'Patria' ez da euskaldunon aberria

portada — 2020-12-02
Irakurri Offline:

Formatu laburrean ideia eta sentimendu asko iradoki daitezke. Hala egiten du Nire eguneroko maitea film laburrak (Eñaut Castagnet, Ximun Fuchs, Manex Fuchs, 2020). Berriki estreinatu dute fikziozko lana Bilboko Zinebi jaialdian. Eman dute baita ere Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bileran eta Hazparneko (Lapurdi) Zineginen, Kanalduderen bitartez. “Etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea da”, entzuten da filmean. Beharrezko hitzak dira horiek, 2020. urte madarikatu honetan, behar-beharrezkoak. Nire eguneroko maitea film laburrak denboran 2011ko urriaren 20ra eramaten du ikus-entzulea. Egun horretan, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki zuela jakinarazi zuen. Egun horretan, une horretan euskal herritar bakoitzak iltzatuta izango du memorian non zegoen, norekin zen, eta zer egin zuen arratsalde horretan. Berehala argi geratu zen, bide batez, une historiko horretatik aurrera errelatoarengatik bataila egongo zela. Onar dezagun bada: gaurko gizarte garaikidean, ikus-entzunezkoen bitartez egiten diren errelatoak bereziki garrantzitsuak dira. Pantaila guztietan sartzen dira ikus-entzunezkoak (“nahigabe ere bai”, esango du batek baino gehiagok).

Gogoan dut, ETAren iragarpena iritsi eta hilabete gutxira, Barrura begiratzeko leihoak dokumentalarekin sekulako kalapita sortu zela. Kartzelen barnealderantz eta pertsonen barnealderantz, bost istorio independente kontatu zituzten bost zinemagilek film hartan. Josu Martinezek koordinatutako dokumental ederra izan zen, baina estreinatu aurretik izan zituen makina bat zailtasun aurrera egiteko. Donostiako Udalak, Bildu zegoen alkatetzan, dokumentalari 9.000 euroko laguntza ematea erabaki zuen. Hori gertatu eta berehala, Espainiako Gobernuko Barne ministroak (PP zegoen gobernuan) esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela laguntza. Ondorioz, dokumentalaren egileek uko egin zioten Donostiako Udalaren laguntzari. Josu Martinezek hala esan dio duela gutxi Berriari, urriaren 18an argitaratu zen erreportaje batean: “Gu zokoratzeko kanpaina bat egin zuten, eta, azkenean, politikaren eremuan kokatu gintuzten, ez sorkuntzarenean”.

Urte horretan, Donostiako Zinemaldiak ezezkoa eman zion Martinezen eta beste lau egileen lanari, eta ez zuen Barrura begiratzeko leihoak eman. Zinema jaialdia hasi baino egun batzuk lehenago ikusi nuen dokumentala, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta nire susmoak berretsi zituen: lan hark bazuen maila eta kalitatea Zinemaldian emateko. Erabaki politiko bat egon zen ukazio haren atzean.

Handik hiru urtera, ETBk Barrura begiratzeko leihoak dokumentala eman zuen. Eta orduko hartan, emanaldiaren aurka egin zuten PPk, UPDk eta Covite biktimen elkarteak. “ETAren historia zuritzen saiatzea” egotzi zioten EITBri, dokumentala emateagatik. Dokumental horren kasuarekin, lehendik jakina zena azaleratu zen modu krudelean: zenbaitek markatzen dutela zein den eman behar den errelatoa eta zein ez.

Filma osorik ikusteko aukera dago Argia-n.

2012koa da Barrura begiratzeko leihoak. 2013. urtekoa da, berriz, Asier eta biok dokumentala, Amaia eta Aitor Merinok zuzendua. Asier Aranguren ETAko kidearen eta Aitor Merino aktore eta zinemagilearen arteko adiskidetasuna jasotzen du dokumental horrek, umore biziz, baina sakontasunez, aldi berean. Film hori iritsi zen Donostiako Zinemaldian estreinatzera: Irizar saria ere jaso zuen, euskal ekoizpen onenaren saria. Baina hautsak ere harrotu zituen. Espainiako zenbait egunkari ultra eskuindarrek Aitor Merinoren eta pelikularen aurka jo zuten. Zorionez, 2014ko urtarrilean Asier eta biok hainbat zinema areto komertzialetan estreinatzea lortu zuen. Harrera beroa izan zuen, eta herriz herriko zirkuitoetan ere ondo funtzionatu zuen.

Filma osorik ikusgai dago Vimeon.

2014. urtean, berriz, Negociador fikziozko filma zuzendu zuen Borja Kobeagak. Komedia ukituekin, Kobeagak kontatu zuen Jesus Egiguren sozialistak ETAko ordezkariekin izan zituen elkarrizketak, 2005. eta 2006. urteetan, Suitzan. Pelikula arriskatua izan zen, nahiko ausarta, eta lortzen du une batzuetan irribarrea sorraraztea. Ez dut uste pelikula biribila zenik, esango nuke Vaya semanita-ko umorearekin parekatu nuela bere garaian, baina aipatzea merezi du. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta euskal ekoizpen onenaren Irizar saria eraman zuen.

2014koa da baita ere Lasa eta Zabala filma. Pablo Malo zinemagileak zuzendua, Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean estreinatu zuten (Sail Ofizialean, lehiaz kanpo). Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazteak 1983. urtean Lapurdin atxilotu zituzten, eta gero basatiki torturatu zituzten, hil arte. Gertaera haiek gogoratu, eta pelikulan torturen irudi gogorrak agertzen dira. Ondotik, abokatuek auzitegietan izandako lana ageri da. Kalitatez erdipurdizko maila duen filma da, euskarazko zenbait elkarrizketek ez dute batere naturaltasunik, baina lanak balio izan zuen zenbait tokitan eta ikus-entzule batzuentzat Lasak eta Zabalak sufritu zutena eta GALek egin zituenak gogoratzeko. Ziur aski, falta da GALekin lotutako pelikula indartsuago eta osatuago bat. Atzerrian bidaiatu dezakeen kalitate handiko lan bat.

2015ean, bestalde, Imanol Uribe zinemagileak Lejos del mar filma aurkeztu zuen, hori ere Zinemaldian. Uste dut hori dela azkeneko hamarkadan ETArekin lotuta egin den pelikularik txarrena (1990eko hamarkadako Offeko maitasuna kaskar hura gogoan, eta La casa de mi padre (2008) lotsagarriaren parean). Egongo da, agian, baten bat txarragoa, baina oharkabean pasatuko zitzaidan. Istorio sinesgaitz batean, ETAko preso bat kartzelatik aterako da eta Andaluziara joango da. Han topo egingo du emakume batekin; andre horren aita hil egin zuen ETAko kideak urte batzuk lehenago. Pelikula hark ez zuen ez hanka ez buru; estreinaldi egunean, aretoan barre algarak entzun nituen, baina ez komedian ahalegintzen zelako, txarra zelako baizik. Oso jende gutxik ikusi zuen zinta. Eta badirudi une hartan, gainera, gaiak ez zuela aparteko interesik sortu Ebrotik hegoaldera bizi diren zinemazaleen artean.

2015ean, bertan, Frantziako Canal Plus ordainpeko kateak Le Sanctuaire telefilma estreinatu zuen. Olivier Masset-Depasse zinemagileak zuzendu zuen fikziozko lan hura. Bertan, 1980ko hamarkadan izan ziren gertaera zenbait jasotzen ziren: GALen atentatuak, Yoyesen hilketa, Txomin Iturberen saiakerak eta Frantziako Justizia ministerioko aholkulari batek egindako mugimenduak. Nahiko oharkabean pasatu zen, baina proposamen interesgarria izan zen 1980ko hamarkadako giroa eta gatazkarekin lotutako pasarte batzuk ezagutzeko. Egon dira makina bat txarragoak, behintzat.

2018ko otsailean, Igor Legarretaren Cuando dejes de quererme filma estreinatu zuten zinema aretoetan. Thriller generoko lan horretan, ustez ETAren hilketa bat egon daiteke istorioaren atzean. Legarretaren opera prima-k, ordea, ez zuen oihartzu handiegirik izan. Baina nahiko zeharka aipatzen du euskal gatazka. Fernando Bernuesen Soinujolearen semea (2019) ere esan daiteke ez dela zuzenean gatazkaren inguruko film bat, baina baditu euskal errealitate politiko-armatuarekin loturak eta pasarteak.

Lan horiek guztiak pantaila handirako egindako filmak dira. Baina izan dira formatu txikiagoan edo pantaila txikirako proposatutako zenbait ekoizpen. Esate baterako, 2017ko urrian, Pasaiako badia dokumentala estreinatu zuten. 1984ko martxoaren 22an Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Pasaian (Gipuzkoa), eta han gertatu zenari buruzko kontakizuna egin zuten Xabier Otamendik, Yuri Agirrek eta Erik Aznalek. Dokumental benetan hunkigarria da. Egin dira antzerako lanak azkeneko hamarkadan (ETB1eko Ur handitan saioko erreportaje batzuk izan daitezke adibide egokiak), baina iruditzen zait ez dela ahaztu beharreko lana Pasaiako badia.

Thomas Lacoste Bordeleko (Okzitania) zinemagileak, bere aldetik, La paix maintenant, Une exigence populaire dokumental laburra ondu zuen, 2017an; ETAren armak deusestatzeko herritarren ekinaldiaz, eta 2016ko abenduan Luhuson (Lapurdi) egon zen polizien operazioa oinarritzat hartuta. Bakearen artisauen lanaren ingurukoak nola joan ziren gertatzen biltzen zuen dokumental hark. Artisau lan haren ondotik, ETAko armen armagabetzea bururaino eraman zen Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan,  2017ko apirilaren 8an. Handik urtebetera, 2018ko maiatzaren 3an, ETAk behin betiko desegitearen iragarpena egin zuen. Iragarpen hori gertatu zenetik gaur arte, ETArekin lotutako ikus-entzunezko lanen eztanda berri bat gertatu da. Dokumentalak eta telesailak estreinatu dituzte ordainezko plataformek zein telebista kateek. Eman dezake zenbait mikrokosmoetan dena dela Patria, baina askotariko lanak estreinatu dira hamarkada honetan euskal gatazkari lotuak. ETAk 2011ko urriaren 20 hartan iragarpena egin zuenetik. Eta etorriko dira gehiago.

“Con patatas…” Ezin da Patria kontakizunaren erreferentetzat hartu. Partziala, gaiztoa eta pozoitsua delako, eta sinesgarritasunik ez duten egoerak errealak balira bezala saltzen dituelako. Hala idatzi nuen telesaila estreinatu zenean, eta iruditzen zait telesailak liburuaren aje berdinak dituela: manikeismoa, testuinguru falta, gaiztoak oso gaiztoak eta ezjakinak… Kontua da HBO plataforma estatubatuar handiaren dirua izan zuela atzean fikzioak. Hori oso agerian gelditu zen marketinean. Zinemaldiko egunetan, Kursaalaren pareko lau kartel erraldoik iragartzen zuten Patria; eta bestaldera, Gros auzoaren aldera, beste lau kartel erraldoi telesaila iragarriz. Hori Bulebarreko beste kartel are handiagoa ahaztu gabe.

Aurrekoan irakurri nion txiolari bati ezin dela fikzioaren irakurketa errealitatearen irakurketa moduan egin. Ados. Erabat. Baina, hara: diruak gailentzen ditu errelato batzuk, beste batzuen aurrean. Eta diru gutxiago duten ekoizpenek oihartzun txikiagoa dute, errelatoaren batailan. Fikzioaren bidez zein ez fikzioan.

Maialen Lujanbiok Barañainen (Nafarroa) urriaren 1ean kantatutako bertsoetan, hala dio: “Literaturak eta arteak berritzen du memoria”. Mikel Zabalzaren hilketaren harira, oroitzen du bertsolari txapeldun eredugarriak: “Fikzioa ere ukatzen zaio errealitate horri”.

Lujanbioren bertsoak goraipatzeko modukoak dira, eta goraipatzeko modukoa da baita ere Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pituk egindako Non dago Mikel? dokumentala. Memoria kolektiborako, ondo gorde beharreko lan horietako bat da, zalantzarik gabe. Ikusi berritan, aipatu nuen azkeneko urteetan Euskal Herrian egin den dokumental hunkigarrienetakoa dela. 2021eko lehen seihilekoan Euskal Herri osoko aretoetan ikusi ahalko da lana. Izan dezala bide oparoa. Joan zaitezte denok ikustera, mesedez.

Bide luze eta zaila izan du Alfontso Etxegarai deportatuak Euskal Herrira itzuli den arte. Caminho Longe dokumentala ere estreinatu dute aurtengo Zinemaldian. Nola itzultzen da deportatu bat Euskal Herrira 33 urtez Sao Tomen deportatuta egon ondoren? Nolakoa izango da bikote harremana elkarrenganako «distantzia eta elkargune» izan den herria utzi ondotik? Alfontso Etxegarai eta Kristiane Etxaluzen etxerako itzulera kontatu dute Caminho Longe lan sentiberan Josu Martinezek eta Txaber Larreategik.

Lan hori ikusita, egongo da ziur aski hurrengo urteetan kontatu beharreko istorio bat ere: sasian daudenen itzuleraren istorioa.

Non dago Mikel? eta Caminho Longe dokumentalen aurrekontuarekin baino askoz diru gehiagorekin egin dituzte La linea invisible telesaila eta ETA: El Desafío dokumental saioa. La línea invisible telesaila Movistar Plus plataformak estreinatu zuen: Txabi Etxebarrieta eta Meliton Manzanas dira istorioaren protagonistak. ETAren lehen urteetako buruzagietako bat batetik, eta frankismoko torturatzaile bat, bestetik. Kontua da Manzanas torturatzailea on puska gisa margotzen dutela Mariano Barrosoren telesailean. Nahiz eta Barrosok berak hala esan zidan elkarrizketa batean: «Historia manikeoa izan daiteke; istorioak, ez». Amazon Prime Videoren ETA: El Desafío dokumental saioan, bestalde, guardia zibilen errelatoa da oinarria. Ez da nire baieztapena; saioaren egileek eta ekoizleek onartu dute gidoiak idazterako orduan hartu duten biblia Manuel Sanchez Corbi guardia zibilak idatzitako Historia de un desafío: cinco decadas de lucha sin cuartel de la Guardia Civil contra ETA liburua izan dela. Gainera, guardia zibil horren kontakizunak du elkarrizketen errelatoan pisu funtsezkoa, eta hari aitortzen zaio “egia”. Irabazleen “balentria”.

Amazoneko dokumental saioaren nahiko tankerakoa da Jon Sistiagaren ETA, el final del silencio dokumental saioa (iaz estreinatu zuen Movistar Plusek). Irungo (Gipuzkoa) kazetari batek egindako lan bat da, bere kabuz, baina oso agerian uzten du zein bandotan jarri nahi duen. “Etikaren ikuspegitik hurbildu nahi genuen gaira“, esan zidan Sistiagak.

Amazonek eta Movistar Plusek estreinatutako lanek baino ekarpen politiko eta historiko handiagoa egin du Thomas Lascostek Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix dokumentalarekin. Urtarrilean estreinatu zen, Miarritzen (Lapurdi). Frantziako Gobernuari mezuak bidaltzen zitzaizkion lanean, Enekoitz Esnaolak kontatu zuen moduan. Zinemarako bertsio luzea ikusteko modukoa izango da, ziur aski (egunotan jakin dut irailean iritsiko dela zinema aretoetara Hipotesi demokratikoa filma). France3 kateak eman zuen telebistaz lana, lehenbizi, eta Maite Pagazaurtundua eurodiputatua saiatu zen lanaren estreinaldia eragozten eta edukia zentsuratzen. Udaken honetan, bestalde, ETBk emititu duenean, Covite biktimen elkarteak “ETA zuritzea” leporatu dio ETBri, filma emateagatik. Emankizunaren gaia Eusko Legebiltzarrera iritsi zenean, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak salatu zuen zentsuratzeko modukoa zela dokumental horrek biktimen lekukotzak ez jasotzea. Beno, ba, hain justu Iñaki Egaña historialariak esan zidan gaiarekin lotuta parte hartzeko jaso zituen proposamenen artean, soilik baiezkoa Lacosteri eman ziola, “serioena” iruditzen zitzaiolako. Dokumental mamitsua da Lacosterena, eta ez du konplatzientziarik Espainiako eta Frantziako gobernuekin. Boterearekin kritikoa da, eta errelato horrek ez die graziarik egiten batzuei.

Ez du Iñigo Urkulluk Patria kritikatu, baina tira, liburua eredugarria izango da, noski, Vox alderdiak ere oparitu dio eta. Dena aitortze aldera, pozgarria da Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Martutene eleberria irakurri izana, eta espero dezagun Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak ere Martutene goitik behera irakurtzeko adina irakurzaletasuna izatea. Lehen agerraldia egin du Aldekoak Eusko Legebiltzarrean, eta iragarri du EITBk Gogora institutuarekin elkarlanean jardungo duela memoriaren lanketan. Ikusiko dugu zertan gauzatzen den.

Azkeneko boladan estreinatu dira euskal gatazkarekin lotutako lan gehiago ere: iaz, Ihesaldia telesail laburra estreinatu zuen ETB1ek, benetako gertaera batzuetan oinarrituta. Ez zen hautsak harrotzeko horietakoa. Aipatzekotan, agian, zein baliabide eta denbora gutzi izan zuten Pausoka ekoizpen etxekoek lan hori egiteko.

Berriki Ernest Lluch, libre y atrevido dokumentala ikusteko aukera ere izan dut. Zinebin estreinatu ostean, TVEren webgunean dago ikusgai. Duela 20 urte hil zuen ETAk Lluch, eta oroitzeko moduko pertsonaia izan zen kataluniarra. Halako gehiago iritsiko dira. Eta askotarikoak egon daitezela espero dut, errelato pluralaren erakusgarri.

Eneko Sagardoy aktoreak elkarrizketa batean hala esan du berriki: “Hedabide eta sektore batzuek interesa dute saltzeko Patria behin-behineko kontakizun gisa, edo egia absolutua izango balitz bezala. Nik uste dut ez telesail batek, ez pelikula batek ezin dituela laburbildu hain sakonak eta hain mingarriak izan diren horrenbeste urte“. Zentzuzko hitzak dira, ziur aski aktoreak telesailaren promozioaren erdian esan ezin zituenak. Baina litekeena da Patria-n parte hartu zuten aktore askok antzeko sentimenduak izatea. Dihoakie hemendik aitortza lerroak baita ere HBOren eskaintzari ezezkoa eman zieten aktoreei, jakinda dirua eta aldi baterako lan aitortua galduko zutela.

Argi dago errelatoak ikuspuntu desberdinak behar dituela, eta ari direla errelato desberdinak azaleratzen. Interesgarria izan zen, eta ezerosoa, adibidez, Yoyesi buruz berriki ETB1eko Ur handitan saiokoek egin zuten erreportajea. Lan garrantzitsua izango da baita ere Ander Iriartek zuzenduko duen Kraskaren soinua. Munduko herrialde askotan izan dezake oihartzuna dokumental horrek, eta ulergaitza da nola Euskal Telebistak ezezkoa eman dion proiektu horri babesa emateari. Ea ematen dioten, behintzat, Patria-k adinako bozgorailua.

Eta esan bezala, iritsiko dira gehiago. Horietako bat fikziozko film luze bat izango da. Ximun eta Manex Fuchs eta Eñaut Castagneten eskutik, Nire eguneroko maitea film labur zoragarriaren bidetik. Arantza Santestebanen 918 gau filma izango da 2021ean ikusiko dugun beste lan bat. Badira gehiago bidean.

Ez dira guztiak ikusi beharrik, ez da guztietaz hitz egin beharrik ere. Baina euskaldunok, behintzat, jar dezagun arreta euskarazkoetan (merezi duten horietan, behintzat). Eta gogora dezagun, ez dezagun ahaztu, euskaldunontzat ez direla gauza bera Patria eta Aberria.

 

 

Irakurri Offline: