DEMOKRAZIA ADJETIBODUNA

jendartea — 2015-09-25
Irakurri Offline:

Beharbada, demokrazia espainolaz solas egitean, bi osagaiko sintagma dela izan beharko luke kontuan hartzeko lehen gauza. Demokrazia hori, alegia, ez dela demokrazia hutsa, demokrazia adjetiboduna baizik, demokrazia -horixe- espainola. Hemen baina, ez da izenlagun hori iraingarri gisa azpimarratzen, demokrazia hori gutxiesteko edo gaitzesteko asmoaz, demokrazia nazionala dela oroitarazteko nabarmendu dut hemen izenlagun hori. Erran nahi baita, sintagama horretako bi osagaiek inoiz elkarrekin talka eginenen balute, sseguruenik bigarrena, hots, izenlaguna, aterako litzatekeela garaile, eta ez lehena. Are gehiago, bi osagaiek talka eginak dira iraganean, talka egiten ari dira egun hauetan, eta talka eginen dute, baitezpada, etorkizunean ere. Bi eleko sintagma horrek adierazi nahi duena fikzio hutsa delako, Espainia nazio-estatua den fikzioa hain zuzen ere. Baina (baina bat gaineratu nahi nuke, berez nik ez baitut deus fikzioen kontra- fikzio horri alegiazko oinarri bat emateraino, sintagmako bi zatiak nahastu egiten dira, anitzen iritziz bat bihurtzeraino; hortaz, izenlaguna zalantzan jartzen duen guztia, izena bera kolokan paratuko balu bezala salatuko da Espainian.

 

Espainian nagusi den fikzio horren arabera, nazio bakarra dago Estatuan. Edo, Anjel Lertxundik aspaldi, “Tribunala” deituriko artikulu fin eta zorrotzean azpimarratu zuenez, nazio bakarra onartzen du Espainiako Konstituzioak. Horrek ondorio batzuk dakartza berarekin. Bi, gutxienez. Lehenik eta behin, nazio espainolarekin batera, haren memoria, haren narrazio ofiziala zabaldu eta ezarri nahi izan da. Zehazkiago erranda, gaurko demokraziaren jatorriari buruzko bertsio ofiziala, hau da, Trantsizio “eredugarriari” buruzko bertsio ofiziala (eta hemen “bertsio ofiziala” deituko diogu Espainiako politikan -batez ere bi alderdi nagusietan, baina baita alderdi  txikiagoetan ere, hala nola Ciutadans-, eta hedabide gehienetan nagusi den diskurtsoari). Bigarrenik, Trantsizio horren emaitza nagusia Konstituzioa izan zen, demokraziarekin guztiz berdintzen dena. Beraz, Trantsizioan erabaki bazen frankismoaren krimenak ahanztea, haien memoria berreskuratzen saiatzea ez da justizia bilatzea, garai eredugarri hartako adostasuna apurtu nahi izatea baizik. Eta Konstituzioa aldatu nahi izatea edota zenbait punturen desegokitasuna nabarmentzea, ez da beharrezko eta zenbaitendako ezinbertzekoa den lan kritikoa egitea, demokraziaren beraren kontra joatea baizik. Beraz, Trantsizioan erabaki bazen nazio bakarra dagoela, eta gainerako guziak, izatekotan, nazionalitateak direla -hori zernahi den ere-, hori zalantzan paratzea ez da argudioekin erantzun beharreko aldarrikapen bat, demokraziaren kontra salatu beharreko eraso bat baizik.

 

Konstituzioaren sakralitateak eta demokraziarekin berdintzeak positibismo juridikoaren moda ekarri digu: irailaren 27ko hauteskundeen aitzinean, galdera zera da: zer dio konstituzioak?- “zure nortasun agirian zer jartzen du” galderaren bertsio sofistikatua, alegia-.

 

Halere, konstituzioa etengabe aipatzen den honetan, komeni litzateke gogoraraztea Espainiako batasunak ez duela konstituzioa oinarri -hau da, Espainiako batasuna ez da konstituzioan adierazten den balizko adostasun baten emaitza-; aitzitik, konstituzioak ez du oinarri Espainiako batasuna (ikus bigarren artikulua): nazioa -nazioaren batasuna- demokraziaren gainetik dago, edozein kontsentsu baino lehenagokoa da.

 

Demokrazia adjetibodun honetan, hasmenta-hasmentatik, izenondoa izenaren aitzinetik joan da, eta honen balioaren neurria izan da. Espainiako konstituzioak ez dio iraganari begiratzen, ezta etorkizunari ere: trantsizio ustez eredugarri bati begira dago, eta orduko garai mitifikatua orainaldi eterno bihurtu nahi du. Hortik askatu nahi izatea, bertzelako etorkizun bat eraiki nahi izatea; demokrazia espainolean benetan axola duena -adjetiboa, alegia- zalantzan jartzea da. Galdera da Espainiako botereak noraino dauden prest izena bera hondatzeko, aspalditik anitz asetzen ez dituen fikzio horri eusteko.

Irakurri Offline: