Kosmobisio ziklikoa

jendartea — 2020-02-06
Irakurri Offline:

Hasiera ez dut ondo irudikatzen. Aditza dela esaten ohi da, nire kasuan, bakardadea zela esango nuke. Aditz eza agian. Elkar topo egitera eraman gintuenak, hilerokoaren zikloa izan zen, nahiz eta ondoren konturatu nintzen, hau, beste unibertso batera eramaten zidan atea besterik ez zela.

Komunitate hitzak urrundu egin zidan arren, banekien bertan topatuko nuela tokia, toki bat. Agian, niretzat egindakoa zena. Badakit, momentu horretan gutxi gorpuztua nuela hitz (potolo) honen definizioa. Zer ote zen komunitate bat? Nonbait, nire buruan zeozer hippia bezala identifikatzen nuen, agian, sekta hitza ere hegaka zebilen hor nonbait. Hilerokoaren inguruko lehen komunitate pedagogiko birtualean (soy1soy4.com) ber-definitu nuen hau. Hau, eta ulertu ezin nituen beste hainbat kontzeptu, bizipen, zati ere. Gure maistra Erika Irusta pedagoga menstrualak, bere lana jada 7 urtez aurrera eraman ondoren, hau guztia partekatzeko espazioa abiatu zuen, bertan, beretik gurera (eta alderantziz) egiteko plataforma goxo, slow-social eta xamurra sortuaz.

Hartatik 4 urte pasa dira eta bertan jarraitzen dugu Hilerokoaren kultura deitu duguna sortzen, zabaltzen, eta gure gorputzetan bizi ditugun hainbat gai, zauri, bizipen, irekitzen eta partekatzen. Esaten dugun bezala, bizitza sentipentsatzen dugu bertan…

Gizaki bio-psico-sozialak gara. Hau da, fisiologiaz askoz haratago eramaten du hilerokoa duen/dudan gorputza izatearen bizipenak. Hainbat gauza errebelatu dira nire begi, buru eta tripen aurrean (edo hauen artean), besteak beste, zaila (eta mingarria) dela ziklikoak izanda, sistema lineal batean bizitzea. Denboraren menpe produkzioaren baitan aurrera egiteak min normalizatuak ekarri dizkigu, eta hauekin bizi gara isiltasunean, lotsaz eta (ahal dugun) guztia ezkutatuz.

Hau omen bai da gure garaiaren erdigunea: Presa, kapitala eta honen metatzea, arrazionaltasuna, ekintza, indarra, eta emakume izanda gainera, (derrigorrezko) amatasuna, ezta? Eta ezaugarri hauek baditugu, noski. Nire kasuan bereziki Obulazio-aurre eta Obulazio fasean sentitzen ditut. Gutxi gora behera zikloko lehen 10 egunetan. Baina zer geratzen da bizi ditugun beste 2 faseekin? Zer pasatzen da beste 15-17 egunetan?

Gure Hileroko-aurreko fasea eta Hilerokoa bera sistemak ez ditu maite. Gorroto ditu. Homo Economicus-aren kontrakoak dira, antagonistak. Hauetan gorputzak beste erritmo lasaiagoak eskatzen dizkigu, barrura begira jartzea eta bertan ikusi ditzakegun zauriak erreparatzea (hitz honen bi zentzuak erabiliz), deskantsua, goxotasuna, intuizioari kasu egitea… Baina ezaugarri hauek ez dira produktiboak kapitalarentzako. Ondorioz, deuzestuak dira. Ondorioz, guk geuk ere gure errealitate-gorputzetatik (oso) urruti nahi ditugu. Baina hau, ezinezkoa da. Gu gara, gure hormonen dantzaren barruan daude, ikusi (edo ez), sentitu (edo ez), jaso (edo ez)… hor daude. Gu gara. Eta nire iritziz, asko daukagu ikasteko hauetatik. Bi fase hauetan munduaren-ikuskera aldatzeko gakoak bai ditugu.

Linealtasunetik kanpo gaudenez, nire autua, periferia honetan bizitzen ikastea da. Borroka gehiagorik ez iceberg-aren puntara iristeko. Guretzat ez da bertan inoiz tokirik izango. Eta egia esanda, nik ez dut bertan tokirik nahi. Arrakalak sortzen, eztandak pizten, kontent naiz. Periferian beraz, limiteak jasoaz, potentzialitateak landuz, behar denean babestuz, ahal denean, eztarri ozenez gure ahotsa ateraz aurrera egitea da nire proposamena, eta bidea. Elkarrekin, noski. Komunitate propioak sortuaz, aurrekoa ulertzen (eta nahiz eta hilerokoa ez duena izan), gorpuzten dutenekin batera.

Faseak entzunda, nire erregistroak egiten 4 urte baino gehiago daramatzadanean, hileroko kultura falta dugula argi daukat, honetaz gain (edo honetan barnebilduta) konturatu naiz ere, emozioen kulturan hutsune erraldoia dugula, baita ere gorputzetan orokorrean, eta bereziki, gure zauri, orban eta bizipenak entzuten/partekatzen ikastearekin erronka potoloa daukagu.

Sistemak burutik gora nahi gaitu. Batzuetan, azkar idazten duten eskutxo batzuek buru bati itsatsiak ez omen garen galdetzen diot nire barneari. Azkar, korrika, arnastu gabe bizi gara. Burutik bera dugun guztiari kasu eginda iritsiko gara beste toki batzuetara, mundu-ikuskera hemendik aldatuko dugu. Ez daukat zalantzarik.

Errealitatea fikzioa baino gordinagoa dela badakigu. Hilerokoaren zikloaren imajinarioaren ideiaren bat badago, bai; pentsa orduan nolakoak izango diren gure egunerokoak linealtasunak dakarren bortizkerian igeri, ziklikoak garen bitartean…

Agian (nork daki), ditugun bizipen-emozioetatik errealitate xamurragoak (edo Preciadok dioen moduan fikzio xamurragoak) sortzeko baliabideak topa ditzakegu. Nabigatzen ditugun olatu-emozioak izendatuz, lotsarik gabe gure zaurgarritasunak (bulnerabilitateak) adieraziz.

Agian (nork daki), gure gorputzetan ditugun zaurietan, gure buruetan dantzan ditugun fikzio berriak egi bilakatzeko gakoak ditugu. Hauek ireki, partxe zaharrak kendu eta itsasaldeko haize freskoarekin sendatuko ditugu.

Agian (nork daki), barrenak elkar partekatzen ikasten badugu, politikoak bilakatuko ditugu gure orbanak, gure (hilerokoaren) zikloak eta ondorioz ere gure gorputzak. Honen opakotasuna gardentzeko hitz, idatzi eta diskurtso-praktikak gure isla (eta deskantsurako irla) izateko.

Kapitala erdigunetik kentzeko, gorputzak jarri behar ditugula badakit. Gorputzetan unibertso oso bat daukagu, nire ustetan, konstelazio benetan eraldatzaileez beteak daudenak. Hemendik sortzen/bizitzen/ibiltzen elkarrekin ikasten bagoaz, gorputzak erdigunean egongo diren kultura berritzailea sortu dezakegu. Sortuko dugu. Elkarrekin, gure komunitate-konplizearekin batera, noski!

2020/02/04 Premen19.eguna

Nabarmendutako irudia (Kosmobisio ziklikoa) eta gehiago egilearen irudi galerian: http://www.viviendoenciclico.com/eu/galeria_eu/

Irakurri Offline: