Sarrera honen soinu banda, HEMEN.
/ Bat /
Oraindik filma ikusi gabe idazten hasi naiz sarrera hau, baina oinarri duen Ted Chiangen The Story of your life ipuina irakurri duenak jakingo du horrek ez duela garrantzirik: hasiera eta amaierak lotuta daude, ezinbestean.
Filmak jaso duen harrera bero zein epela ikusita uste dut egoera primerakoan nagoela Fikzio Zientziako blockbuster amerikar-baina-sentikor-berezi bat zineman ikusteko. Batetik, esperantza sortzen du Ted Chiang bezalako fikzio zientziazko ipuingintzaren kung-fu maisuaren pantailarako egokitzapenak. Bestetik, terrorea; txikitako edo gaztetako ipuin-liburu kuttunenaren bigarren zatia argitaratzera doazela jakitearena bezala. Zabalduko al du, hain ezagun eta hain maite dugun mundua? Ala amilduko al du, segidak hasiera kutsatuz? Ez dakigu. Itsu gara, etorkizunaren aurrean.
Baina, esan bezala, egoera primerakoa da: eszeptikotasun enpirikoki trebatuaren eta enperiak kamustu gabeko itxaropenaren artekoa.
Txarra izan daiteke, baina… Ona izan liteke, baina…
/ Bi /
Ted Chiang.
Izan nuen neska lagun bat fikzio zientziaren alorrean asko irakurritakoa, eta behin liburu bat utzi zidan. Espainieraz La historia de tu vida y otras historias deitzen zena eta ezagutzen ez nuen autore bat zuena egile: Ted Chiang jauna. Ipuin bilduma bat zen. Tartean ez nituen halako asko irakurrita, eta ez hotz ez bero hartu nuen gaia, bildumak erabat harrapatuko ninduela inola ere pentsatu gabe.
Eta harrapatu egin ninduen, guztiz. Comprende (Understand) gogoratzen dut ondoen. Hamarkada bat beranduago ere bihotzean utzi zidan aztarna hor dago. Hor jarraitzen du. Hor jarraituko du.
Gogoratzen dut baita La historia de tu vida (The Story of your life) ipuina ere. Liburuari, bildumari izena ematen diona. Eta Ailegera (Arrival) filmari izana. Bere araztasuna. Astringentzia. Alientasuna. Ideiaren zorroztasun hori, zist, zast, konturatu gabe atzamarra odola dariola aurkitzen duzunean bezala. Mina heldu baino arinago.
/Hiru/
Zinemara joatea erdi erabakita nuen arren, azkenean hobeto pentsatu eta filma etxean ikustea erabaki nuen: screener bat streaming bidez. Badakizue. Screener. Streaming. Behinolako orainaldi baten etorkizunean gaudela gogoratzen dizkiguten anglizismoak. Neologismoak. Lehen stream-ek ibaiari, errekastoari egiten zion erreferentzia; egun, jaitsi gabe, fisikoki eduki gabe zuzenean kontsumitu dezakezunari. Screener, pantaila bat grabatzearen praktika debekatua, beste pantaila batean proiektatzen gero. Etorkizuneko praktika debekatuak, etxeko erosotasunean.
Noan harira, baina. Spoiler-ik ez.
Gustura ikusi nuen etxean filma. Auskalo nongo zinema areto batetik lapurtutako irudi eta soinu horiek, tonu urdindun irudi eskas eta latoizko ahots arrarozko screener-a. Gustura ikusi nuen. Eta badu horrek meriturik.
Baina interesgarriagoa dena: ikusi nuen filmari 20 minutu falta zaizkio. Salto egiten du, eta loop batean bezala, 20 minutu errepikatu egiten dira, kontatu behar zuena kontatu beharrean jada kontatutakoa berriro kontatuz. Salto egin nuen, noski. Ez gaude 20 minutu berriro bizitzeko moduan. Ez dago astirik.
Baina gustura ikusi nuen.
/Lau/
Sarrera hau idazten ari naizela, kontakizunaren birkonstrukzioa, berreraiketa egiten ari naiz. Kontakizunaren kontakizuna.
Falta zitzaizkidan 20 minutu horiek ikusi gabe nituen, baina irakurrita neuzkan. Zati bat ipuinean. Zati bat filmari buruz irakurtzerakoan, sinopsi moduko batean. Banekien bazetorrela, azkenean etorri ez zena. Falta den zatitxo hori irakurrita nuen, etorkizuna bezala.
Ez da bilatua izan, baina filmeko protagonistaren antzerako bizipenera hurbildu naiz nolabait. Egungo saturazio transmediatikoak, plataformen arteko esanahi eta informazioaren zirkulazioak, testuen porotsutasunak, datorrena ezagutu eta hutsuneak betetzeko modu berriak eskaintzen dizkigu.
Opari bat da, ala kondena bat? Tresna bat, ala arma bat? Ez dakit, baina hor dago. Hor daukagu.
Auskalo, oraindik agian zinemara joango naiz, irudiak aratzago eta ahotsak espainolera bikoiztuta entzuteko moduan, eta hirugarrenez biziko dut zure bizitzaren historia, istorioan zulo berriak egin eta esanahi birziklatuekin betetzeko. Agian horretan datza gure askatasuna gaur.
RT @etzipm: “Ailegera (Arrival)” Ez dakigu. Itsu gara, etorkizunaren aurrean… @txerren-en ekarpen berria #etzi-n https://t.co/7u9hszA4e9