Eburniko kattana 1.2: Sua. Aitzorrotzialdea

babel — 2020-04-14
Irakurri Offline:

Sirenak uluaka. Inork espero gabekoa gertatu da. Matxinoak. Bergarako irteeran kanpatu dute. Gauez hartu dute Santa Marinara iritsi aurreko soroan, Laureaga jauregi parean. Zurrumurruek diote arlote hutsak direla. Herriak armaz hartu, elizak erre, soroetako hesiak bota, jauntxoek pelukak jantzi, jauregietako damak eskuetatik heldu eta dantzan jarri…

Kuxkuxeatzera hurbildu diren haurrek, ispiotza lanak egitera hurbildu diren udal-agenteek, Santa Luzia feria erraldoi modukoa baino ez dute ikusten. Oholtza bat erdian. Ez du urkamendia ematen, ez horixe. Erdian eta alboetan paratu itsas kurkuilu maskor erraldoiek antzesteko, abesteko edo ozen berba egiteko tokia dela uzten dute agerian.

Alabaina, borobiletan eserita jendeak elkarri esaten diona entzuteko belarriak luzatu behar. Hala luzatuez gero, ostera, anabasa horren erdian oso bestelako hitzak entzuten dira.

Bi mundu batu dira: lur gogortua lantzen duten Aitzorrotzialdeko langileak batetik; lurra biguintzen lan egiten duten barnekaldeko nekazariak bestetik.

Bailarako lantegiak ezagunak dira mundu osoan; lantegi horietan egiten ziren pertzak automatentzako buruak bihurtzen jakin izan zuten berehala, lurrinaren indarrari esker. “Berehala” horretan, eztanda eta intoxikazio ugari izan baziren ere.

Halere, teknika ez ezik, oso lehengai ona dute: Udaletxetik ateratzen den metala, hain zuzen ere. Ezaguna da hori ere munduan zehar. Meatzariek burdina altzeiru bilakatzeko sekretua dute. Beraz, mundu osoan zehar saltzen dira errez eta merke hemengo buru automatizatuak. Ta, halere, irabaziak lurren jaberenak dira: meategien jabe direlako. Euren buruak pelukaz janzten dutenenak; Errenazimendu goiztiarraren pertsonaiak bailiran, euren jantzi metalikoetan urrea eta zilarra soldatu arazten dutenenak, nagusitasuna adierazteko.

Taldeka eserita, inguruko auzoetatik etorritako nekazari, meatzari eta automata-olen langileek matxinoen hitzak entzun eta eureak egiten dituzte. Bailararen nondik-norakoak zuzen-zuzenean ezagutzen dute haiek; garia, artoa eta ardoaren prezioak nola bridatu ezagutzen dute hauek. Oñatiko muga gainditzeko indarra aski ez dutela ezagutu ere. Baina Aitzorrotzialdea osorako bizi baldintza berriak ezartzeko moduan daudela sinetsita daude.

Irudia: Friedrich Martersteig – Müntzers letzter Gang 1849-1851. https://mv-naumburg.de/objekte/item/311-f-martersteig-thomas-muentzers-letzter-gang

Irakurri Offline: