Etzi Portu Maritimoa

Etorkizuneko nostalgia sortzeko artefaktoa

Oraingo honetan aitortu beharko du berorrek Jaungoikoaren arkanjeluaren sua izan dugula bart gurean. Predikurako gaia oso egokia. Hala mintzo zaio Peñaflorida Garitaroni.

24 ordu joan dira arkanjeluaren sua eta gero. Ez du atertu egun osoan zehar. Ilunabarra ere belztu.

“Ez omen dugu Jaungoiko bera gurtzen” entzuteak gustuko ez ta arrapostu hala mehatxatu, hitzak ez dira garbiak: “Abernoko sua lurran piztu da, ez bedi kixkali berorrek ere”. Tximistak eta ekaitza, Garitanoa euripean geratzen da plazaren erdian. “Ez da sua, Eburniko kattana da” pentsatu du.

Peñafloridak sutan egin du ospa kantoitik, bertatik plazara igoratzen den pertsona b bultzatuz. Honek eskatu dio barkamena, aireari eskatu ere. Plazan, euri azpian, Garitano ikusi eta harri galdetu dio ostatua non hartu. Fausto Elhuyar du izena. Harritu da abadea. Artega gora eta behera, eskuinera ezkerra, estoldetan eta teilatupeetara… alde guztietara begira, ekaitzaren soinuak hitzak estaliko dituelakoan. Berarekin etxera joateko eskatzen dio. Gela txikia baino ez da Gariren etxea. Seguroagoa jotzen du hori beste ezer baino. Garik iritsi berria ezagun duela, bederen ezagutzen duela, nor den badakiela begi bistakoa da.

Bidaia luzea egin du Elhuyarrek. Baiki. Han geratu da atsedena hartzen. Elhuyarren zerbitzariak, orgatxo automatizatua maletaz eta tramankuluz josita, ezin da han geratu. Lurrina agortzear du. Garitanok berari segitzeko programatzen du eta elizara eroaten du. Hango bere kabinetean mantentze lanak egiteko itxaropenez. Izan ere, modelo berria da hori; amerikanua, litekeena; Aitzorrotzialdeko oso bestelako modelua.

Kaligarian, Irizarrek lortuko du orga desblokeatzea eta amatatzea. Azken lurrin hatsa zaratatsua bota du gailuak. Ez da, ordea, horrek bi lagun azaldatu dituena. Kanpoko aldean bezperako moduko ekaitza berriz ere. Airean, ekaitza lehorra: haizea eta lehertu berriak baizik. Elizaren beirategiak dardaka jartzeraino.

Bibrazioak elizaren ostiko-arkuak beraiek ere dantzan jarri dituela ematen du. Ez, ez da naturala abernoko su hori. Ezta infernuko etsaiarena ez.

Eliz-ataritik ikusi dute suzko bola, zuzen-zuzenean Garitanoren etxea xede. Peñafloridaren hitzak uste baino argiagoak ziren, nonbait.

Ikara gainditzen dute azkar bi lagunek, ikerlariak dira, gertakizunak arrazionalizatzen dituzte. Azkar mugitzen dira. “ez dira hauek arkanjeluen garaiak. Goazen txo!”.

Garitanok saguzaharrak ehizatzeko eskopeta hartzeko eskatzen dio Irizarri. Azkar igotzen dira kanpandorrera. Handik ondo ikusten dute arkanjelua. Jauntxoak ez dira Japoniako katalogo mekanikoen harpidetza egin duten bakarrak. Irizarrek ondo baino hobeto ezagutzen ditu ekialdeko aurrerapen teknikoak, lurretik altxatzeko gai diren mechanical berriak. Han denek mecha esaten dieten horiek.

Uriel goiangeruaren aurpegia ez. Olasoko gargolen burua du honek. Bizkarrean, Olasoko antena bera. Horrela lortu dute oharkabean gordetzen, denon begien aurrean.

Saguzarrak ehizatzeko eskopetak badu osagarri bikaina: armiarma hari-jaurtitzailea. Garitanok sintetikoki hobetsia, armiarma eta pertsonaren arteko proportzioan eusteko gai da haria. Alegia, erraz 10 tonari eusteko gai. T-Rex batek ere ez luke ihes egingo holan lotuta.

Irizarrek txupa gorria darama Bergarako urdinaren gainean. Mecharen itzalaren azpian begiak desitxuratuak bezala ikusten zaizkio begiak, zilerrezkoak, handiak… Armiarma bihurturiko gizona une batez. Tiro egin eta armiarma sarea arkanjelu faltsuari kolatzen zaio, hura Olaso gainean lurra hartzen saiatu bitartean. Hariaren beste muturra kanpandorrean lotu du Irizarrek, eskopetakin trabatuta. Mecha zirkuluan hegan hasten da, kontrola galduta, armiarma-gizonaren preso.

Ekaitzaren hurrengo tximistak kanpandorrean jo du. Haria gori-gorian, txinparta mecharaino iristen da. Une batez, urre kolorea hartu du honek. Super sayan deritzan efektua, zalantzarik gabe. Berehala, beltza. Txondorra lez. Hauts beroa da lurra hartzen duena Olaso gainean.

Aho bete hortz, hurrengoan halako jaurtigailua eskumuturrean lotzea pentsatu du Irizarrek.
Aho bete hortz, tximisten argindarraren eroaleei buruz idatzi eta Ameriketako elkarte filosofikora igortzea pentsatu du Garitanok.

Mecharen gidari Olasoko jauna, hura ere aho bete hortz, elektrokutatu bitartean.

Irudia: Zoroastrian Symbol – Above Fire Temple – Yazd – Central Iran. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Zoroastrian_Symbol_-_Above_Fire_Temple_-_Yazd_-_Central_Iran_(7429170514)_(2).jpg

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude