Onintza Enbeita: “Ez daukagu agintaririk euskara interesatzen zaionik”

jendartea — 2019-12-23
Irakurri Offline:

Etzi eta Pitz (XX): Onintza Enbeita

Bizkaiko bertsolari txapelketa irabazi duen lehen emakumea da Onintza Enbeita (Muxika, 1979). Kazetaria. Haren zutabeak irakur daitezke egunero Berrian. Espainiako Kongresuan Amaiurreko diputatua izan zen lau urtez. Baserriari oso lotua dago. ETBko makina bat saiotan aritu da eta ari da. Andoainen (Gipuzkoa) erantzun ditu Etzi.pm-ren galderak, Martin Ugalde kultur parkean.

Pertsonala politikoa da ala politikoa da pertsonala?

Gauza biak. Argi dago pertsonala politikoa dela. Sistema politiko zehatz batean bizi gara, eta gertatzen zaizkigun gauzak ez zaizkigu gertatzen garelako itsusiak, politak, txikiak, handiak edo ez dakit zer. Gertatzen zaizkigu bizi garen mundua modu zehatz batean antolatuta dagoelako. Beraz, pertsonala politikoa da. Eta, gero, politikoa pertsonala da, noski. Nire borroka politikoak borroka pertsonal bihurtu dira, eta politikan parte hartzeak min eta poz pertsonal asko bizitzera eraman naute.

Kontrako eztarritik liburuan, beste bertsolari batzuekin batera, gauza asko esan zenituen. Adibidez: “Inpresioa daukat jende asko politikan eman ditudan lau urteetan hasi dela nire atzean, barruan edo hor nonbait emakume bat ikusten”.

Nire inpresioa da bizitza publikoan des-sexualizatua egon naizela. Ni izan naiz emakume bat kanon hegemonikoan kabitu ez dena. Egin dudan jardun publikoa gizon artean egin dut. Eta irudipena izan dut gizon horien taldeko kide izan naizen neurrian, jende askok ez duela nigan emakume bat ikusi. Ez duela nigan emakume desiragarri bat ikusi, ez duela nigan emakume desiradun bat ikusi. Ez dakit zein den bietan larriena. Madrilera joan nintzenean, bat-batean konturatu nintzen, emakume batek ukabilarekin jotzen duenean, eta gizon artean zenbait gauza esatera ausartzen denean berea ez den leku batean, morboa ere piztu dezakeela. Orduan hartu nuen mezua izan zen sektore batzuetatik politikan ari zen Onintza hori neurri batean desiragarria eta desiraduna zela. Hor badaukat irudipena, segun plaza publikoan zer eta nola egiten duzun, publikoak kokatzen zaituela leku batean edo beste batean.

Amaiurreko diputatu izan ez bazina, lau urte horietan egingo zenituen gauza indartsuak ere, agian, ezta?

Zalantzarik gabe. Nik gauza bat oso argi daukat: Ni ez naiz inoiz damutu politikan sartzearekin. Baina oso argi daukat nire bizitzan egin dudan gauzarik garrantzitsuena ez dela izan Madrilen “En mi moño y en mi coño mando yo” esatea. Askoz gauza garrantzitsuagoak egin ditut bizitzan, askoz horma handiagoak puskatu ditut, eta askoz terreno latzagoetan bidea egin ditudala uste dut, inguruan izan ditudan lagun askorekin batera. Madrilen egon izan ez banintz 2012tik 2016ra? Ba, auskalo. Kontua da egon nintzela, eta genero aldetik pertzepzio batzuk aldatu zituen niregan.

Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren bezperatan ezagutu genuen elkar. Euskaldunon Egunkaria-k kazetari bihurtu gintuela esan dezakegu, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Nik beti esaten dut: Nonbait idazten ikasi badut, hori Euskaldunon Egunkaria-n izan zen. Oso argi daukat eta oso harro esaten dut. Baina ez hori bakarrik. Harrotasuna ematen dit neurri batean Egunkarian eta Berrian urte batzuetan langile izanak, iruditzen zaidalako Euskal Herrian egindako proiekturik estrategikoenetako bat izan dela euskarazko egunkari bat. Horren parte izateak harro sentiarazten nau. Eta gaur egun nire iritzia Berrian plazaratu ahal izatea niretzat opari bat da.

Nola bizi duzu kazetaritza? Martxelo Otamendik Autentikoak telebista saioan esan zuen, kazetaritza eta ohea pasioz bizi behar direla. Ados zaude?

Ez dakit, kazetaritza pasioz bizitzearena gainbaloratua dago gaur egun. Pena bat da, zeren kazetaritza prekarizatu egin da, eta gaur egun daukagun kazetaritzak ez dauka izan beharko lukeen pasio guztia. Baina guk, gure prekarietatean, zortea daukagu: euskaldunak gara, txikiak gara, pobreak gara, eta orduan, edo pasioz egiten dugu edo ez du merezi. Ondorioz, gure kasuan egia da Martxelo Otamendik esaten duena.

Baina idazten dugun orok izan dezake espero gabeko ondoriorik. Che Guevarari buruzko zutabe bategatik. Jazarpena, boikota eta kontrako pankartak pairatu dituzu. Nola sentitu zinen horrekin?

Niri gertatu zitzaidanak ez litzaioke inori gertatu behar. Etorriko da momentua gai horretaz eta artikulu horretaz lasai hitz egiteko. Hau ez da momentua, oraindik ere beldurra ematen didalako sua pizteak eta berriro ere eztabaidak desbideratzeak. Gizarte heldu bat eraiki behar dugu, eta ikasi behar dugu gustatzen ez zaizkigun gauzak idazten, irakurtzen, konpartitzen eta eztabaidatzen. Horrekin ez dut esaten arrazoi osoa nirea denik. Baina oso argi daukat niri gertatu zitzaidana ezin zaiola inori gertatu.

“Posmofeministak, inperialismoaren zerbitzariak” moduko leloak idazten dituztenei zer esango zenieke?

Errealitatea beste bat dela. Zabaltzen ari den uste hori feministak burgesak garela, eta ez dakit zer gauza ordezkatzen ditugula… Horri erantzuteko errealitatea dago, Euskal Herriko mugimendu feministaren errealitatea dago. Nik ezbaidatu dezaket edozeinekin artikulu hartan idatzi nuenaz, baina inperialismoarena… eta leporatu zaizkidan beste gauza batzuetan ez dut neure burua ikusten, eta ez daukat horretaz esateko ezer.

Itzul gaitezen Kontrako eztarritik liburura. Hau esan zenuen bertan: “Emakume bertsolari modura irakurtzen gaituzten momentutik ez gara unibertsalak; figura unibertsala, bertsolaria, gizonezkoa da; gu eranskinak gara. Bertsoa kutsatua izango da gurea: gogorregia edo lañoegia; diskurtsiboegia, poetikoegia, sakonegia, feministegia…”.

Uste dut hori errealitate bat izan dela plazara modura edo bestera agertu diren emakume guztientzat. Zenbat hitzaldi antolatu dira, eta gu joan gara hitz egitera ‘Emakumeak eta bertsolaritza’ gaiaz? Baina gu ez gara emakumeak eta bertsolaritza: gu bertsolaritza gara. Hori onartzeko garaia da. Guk baino lehen, Simone de Beavoirrek oso ondo esplikatu zuen “Bigarren sexua” aipatzen duenean: Unibertsala ez den guztia da bestea edo bigarren mailakoa. Eta nik uste dut gure kasuan oso argi ikusten dela. Unibertsalak eta normatiboak gizon bertsolariak izan dira. Baina galdetuko nioke jendeari: Zergatik izan dira orain arte ezagutu diren bertsolari gehienak gizonak? Zer debeku sozial egon da? Zer debeku inplizitu eta esplizitu egon da guk plazan leku bat okupatzeko? Horretan pentsatzen ez dugun bitartean, erantzunak topatzea oso zaila da. Baina hor dago gakoa.

Gaiekin ere gertatu da. Egon dira gai unibertsalak eta egon dira emakumeon gaiak. Nik futbolaz kantatzen baldin badut, ez da gertatuko ezer inoiz. Baina kantatzen badut hilerokoaz, batzuk hasiko dira esaten: “Hemen dator hau berriro ere bere gauzekin”. Baina zergatik hori?

Nerea Ibarzabalek kantatu zuen hilerokoaz Euskal Herriko Txapelketako finalerdietan.

Bai, bertso zoragarriak kantatu zituen eta eskerrak. Baina jendea harritu egin zen. Eta nik esaten dut: “Aiba la mar! Gizartearen erdiak bere bizitzaren erdian hilabetero daukan gertaera fisiologiko bat hain arraroa da bertsotan?”. Eta ez da arraroa, futbola, ehiza edo ez dakit zer? Adibidez, burusoiltasuna batez ere gizonek pairatu izan duten zerbait izan da. Horretaz egin dira makina bat bertso. Egunen batean menopausiaz kantatu beharko dugu, baina ez umiliaziotik edo ikuspegi txar batetik; kantatu beharko dugu horretaz, gure bizitzaren errealitate bat delako. Ibarzabalen ariketa hilerokoaz sekulakoa izan zen, modu positibo batean kantatu zuelako hilerokoaz. Hilerokoa ez da tragedia bat.
Unibertsaltasuna gizonei dagokie, eta gu anekdota bat gara: historia liburuetan, eta bertsolaritzan ere bai.

Nerea Ibarzabalen bertsoak, Amurrion, 2017ko azaroaren 19an:

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi izanak zer eman dizu?

Txapelak eman dit zilegitasun handia. Zilegitasun handia zenbait tokitan zenbait gauza esateko. Eta zilegitasun handia ispiluaren aurrean neure buruari onartzeko zenbait gauza esateko zilegitasuna daukadala. Zergatik esaten dudan hori? Askotan jaso dugun mezua izan delako: “Bai, bai, oso ondo dago feminismoa, borroka…baina hemen bertsotan egin behar da eta txapelketan lehiatu egin behar da”. Ba nik egin dut bertsotan, irabazi dut txapel bat, eta ez zaizkit hasiko esaten aitzaki gisa erabiltzen ari naizela nire ideologia, nire bizitzeko modua, beste zerbaitetarako. Poz handia ere eman zidan txapelak. Txapela arratsalde batean irabazten da, eta irabazten duzu arratsalde horretan egin duzulako han dauden beste bertsolariak baino hobeto. Ba txapel horregatik ez dut pentsatzen Etxahun Lekue, Miren Amuriza edo Nerea Ibarzabal baino bertsolari hobea naizenik. Hori neure buruari ez diot onartzen. Bestalde, txapelak pisu sinboliko handia du, eta gure ahalduntze prozesu eterno horretan, niretzat oso garrantzitsua izan da. Pertsonalki, nire intimitatean, oso gauza ederra da jakitea gure aitita Balentin izan zela Bizkaiko txapela lehen aldiz irabazi zuen pertsona, eta handik 60 urtera ni izan naizela Bizkaiko txapela irabazi duen aurreneko emakumea.

Zuk kantatutako bertso bat edo bertsoaldi bat gogoratu beharko bazenu, zein esango zenidake?

2010eko Bizkaiko txapelketako kartzelako lan bat. Finalerdiak ziren, Durangon. 36ko gerrara joan eta inoiz itzuli ez zen istorioa kantatu nuen. Oso berezia izan zen niretzat, familian badaukagulako desagertu bat.

Onintzaren bertsoak, 2010eko azaroaren 21ean, Durangon.

Bertsolari txapelduna zara, kazetari eskarmentuduna, Berriako zure zutabeek irakurle ugari dituzte…eta arreta eman dit zerbaitek: zer gaizki tratatu duen ETBk udazkenean aurkeztu duzun 48 ordu saioa. Zuk barnetik nola bizi izan duzu programarekin egin dutena?

ETBn hainbat lan egiten ditut. Eta iruditzen zait ez dagoela ipar argi bat. Ez bakarrik 48 ordu-ren kasuan: saioak jartzen dira, saioak kentzen dira, eta ez dago azalpen garbirik.

48 ordu saioaren kasuan, zer azalpen eman zizuten?

Audientziak. Nire inpresioa da norabide falta handia dagoela. Euskarazko telebista publiko bakarra kudeatzen baduzu, audientzietatik aparte, arduradunei eta agintariei dagokie telebista horrek zer izan behar duen definitzea. Euskaraz behar dugu dena, eta dena da dena. Telezaborra ere egin daiteke, kalitatezkoa. Baina gaur egun dagoen saioak jarri eta kentzeko erraztasun horrek ez du ikuslea fidelizatzen eta ikusle beste kanal batzuetan fidelizatzen da. Zein da gure tragedia? Gainontzeko kateak erdaraz direla. ETBn bertan benetako apustua gaztelania da. Mundu kapitalistan zerbait erakutsi badigute da, non inbertitzen duzun hori dela garrantzia ematen diozuna. ETBko lau kate egon beharrean, ezin da bat bakarra ona egin, euskara ardatz zuena? ETB2 berez sortu zen ikusle erdaldunak euskalduntzeko. Eta gaur egun ETB2ren funtzioa da euskaldunak erdarara eramatea. Zerbait oso gaizki egin dugu. Edo oso ongi, zeren jakin nahiko nuke hori horrela diseinatu dutenen helburua zein izan den. 48 ordu saioari dagokionez, pena hartu dut, sekulako lantaldea genuen, gustura ari ginen lanean, gai interesgarriak genituen jorratzeko, baina formatu horretan ezingo dugu egin. Baina hori baino gehiago amorratzen nauena da ez garela gu bakarrik, baizik eta hori ari dela gertatzen telebista publikoan etengabe. Audientziaren aitzakian egiten ari gara eskabetxina handi bat. Ez dago ezertara kateatuko den euskarazko produkturik.

ELA sindikatuko aldizkarian elkarrizketa egin dizute Andoni Egañarekin batera. Han esan duzu ETB2ren erreferenteak Espainia direla.

Dudarik gabe.

Eta nola eman buelta horri?

Horri buelta ematen zaio apustu politikoak eginda. ETB2 Espainia izatea ez da kasualitatea. ETB2ren helburua baldin bazen erdaldunak euskaratzea, historiako zein unetan erabaki du norbaitek, ETB2k erakutsi beharrean ikusle erdaldunari euskararen mundua, erakutsi behar diola euskaldunari Kiko Riveraren mundua? ETB2ren mundu sinbolikoa Espainia da, argi eta garbi. Ez hori bakarrik: Frantzia ez da existitzen. ETB2 ikusten duen pertsona batentzat, Zuberoa ez da existitzen, Nafarroa oso gutxi eta Burgos eta Errioxa Euskal Herria dira. Eraikitzen ari garen herria ezin du egon telebista horretan oinarrituta. Nik eraiki nahi dudana, ez behintzat. Baina norbaitek eraiki nahi duena hor dago.
Egin dezagun telebista bat euskaraz, gaur egungo munduari eta gaur egungo euskaldunei egokitutakoa. Eta gero, ikusiko dugu ea badaukagun dirua gaztelaniaz inbertitzeko. Zeren gaur egun gaztelaniazko saioetan ikusi zer aukera dauden, eta euskarazkoak egiteko jendea nola dabilen…, euskal ikusleari aurpegira barre egitea da. Audientziez aparte, beste gauza batzuk neurtu behar dira: zer behar dugun euskaraz, ba egin dezagun hori. Egin ditzagun genero guztiak euskaraz. Eta behingoagatik kendu ditzagun errepikapenak eta mariatxiak. Sor dezagun telebista euskaraz. TV3ek larunbat gau batean elkarrizketatu zuen Judith Butler.
Hori ETB1en pentsaezina da, baina ez luke izan behar. Gure afizio bakarra ez da sukaldaritza. Edo pilota. Euskal Herrian jende asko bizi da. Aniztasuna dago euskal komunitatean.

Euskarazko prentsan ere beharko dugu gehiago, ezta? Kiosko batera zoaz, eta erdaraz duzun guztia ez daukazu euskaraz.

Gure gabeziak handiak dira. Hori da gure errealitatea arlo guztietan. Kantitatera bagoaz, galtzen aterako gara. Baina sor ditzagun kalitatezko produktuak. Daukagun arazo handia ez da kopuruz gutxiago garela. Gure arazo larriena da badauzkagula gobernu bi, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, baina ez dagoela estrategia politikorik euskararekin. Euskal politikarientzat euskara ez da interesantea, eta hor hasten da arazoa. Bestetik, ni bizi naizen lurralde historikoan jendeak erosten du nondik heldu ez dagoen egunkari bat, eskela gehiago dituelako. Hori ere gure errealitatearen parte da. Baina benetako arazoa ez da gure konpromiso falta. Benetako arazoa da ez daukagula agintaririk euskara interesatzen zaionik. Hego Euskal Herrian mezu politikoa gaztelaniaz ematen da. Inor ez da libratzen, ezta nireak ere. Benetako estrategia politiko bat behar da euskararentzat.

Zenbaitetan irakurtzen ditut iruzkin ezkorrak gazteriaren inguruan. Ez al dago, aldiz, gazteengandik asko ikasteko?

40 urte bete ditut aurten. 16 urte nituenean, 1995ean, 40 urtekoentzat bizi genuen mundua kaka bat zen, zeren hamabost urte lehenago Euskal Herria paradisu bat zen. Ezin da garai bat idealizatu. Nik 16 edo 20 urte nitutenean, bazegoen gazteriaren zati bat politikoki konprometitua, beste zati handi bat ez zegoena, eta beste parte bat diskotekara joaten zen ostiral gauean eta igande gauean itzultzen zen etxera. Denetarik zegoen, eta gaur egun ere denetarik dago. Orain, edozein herriren motorra gazteak dira. Eta gazteak sinbolikoki bere gurasoak hil egin behar ditu. Beraz, mentalki eta psikologikoki osasungarria da pentsatzea gaur egun 20 urteko Euskal Herriko edozein gaztek sinbolikoki ni hil egingo nauela. Eta saiatuko dela egiten gauzak guk egin ez genituen moduan. Oso ondo iruditzen zait hori. Gustatzen zaigu esatea gure garaian dena askoz hobea izan zela. Baina nire galdera da, noiz da zure garaia? Zeren nik orain 40 urte ditut, emakume heldua naiz, eta hau ere nire garaia da. Eta nik egin dezaket zerbait.

Baserriari lotutako zure partea ez dugu aipatu. Jarraitzen duzu astelehenetan Gernikako azokara joaten?

Bai, jarraitzen dut. Baina azkeneko urtean oso lanpetuta ibili naiz, eta behar baino abandonatuago daukat baserriko bizimodua. Baina nire etorkizunean, oso aktibitate publiko gutxi ikusten dut, bertsolaritza albo batera utzita. Nire oiloekin ikusten dut burua erabateko lasaitasun batean.

Katalunian erreferendum bat egin zuten 2017ko Urriaren 1ean. Hori ikusita, euskaldunok zer?

Euskaldunok gure bidea egin beharko dugu, eta benetan sinestu beharko dugu herri bat garela eta herri horrentzako instituzioak eraikitzea guri dagokigula. Horretan ez badugu gure burua ahalduntzen, jai daukagu. Ezin dugu inoren zain egon.

Ba al du EAJk hori egiteko borondatea?

Nik esango dizut ezetz. Eta jendeak esango du Onintzak hori esaten duela bera Bildukoa delako. Ni ez naiz Bildukoa sentitzen, ni ezker abertzalekoa sentitu izan naiz. EAJk gogoa baino, EAJ sartuko da horrelako estrategia batean benetan ikusten badu herri osoa bide horretan doala, eta ikusten badu hortik kanpo gelditzen bada galduta dagoela. Katalunian, noiz sartu zen CIU independentziaren trenean?

Euskal Herriko errepublika independente feminista bat ikusiko al dugu hil baino lehen?

Urte asko bizitzeko esperantza daukat, eta espero dut baietz. Baina errepublika horrek feminista izan beharko du, zeren beste errepublika patriarkal, heteropatriarkal bat eraikitzen baldin badugu, ezkerraren proiektua ondo atera ez den seinale izango da.

Hamar urte barru, nola ikusten duzu zure burua?

Ez dut uste telebistan ibiliko naizenik. Bertsotan jarraituko dut, tarteka zerbait idatziko dut, eta baserriko bizitzan murgilduko naiz.

Eta Euskal Herriko egoera hamar urte barru nolakoa izango da?

Orain baino hobea sozialki. Jendea espabilatu egingo da, eta ezkerrerako biraje erreal bat egingo dugu. Eta espero dut hamar urte barru Euskal Herrian inor ez egotea RGIa behar duenik bizitzeko. Eta Euskal Herriko gizonek ulertzea batzuetan pauso bat atzera eman behar dutela. Gobernu ezkertiar eta feminista bat izango dugu, lehendakari emakume batekin.

Aurreko hemeretzi elkarrizketatuei galdetu diedana, hamar urte barru elkarrizketa hau berriro egingo dugu. Zein tokitan?

Muxikara etorriko zara, nire baserrira.

*Argazkiak: Iratxe Arrozpide.

 

Irakurri Offline: