Bi ardatz beldurrarenak. Norantz biratuko Bergaran? Plaza nagusiko asanbladak ez du Santa Marinaren aurrean dagoenaren antza. Zaldunen jantzi metalikoek dirdira egiten dute. Apaizen kapera beltzekin kontrasta itzela. Erdian, hiritarren jantzi urdinak.

Beldurraren ardatzaren bira. Zaldunen batzarrak indarrez erantzun nahi badu ere, ez dago munizio aski denontzat. Ekaitza dator, ez nolanahikoa. Matxinoek bidea blokatzen dute; Elosutik ekarri behar. Denbora behar horretarako.

Apaizen ahots Garitanok matxinoen eskakizunak entzuteko eskatzen du.
Hiritarren beldurraren ardatzak beste aldera biratzen du. Zeini beldur handiago? Pelukadunei? Edo basajaunen piztiak omen diren matxinoei?
Oinarrizko salgaien prezioak jeistea denbora irabaztea da. Munizioak iristean buelta emango diote egoerari.
Akta liburuak hala jaso du:
– prezio berriak onartu.
– Eder askatu eta berarekin akordioaren berri kanpalekura bidaltzea.

Bihotzak daude sutan, gauez zapatuan
Giroa bero Bergarako parte zaharrean
Ekaitza lehertzear dago inguruan.
Odola arin zainetan aire kargatupean.

Ezerezetik sortu den ekaitza. Plazari begira dagoen Olaso dorrearen gainean pilatzen dira tximistak. Euri tantak bero-bero daude. Mina ematen dute. Erre.

Aktan jasotakoak itxoin beharko du. Etxerako bidean dira denak, aterpe bila.

Armak egitea ez ezik, Soraluzekoek babesak ere badakite altxatzen. Ikusten ez diren babesak. Lurrean tenkatu dituzten soplete handiei darizkien babesak. Burbuilak bailiran. Euri-min tantak urtzen dira lurretik hogei metroetara. Lehor eta goxo da kanpalekua.

Kanpalekuan abesten ari dira. Tximistak eta trumoiak aldarri: Dinbili danba! Gau eta goiza su eta keen artean, sosegu eta deskantsu gabe geure buruen kaltean,
horrexegatik lanak utzirik gatoz guztiok batean. Gora, bai gora beti, gure forjaria langile trebe zintzo ta mailukaria. Lurpera, bai lurpera beti nagusia! ez digute egingo nahi duten guztia. Ez badigu ematen arrazoia guri, ez badigu ematen behar legez ongi,…

Hiri erdian dago Olaso dorrea. Hiriguneko skylinea. Tximistak pilatu arren, euriak berak ere buztintzen ez duen antena erraldoi gisa altxatzen da dorrea. Hiriko soinuak entzun eta grabatzen duen antena hartzailea. Abestiaren oihartzun bera ere han erregistratzen da: su emango diogu gure fabrikari eta nagusiaren etxe guztiari.

Grabazioa entzuteko gurpilari behin eta berriz eragiten dio hatz mehar eta hezurtsuak dituen esku batek. Haragi gutxi. Azal eta hezur soilik. Olasoko jauna ez da hori baino askoz gehiago. Ezpain fin eta hortz zorroztuen artean bitan banatzen den mingainak xuxurlatzen dut: “Surik nahi?”

Eztanda egin duen tximista hori ez da zerutik erori. Baina Zubietako zubia birrindu du. Harrien gainean agertu den kaputxa-txuriduna ere nondik ageri den ez da jakiterik. Eskutan duen eta sutan dagoen gurutzea, berriz, Santa Marinako elizarena da. Entzuten diren bozeragailuak bezalakoak. Predikua ozen, Jaungoikoaren su garbitzailea darion arkanjeluari egiten dio dei.

Suzko bolak bai, zerutik datoz. Baita matxinoen gainera etorri ere, babes-burbuia birrinduta. Kanpalekua sutan dago. Kixkalita. Bertan zeudenak bezala.

Irudia: Burnt Cars at Shiv Vihar. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Delhi_Riots_2020.jpg#/media/File:Delhi_Riots_2020.jpg

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude