Eburniko kattana 3.2: Fisika. Itsas-Lurreko istorioa

babel — 2020-04-24
Irakurri Offline:

Bero zapa egiten duen arratsaldeetan ohikoa dugu taosa badian. Esku zuri eta leunak mendiarekin talka egiten du. Gozo gozo abiatzen da maldan gora itsasotik. Boleketik luzatzen da kotoi bola erraldoi gisa. Behatzak luzatu eta ziztu bizian sartzen da kanaletik, biribilki eztitsu gisa. Dena estaltzen du. Itsu bihurtzen ditu paraje hauek.

Alta, beti ez da bero zapa behelainoaren erruduna. Pasaiako kondairetan behelainoa urrutiko oihartzun bati lotzen zaio. Itsas zabalean jaiotzen den arrabotsaren oihartzuna. Danborren ahotsa moduko baten oihartzuna. Badia etsaientzat ikustezina bihurtzen duena.

Danborrak letania bat lagun. Itsasontzi batean erritu zaharra. Afrikatik karibera. Karibetik Kantaurira. Hiru mastaren azpian eskifaia zutik. Erdian, koblakaria. Xango-Hodeiri deika. TAM TAM NAGUSIGAI EZ DIRENEN TAM TAM-AK. TAM TAM ZORITXARREKO DIRENEN TAM TAM-AK. TAM TAM BABYLONIA ZAHARRAREN ZIMENDUAK TARRATATU DITZAN MALERUSEN TAM TAMAK. TAM TAM CANDOMBLE, VUDU ETA SANTERIA. TAM TAM AMAIGABEKO ZEREMONIAN. TAM TAM ORIXA GUZTIAK BATZARTUKO DIRA. TAM TAM CANDOMBLE, VUDU ETA SANTERIA…

Kuadrila bakarra dago vudu-kantak euskaraz abesteko gai dena: Lafittek bildu duena, bistan dena. Goitizen asko irabazi du Lafittek. Deabruarena ez da okerrena.

Tam-tam-en erritmoan beroa gora doa. Lanbroa altxata, eskua hasi da luzatzen, magalak, ura eta bailara guztia kotoizko hatzez ukituz eta bere altzoaren baitan ikustezina gordetzen.

Itsu geratu dira lehorrekoak. Lanbroaren atzetik, bulka egingo balu bezala, fragata abiatzen da. Bokaleko defentsak geldirik daude, bi alboak zaintzen dituzten arroka mugikorrak geldirik daude. Ero bat jarri dute piloto; edo, agian, bertakoa da. Bestela, nekez abiatuko zuen halako maniobra. Arando harriak gibelean utzi, Senokoan ainguratu du fragatak.

Hovercraft uretara. Itsas gorarekin irrist badian zehar. Uraren gainean daude etxeak. Bata bestearengandik bereiztea ez da erraza, bilatzen duzuna ez baldin bada, jakina, Arizabalo jauregia. Egurrezko etxe iharren artean, harro baino harroagoa luzatzen den palazioa, kaia eta ontziola alboan.

Lainoak berak ixilarazi du garroa botatzeko mosketoiak egindako soinu grabea; sokak airea mozten du ziztu bizian. Garroak osk, tenkatuta. Mosketoiaren kolpekariari bigarrengoz eragin, txirrikek aise aupatzen dute lagun bat sokatik gora. Teilatu gaineraino.

Teilatu azpian bere burua zelada batean ikusi duen gaztea are gehiago urduritu da. Inozo moduan harrapatu dutela pentsatzen du, hemezortzi urte beteta ume sentituraino. Arizabalora gonbidatu dutenean bere planaren berri etzutelakoan, axolagabe joan da, gaztaroan askotan egin bezala, han eta hemengo jaun andereen festa eta tertulietan. Ez zuen inolaz ere espero ganbaran bahituta amaitzea.

Bapatean soinuak entzun ditu. Non? Buru gainean, teilatuan. Ezer onik ez du espero. Lehiotxo bat dago, baina kanpoan ilun. Etsaiaren zain geratu da. Baita hura heldu ere, kristala hautsi eta ulertu ez duen moduan instant batean lurra hartu duen gorpuzt txikia heldu ere. “Tente” oihukatzen dio Lafayettek, bere euskara apurra ulergarria izango delakoan.

Erantzuna potroetan ostikoa izanda da. Lurrean botata, etsaiaren menpe dago. Erasotzaileak burua daraman tramankulua kendu du. Neska gazte bat ikustean harridurak mina gainditzen du.
– Eta orain zureak benetan ez badituzu galdu nahi, hobe duzu nirekin etortzea. Ez dio ez azalpen asko eman Ederrek. Ezta berak eskatu ere.

Burukoa berriz jantzi, frontolaren botoia klikatu, argiak piztu, trumilka dabilen Lafayette minduta heldu, sokari gogor tira eta etorri bezain fite howercraftean daude bueltan. Popan eserita, arraun neumatiko laburra gogor astintzen du Ederrek, ziztu bizian uraren gainetik. Txalupan zoriabiatuta, oka egiten du Lafayettek, korrokoien pozarako. Okada ez da aski neskaren errimoa moteltzeko. Lehen alde zuen ur-lasterra kontra badu ere.
– Eder naiz; zu Lafayette izatea espero dut.

Ahoa bete hortz segitzen du honek, buruarekin baiezkoa egiten.

Lanbro-mataza hasia da askatzen. Fragatara atxiki da txalupa iristagarria. Lafayette eskala gora doa. Hobe han ganbara ilun batean baino, pentsatu du, non eta zeinekin dagoen oso garbi ez duen arren. Ederren igotzeko txanda denean, ahots batek agintzen dio:
– Egon, egon.

Eskalatik behera datorrena Lafitte bera da.
– Uste baino azkarrago iritsi da Almirantea. Lezoren itsasontzia Torrearen ondoan dago amarratua… lanbropean ez gaitu ikusiko eta bere amarrak askatzen baditugu dultzemeneoan hasiko da badian barna. Jolastu nahi?

Erantzun ere ez du egin Ederrek, irri maltzurra ezpainetan, berriz alde duen uretan eragiten du arrauna berriro. Lezorenera zuzen. Laffite txaluparen zoruan botata doa, esku batean suzia, bestean zerra zirkularra iraxekita.
Ontzi almirantean, Lezo urdiri dago. Badian jaio da. Berak ere lanbroa sortzen zuten oihartzunen berri du. Horregatik, San Pedroko apaiza jarri du otoitzan. Honen salmoak kanpandorretik errezitatzen dira. Bertan dago ere bokaleko bentiladoreak demarratzeko gailua. Trantze mistikoan apaiza, bentiladoreak abiatzeko kirtenetan bi meza-mutil gogor, apaizaren marmarrak hipnotizatuak bezala. Ez alferrik. Bentiladoren hotsa nagusitzen hasia da jada ahultzen ari zen lanbroa uxatuz.

Irudia: General Baquedano. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Chilean_naval_crew_on_board_GENERAL_BAQUEDANO,_July_1931.jpg

Irakurri Offline: