Ana Schulz: “Orain da garaia bakoitzak bere istorioa kontatzeko, kontraesan guztiekin”

,
Urtzi Urkizu-ren avatar

Etzi eta Pitz (IX): Ana Schulz.

Ana Schulz (Hanburgo, Alemania, 1979) argazkilaria da. Haurtzaroa eta nerabezaroa Donostian egin zituen. Humanitate, kazetaritza eta argazkilaritza ikasketak eginak ditu. BBC Mundo eta Radio3 hedabideetan aritutakoa da, eta bederatzi urte dira Bartzelonan bizi dela. Mudar la piel dokumentala estreinatu zuen irailean, Cristobal Fernandezekin batera. Schulzen aitaren eta CESIDeko espia ohi baten arteko harremana jasotzen du filmak, baina hori baino askoz gehiago da lana.

Juan Gutierrez da Mudar la piel dokumentaleko bi protagonistetako bat; zure aita, alegia. 1987. urtean Gernika Gogoratuz bakearen aldeko zentroa sortu zuen. Nolakoa izan zen urte haietan zure aitak egin zuen lana?

Memoria zentro bat bezala sortu zuen Gernika Gogoratuz. Gernika bakerako sinbolo indartsu bezala erabili zuen. Lan ugari egin zituzten. Dokumentazio zentro bat zen, eta gatazken bitartekaritzari buruzko mintegi asko egiten zituzten. 1996an, aitak lortu zuen Alemaniako Gobernuko presidenteak gutun bat idaztea Gernikako bonbardaketatik bizirik gelditzen zirenei. Onartu zuen Alemaniak Condor operazio hura burutu zuela. Bestetik, paraleloki aita bitartekari lanetan aritzen zen, sekretuan; hark bitartekaritza ‘informala’ deitzen dio. Beste bi bitartekarirekin aritzen zen, bata britaniarra eta bestea estatubatuarra. Topaketak eta bilerak antolatzen zituzten. Jaime Mayor Orejarekin sarri biltzen zen. Alderdi politiko guztietako ordezkariak AEBetara eraman zituzten, topaketa berezi batera.

Zure ama ere agertzen da dokumentalean: Frauke Schulz. Nola ezagutu zuten elkar zure amak eta aitak?

Alemanian, militantzia politikoaren bidez, 1968ko maiatzean. Biak oso politikoak ziren. Karl Marxen Das Kapital liburuaren inguruaren inguruan tailer bat ematen ari zen nire aita, eta han ezagutu zuen ama. Elkar ezagutza hura ere ageri da dokumentalean.

Dokumentalean, edonola ere, pertsonaia misteriotsuena Roberto Florez da. Espainiako zerbitzu sekretuetako CESID agentziako kidea izan zen urte luzez. Nola iritsi zen Roberto zuen bizitzara?

Roberto Gernika Gogoratuzera gerturatu zen. Ikerketa kazetaria zela esan zuen hasieran, eta horrek justifikatzen zuen bere sinadura inon ez agertzea. Euskal gatazkarekin eta Gernika Gogoratuzekin interes handia azaldu zuen, eta Juan Gutierrezengana gerturatu zen. Bien artean konfiantza handiko elkarrizketak izan zituzten. Denborarekin, aitaren oso konfiantzazkoa bihurtu zen.

Zuk zenbat urte zenituen Roberto etxean bueltaka izan zenutenean?

1992an iritsi zen, eta nik 13 urte nituen. Ordutik 18 urte nituen garaira arte. Oroitzen dut Roberto etxeko egongelan, kasik une oro. Aitarekin zegoen oso interesatua, hura espiatzen zuen. Amari eta niri ez zigun kasu handirik egiten. Oso espresiboa zen, urduria, mugimenduan beti. Estridente samarra zen. Espia batetik espero dezakezun kontrakoa. Nik kazetari bokazioa nuen. Gaiaz galdetu nion Robertori, eta esan zidan hobe nuela aurretik beste zerbait ikastea. Hala egin nuen, lehenbizi Humanitateak ikasi bainituen. Bitxia da, nire bizitzan ere eragin zuelako [barreak]. Garai haietan gauza asko gertatzen ziren, jende asko pasatzen zen etxetik. Baina oso deigarria zen Roberto beti aitarengandik zein gertu zegoen, nolako aholkularitza ematen zion. Iturri garrantzitsuak zituen Robertok, informazioa dosifikatzen zion aitari.

Zure amak dokumentalean une batean gogoratzen du lagun batek esan ziola polizia bat sartu zenutela etxean.

Emakume horrek usain ona izan zuen, bai. Gauzak pasatu eta gero, errazago ikusten da dena. Baina egia da, aldi berean, garai hartan jende askok espioiak eta txibatoak ikusten zituela toki guztietan.

Roberto Euskal Herritik desagertu egin zen gero. Eta traizioa leporatu zion Madrilek. Espetxe zigorra jaso zuen, informazioa saltzen saiatzeagatik. Eta albistegietan ikusi zenuten…

Aitak lehenagotik bazituen susmoak. Konturatu zen hari buruz zeukaten informazio guztia oso lausoa zela, ez zegoela haririk nondik tira egin. Traizio delitua 2007. urtean leporatu zioten Robertori. Lehen zigorra hamabi urtekoa izan zen, gero bederatzira jaitsi zen, eta azkenean sei urte egin zituen kartzelan.

Espetxean zegoela, zure aita harremanetan jarri zen Robertorekin.

Bai, Robertok kartzelatik gutun bat bidali zion aitari. Bederatzi urte zeramatzaten elkarrekin hitz egin gabe. Aitak erantzun egin zion, eta Robertori bisitak egiten ere hasi zen gero.

Eta zuri nola okurritu zitzaizun bien arteko harremanaz dokumental bat egitea?

Nire aitaren 81. urtebetetzean, Roberto gonbidatu zuen ospakizunera. Baldintzapeko askatasunean zen ordurako. Ezusteko handia hartu nuen espia ohia urtebetetze jai hartan ikusita. Ezinegona eta ondoeza sorrarazi zizkidan, baina aldi berean harridura eta jakin-mina ere bai. Sentimendu askoren nahasketa izan zen. Argazki batzuk ateratzeko proposatu nien aitari eta espia ohiari. Baina argazkiekin bakarrik motz gelditzen zara. Cristobal bikotekideak dokumental bat egiteko ideia izan zuen. Lehen elkarrizketa egitea lortu genuen Robertorekin, eta proiektua martxan jarri genuen.

Baina ez da oso erraza izan lana amaitzea, ezta?

Ez, urte asko izan dira, gainera. Bost urte joan dira aitaren urtebetetze hartatik. Kosta zitzaigun lana bukatzea, bai. Sakrifizio handiarekin. Familia bereko biak kixotada honetan aritzeak etxeko ekonomiari eragiten dio. Zorionez, bi ekoizpen etxe sartu ziren, diru-laguntzak eskatu zituzten eta finantzazioa lortu genuen.

Donostiako Zinemaldian Zinemira saileko irekiera galan estreinatu zenuten dokumentala. Nola joan zen? Zer komentatu zizuen jendeak?

Zoragarria izan zen esperientzia. Jende guztia oso animatuta zegoen, Zinemaldiko lehen eguna zen, familia zegoen, lagun asko. Txalo zaparrada ikaragarria izan zen. Solasaldian gurasoek parte hartu zuten, gero.

Gurasoek zer esan zizuten dokumentalaz, haien buruak pantailan ikusita?

Aitak lehen aldiz ikusi zuenean, esan zidan oso eskertuta zegoela. Baina apur bat deskolokatuta zegoen. Eta esan zidan: ‘Bihar berriro ikusi nahi dut’. Gero eta gehiago gustatzen zaio. Gainera, publikoaren aldetik izan duen harrerak animatu egin du. Jendea oso eskertuta gerturatzen zaio. Zinemaldiko proiekzioaren ostean, besarkatzera joan ziren ikusle batzuk. Beste alde batetik, garai batean bulo bat zabaldu zen esaten zuena nire aita CIAko espia bat zela. Asko zabaldu zen hori. Zinemaldiko proiekzioan, ikusle batek hala esan zion: ‘Bolada batean, batzuek pentsatzen genuen espia zu zinela. Zein erratuta geunden. Zure ekarpena oso baliotsua izan da’. Emozio handikoa izan zen ikusle horren hitzak entzutea.

Areto komertzial batzuetan proiektatu dute dokumentala. Hainbat hiritan proiekzio bereziak egin dituzte, solasaldiekin. Nola joan dira?

Ezberdinak izan dira denak. Proiekzio lasaiagoak egon dira, solasaldi intelektualagoekin eta jende gutxiagorekin. Madrilgoa interesgarria izan zen. Katalunian berehala egoera katalana ateratzen da; ikusleren batek esan zuen Juan behar zutela hara bitartekari lanak egiteko ERCren eta PDCATen artean. Santiagon (Galizia), Juanen figurarekin asko enpatizatu zuten. Egunotan, Kolonbiara goaz.

Dokumentala ikusi ostean, galdera da ea nolako zailtasunak dituen zerbitzu sekretuetako espia batek lan hori uzteko? Espainian zein beste herrialde batzuetan ez du erraza izan behar, ezta?

Ez da erraza, ez. Robertorekin gaiaz hitz egin nuen. Esan zidan normalena dela espia kaleratu egiten dutela, diruarekin behar ez zuen zerbait egin ez duelako. Edo ateratzeko beste modu bat negoziatua izan daiteke; gehienetan, IBEX 35eko enpresa handietako segurtasun zerbitzuetan sartzen dituzte Poliziako espioiak izandakoak. Robertoren kasua delikatuagoa da. Hark esan zuen baja eman zuela 2004ko martxoaren 11ko atentatuen ostean. Nik ikusi dut hilabete batzuk beranduago joan zela, baina tira. Edonola ere, ez da erraza pelikula bat egitea zerbitzu sekretuetako agente batekin.

Euskal Herriko gatazka politiko eta armatuari dagokionez, zure ustez errelato bat ala errelato asko daude kontatzeko?

Errelato asko eta asko daude, eta orain da unea bakoitzak bere istorioa kontatzeko. Kontraesan guztiekin. Kontraesanak azaleratzeko adorea egon beharko litzateke. Ñabardurez hitz egiteko garaia da, grisetan sartzeko, eta beldurrik gabe. Denbora luzean politikaz ez zen gizartean hitz egiten. Gertatu den guztia metabolizatzeko, eta jende gazteak jakin dezan zer gertatu zen, garrantzitsua da errelato pertsonalenak azaleratzea. Biktimaz eta biktimarioaz gain, figura gehiago egon dira. Euskal gatazkak guztion bizitzak zeharkatzen zituen. Errelato askoren beharra dugu. Errelato guztiek ez dute balio bera, noski, baina garrantzitsua da azaleratzea. Bestalde, ez dago orrialdez hain bizkor pasatu beharrik.

Jendeak hitz egitea beharrezkoa ikusten duzu orduan?

Bai, oso beharrezkoa da hori. Gauza gehiegi isilarazi dira urte luzetan. Luzea izan da hori guztia.

Preso asko daude familiak bizi diren herrietatik urrun. Duela gutxi Espainiako eskuina Altsasura joan da bere ekitaldiak egitera. Badaude konpontzeko gaiak, ezta?

Bai, ezin dena da alderdi batzuek kreditu elektorala ateratzea halako gaiekin. Eskuinaren Altsasuko ekitaldi hura oso penagarria izan zen. Gainera, ikusten da dinamika: giroa bere onetik ateratzea, botoak lortzeko.

Dokumentala eta gai politikoak albo batera utzita, aipa dezagun zure lana argazkiak egiten. Zertan zabiltza?

Bartzelonako Raval auzoan lan bat egiten ari naiz. Umore ukituak eta umore surrealistak izango dituzte argazkiek. Immigrazio istorio bat da, baina ez dut paternalista izan nahi. Erronka bat da, Ravalen argazki lan asko egin direlako. Sormen lan hauek denbora behar izaten dute. Ikusiko dugu zer gorputz hartzen duen.

Hamar urte barru nola irudikatzen duzu Euskal Herria?

Galdera oso zaila da. Baina itxaropen handia dut Euskal Herriarekin eta euskal gizartearekin. Euskal herria zintzoa da, printzipio sendokoa. Zintzotasun lan handia egiten ari da kolektiboki, eta hori eraikitzailea da. Fruituak iritsiko direla ziur nago.

Eta bukatzeko, hamar urte barru non gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau errepikatzea?

Donostiako Pasealeku Berrian, Jorge Oteizaren eskultura dagoen tokian. Egin dudan pelikula berri baten inguruan hitz egingo genuke.