Petya: Harder Better Faster

jendartea — 2017-06-27
Irakurri Offline:

Berriro, Wannacryren antzeko eraso baten ondorioz, ramsomware berria Ukrainian martxa hartu eta mundu osora zabaltzen ari da. Bankuak, supermerkatuak, gobernuko hainbat agentzia, energia azpiegiturak… Petya da ramsomware honen izena. Ukrainiatik Espainia, India eta Erresuma Batura egin du salto, eta dagoeneko mundu osoan barrena ibiliko da jada.

Ramsomware batek zure ordenagailuan dituzun fitxategi pertsonalak zifratzea du helburu. Zure fitxategiak zifratu ondoren ezingo dituzu zure argazki eta dokumentuak berriro ere ikusi, erabili edo editatu. Konpondu ahal izateko, erreskate moduko bat ordaindu beharra dago. Wannacryrekin gertatu zen moduan, Petyarekin ere erreskatea ordaintzeko bidea jarri dute. Momentu honetan, dagoeneko 19 erreskate baino gehiago ordaindu dira. Oraindik konfirmatzeke dago erreskatea ordaindu ondoren deszifratzeko gakoak askatzen dituzten.

Badirudi oraingoan etxeko lanak hobeto egin dituztela. Wannacryk bere barnean desaktibatzeko mekanismoa bazekarren ere, oraingoan fundamentu gehiagorekin, erasoa ahalik eta modu zabalenean eragiteko diseinatu dute. Aurreko erasoaren eragina ikusita, aditu askok zioten Wannacry-On-Steroids berria etorriko zela. Ez dirudi ezer berritzailea denik, baina Internet panorama nola dagoen ikusita, nahikoa da mundu osoan eragina izateko.

Petyak ere, Wannacryk erasotzen zituen Windows sistemetako segurtasun akats berberak erasotzen ditu. Esan beharra dago, Microsoftek Wannacry atera baino lehenago atera zituela segurtasun akats horien zuzenketak. Eta argien geratu dena zera da, erakundeek, handiek zein txikiek, norbanakoek zein erakunde publikoek, Windows erabiltzaile horiek guztiek ez dituztela beraien sistemak behar bezala babesten, eguneratzen edo segurtatzen.

Irakurri Offline: