Burdin eta kresala aroko pasadizoak

politika — 2015-01-07
Irakurri Offline:

XVI. mendean. Pasaiako badia. Guillermo buru, Onofre, Gaspar, Adrian eta gainontzeko lagunek antolatu badia zaharkitua geratu da. Donostiak Kantabria aldetik ekarritako leinu berriak zein inguruko sendiek sare berriak ehundu dituzte. Badiaren inguruan etxeko buruak gero eta ondasun gehiago pilatzen ari dira, Altzan, Pasaian, Basanoagan, Lezon, Trintxerren…

Etxeetan kontatzen diren istorioak, baina, Erroma eta Asturias dituzte hizpide. Gailentzen ari den mitoarekin sare berria puskatzear da. Mundu ikuskera horrek ez ditu denak asetzen.

Bailaran oin duten sendiek Ubillosen esku uzten dute istoria integratzailea sortzea, Ubillosek negozioetarako sen berezia erakutsi duelako eta senidetza ugari batzen duelako. Ordezkatzen duten komunitateak mito sendoa behar du, tokia ez galtzeko botere banaketan, gainontzeko komunitateekin maila berean aritzeko.

Ubillosek ontzira leku garrantzitsua kudeatzen du, Piedadean. “In gratiarum actione pro victoria obtenta…”
1637an ke usaina da nagusi badian. Trintxer baserria mendi magalean bazegoen ere, erabat kixkali dute Condéren gizonek. Zer esanik ez beherago zeuden etxe guztiak. Orereta zaharraren gainean zegoen La Renterian ere harrizko 7 etxek baino ez diote suari eutsi. Portuko sarreran zaintzen zituzten habiak lurretik hartu dituzte. Badiako sendiek bat egin dute. Estibaus urrunegi dago; Trintxerren zein Zamateteren azpian padura baino ez; Errenteriak ez du nola babestu… Basanoaga da tokirik egokiena. Donostiako jauntxoek protesta egiten duten arren, Batzar Nagusiek toki aldaketa baimentzen dute. Sorgintxulo eta Beraunen artean harresi erraldoia altxatzen da. Tebasen antzera, 7 atek zaintzen dute. Molinaoko paduretan tranpak prestatzen dira. Hiri berri modernoa. Astigarragatik doan bidea ere egokitzen dute. Oreretak bere izena errekuperatzen du. Arrantzale auzoa bihurtzen da. Platan faroa gotortzen da.

Santo Domingo Gipuzkoaren truke. Independentzia aldarrikatu ostean eta Errepublikarekin bat egin ondoren, ordena naturala berreskuratu behar da. Kai berriak eraiki behar dira, Ameriketako itsas trafikoa suspertzeko. Basanoagaren harresiak lehorrean geratu dira, portua garbitzeko auzia etengabe luzatu delako eta irabaziak inork inbertitu nahi ez dituelako. Arizabalo sendiaren etxe azpian harlauza agertzen da. Latinera, euskara eta gazteleraz idatzita. Zati bat puskatuta dago, ikusten da iberiarrez zegoela zizelatua. Etxe horretako sortzaileek Erromako inperioan zerbitzatu zuten, baita Nafarroako erregearen alde ere. Kristautasuna ekarri omen zuten badiara. Arizabalotarrek euren kaiak eskaintzen dizkiete Caracaseko Elkargoari eta Ameriketako armada erregezalean erroldatzen dira. Etxea, Erregea eta Kakaoa banatu ezinak direlakoan. Irabaziak Mexikoko meategietan inbertitzen dituzte.
1805. urtean Ameriketako diruak balio du udalerri berria sortzeko. Horrela, Pasaia Basanoagatik banatzen da. Badiara begiratzen dituzten baserri guztien jabeek eskumen berriaren parte izatea eskatzen dute. 1821. urtean Donostiako merkatariek harresia tokiz aldatzen dute. Harresi berria, Jasonebason altxatzen da, bidesaria kobratzeko. Merkatariek, Collado familia buru eta ondartzaren inguruan sortu zabalgune profitatuz, trena Donostiaren erdiraino eramaten dute. Groseko padurak lehortu eta industriak hantxe kokatzen dituzte. San Martin aldeko hezeguneetan, langileen auzoak sortzen dira. Donostia Glasgow kantauriarra bezala ezagutzen da. 1937. urtean, Bretainia Handiko protektoratua bihurtu zen.
Pasaian, berriz, Europako aristokraziak hartzen du atseden. 2016. urtean Europako hiriburu turiskoa izendatzen dute.

Irakurri Offline: