Sarrera

Sare ekintzailetzen inguruko gogoeta 2017ko udan hasi zen. KoopFabrika ekintzailetza kooperatibo eta sozialarerako programako lehen edizioan kontsumo agroekologikoko eragileen presentzia garrantzitsua izan zen lurrade nodo eta parte inplikatutako estamentu guztietan: antolakuntza, formazioa, tutoreen sarea… Nahiz eta roiektuaren garapenaren une eta ibilbide ezberdinak izanagatik, behar eta problematiko konpartituak azaleratzen ziren behin eta berriro.

Kanpotik ikusita, bazirudien interkooperazio dinamikak kontsolidazio bidean nahiz hasteko unean zeuden proiektuentzako lagungarriak izango zirela. Egoera hau beste hainbat sektoretan ere ematen da eta, hala ere, interkooperazio praktika hauek ez dira espontaneoki gertatzen. KoopFabrikaren helburuen artean saretzea bera egonik, elkarlanerako proiektu pilotu dinamizatu bat martxan jartzea erabaki zen.

Urtebeteko ibilbidearen ondoren, merkataritza jarduera bera gainditzeko saltoa emateko aukera gero eta hurbilago ikusten da. Potentzial hau beste zenbait sektore estrategikotara ekarriz, lurraldeko garapen ereduetan eragiteko aukera aztertzen ari gara prozesuaren atal honetan.

Ibilbideak emandako ikaspenetatik, beste sektoreetara edo interkooperazio intersektorial agertokietara jauzi egiteko laburpen metodologikoa bildu da. Txosten honen lerroetan zehar interkooperazio ekimen honen faseak, garapena, behar espezifikoak eta problematika potentziala aletuko ditugu.

Euskal lurraldeetan ehun ekonomiko eta sozial kohesionatua eskuratzeko hezkuntza eragileek, subjektu komunitarioek eta entitate sozio-enpresarialek gizarte geharrei erantzuteko erronka dute. Lanaren, jarduera ekonomikoaren, ingurumen jasangarritasunaren eta ongizatearen etorkizuna erronka honi erantzuteko josiko ditugun estrategien menpekoa izango da. Horregatik, ikaspenak eskuratzeko baliagarriak izan daitezkeen esperientzia guztiak sistematizatzea ezinbesteko lana dela deritzogu.

Bide horiei ekiteko, dimentsio hauei erreparatu diegu, besteak beste:

Ekintzailetza eta barne-ekintzailtza sozial eta kooperatiboaren inguruko formakuntza

-Burujabetza anitzen aliantzetan oinarritutako negozio modeloak (teknologia, finantzak, elikadura, industria, energia, lana…)

-Lan emantzipatuaren eraikuntza eta lanaren etika eraldatzaile bat

Eragile anitzak batuko dituzten tokiko ekosistema eraldatzaileen eraikuntza

Kapital ekarpenaz gaindiko kudeaketa ereduak eta parte-hartzea

Tradizio handiko egitura juridikoak izan arren, azken kooperatibismoaren eta elkartegintzaren inguruan hainbat esperientzia berritzaile loratzen ari dira. Lanaren eta aberastasunaren banaketarekiko, ingurumen jasangarritasunarekiko, kudeaketa demokratikoarekiko eta ekoizpen unitateen jabetzarekiko konpromiso handiko komunitateetatik abiatutako iniziatibak dira sortzen eta zabaltzen ari direnak.

Beste zenbait kasutan, ezinegona existitu arren, ekimen ekonomiko edo ohiko jardueraren bitartez ez zitzaien bide ematen. Olatu kooperatibo eta eraldatzaile berriaren hazkundearekin, ekimen asko ezaugarri hauetara inguratzen ari dira.

Ekimen hauek sektore askotan ari dira loratzen:

-Teknologia. Guifinet, Som Connexió edo Izarkom…

-Energia. Goiener, iEner, Nafarkoop, Som Energía…

-Finantza etikoak. Fiare, Koop 57…

-Kontsumo agroekologikoa eta merkaturatze zirkuitu laburrak: Landare, Labore, Bidazi, Ereindajan, Basherri Sarea, Lakari, Artxara…

-Ekoizpen agroekologiko kooperatibizatua: Elika.

-Lan elkartuko kooperatiba eraldatzaileak, denetariko sektoreetan.

Egon badiren arren, bigarren sektoreko esperientziak, bereziki enpresa industrial handiei loturikoak, zailagoak dira egiteko era hauetara ekartzen. Izan ere, maiz tamainari lotutako eskala ekonomien beharrak dimentsioari ezinbestean eragiten dio, parte-hartzearen itxura eta eragina kasurik onenean aldatuz. Gehienetan, beharrezko kapital inbertsioa autoeraketatik abiatuta egitearen zailtasunak direla eta, kapital ekarpenetan oinarritutako egitura juridikoak eta funtzionamenduak nagusitzen dira.

Hala ere, badira proiektu hauetan guztietan zentralak eta partekatuak diren hainbat elementu.

Burujabetza

Kasu errotuenetan (energia eta elikadura), proiektuaren erroan bertan dago burujabetzaren ideia. Beste kasu askotan, esplizituki nahiz inplizituki, lanaren burujabetza ere hor dago, langileen bazkidetzaren bitartez.

Burujabetzaren paradigmatik, gainera, ahalduntze eta jakintzen arteko polinizazio fenomenoa ematen da. Hau da, ezagutza formal eta ez formal, ikasketa diziplina eta maila ezberdinen arteko konbinazioak suertatzen dira. Energia, elikadura edota teknologia bezalako kontzeptuak aditu gutxi batzuen eta merkatuko eragileen kontua izateari utzi eta gaiaren jabe egiten dira sustatzaile, erabiltzaile eta bazkideak. Burujabetzaren kontzeptuak beste paradigma batean ukiezinak ziren kontzeptuak eta erabakiak pertsonen zerbitzura jartzen ditu.

Are gehiago, burujabetzaren kontzeptuan sakontzen hasiz gero, proiektuek elkarren arteko loturak egiten dituzte: energia burujabetzara bideratutako proiektuek finantziazio beharrak dituztenean finantza etikoetako entitateetara jotzen dute, behar teknologikoak dituztenean teknologia libreen irizpidea presente izaten da…

Zenbait sektoreren kasuan, elkarlotura ia kontzeptualizaziotik bertatik dator. Hala, burujabetza teknologikoaren kontzeptua 1996ko Munduko Elikaduraren Gailurrean definitutako elikadura burujabetzaren kontzeptua oinarri hartuta jaio zen. Kontzeptu hau 2007an Nyéléniko Deklarazioan berrikusi zen:

Elikadura burujabetza herriek elikagai nutritiboak eta kulturalki egokiak, eskuragarriak, era jasangarri eta ekologikoan ekoitziak eta haien elikadura eta ekoizpen sistema propioaren gainean erabakitzeko eskubidea da. Hala, jakiak ekoitzi, banatu eta kontsumitzen dituztenak elikadura sistema eta politiken ardigunean kokatzen ditu, merkatuen eta enpresen exigentzien gainetik. Etorkizuneko belaunaldien interesak defendatu eta barne hartzen ditu. Egungo merkataritza korporatibo librearen aurrean erresistentziarako; elikadura, nekazaritza, artzantza eta arrantza sistemak tokiko ekoizleen eskuetara bideratzeko estrategia ematen digu.

Elikadura” terminoaren ordez “teknologia” jarriko bagenu, burujabetza teknologikoari eman nahi ziaon zentzua ulertu genezake. Gardentasunez, software eta hardware lizentzia librepean, kolektiboki ekoitzi eta garatutakoetan, erabiltzaileen segurtasun eta pribatutasuna bermatuz egiten diren teknologien ekoizpen, kontsumo eta erabilera litzateke.

Etorkizuneko erronkak: kontzientziazioa eta negozio eredu berriak

Jarduera ekonomikoa burujabetza klabeetan garatzeak negozio ereduen itxura aldatzea dakar kasu askotan. Esaterako, teknologiaren eta elikaduraren kasuan, sormena erabili beharra dago tokian tokiko formula egokiak topatzeko. Horren baitan berregin behar dira bezero-garatzaile-erabiltzaile edo bezero-hornitzaile egiturak, nolabair parte-hartze sistema batean barnebilduz. Horrez gain, prozesu hauek pedagogia handia eskatzen dute, baina asmatu gabe dauden ereduekin esperimentatu eta sistematizatzeko beharra ere.

Ondorengo lerroetan barnebiltzen dira, esaterako, egun sektore estrategikoa izanik sozializaziotik urrunen dagoen arloaren erronka batzuk: teknologia libreetan oinarritutako negozio ereduak.

  • Tresna egokien inplementazio eta garapenean oinarritutako jarduera burutzea, bezeroen beharrari egokituak eta kalitatezkoak, etorkizunean beharren aldaketei erantzuteko garapenetarako gaitasunarekin eta malguak. Hau guztia, sortutako jakintzaren ezagutza libreari mugarik jarri gabe
  • Publiko orokorrari tresna batzuk ordainplekoak izatearen arrazoia ulerraraztea, libreak izanagatik. Izan ere, softwarearen garapen pertsonalizatua, ezarpena eta mantenua dira ordaintzen diren lanak eta ez jasotako zerbitzuan eraginik ez duten lizentzien ordainketak.  Erronka hau ebreziki zaila da, enpresa handiek merkatua doako zerbitzuz betetzen dutenean. Doakotasun hau zerbitzuaren monetizazioa haien tresnen opakutasunean eta gure datuen salmentan sostengatzen da.
  • Hardware garapenetan eta software kodearen liberazioekiko bedurrak gainditzea. Adibide gisa, guztiok dagiku ogiaren errezeta, baita oinarrizko errezetaren gainean egin daitezkeen hainbat moldaketa. Hala ere, gehienok ordaindu egiten dugu beste norbaitek ogia egin diezagun; eskarmentuagatik, erosotasunagatik, merkeagoa delako… Sektore teknologikoetako lanarekin gauza bera gerta daiteke.
  • Teknologia burujabetza egikaritzeko azpiegitura fisikoen inbertsioak sektore publikotik edo sektorearteko aliantza eta interkooperaziotik finantziatzeko kontzientziazioa: zerbitzariak, interneteko sareetako azpiegiturak…
  • Politika ekonomiko, industriak eta teknologikoaren berrikuntza eta garapenarekiko ulerkera aldatzea. Hots, berrikuntzarako neurgailuak oso parametro estu eta lizentzietara orientatutakoetan oinarritzeari uztea, diru-laguntza eta bestelako programetan negozio eredu hauei lekua egiteko.

    Baliabide publikoen esleipen ikuspegi batetik, zentzuzkoagoa eta eraginkorragoa litzateke baliabide publikoak lehentasunez kode irekietara bideratuko diren tresnen garapenaren zerbitzura jartzea. Aberastasun sorkuntza sostengatuago eta banatuagoa eragingo luke, jakintzaren onura lurraldera zabalduko litzateke eta berrikuntza berriak sustatzeko balioko luke. Beste eran, baliabide publikoak aberastasun pribatu eta jakintzaren “bahiketa” eta elitizaziora bideratzen dira.

Metodologia

Halako interkooperazio prozesuen dinamizaziorako metodologia proposamena hiru fasetan oinarritzen dugu. Fase hauetan ematen den ibilbidean sareak subjektu gisa gorpuzten dira eta autonomia gero eta handiagoa eskuratzen dute. Gainera, fazilitatzaile edo dinamizatzaileek prozesua sistematizatzeko papera hartzea ere proposatzen dugu, herri hezkuntzaren metodologiei jarraituz.

Planteatzen diren sistematizazio ardatzak ondorengoak dira:

#1. ardatza. Zein jarduera eta tresna erabili ditzakegu ESEko proiektuen erresilientzia, bideragarritasuna eta ekarpen sozio-territoriala indartu dezaten?

#2. ardatza. Prozesu hauek ekintzailetza prozesuari atxiki dakizkioke edo aproposagoak dira proiektuen fase aurreratuagoetarako?

Saretze prozesuan zehar eragile bakoitzaren funtzioa aldatu egiten da. Hala, sarea bera ahalduntzearekin bat, egitasmoak bakoitza bere jardueran egonkortu egiten dira. Egitasmo bakoitzak sarean izango duen funtzioa bere bizi zikloaren unearen araberakoa izango da: esperientzia eta informazioaren transmisioa, lankidetzako lanen kanptazioa, tresna eta azpiegitura partekatuak, erosketa kolektiboak, sarearen baitako ondasun eta zerbitzuen salerosketa

Beharren detekzio fasea eta sarearen sorrera

Fase honen ezaugarria beharren kontzientzia hartu eta proiektu bakoitzaren abiapuntua identifikatzea da. Era berean, sareko kide batekin edo gehiagorekin beharrak partekatzen ote diren aztertzen da, baita sektoreko eragileetara orokortu daitekeen ere.

Helburu hauek egikariteko, saio “bigunak” egiten dira. Saio hauetan, proiektuak taldean aurkezten dira, era lasaian hitz egitea sustatzen da eta elkarrizketa librean ateratzen den informazioa jasotzen du dinamizatzaile/sistematizatzaileak. Informazioa bildutakoan, itzulera edukiak sortzen dira. Egitasmo bakoitzari banakako modalitatean lan egiteko eskatzen zaio, esaterako bere lehentasun handieneko edo maila estrategikoko beharrak jasotzen dituen fitxa modelo batean.

Metodoa

Tresnak eta jarduerak

Saio biguna(k)

-Proiektuak taldean aurkeztu eta elkar ezagutu.

-Elkarrizketa haien errealitate eta beharren inguruko pertzepzioan zentratzen da. Era askean solasten uzten da taldea eta informazioa idatziz jasotzen da.

-AMIA analisia egiten da.

-Saioaren amaieran jasotakoaren laburpena egiten da eta edukiak onartu edo moldatu egiten dira emendakin eta ekarpenen bitartez.

-Saioan jasotakoarekin itzulera dokumentua egiten da.

Banakako diagnostikoa

-Parte-hartzaile bakoitzak autodiagnostiko fitxa bat lantzen du. Bertan beharren lehentasunezko hautaketa bat egitea eta zehaztasuna eskatzen zaie.

Kanpo dinamizazioa

-Informazio guztia jaso eta aztertutakoan, esperientzia pilotua edo dinamika konpreturen bat abiatzeko proposamen sorta aurkezten da: komunikazio kanal eta tresnen proposamena, kontaktuen maiztasuna, berrikusketak, jarraipena nola egingo den…

-Proposamenen artean hautatu eta lehen pausoak emateko bilera egiten da. Une honetatik aurrera ibilbideak oso eite ezberdina hartuko du talde edo sare bakoitzaren nolakotasunen arabera.

Abiatze eta jarraipen fasea

Metodoa

Tresnak eta jarduerak

Ebaluazio eta jarraipen saioa (1)

-Ebaluazioa bisual bat egiten da (kolore kodeak, zenbakiak edo baliabide bisualak erabiliz) jardueren aspektu bakoitzaren inguruan: lortutako emaitzak, tresnen egokitasuna, egitasmo bakoitzaren parte-hartzea eta ekarpena…

-Kide bakoitzaren sentsazioen erronda egiten da, ebaluazio bisualari ñabardurak edo matizazioak eransteko.

-Lan gehigarria behar duten puntuak identifikatu eta hobekuntzarako bideak adosten dira.

-Itzulera dokumentua.

-Ibilbide berrikusia martxan jartzea.

Ebaluazio eta jarraipen saioa (2)

-Funtzionamendu autonomo denbora baten ostean sare gisako funtzionamenduaren eta bilakaeraren ebaluazioa egiten da, era bisualean berriro ere.

-Kide bakoitzak saretik zer eskuratu duen eta sareari zein ekarpen egin dion partekatu.

-Ibilbidea diseinatzerakoan planifikatutakoarekin konparatu eta desbideraketak aztertu.

-Proiektu pilotuaren jarraipena baloratu.

-Lan ardatz berrien gehikuntza baloratu, hasierako diagnostikoan edo proposamen berrietan oinarrituz.

 Taldearen egonkortzea eta estrategia

 

Ebaluazio, jarraipen eta lan saioak.

-Sarearen funtzionamendua eta lanaren pertinentzia testeatu ondoren, sarearen nortasun kolektiboa gorputzen hasten da. Saio berezietan edo bestelako saioetan zeharkako ardatz gisa landu daiteke.

-Barne interkooperazio harreman eta jarduerak egonkortzea.

-Subjektu gisa proiektu kolektiboak, estrategia konpartituak edo kanpo aliantzak planteatzea. Sektore edo lurraldean sarearen posizioa proiektatzea epe ertain eta luzean.

-Erresilientzia mekanismoak sakonago kristalizatzen eta interkooperazioaren ekarpen sozialaren eraginak bisibilitzatzen hasten dira.

Jarduerak eta emaitzak

Sistematizaziorako lagin gisa hartutako sare honen urtebeteko ibilbidearen ondoren, etzera begiratzeak bi frontetan egindako aurrerapenak identifikatzen ditugu.

Lehena, sarearen barne jarduera bera. Lehen bi saioen ostean, esaterako horkuntza arazoak zeudela identifikatu zen ondorengo produktu motetan (lagina kontsumo agroekologikoko elkarte eta kooperatiben sarea izanik):

Urte sasioari lotutako produktuak. Bereziki zenbait fruta eta barazki.

-Sareko zenbait nodoren dimentsio txikiak ekoizleek banatzeko kontsumo bolumen minimoetara ez iristea.

-Zenbait produkturen eskasia tokiko ekoizpenean.

1. fasea

Behar eta zailtasunen identifikazioa

Lan ildoa

Emaitza

  • Produktu estazionalak (frutak eta barazkiak).

  • Sareko zenbait nodoren dimentsio txikiak ekoizleek banatzeko kontsumo bolumen minimoetara ez iristea.

  • Zenbait produkturen eskasia tokiko ekoizpenean.

  • Bizi ziklo uneak eta dimentsio asimetrikoak.

Hornitzaileen lan ildoa

-Informazioa partekatzea, hornitzaileen aniztasuna izateko eta produktu bakoitzaren hornikuntza epeak luzatzeko.

-Erosketa kolektiboak egiteko saiaketak eta banaketa puntuen negoziazioa, eskaera minimoetara heltzeko.

-Erosketa kolektiboen ekinbideak estandarizatu eta eguneroko jardueran txertatzea.

-Koordinaziorako eta informazioa partekatzeko tresna teknologikoak azpierabili egiten ziren. Jarraipen intentsiboa eskatzen dute.

-Funtzionatzeko era estandarizatuaren porrota eta bide hau bertan behera uzta. Zurrunegia beharrei erantzuteko.

-Aldebiko elkarlan puntualak nagusitu dira, komunikazioa kolektiboa izan arren.

-Hornitzaileen inguruko berriak partekatzen dira.

-Komunikazio tresna generikoen erabilera nagusitzen da, talde mezularitzakoak kasu.

-Nodo handi eta txikien arteko lankidetza bereziki estua, erosketa zentral gisa funtzonatuz.

3. fasea

Behar edo zailtasunen identifikazioa

Lan ildoa

Emaitza

  • Kanpo dinamizazio beharra. Eguneroko jardunak ezinezko egiten du koordinazio autonomoa.

-Kanpo dinamizazioa, jarraipen eta sistematizazio jarduna bateratuz. Behaketa eta fazilitazio lanak tartekatu.

-Taldearen kohesioari eustea lortzen da, baja batzuekin baina geratzen diren partaideen konpromiso maila handiarekin.

  • Erosketa kolektiboen eta zerbitzu partekatuen gaitasun mugatua.

  • Hornikuntza arazoei erantzun beharra, eragindako eskaria balorean jartzea.

  • Kontsumoko datuak erabili ekoizpenean eragiteko.

-Taldearen informazio ekonomikoa eta fakturazio bolumenak bildu. Hala, sektorean jarduera bat martxan jarri nahi dutenei erosketa bolumena bermatu.

-Hezkuntza eta garapen ekonomikoko instituzioekin bitartearitza lanak egin, halako ekintzailetza prozesuei laguntza emateko.

-Sarearen gaitasun ekonomikoaren txosten zirriborroa. Lehen sektorean duen inpaktuaren neurketa.

-Ekoizle berrien ekintzailetzarako potentziala, lehengaien transformazio jardueretarako informaziorako edo produktuen dibertsifikazioa (tokiko produktuak ez direnen edo banatzaileei erositakoen fakturazio bolumena).

-Katerin lanak elkarlanean.

-Garapenean den lan ildoa.

  • Negozio eredu mailako elkarlanen aukerak aztertzea.

-Kontsulta espezializatuak.

Ondorengoen azterketa:

-Bazkide/bezeroak partekatzea: nola kudeatu ordainketak, informazioak…

-ERPa partekatzeko aukera, stockaren eskuragarritasuna, ekoizleen inguruko informazioa, newsletterrak partekatzea, errezetak, elikadura informazioa, sasoiko saskien erosketak…

-Software garatzaileekin aliantzak, tresna pertsonalizatu libreak garatzeko.

Ebaluazioa eta eztabaida

Lehen ardatzaren emaitza gisa, kudeaketa eta fazilitazio tresnen konbinaketaren bitartez elkarlanerako prozesuak katalizatu ditzakegula ondorioztatu dugu. Prozesu hauek onuragarriak zian dira bai ekintzailetza prozesuak sustatzeko, baita martxan diren proiektuak egonkortzeko ere.

Dimentsio eta garapen fase ezberdinetako proiektuak bateratzea nodo guztientzako onuragarria izan da era batean edo bestean.

Kanpo dinamizazioa ezinbesteko lana izan da ibilbidea martxan jartzeko. Metodologia eta ibilbide diseinatuek hastapenetan dauden proiektuentzako segurtasun handiagoa eta egonkortasunerako baliagarria den ingurunea eskaintzen dute. Sareak bere buruaz eta bere jardunaz duen ikuspegia bideragarritasun mekanismo hutsetik (erosketa kolektiboak, oinarrizko hornikuntza, gastu korronteak partekatzea, hornitzaileak egonkortzea etab.) sektorean eragin eta efektu biderkatzaileak lortzeko esfortzuetara igaro da. Fase honetan hedatu eta materializatzen hasi da ESEren dimentsioen osotasuna.

Gainera, sarea bere aliantzen hedapena zabaltzen ari da, ekoizle berriekin, garapen ekonomiko eta lurralde garapen eragile publikoekin, hezkuntza instituzioek edota beste sektoreetako hainbat enpresarekin aliantzak josiz.

Azken puntu honetan, dinamizazio taldetik proiektu hau erreplikatzeko gonbidapena zabaltzen dugu, lurraldearekin eta pertsonan ongizatearekin konprometitutako jarduera ekonomikoak garatzeko lagungarria ziango delakoan.

Bibliografia

Betanzos Martín, J.M., Ceballos Rodriguez, A., Clavijo Ordoñez, T., Crespo Arnold, B., Fernández López, A.I., García Jurado, O., … y Rojas Francisco, I. (2016). Informes Autonomía Sur sobre socioeconomía andaluza nº2. Economía social transformadora y Andalucía. Autonomía sur.

Oleaga Agesta, A. (2017), Teknologia Zirkuitu laburreko merkatuetan I, Etzi.pm. http://etzi.pm/2017/10/teknologia-zirkuitu-laburreko-merkatuetan/

Oleaga Agesta, A. (2017), Teknologia Zirkuitu laburreko merkatuetan II, Etzi.pm. http://etzi.pm/2017/10/teknologia-zirkuitu-laburreko-merkatuetan-ii/

Julio Hurtado, G. (2018). La apropiación socioeconómica de la tecnologia: una vía hacia la soberanía tecnológica. Ponencia en el Curso de Verano de la Universidad de Cádiz «La economía social y solidaria ante los problemas contemporáneos». http://talaios.coop/app/uploads/2018/08/Libro-La-apropiaci%C3%B3n-socioecon%C3%B3mica-de-la-tecnolog%C3%ADa-una-v%C3%ADa-hacia-la-soberan%C3%ADa-tecnol%C3%B3gica-1.pdf

Eizagirre, M. (2005) Educación popular. Diccionario de Acción Humanitaria y Cooperación al desarrollo. Hegoa, Instituto de Estudios sobre Desarrollo y Cooperación Internacional, UPV/EHU. http://www.dicc.hegoa.ehu.es/listar/mostrar/83

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *