Makinen puztea

jendartea — 2017-02-21
Irakurri Offline:

Demagun ordenagailua zientzia-fikziozko pelikula nabarmenenen gidoietako testuekin elikatu, labekada bat 170º-ra eta makinari gidoi berri bat sortzeko eskatzen diogula. Hori berori da Surprising (Oscar Sharp, 2016) film laburra, bogan dabilen machine-learning edo makina-ikasketaren ikus-entzunezko erakusgarria.

Film laburra bukaerara arte ikusteko irina eta legamia izan badituzu, ados izan gaitezke adimen artifizialak sortutako pelikularen ezer gutxi ulertzen denaz. Esandakoetan zentzu izpi txikiren bat balego ere, 50 gramoko azukre koxkor hori urrun dugu oraindik gutxienezko koherentziadun eduki oso bat izatetik. Sasi-neuronen saretzean eta kontzeptuen arteko erlazioetan oinarritutako teknologia sortzaile honi handi zaio oraindik giza-lengoaiaren gai pikortsua.

Bestelakoa da unibertso mugatuagoa eskatzen duten arazoen kasua. Adibidez, Google-en AlphaGo makinak Asiako ekialdean xakea baino ezagunagoa den Go jokoan jokalari profesional korear bati irabazi dio aurten. Go jokoan jokaldi posibleen eremua horren da handia, ezin direla erabakiak aurrez jokatutako errezetetan oinarritu eta, hortaz, xakean DeepBlue ordenagailuak Kasparovi irabazteko erabilitako datu-base estrategiak ez du balio. AlphaGo makinari Go jokoan jokatzen irakatsi behar izan diote, masa irabiatu eta lantzen, ordenagailuak unibertso txiki horren barruan maisuki eta era original batean mugitzen ikasi duen arte.

Edonola, ordenagailuen maisutasuna nabarmentzen den jogurt-poto txiki hori puzten doa. Bi arrautza adibide. Bat, abokatu estatubatuarren batzuk erabiltzen omen dituzte teknologia hauek lege-kasu arraroei oinarridun formulazio eta limoi-azal ukitu berriak emateko. Eta bi, Google beraren Allo mezu-aplikazio berriak badu pareko algoritmo bat zure txokolatezko erantzun zaharretan oinarrituta intxaur-testu berriak proposatzeko.

Ni ere kolaborazio zutabeen moldea olioztatzeko horrelako teknikak erabiltzen hasi naiz eta, zerikusirik ez badu ere, baita bizkotxoa egiteko errezeta definitiboa lortzeko. On egin!

Irakurri Offline: