Suteak amatatzeko automatak aparra bota eta bota ari dira. Alferrik. Garitanoren etxea zulo beltza baino ez da. Denak daude sinestuta apaiza bertan kixkaldu dela. Ikusten diren hezurrak Elhuyar izeneko koittauarenak direnik inork ez du jakingo sekulan.

Kaligarin ezkutatuan, Irizarrek eta Garik plan bat prestatzeko tenorea izan dute, gaua luzea izaten ari baita. Tira, egiaren esateko, Garitanok hainbat mezu diktafonoari esan, honek inprimatu eta mezuak uso mezulariei lotu bitartean, Irizarrek bere okurrentziari bide eman dio: eskumuturreko jaurtitzailea gertatu, alegia.

Bultzaka atera behar izan du Garitanok Irizar Lab-etik, eta bultzaka sartu udaletxean. Suteak sortu iskanbilari esker, inork ez du haiengan erreparatzen. Eder askatzea da plana. Alimalezko ekaitza hasi zenetik horri ere inork ez baitio erreparatu.

Udabaltza aretoa zeharkatu dute. Segitzen du Irizarrek traste berria probatzen. Zirt! Haria ondo atera da, aretoaren mahai nagusian dagoen liburuan kolatu. Zart! Liburua Irizarren eskuetara. Ezin askatu orain, pega-pega eginda.

Ederrekin ez du galderarik egiten gizontxo biak ikustean; Garitanoren berri aurretik ere izan baitu. Hiruak batera udaletxetik atera eta elizan ezkutatzen dira berriro. Egunsentiaren zain.

Eguzki ispiak. Azkenean. Goiz sentiarekin batera Garitanok bidalitako usoetako bat jaso duen Elgetako Iraitz baserriko Lazkano gaztea agertzen da elizan. Ez du denborik asko behar izan bi herrien artean salto egiteko, txakur bat aski baita honek erabiltzen duen snowflyertik tira egiteko.

Garitanok plana esplikatzen die denei:

Lazkanok Elosuraino lagunduko zaituzte. Lur azpian inork zuek ikusi ez. Errekalde atzeko ubidean sartu eta zuzen Bentaraino.

– Elosun lagun sorta izango duzue zain, gure usoek haiengana iristea lortu badute.

– Eder, talde horrekin bat egin arte, ez ireki mezu hau.

– Ni ez noa zuekin.

Eguna gaua bezain luzea izan da. Abiatu dira azkenean. Errekaldeko iturrian dago ubidearen sarbidea. Ur emaria lurraren mailan jario arren, tunel garai eta zabala da hura, bertara ubide gehiago biltzen dira, ura iragaziz. Ur hori da jauregietan edaten dena. Lazkano gazteak ederki ezagutzen ditu lur azpikoak. Bide zuzena aukeratzeko gidari trebea, tunelez tunel ez nahasteko. Halako batean Lazkano gelditu egiten da, aurpegi serioa.

Hemen gelditu biogu.

Zer dela eta? Elgetako Lur azpiko Mariri lotutako tradizioaren bat…? Irizarrek dagalde.

Ez, ez, beste tradizio bat. Ikusiko…. Tor!. Txakurrari deika.

Lazkanok eta txakurrak pixa egiten dute ubidean: “Ur hau Errekaldera doa, eta Peñafloridak eta haren lagunek edaten duten ur bera da. Ohitura dut”. (Une horretan iritsi da Peñaflorida etxeko kanillara, ura edaten pentsakor… Bergarako ura beti bezain goxo).

Tunelean, Irizarren harritu aurpegia ezin gainetik kendu, Lazkanok eta Torrek barre algara artean dapixate, Ederren hasperen artean.

Elosuko bentara iritsi dira ubidetik. Ez dago inor. Gau osoa ematen dute han zain. Beste gau luze bat. Bergaran gertatu dena beranduago jakingo dute.

Izan ere, bitartean Bergaran oso bestelako hitzarmena du Garitanok. Errekalde jauregian da hura ere. 1718. urteko sutearen ondoren guztiz berritu zuten. Ez da Olasoko dorrea bezain modernoa, baina barruan Garitanoren Kaligaria txiki uzten duen tramankulu bilduma ederra dago. Mundu osotik ekarria; eta mundu osoa esan nahi du mundu osoak. Taxidermiaren paradisua; gailu modernuetako katalagoak; ur tantek mugitzen dituzten lanabesak; lurrin galdarak zaharrak eta berri… Orduak eta orduak emango lituzk Garitanok bertan…

Ostera, ez dago han jakin mina asetzeko. Zain bitartean, ahots metalikoa entzuten du bulego barruan. Berehala imajinatzen du solaskide izango duenaren piura: jauntxoak burua estalia darama, metalezko kasketaz. Urreztatua. Zapatak apaintzen dituzten urrezko hebillekin bat eginez.

Hau txosten bat diktatzen ari zaio menpeko bati, Azkarateri. Garitanok atea jo, sartu, diktaketa moztu eta aurpegira begiratu gabe ateratzeko agintzen dio Azkarateri. Hau Zergatik? Zertarako? galdezka hasten bada ere, nagusiak ateratzeko esan; txintik esan gabe urrutiratzen da morroia.

Berehala hasi da Garitano arkanjelu faltsuarena leporatzen parean duen jauntxo maskaratuari. Honek berriz, urte askotako ohiturari helduz, inolako erreparorik gabe mozten dio: oraindik bizirik? Konpondu beharrekoa da hori. Segituan.

Kortinen atzean ezkutuan zegoen Bautista Mendizabal morroia ikusteko ez du denborarik izan Garitanok.

Sastagaia garbitzeko kasketarekin zein hebillekin bat egin duen zapi brodatua erabiltzen dute.

Irudia: Seven Archangels, from left to right: Michael, Gabriel, Uriel, Chamuel (Camael), Raphael, Jophiel and Zadkiel. Stained glass made in 1862 at St Michael and All Angels Church, Brighton, East Sussex, England. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Seven_Archangels_(St_Michael%27s,_Brighton).jpg

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude