Eta orain, zer ote dator orain?

,
Imanol Epelde-ren avatar

Hari narratibo batek lotzen gaitu bizitzara. Eta norberak erabakitzen du narratzailea kanpoko norbait izango den edo norbera. Bakoitzak erabakitzen du kontatuko dena edo zaiona historia izango den, edo istorio: beltza, tragikomikoa, esperimentala. Bizitza narrazioa da. Horregatik engantxatzen nau bizitzak. Badakidalako eta ez dakidalako zer datorren.

Bizitzan bezala, ikasgai bat planifikatzerakoan ere gidoi bat idazten ari naizela pentsatzen saiatu behar dut. Irakasleak gidari eta ikasleak protagonista izango diren pelikula abenturazkoa osatu nahi dudala. Klaseak funtzionatuko badu, gidoiak funtzionatu duelako izango da. Klase bakoitza bukatu beharko lukete nire ikasleek galdezka: Eta orain, zer ote dator orain? Noiz iritsiko nire hurrengo klasea.

Galdera hori probokatzeko ezinbestekoa dut ikasleen pasioetatik eta interesetatik abiatzea. Zerk mugitzen ditu gazteak? Zein gaitasun eta abilezia dituzte? Urtero-urtero ezin naiz ibili gauza bera egiten ikasle desberdinak izanda. Entzuten ditut euren galderak? Zein kezka dituzte? Mundua aldatzen ari da eta eurengandik jaso nitzake klabe asko. Ikasleekin etenik gabe mantendu behar dut feedbacka, jakiteko zerk merezi duen ikasleak jakitea. Bedi aspermena klaseko etsai baikar. Bego Zoriona aparteko ikasgai bihurtu nahi dutenen asmoa gogoan bakarrik.

Aurten bai, Imanol. Sarritan entzuten den esaldia aplikatu behar dut. Izan dezadan kontuan beti lanik efektiboena afektiboena dela. Nola tratatu ditudan, nola sentiarazi ditudan, hori da gogoratuko dutena. Burutik burura baino bihotzetik bihotzera egin beharko nuke lan. Eta kasu! Jarri diezaiodan arreta isiltzen dudanari. Esaten dudanarekin baino gehiago irakasten dut-eta isiltasunarekin.

Baliabide digitalak horren guztiaren esanetara erabili beharko nituzke. Elkarrekin. Gauza guztien gainetik elkarrekintza delako sareak ekarri diguna. 2.0a. Elkarrekin eraikitzea jakintza, ikaskuntza, prozesua. Lankidetzan. Ikaskidetzan. Gizarte hiperkonektatua da gurea. Espezie globalak gara. Bukatu da bakoitzak berea egiteko garaiak. Elkarlanean aritu behar dut gainerakoekin. Eskolako mugak gainditu. Ikastetxe asko jar gintezke elkarlanean. Eskoletako hormak eraisten egin behar dut lan Berlingoak, Palestinakoak, Bidasoakoak nola. Baina ez kanpora begirako hormak soilik, baita ikastetxe barrukoak ere: mailak-gelak-irakasleak nahastuz.

Eta hori dena, den-dena ikasleak euren narrazioaren protagonista bihurtzeko. Behaketak asko lagundu dezake, entzuteak. Bai, baina ikasi, benetan ikasi eurak protagonista bihurtzean ikasiko dute. Eta egitean, ekitean: galderak egin eta erantzuten saiatzen direnean, ulertzen saiatzen direnean, haiek direnean ikasitakoa azaldu behar dutenak. Ez diet literatura buruz ikasaraziko, Lubaki Banda bat ateratzen saiatuko naiz gelatik.

Aupa Imanol. Ez zegok erraza baina 2016 honetan bai. Lortuko duk. Hik badakik klaseak ematen. Ohm pare bat klasera sartu orduko eta maitasun pila bat euskarako klase bakoitzean. Hitaz akaso ez, baina hizkuntzaz eta bizitzaz maitemindu daitezen zertxobait gehiago.

Iruzkinak