (2009) argitaratutako Terrorismo y comunismo gomendatzen dizut: glosario bat dakarrelako testuetan aipatzen diren pertsonaien fakzio politikoen eta bestelakoen azalpenarekin, kronologia bat dakarrelako 1917ko otsaileko iraultzatik testua idatzi osteko gertakizunetaraino, eta, bereziki, testuaren irakurketa gaurkotu bat egiten duelako Slavoj Zizekek.

Badiou&Gauchet: komunismoa eta kapitalismoa gaur

1902an Leninek bere liburu ezagunenetako bat argitaratu zuen Zer egin? Izenburuarekin. 2015ean, 1917aren mendeurrenaren ateetan, Alain Badiou filosofo komunistak eta Marcel Gauchet historialari liberalak Que faire? Dialogue sur le comunisme, le capitalisme et l’avenir de la démocratie (Philophilosophie édition, 2014) argitaratu zuten, ¿Qué hacer? El capitalismo, el comunismo y el futuro de la democracia (Edhasa, 2016).

Funtsean komunismoari buruz solasten dute gonbidatuek – elkarrizketa bidez eraiki zuten liburua eta hala azaltzen digute editoreek ere, Martin Duru eta Martin Legros-ek idatzi zuten hitzaurrea –. Marx eta Leninen arteko jauziaz; egun hipotesi komunistak daukan tokiaz; egungo kapitalismo errealaren mugez; politika askatzaileaz egun bazterrean gelditu diren bi ikuspegietatik: kapitalismoa kritikatu eta alternatiba komunista bat eta alternatiba liberal bat nahi duten bi hizlariren partetik.

Iruzkinak

  1. zuriñe-ren avatar
    zuriñe

    LA REVOLUCION RUSA: DE LENIN A STALIN, 1917-1929
    E.H. CARR

  2. Beñat Irasuegi-ren avatar

    Bueno, ba gaur betetzen dira 100 urte Lenin eta bere lagunek Suitzatik Petrogradora eramango zituen bidaia hasi zutela. Bidai historiko, polemiko eta konplikatua, besteak beste momentuan errusiar gobernu probisionalaren “etsaia” zen Alemania zeharkatuko zutelako, hauen baimenarekin. Bidaiaren detaileak oso interesgarriak dira eta gehiago jakiteko asmoz Katakraken erositako liburua irakurri dut “El Tren de Lenin” Catherine Merridale-k idatzia. Bidaiaren inguruko detaile mordoa ematen ditu, oso interesgarriak. Bestelakoa da ordea lehen eta azken kapituluan autoreak egiten duen atzerabegiratu politikoa. Ez zait batere gustatu. Balantze gazi gozoa beraz liburuaren irakurketak utzi didana.

    Post honen iruzkinetan urte honetan irakurtzen ditudan 1917arekin lotutako liburuen iruzkinak utziko ditut.

    El tren de Lenin: Los orígenes de la revolución rusaEl tren de Lenin: Los orígenes de la revolución rusa by Catherine Merridale
    My rating: 3 of 5 stars

  3. Joxe iriarte, bikila-ren avatar
    Joxe iriarte, bikila

    Urriako iraultzari buruz irakurri dudan libururik ziragarriena da John Reed-en “Hamar egun mudua hunkitu edo dardarrez jarri zutenak”. Eta sakonea eta konpletoena Leon Troskiren ” Errusiako iraultzaren historia”.