Eburniko kattana 2.1: Otso-harria. Saldukeria

babel — 2020-04-20
Irakurri Offline:

Pasaiako badia. Kantaurialdeko Glasgow. Portzelana fabrikaren tximiniak horren ospetsu egin duten irudia. Kaolin orea egosi ez ezik, portzelana margotzeko beruznezko pintura eta tintea ekoizteko ke-zulo ugari nonahi. Zama lanak etengabeak dira portuan. Makailua, opioa, portzelana. Hirutasun santua.

Tokiaren berri ematen duten orri autotolesgarriek badiaren inguruan dagoen benta eta ostatu loratzen dituzte. Ospetsuena, Perurenarena dugu. Heroia da Perurena bentaren sarreran dagoen eskultura metalikoak gogoratu bezala Starleyri dema irabazi eta munduari bira hark baino arinago eman zionetik. Bata ekialderantz eta bestea mendebalderantz abiatu izanak Perurena bihurtu zuen garaile. Diotenez.

Eskultura polemikoa izan zen; eskultorearen izena ez da gogoan iltzatua geratu; soilik oriotarra zela. Izan ere, eskandulu handia izan zen gurpil altuko bizikletaren errueda handia hutsik errepresentatzea. Nahiz etabheroia besoak altxatuta agertu, hutsaren gainean dago hura.

Hortaz, bisitariek hutsa den gurpilari katetzen diote lurrin-belozipedoa, bentan tragoa hartzea gerturatzen direnean.

Benta barruan jende andana dago. Tabernariari, Perurenari berari, kaskoa berotzen diona ezaguna dugu. Azkarate da, Peñafloridaren morroi hura.

– Kolore askotako makutoak ditut salgai, bandoleran eramateko. Dio Azkaratek.

– Baina beti eraman dugu eta makutoa bandoleran txo. Bestenaz, mundu biran jana soinean emateko nola moldatu nintzela uste duzu?

– Bai; baleike. Ordea, nire asmakizunari esker bai ezker aldean bai eta eskuma aldean ere eroan leike dozu bandolera zintzilik. Alde batera jartzeko, esan “heldu”. Beste aldera ipintzeko, esan “marruzkatu”.

– Baina baina… hoa hire amatxiren berdela perratzera, kaiku alua. Ea hura zintzilik dagoen.

– Hain zuzen ere, nire ustez hori ez da posible. Izan ere, aipatzen duzun berdelak, izen zientifiko scomber scombrus, ez ditu eta perra non…

Esaldia amaitzen utzi ez, ta Perurenak lehiotik botatzen du Azkarate, ikuilu aldera. Noiz eta… Ederren bidelapur kuadrila bertan denean, Elhuyar zelatatzeko prestaketan. Aurpegiak lastoz eta gorotzez maskaratzen ari dira, Azkaratek ama-ama potx! lurra hartzen duenean sats eta simaurren meta biguinean.

Ene bada jaungoikoa. Gamon alkatea ohartarazi behar dut”.

Irudia: “Poll (1947, fig. 180)” by H. Dupond in Poll (1947) (naar Day) CC BY-NC-SA 4.0

Irakurri Offline: