Telebista, nora zoaz?

jendartea — 2017-07-14
Irakurri Offline:

“Telebista hilda dago”. Hala esan zuen Goizalde Landabaso EITBko irratietako kazetariak uztailaren 11n, Eibarren (Gipuzkoa), Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ‘Komunikabideak eta herria. Telebista publikoa irudikatzen’ jardunaldian. Landabasoren iritziz, irratiak eta albisteen kontsumo digitalak dute dena irabazteko. Bizkorrak eta arinak direlako, nagusiki. Sakelako telefono baten bidez irrati konexio bat egin edo albiste bat oso bizkor eman daitekeelako, albistea gertatu den tokira bertara joanda. Eibarren entzundakoetatik, interesa piztu zuen esaldietako bat izan zen. Ez bakarra.

Jardunaldiaren aurkezpena Eusko Ikaskuntzako Beatriz Akizuk egin zuen, eta jardunaldiaren testuinguruaz honakoa adierazi du UEUko elkarrizketan: “Herri baten kohesioa, herri baten imajinarioa, herri baten kokapena, ezin da ulertu gure komunikabideak eta gure tresnak nola ulertzen ditugun ez badugu aztertzen baita ere. Gure testuinguru soziopolitikoan irekita dagoen eztabaida horretan momentua da komunikabideen gure hausnarketa egiteko”. 

Alemaniako eta Eskoziako ereduez mintzatu ziren Maria Gonzalez Gorosarri eta Miren Manias ikerlariak. Edu Lartzangurenek jaso zuen mamia Berria-n.

Herriaren imajinarioa fikzioaren bidez aztertu zuten bigarren jardunaldiko mahaian, Idurre Eskisabel EHUko irakasleak gidatuta. Eskisabel: “Gure burua errekonozitzeko, gure desio, espektatibak eta mundu ikuskerak moldatzeko garaian ziur aski entretenimenduarekin lotutako hori guztia funtsezko oinarrietako bat da”. Alde horretatik, telebistako euskarazko fikzioan basamortu batean murgilduta gaude. ETBk soilik Go!azen telesaila egiten du. Eta Hiru Damatxo ideia faktoriako Lander Arretxeak jardunaldian anekdota esanguratsu bat kontatu zuen: Go!azen-eko gidoilari gazte batekin egin zuen bidaia bat, eta bost gidoilariko talde batean bera omen da euskaldun bakarra. Hau da, euskarazko telesail bakarrean gidoiak nagusiki gaztelaniaz idazten dira. Yurre Ugarte ezagutzeko aukera izan genuen Eibarren, eta hark jardunaldian ere kontatu zuen nola Goenkale-n gaztelaniaz egiten ziren gidoiak ia osotasunean, eta amaieran soilik euskaraz idazten zirela elkarrizketak. Ez da soilik kontu anekdotiko bat. Horrek guztiak esan nahi baitu hartzaileei iristen zaizkien euskarazko telesail bakanak gaztelaniaz pentsatuak eta irudikatuak daudela. Etzi euskarazko fikziozko proiektu gehiago ikusi nahi baditugu, minimo bat litzateke euskaraz pentsatuak eta idatziak izatea. Agian asko eskatzea da. Hiru Damatxokoek, behintzat, euskaraz pentsatu zuten Txoministak web telesaila. Baina zortzi ataletan gelditu zen fikzio hori. Eta Larretxeak Eibarren argitu zuen etorkizunean ez dela atal berririk iritsiko. Pena da, pena handia. Bide polita izan baitzitekeen Txoministena. Edonola ere, Arretxeak aipatutako baldintzak ezagututa, ulergarria da ezin jarraitzea.

Fikzioarekin jarraituz, jardunaldian batek baino gehiagok aipatu zuten telesailen kontsumoa nola aldatu den azkeneko urteetan. Telebista kate jeneralista zenbait “zaharkituta” gelditzen ari dela esan zuen aurrekoan Itziar Ituño aktoreak: “Telesailei dagokienez, jendeak Internetetik deskargatzen ditu, edo plataforma digitaletan dabil: Netflix, HBO… Ikusleak nahieran ikusten ditu telesailak, nahi duen beste. Esango nuke zaharkitua geratu dela astean atal bat ematea eta itxaron behar izatea”. Euskaraz nolako fikzioak egin, horra gakoa. Youtuberren bidetik joan behar ote den. Caméra Café edo DBH bezalako plano bakarreko telesail estatikoen bidetik zerbait egin daitekeen. Gaur egun bezala haurrei zuzendutako telesail bakar batekin nahikoa den. Edo handira jokatzeko aukerarik badagoen. Yurre Ugartek HBO katea aipatu zuen, eta planteatu zuen HBO bilatzen ari dena gure eskalan zergatik ezin dugun bilatu. Hori iradoki zuen. Kalitatezko fikzioak, istorio pertsonalak, izaera propioarekin. Gaur egun mundu osoan zineman aritutako profesionalak telesail bikainak ari dira egiten. Horrenbestez, batek galde dezake zergatik ezin dion ETBk Moriarti ekoizpen etxeari enkargatu telesail bat egitea. Kalitatezkoa eta nazioartean saltzeko aukerak izan ditzakeena. 80 egunean eta Loreak filmak mundu osoan zabaldu diren moduan, euskarazko telesail bat munduan zabaltzea irudikatzen dugu. Zergatik, ez?. Apustua egin behar, horretarako. Katalunian, esate baterako, Merli telesaila Netflixek erosi zuen -ETB1en euskarara bikoiztuta emango dute urtarriletik aurrera-. Eta Nit i dia telesaila AEBetan eta Erresuma Batuan ikusiko da. Fikzioan ere badugu kataluniarrez zer ikasia.

Telesailak dira Euskal Herriko gazteek gehien kontsumitzen duten produktuetako bat. Baina ez bakarra. Eibarko jardunaldian, Idoia Astigarragak berriki defendatutako doktore tesiaren ondorioak plazaratu zituen: Gazteen interakzioa ikus-entzunezko edukiekin: Mondragon Unibertsitateko ikasleen kasua. 2014an abiatutakoa da lana, eta hiru urte pasatu diren arren, honakoa ondorioztatu du Mondragon Unibertsitateko irakasleak: “Telebista ikusten ez duten gazteek, telebista ez ikusteko eman duten arrazoi nagusia da beronek eskaintzen duenarekiko interes falta. Izan ere, bide tradizionaletan nekez aurki ditzaketen edukiak ikusten dituzte Interneten; hala ere, Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoan eduki profesionalak dira nagusi”. Tesiaren beste ondorioetako bat da gazteen artean telebista sozialaren garrantzia txikia dela bigarren pantailaren erabileran. Izatekotan, gazteek modu pribatuan hitz egiten dute telebistako edukiez. “Telebista sozial ikusezinaren praktika gailentzen da”, dio Astigarragak. Youtube eta Facebook aipatzen dira tesi horretan. Gazte batentzat baino gehiagorentzat Youtube da egun bere telebista. Horrek argi uzten du euskarazko komunikabideek gaur egun ezin diotela Youtuberi bizkarra eman. Ezta Facebooki ere. Baldin eta gazteengana iritsi nahi badute.

Telebista sozialaren garrantzi txikia gurean adibide batekin isla daiteke. Ekainaren 12-13an jakin zen ETB1eko Gu ta gutarrak saioak ez duela jarraipenik izango. Julen Telleria aurkezleak aitortu zidan zain egon zela ea sare sozialetan albisteak zer erreakzio pizten zuen. Isiltasuna izan zen jaun eta jabe. Inork ez zuen txintik esan. Nahiz eta saio hori familia eta taberna askotan euskaldunen ahotan egon. Beraz, telebista soziala euskaraz eskas samarra dela argi da. Ez dut uste etorkizunean hori asko aldatuko denik.

“Telebista hilda dago”, esan zuen Landabasok. Edonola ere, Euskal Herrian herritar bakoitzak batez beste hiru ordu eta erdi gutxienez pasatzen ditu egunean telebista tradizionalaren aurrean (bestelako ikus-entzunezkoak ikusten, berriz, gero eta gehiago). Nabaria dena da telebista mutazio garaian bizi dela. Zenbaitek mekanismo zaharkituekin jarraitzen dute, oraindik ere. Baina dena hankaz gora jarri, eta hutsetik beste zerbait sortzea izan daiteke aukera bat. Bitartean, Goiena telebistak sortutako Kulturrizketak saioa bezalakoak funtsezkoak dira gure herriarentzat. Rikardo Arregi saria jaso berritan, Oihane Agirre Goienako programazio arduradunak hala esan du: “Gu eskualde bateko telebista gara, baina argi dugu Euskal Herri osoko sortzaileengana heldu nahi dugula“. ETBk egin behar lukeena egiten ari da saio horretan Goiena. Harkaitz Canok testu zoragarri batean ere nahikoa esan du: “Euskal kultura ezagutu, ezagutarazi, prestigiatu, sustatu, eta gainera, ahal balitz, audientzia lortzea behar luke izan gure telebista publikoaren zeregin nagusia. Tamalez ez da horrela, eta harrobikoek etorri behar izan dute dinosauroen gabeziak estaltzera“. Ondo legoke Canori kasu gehiago egitea, Paolo Vasileri kasu egitea baino.

Oihane Agirre bera Eibarko jardunaldian izan zen. Eusko Legebiltzarrean EITBren erreforma egiteko lantaldearen lanaz galdetu zitzaionean, adierazi zuen nahiko baikorra zela. Guk ere hala izan nahiko genuke: baikorrak. Landabasok esan zuen ez duela esperantza handirik. Baina esperantzara kondenatuak gaude, kantak esaten duen moduan. Herritarrok ordaintzen dugun Euskal Irrati Telebista inporta zaigulako, maite dugulako, kezkatzen gaituelako. Zenbaitek ulertu ez arren, halakoak dira Leire Palaciosen eta Jokin Labaienen kritikak: maitasun adierazpenak. Ekografiak tarte horrek Txoritxoari mokoka zuen izena Euskaldunon Egunkaria-n. Herritar guztiek mokoka egitea seinale ona litzateke. Txoria bizirik dagoen seinale, eta denentzat garrantzizko tresna denaren seinale. Hala sentitzen dugu. Etzi EITB indartsu, baliotsu, euskaldun, independente, herritar, prestigiozko eta kalitatezko bat izango dugun esperantzan.

Irakurri Offline: