1. Sarrera

Ondorengo lerroetan Oarsoaldea eskualdearen egoeraren eta baliabideen analisi bat aurkeztuko da, tokiko garapen ekonomiko eraldatzailearen ikuspegitik. Ez du analisi sozio-ekonomiko sakon kuantitatibo eta kualitatiboa izateko bokaziorik, ezinegonetik abiatutako ekintzarako elementu garrantzitsuak bilduko dituen azterketa subjektiboa baizik.

Oarsoaldea lau udalerritan banatutako 71.723 biztanleko eskualdea da. Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzunek osatutako eskualde geografikoa Irun eta Donostiako hirien eraginaren artean kokatzen da: mugatik hurbil eta itsasorako irteera propioarekin, Pasaiako portuaren bitartez.

Lehen sektoreak bereziki Oiartzunen eta Portuaren inguruko jarduerak biltzen zituzten herrietan historikoki pisu handia izan badu ere, iragan industrial garrantzitsuko eskualdea izan da Oarsoaldea.

1.1 – Oarsoaldea, behar berezien eskualdea

2018ko irailan 2018-2019 Txoke Plan berezitu bat argitaratu da, EAEn egoera sozioekonomiko larriena pairatzen duten hiru eskualdeen beharrei erantzuteko. Hiru horietako bat da Oarsoaldea, Ezkerraldea eta Meatzaldearekin batera. Europar Batasuneko parametroen arabera “baztertutako lurralde” gisa aitortuta daude.

Oarsoaldearen kasuan, faktore garrantzitsuenetakoak desindustrializazioaren ondorio ohikoak dira: biztanleriaren zahartzea, langabezia, eskola porrota, irisgarritasun arazoak, kualifikazio tasa baxua, gizarte eta hiri narriadura, ekimen munizipalen gaitasun mugatua.1 Zenbait indikadoreren arabera Oarsoaldea EAEko bataz bestekoetatik hurbil den arren, Gipuzkoako datuekiko emaitza okerragoak azaltzen dituzte.

Industriaren gainbeheraren ostean, espezializaziorik gabeko zerbitzuetan oinarritutako egitura ekonomikoa dago Oarsoaldean. Horrez gain, ez da trakzio gaitasun handia duen enpresarik geratzen eta ez dirudi etorkizuneko egitura ekonomikoak aurrerantzean eredu horri jarraituko dionik. Errealitate honen aurrean, berrikuntzan, poligono industrialen modernizazioan eta finantziazio beharren asebetetzean gabeziak sortu ditu. Langabezia bereziki sektore zailetan eta epe luzean instalatuta dago.

Oarsoaldearen kasuan bereziki aipatzen da egitura produktiboaren saretze edo kohesio eskasa. Honi gehitu behar zaio eskualdean badela Ekonomia Soziala lurraldearekin konprometitutako eta kalitatezko lanpostuak sortzeko gako gisa garatzeko lan ildo bat. B

1.2 – Oarsoaldea 2025

2017an Oarsoaldearen Plan Estrategikoa idazteko prozesua jarri zen martxan. Informazio estatistikoa eta txostenak zabaldu ostean, sei ildo espezifiko landu ziren:

  • Itsasoa eta Itsas Energia
  • Pertsonei zerbitzua ematea
  • Nekazaritza, Espazio Naturalak, Habitata eta Lurraldea
  • Ekonomia sortzailea
  • Industria eta berrikuntza
  • Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo Zerbitzua

Eskualde osoan 2001-2011 tartean sektore guztiek galdu zuten enplegua, bereziki industriak. Pasaia eta Errenteriaren biztanleria aktiboaren %60a soldatapeko langile gisa ari zen, nahiz eta 2006-2011 tartean enpresari/kooperatibista termino absolutuetan igo zen.

Eskualdean presentzia handiena duten sektore ekonomikoak helduak dira, sektore hauen azpikontrataziokoak, hain zuzen. Eskualdearen gainbeherari lotuta daude enpresa handien itxierak. Hala, eskualdean geratutako establezimenduen maila teknologikoa baxua da. Aspektu honek, gainera, gora egin du 2010 ingurutik.

Plan estrategikoan identifikatzen den beste arazoetako bat eskualdeko enpresen saretze eskasa da. Planean gabezia hau bereziki enpresa handien eskasiari lotzen zaio, clusterretan parte hartze eskasa dela eta:

Iturria: Oarsoaldea

 

Hala ere, ez da inon aztertzen eskualdeko establezimendu ekonomikoen gehiengoa txikia izanik, maila honetako enpresen bestelako saretze dimentsioa.

Azterketa guzti honen emaitza gisa, ondorengo erronkak identifikatu ziren:

# 1. Erronka. Lurraldea, pertsonen eta jarduera ekonomikoaren habitata biziberritzea

# 2. Erronka. Berrikuntzara gehiago zuzendutako egitura ekonomikoa eta balio erantsi handiagoa lortzea

# 3. Erronka. Nahikoa enplegu sortzea, kalitatezkoa eta etorkizuna duena

#4. Erronka. Eskualde artikulatuagoa eta kohesionatuagoa lortzea, arlo guztietan lidergorako eta elkarlanerako gaitasunarekin.

Erronka hauei erantzuteko garatuko diren ekintza konkretuen artean, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegiarekin bete-betean bateragarri eta osagarri izan daitezkeen aspektuak ditugu, bereziki bigarren ildo estrategikoari dagozkionak. Bertan, enpresen jarraikortasunari, ekintzailetzari eta enpresa eredu berriak ezartzeari buruzko ekimenak egiteko beharra aurreikusten da, pertsonen partaidetzan, erantzukizun sozialean eta iraunkortasunean oinarrituta.

Bestalde, enpresa handien faltan, eskualdeko balio kateen sustapenerako eta dimentsio txikiagoko saretze ereduen sustapenerako ere, ESEk badu ekarpen garrantzitsuak egiteko aukera.

Ondorioz, Oarsoaldean ESEko azterketa sakona egiteko, aurrez aipatutako dimentsioak izan behar dira kontuan. Zahartzearen, sektoreen nolakotasunen, biztanleriaren nolakotasunen eta garapen ekonomikorako beharren diagnosiaz gain, eskualdeak ESEren terminoetan hauei erantzuteko tresna gisa planteatzen dugu ESE sarea sustatu eta konektatzea. Sare hauen bitartez enpresa eredu parte hartzaileago, eraldatzaileago eta jarduera ekonomiko erresiliente bat egiteaz gain, eskualdeak honetarako dituen baliabideak ere aztertuko dira.

2. ESEko esperientzien eta baliabideen mapeoa

Egituratutako zentso edo beste era bateko gidarik ez izatean, hainbat iturbururen bitartez identifikatuko ditugu maila ezberdinetan saretuta eta aktiboki sareetan inplikatuta dauden subjektuak.

2.1 – Batura

Batura, ESEren bisibilizaziorako mapan ageri denez, Oarsoaldean galdetegia betetako 8 enpresa edo eragile daude.

Maparen arabera Oarsoaldean kokatuta dauden esperientziak ondorengoak dira:

  • Gisa Elkartea. Elkartearen helburu nagusia software librea bultzatzea da, jendartean ezagutzera emanez eta bere erabilpena zabaltzeko mota ezberdineko egitasmoak aurrera eramanez. Elkarteko kide gehienak software askeko zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalak gara. Olatukoop Sareko kide da.
  • Skura Mobile Kooperatiba. Neurrira egindako softwarearen, diseinu, definizio eta garapenak egiten dituen kooperatiba. Olatukoop sareko kide da.
  • Mirokutana Kooperatiba. Publizitate eta zinemagintzan aritzen den ikus-entzunezko zerbitzuen kooperatiba. Olatukoop sareko kide da.
  • Labore Kontsumo Elkartea. Labore elkartea bere bazkideentzako bertako bertako produktuak eta produktu ekologikoak saltzeko denda da. Agrosarean parte hartzen du.
  • Elika Kooperatiba. Ekoizle eta kontsumitzaileak batzen dituen ekoizpen agroekologikoko kooepratiba.
  • Arraztalo Elkartea. Oiartzungo gaixo psikikoen hainbat senidek osatutako elkartea. Elikagaien ekoizpena egiten da.
  • Zituene Kooperatiba. Pasta ekologikoa ekoitzi eta zuzeneko salmenta egiten duen kooperatiba.
  • Talaios Kooperatiba. Software librean oinarritutako zerbitzu teknologikoak eta aholkularitzak eskaintzen dituen kooperatiba da. Olatukoop sareko kide da.

2.2 – Ekonomia sozialeko entitateak eskualdean

Eskualdean badira kooperatiba edo langile sozietate izaera duten hainbat enpresa. Dagoeneko Olatukoop sarearen edo Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ekimenetan daudenak barne, saretzerako eragile irisgarrienak ekimen honentzako dimentsio txikiko eskualdeko kooperatibetako batzuk identifikatu dira. Datu hauek Erkide, EAEko kooperatiben federazioko webgunetik eskuratu dira:

2.3 Hezkuntza eragileak Oarsoaldean

ESE saretzen ekimenaren helburuak tokiko ekonomia garapen erresiliente eta ongizaterako parte hartze ereduak sustatzea izanik, enpresa eraldaketa hau gizartearekin elkarrekintzan egitea ezinbesteko ikusten dugu, egiteko era bat sustatu nahi baitugu.

Zeregin horretan hertsiki loturik daude eskualde mailako hezkuntza eragileak. Hori dela eta, saretzean enkajerik eraginkorrena bilatu behar den arren, ezinbestekoa ikusten dugu haien identifikazioa.

Identifikazio honetan hartutako irizpidea, ordea, sarea bere zabaltasunean identifikatzea baino, dagoeneko saretze eta kolaborazioetan aritutako eragileetara jo dugu:

Saretze esperientzia anitzetan eskarmentuaz gain, bostetik lau kooperatibak dira juridikoki.

2.4 Eragile eta baliabide instituzionalak

Eskualdean saretze esperientzia eta eraldaketa dinamika hau ahalik eta era eraginkorrenean burutze aldera, kontuan izan beharreko beste aspektu bat eskura dauden baliabide instituzionalen identifikazioa ere bada. Izan ere, halako ekimenetan maiz gertatzen den distortsioa baita baliabideen bikoizteak edo osagarriak izan daitezkeen ekimenek elkarren berri ez izateagatik sinergiak galtzearen aukera kostua.

Hain zuzen ere, diagnosi honen helburua bikoitza da: eskualdearen argazki orokorra eta ESE garatuz saretzeko eragileak identifikatzeaz gain, saretzerako “oraleku” posibleak identifikatzea ere bada. Bide horretan ezinbesteko instituzioak dira tokiko instituzioak.

Bost udalerriek tokiko sustapen ekonomikorako politika zehatzak garatzen dituzten arren, ekimen ekonomikoari hertsiki lotutako eskumenak Oarsoaldea Garapen Agentziaren esku daude. Hortaz, saretze prozesuan zehar egindako analisien eta eratorritako ekimenen aldetik bi eragileen artean orbitatuko dute.

Udalen baliabiderik behinenak azpiegitura aldekoak dira, lokalak eta espazioak, esaterako. Hala ere, badira bestelako aukera eta aurrekari espezifikoak. Esaterako, Errenteriako Udalak Ekonomia Soziala ildo estrategiko gisa barneratu izanak, kolaborazio sakonagorako aukera eman diezagukeela uste dugu.

Garapen Agentzien aldetik, Ekonomia Sozialaren ildoa jorratzeko jardunaldiak egin izan dira, baina ez dago horri begirako dinamika espezifikorik. Gaur-gaurkoz ESE saretzenekin lan egiteko aukera gisa ondorengoak identifikatzen ditugu:

-Habian udal espazioa (Errenteria). Artisautza jarduera ezberdinetan nahiz teknologian ekintzailetza eta elkarlana sustatzeko espazioa. Bertan daude kokaturik Olatukoopeko bi enpresa teknologiko (Talaios eta Skura Mobile).

-Lekuona espazioa. Erabilera eta funtzionamendua definitzeke egongo den arren, kulturaren sorkuntza jardueretarako zentro bilakatuko da. Ondorioz, kontuan hartzeko espazioa izan daiteke elkarlan eta saretze posibleetarako aurrera begira.

2.5 Programa zehatzak eta baliabideak

2.5.1 KoopFabrika

Gipuzkoa mailan garatu arren, Oarsoaldean nodoa eta inplikatutako eragilean izan dituen programa da. Bere helburua Ekintzailetza Sozial eta Kooperatiboa sustatzea da, proiektuak sortzen lagunduz eta ekintzaileei bidelaguntza emanez. Talaios Kooperatiba KoopFabrikaren parte izanik, saretze mailan lotura egiteko erraztasunak daude.

Analisi eta saretze prozesuan zehar identifikatutako beharrak trasladatu eta proiektuak lantzeko aukera eskaini dezake. Horrez gain, KoopFabrikan parte hartzen duten proiektuek parte hartzea izan ohi dute ardatz, eta saretutako eragileen gune hauetan parte hartzeko inkorporazio interesgarriak izan daitezke. Sorreran programa honetatik igaro dira Zituene kooperatiba eta Labore Oarso, besteak beste.

2.5.2 GEIS mapa

Eskualdeko mapa enpresariala espazialki kokatuta ezagutzeko tresna, Geografia Enpresarialaren Informazio Sistema da. Sistema hau Gipuzkoako hiru eskualdetan partekatutako tresna da: Oarsoaldea, Debagoiena eta Goierri.

Informazio sistema honek eskualdeko egitura ekonomikoaren datu eguneratuak eskuratzeko balio dezake, Garapen Agentziako baliabideetan azaltzen denez.

2.5.3 Oarsoaldeako programa estrategikoak

Bestalde, badira eskualdean martxan diren hainbat ekimen, haien ibilbidea duten arren, proiektu honetan eragina edo sinergiak izan ditzaketenez kontuan izan nahi ditugunak:

  • Habian! Berrikuntza Gunea. Baliabideetan azpiegitura gisa aipatu den espazioaren kudeaketa eta dinamizazio ekimenak.
  • Energia arloan EIS eta ECOOOLOCAL proiektuak daude, energiaren inguruko informazio sistemak bildu eta teknikariak formatzeko, besteak beste.
  • Plasma. Eskualdean auzolanaren kultura eta egiteko era sustatzeko programa.
  • Oarsotek, gizarteratze enpresa.
  • Hiri behatokia. Eskualdeko errealitatea baliabide kuantitatibo eta kualitatiboekin egindako informazio kudeaketarako tresna,Gaindegiak garatutako adierazle sistema baten bitartez.

3. Analisia

Orain arte Oarsoaldeko egoera aztertzeko elementuak aztertu dira. Jarraian, enpresetan parte hartzean oinarrituz eraldaketa sustatzeko ekimen honen joko zelaian integratuz burutuko dugu analisia.

4. Diagnosia

Oarsoaldearen egoera sozioekonomikoak joera eta datu kezkagarriak agertzen ditu. Horren aurrean aurrez aipatutako Jaurlaritzako Txoke Plana eta tokiko instituzio publikoen hainbat ekimen egonagatik, Ekonomia Sozialeko ehunak badu horri ekarpena egin eta eskualdean parte hartzearen bitartez egitura enpresarial erresiliente eta osasuntsuago baterako bidea egiteko gaitasuna, zenbait dimentsio ahalmenetik kanpo geratzen zaizkion arren.

ESE saretzen ekimenaren bitartez landu, indartu eta sustatu daitezkeen dimentsio gisa ondorengoak identifika ditzakegu:

  • Dimentsio txikiko enpresetan parte hartzearen bitartez erresilientzia eta berrikuntza sustatzea.
  • Dimentsio txikiko enpresen jarduera era saretuan garatzea, elkarlana eta egitura ekonomiko egonkortua sortzeko.
  • Finantziazio beharrei elkarlanean aurre egiteko baliabideak lantzea.
  • Behar komun eta sozialen diagnosian in situ sakonduz ekimen aukera berriak identifikatzea, berrikuntza eta ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko aukera gisa.
  • Eskualdeko eragile ekonomikoen beharren lanketa komuna egiten jarraitzeko espazio eta dinamikak sortzea.

Dimentsio hauek abordatzeko, ordea, sarea sortzearekin paraleloan egin beharreko lana egun ditugun makro ikuspegiko datuez eta estatistika kuantitatiboek kanpoan uzten dituzten zenbait aspektu ezagutzea beharrezkoa da, sarea eta beharrak nondik abiatuko diren argi izateko.

Hori dela eta, parte hartzearen eta ikuspegi sozialaren ardatzak barne hartuko dituzten adierazleen beharra identifikatzen dugu, sarearen bilakaera eta honen eboluzioa aztertzeko. Izan ere, esaterako enpresen saretze eskasa edo berrikuntza urria dela adieraztean, tamaina eta bolumen handietako nahiz berrikuntza eredu konkretu batzuen inguruan jasotako datuetan oinarritzen gara. Errealitate horiek egon badauden arren, egungo metrika sistemek kanpoan uzten dituzte ESE mailan ematen diren fenomeno asko. Esaterako, lizentzia libreetan oinarritutako berrikuntzek ez dute patente erregistroetan lekukotzarik uzten, eta interkooperazio sareen presentzia ez da clusterren estatistiketan islatzen.

Horretarako bidelagun baliotsua litzateke Gaindegia, dagoeneko demografia eta sozioekonomia mailan Oarsoaldean ibilbide bat duen eragilea izanik (GEIS eta Hiri Behategiaren proiektuetan).

Horrez gain, parte hartzea benetan Oarsoaldeko egitura ekonomikoaren DNAn txertatuko den egiteko era izna dadin, ezinbestekoa da eragile enpresarialak ez ezik lurralde eta gizarte eraldaketa ikuspegia txertatzea bide orrian, behar handi eta bereziak dituen eskualdea izanik.

Antzerako desindustrializazio egoera batetik abiatutako eredu bat aztertzea proposatzen dugu diagnosi honetan: Lea Artibain jarduera ekonomikoa berpiztu eta garapen ekonomikorako sustatutako eredua. Azaro Fundazioaren inguruanezkuntza, udal, gizarte-eragile eta tokiko Ekonomia Sozialeko enpresek sustatutako ereduak zer ikasia eman diezaguke.

Hala, Lea Artibaiko kooperatiben mahaiaren parte hartze ereduan inspiratutako egitura batek saretze prozesuari zentzua emango liokeela uste dugu, eredu hau eskualdea biziberritzeko baliagarria izango delakoan.

Saretze prozesua, beraz, haien beharren diagnositik eta behar partekatuak identifikatzetik abiatuz, egitura hau sortu eta egonkortzera bideratuko genuke, bidean behar diren adierazle, formakuntza eta saretze-dinamizazio saioekin osatuz. Horretarako, noski, eskualdeko beste dinamika eta eragileekin egin daitezkeen sinergiak esploratuz.

5. ESE Saretzeneko lehen pausoak: diagnosi konpartitu baterantz

5.1 – Lanbide Heziketarekin aliantza

Oarsoaldean Gipuzkoa osorako garrantzitsua den Lanbide Heziketa zentroa dugu Don Bosko. Aukera interesgarriak ematen ditu, bereziki FoL ikasgaiaren bitartez gizarte beharren eta Lanbide Heziketaren hezkuntza helburuak lotzeko aukera ezberdinak aztertzen.

Elkarlana bidean da, nahiz eta zehazki haien ekarpena nola egin zehaztuta ez badago ere. Garapen Agentziako hainbat dinamikarekin ere harremana dago, nahiz eta arazoa bera den, enkaje zailtasuna ikusten zaio eta elkarlana ez da estrategia konpartitu batean ematen, proiektu zehatzei loturik baizik.

Horrez gain, zentroa eskualdeko egoera sozioekonomikoaren tenperatura hartzeko eragile garrantzitsua dela egiaztatzen dugu. Aurrez txostenetan azaldutako emergentzia sozialeko egoerekin egunerokotasunean harremana dute zentroko kideek. Hala, ekintzailetza prozesuetan (ikasketei loturikoa zein bestelakoa) behar ekonomiko handia eta interes soziala badaudela detektatzen da.

Lehen azterketa fase erronda honetatik ESE saretzenen prozesuari begira ateratzen ditugun ondorioak

-Estrategia konpartituak, denontzako onuragarriak, elkarlanak emaitzak eman ditzan eta epe luzeari begirako esplorazio epea ireki nahi dugu.

-Eskualdeko egoera sozial kaxkarraren eragina egitura ekonomikoan. Ekintzailetza eta beharren arteko loturan sareen eta inplikazio instituzionalaren behar bereziak. Ekonomia sozialaren interesa, tokiko talentua sortu eta garatzeko bidea emateko.

-Elkarlan ibilbidea hasteko erronka konkretu eta pilotuetatik hasteko aukera. Horretarako erronken identifikaziorako datuen beharra dugu.

-Interesa badago, baina forma konkretuak asmatu eta forma eman behar zaie.

5.3 – Eskualdeko ekonomia sozialeko eragileak

Eskualdeko Olatukoopeko kideek sarea trinkotu eta talentuaren sorkuntza sostengatzeko jarduera ekonomikoari laguntzeko hainbat proiektutan hartzen dute parte. Sektore teknologikoaren, zerbitzu aurreratuen eta software librearen presentzia eta zentraltasuna azpimarragarria da, arlo estrategikoa izanik edozein eskualderen garapen ekonomikorako.

Bestalde, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko eragileen presentzia anitzagoa da. Paradoxikoki, Olatukoopeko sarean dauden proiektuetatik kanpokoak (garapen teknologiko aurreratuei loturikoak ia denak), lehen sektoreari eta komertzioari hertsiki lotuak dira: batzuek ekoizpenari loturik zuzenean, besteak ekoizpen ereduari garrantzia emanez banaketan jarduten dira.

Harreman bilateralak eskualdeko beste eragileekin. Saretzerako bokazio edo sentsibilizazio handiagoa dute, ekonomia sozialeko gainerako sareak baino. Hala ere, gutxi baloratuta, gainbeheran edo eredu aldaketa baten erdian duden sektoreetako parte dira. Eskaintza konkretu bat egiteko edo ekarpenerako espazio efektiboak eskaintzeko kontaktua zehaztu behar da oraindik.

Tokiko kooperatiba sarearen egitura anitzagoa den arren, elkarlanean aritzeko espazio eta kultura urria dago, hainbat arrazoi direla medio. Besteak beste, tamaina txikikoak izatea, tokiko garapenari ekarpena egiteko haien burua eragile gisa ez identifikatzea, onura zuzenak eskuratzeko ikuspegirik ez izatea. Erronka handiena harreman sare honen baitan erakartzeko moduko mezua zabaldu eta eskaintza egokia egitea izango da, lehenago egindako saiakeretan esfortzuak ez duelako emaitza esanguratsurik lortu.

Aipamen berezia merezi dute eskualdean kooperatiba izaera juridikoa izan eta hezkuntza eragile diren ikastolak: Haurtzaro, Orereta eta Lizeoa. Bakoitzak bere ñabardurekin, ikasle, ikasle ohi eta gurasoekiko harreman sare zabalari esker; jarduten diren sektoreari esker eta duten langile bolumena dela eta, eskualdeko saretze eraldatzaile bati begira eragile garrantzitsuak dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *