Egin edo ez egin

portada — 2017-03-07
Irakurri Offline:

Aurreko testuan idatzi nituenen ondotik, buruari bueltaka ibili naiz egun batzuetan, eta gaiari tiraka, aske geratutako ari batzuei heltzeko asmoz nator, galdera gehiagorekin.

‘Erailketa bat Turkian’ argazkiaren inguruan, kezka, argazkia saritu izanaren, edo gehienez argazkia argitaratzearen inguruan sortu zen. Inork ez zuen zalantzan jartzen argazkia ateratzea ondo ote zegoen. Nik ere hala defendatu izan dut beti, argazkia egin, egin beharra dago; ondoren izango da astia bidaliko dugun edo ez erabakitzeko. Sygma agentzian ibilitako Pavlovsky zaharrak ere hala bota zigun Donostiako hitzaldi hartan: “Gu argazkilariak gara, beraz beti egin behar dugu argazkia. Bidali edo ez pentsatzeko beta izango dugu beste une batean, eta editoreek, testuinguru zabalago batekin, erabakiko dute argitaratu edo ez, baina gure betebeharra argazkia ateratzea da”.

Faas eta Laurent fotokazetarien Death in Dacca argazkiak

Baina hala al da benetan?

Gogoratu dezagun, Ozbiliciren argazkiaren inguruan sortutako polemikaren oinarria. Ekintza burutzeko asmoa zuenak, prentsaren presentzia baliatu nahi zuen bere ekintzak oihartzun mediatiko handia jaso zezan, beraz irudi hura argitaratzeak, hiltzailearen asmoak lagundu egiten zituen. Irudiak egin eta zabalduko zirelako jardun zuen jardun zuen bezala. Argazkiak atera eta zabalduko zirela bazekielako.

…eta argazkirik egingo ez bagenu?

Nola baldintzatzen du pertsonaia prentsaren presentziak?

Beti kezkatu izan nau ni eta nire kameraren presentziak zein modutan baldintzatzen dituen argazkitara ekarri nahi ditudan pertsonai horien jardunak. Argazkilaritza dokumentala egiten dugunok esaten dugu, guk baldintzatu gabeko mundu horren gertaerak kontatu nahi ditugula, berez, gu egongo ez bagina ere gertatuko liratekeen gauza horien kontakizuna egiten dugula. Noski, kontakizuna gurea da. Gure esku hartzea erabakietan dago, zer eta nola azaldu, eta ez gertatzen den horretan. Baina hori gezurra da. Etxeko mahaian, beti bezala, afaltzen ari den bikotearen alboan jarri eta argazkiak egiten badituzu, zure presentzia hutsak beraien jokamoldea aldatu egingo du. Isil-isilik eta ia mugitu gabe orduak pasatzeko abilidadea ikasia baduzu ere.

Horregatik, neurri batean, barneratuta izan behar dugu gure presentziak aktoreen jarduna aldatu egin dezakeela, eta horregatik ezin diogula argazkiak egiteari utzi. Baina horrela al da beti?

Zer gertatzen da gure presentziak gertakariak alde batera edo bestera mugituko dituela susmatzen badugu?

Badira beste kasu asko, baina hemen 1971ko Abenduan, Bangladeshko independentzia gerran, Daccan gertatutakoa azalduko dut.

Bengaliarrak Pakistan Ekialdeko estatu musulmanaren aurka altxatu ondoren, Indiako armadak lurralde hau hartu zuen, 1971 urte amaiera aldera, Mukti Bahini gerrilla bengaliarraren laguntzarekin. Garaipenaren ospakizunetan, abenduaren 18an, Mukti Bahiniko kideak jende multzo handi baten aurrean hitzaldiak ematen ari zirela, pakistandarrekin kolaboratzeaz akusatuta gatibu hartutako 4 gazte baionetaz akabatu zituzten, nazioarteko prentsaren aurrean, gogorki jipoitu ondoren.

Faas eta Laurent fotokazetarien Death in Dacca argazkiak

Gertakari horrek eztabaida handia sortu zuen profesionalen artean: batzuek, Penny Tweedie edo Marc Riboud argazkilariek kasu, egoeraren larritasuna ikusirik, bertatik alde egitea erabaki zuten, lintxamenduak nazioarteko prentsaren presentziak baldintzatuta gertatzen ari zirenaren uste osoarekin; baina beste argazkilari batzuk, gerora irudi horiengatik Pulitzer saria irabazi zuten Horst Faas eta Michael Laurentek adibidez, bertan gelditu eta lanean jarraitzea erabaki zuten, gertatzen ari zenak kontatua izateko bezainbesteko garrantzia zuela erabakita.

Erailketen argazkiek ez zuten Indiako militarren zentsura pasatu, baina lintxamenduen argazkiak argitaratzeko baimena lortu eta prentsa britaniarrean sekulako inpaktua izan zuen istorioak.

Bertatik alde egitea erabaki zuten argazkilarien argitalpenetako edizio mahaietan izandako eztabaidez eta esplikazio eskaerez aparte (zuzendari guztiek nahi izaten dute ‘beste hark’ duen argazkia eduki), oraingoan sortu zaigun eztabaidaren antzekoa sortu zen: gertakariak argitaratzeak sarraskiari merezi ez zuen zabalkundea ematen ziola uste zutenen eta sarraskia munduri kontatzeko bezain garrantzitsua zela uste zutenen artean. Kezka nagusi hala ere, prentsaren presentziarik izan ez balitz, lintxamendua gertatuko ote zitekeen jakitean inguruan sortu zen.

Geratu eta argazkiak egin zituzten argazkilariei jendearen heriotzaz baliatzea leporatu zieten, argazki batzuengatik, gazte batzuen heriotza zeharka bultzatu edo babestea; baina bertatik ospa egin zuten argazkilariei gerraren gordintasuna erretratatzeko adorerik ez izatea egotzi zieten. Pulitzer saria ere, alde egindako argazkilariak kritikatzeko modu bat izan zela esan zuenik ere izan zen. Dena dela, Faas eta Laurent argazkilariek irudiak agentzien esku utzi zituzten, beraien aurkako salaketek sortutako haserrearen ondoren, irudi horiengatik inolako etekin ekonomikorik nahi ez zutela argudiatuta.

Sarraskiaren argazki horiek Indiako gizartea hunkitu eta lotsatu omen zutelako, horrelakoak saihesteko agindua eman zuten Indiako agintariek, lehendakari zen Indira Gandhiren hitzetan. Bertan geratutakoek argudio honi tira egiten zioten, baina alde egindakoek ziotenez, aski gordinak ziren eta bengaliarren jarrera oldarkorra erakusten zuten argazkiak emanak zituen jada gerrak.

Eztabaidak luze jo du, gainera, Harold Evans kazetariak 1978an argitaratutako Pictures on a Page eta 2001ean argitaratutako War Stories liburuan gaia hartu baitzuen hizpide.

Ez dago argi prentsaren presentziak liskarrak piztu, baldintzatu edo areagotu ote zituen, baina bakoitza alde batera lerratu zen, eta beste aldekoak mespretxatzeko argudioak erabili zituen. Madarikatuak bertan geratu eta hilketen argazkiak egin zituztenak, eta madarikatuak ospa egin eta sarraskia kontatu ez zutenak.

Azken oharra: Rashid Talukder fotokazetari bengaliarrak bertan geratu eta gertatutakoa argazkitan jaso zuen, baina argazkiak argitaratzeak berarentzako arriskua suposa zezakeela pentsatuz, ez zituen 20 urtetik gora pasatu arte irudi horiek argitaratu.

Rashid Talukder
Irakurri Offline: