Informazioaren Sisifoak al gara?

jendartea — 2018-03-07
Irakurri Offline:

Ez dakit konturatu zareten, baina oso txarrak gara informazioarekin lanean.

Orokorrean txarrak eta espezifikoki txarrak garela uste dut informazioa jasotzen, baliatzen, gordetzen, helarazten. Informazioarekin lotutako fase, ekintza, jardun guztiekin nahiko eskasak garela esango nuke.

Kuriosoa da, garaiko erretorika eta erretolikak informazioaren profesional, informazioaren militante, informazioaren herritar bihurtu baikaitu teorian. Urteak bakarrik ez, hamarkadak ematen ditugu (printzipioz) informazioaren kudeaketan trebatzera bideratutako erakundeetan sartuta. Eskola, institutua, unibertsitatea…. dakidala inork ez du inoiz hainbeste denbora dedikatu informazioa landu eta informazioa lantzeko gaitasunak eurek lantzera.

Baina oso txarto hezi gaituzte informazioari dagokionez, dirudienez.

Lanean ere, denok dakigu geroz eta garrantzitsuagoa dela informazio egokira sarbidea izatea, informazioa lortzeko eta tratatzeko gaitasuna, informazioa non, nola, noiz, nori helarazi erabaki eta egikaritu ahal izateko ahalmena izatea. Edozein lanbidetan, esango nuke. Deiak jaso, e-mailak erantzun, egin beharrekoak antolatu… Zaila egiten zait oso zuzenean informazioa lehengai ez duen lanbiderik imajinatzea, egungo gizartean.

Baina ez gara batere onak informazioarekin lan egiterakoan, antza.

Gure egunerokoa informazioz geroz eta gurutzatuago, zeharkatuago dago. Inoiz ez dugu hainbeste mezu sinkroniko (telefono dei, elkarrizketa, bilera…) eta asinkroniko (Whatsapp, Telegram, txio, post, e-mail, ahots-mezu…) maneiatu, eta informazio honen bolumena (kantitatearen zentzuan, baina agian baita ozentasunarenean ere) inoiz ez da hain handia izan. “Inork ez du jada irakurtzen” oihuak entzuten dira oraindik, han-hemen, baina jada inor gutxi da semaforoan edo igogailuari itxaroten poltsikotik gailu bat atera eta zerbait irakurtzen hasi gabe gelditzen dena.

Baina desastre hutsa gara gure egunerokoan informazioa txertatzerakoan, edo hala iruditzen zait niri.

Information Overload. DPencilPusher.

Aitor dezagun behingoz: gure mundua geroz eta dentsoagoa da informazioan: geroz eta mezu, kanal, igorle eta hartzaile gehiagorekin harremanetan gaude, geroz eta testu (irudi, hots, idazki, argazki, ikus-entzunezko, meme, alarma, abisu, bibrazio…) gehiago tartekatzen zaizkigu eta modu erdi inkontziente erdi apasionatuan besarkatu dugu leherketa informazional hau… baina ez daramagu ondo.

Ez da soilik estresa. Ez da soilik inoiz-amaituko ez erantzun-beharreko mezuen kateatze bihurtzen zaizkigula egunak. Ez da soilik “non utzi nituen giltzak?” sindromea biderkatzen ari zaizkigun kanal, plataforma eta teknologietara eta giltzak beharrean informazio piezetara  eraman dugula. Ez da soilik geroz eta denbora gehiago eramaten, eramango, eramanen digula e-mailak irakurri, idatzi eta erantzuteak edo sakelakoan instalatutako app-en artean erantzun beharreko mezuak bilatzeak (oraindik Eustatek honen gaineko informazio ez agregaturik ematen ez digun arren hala dela aurreratu dezakegu).

Ez da hori bakarrik.

Kontua da informazioaren leherketa honen guztiaren ostean ez gaudela, berez, hobeto informatuta. Zurrumurruek hor jarraitzen dute. Desinformazioak ere bai. Bilerak ez dira gutxitu, ez eta gaizki ulertuak ere. Agian erratuta nago, baina ez nuke esango, oro har, informazioarekiko ahaldunduago gaudenik. Akaso alderantziz, informazioaren uholdeak harrapatu gaitu erabat.

Edo are, uholdea baino arroka edo harri handi bat da informazioarena. Arroka borobil eta astun bat, egunero-egunero mendian gora altxatzen duguna, eta egunero-egunero ihes egiten diguna aldapan behera, berriz ere hasieratik hasteko. Eta ez dugu begirada arrokatik altxatzen, berriro mendi puntara igo beharraren arduraz. Bultza egiten diogu, eta tira, berriz ere. Egunero-egunero ahaztuz arroka soilik ez, gu ere atzetik goazela, mendian gora eta behera. Edo ahaztuz, agian, ez garela arroka mendian gora eta behera mugitzen ari garen Sisifo, baizik eta gu garela harria bera.

Edo agian ez dago harririk, ez dago mendirik, eta inor ez dabil ezeri bultzaka aldapan gora, eta dena ongi dabil.

Irakurri Offline: