ANSIBLEFEST 2018: Hamaika mundu sortzeko jaio gara I

Etzi Portu Maritimoa-ren avatar

Egilea: Ana Morales.

Argazkia: Txerren.

Joan den irailaren 21ean eta 22an Ansiblefest jaialdia izan zen Bilbon, zientzia fikzio eta fantasia feminista ezagutu, aztertu eta goresteko topaketa. Zurrumurruen arabera, gai horren inguruko lehena izan da estatu espainiarrean, eta agian baita Europa osoan ere. La Morada espazioa izan zuen jokaleku —Bilboko lehen etxe orratza izan zenaren beheko aldean—, gai horiek lantzeko leku ezin aproposagoa, bere estetika postindustriala dela eta. Beste dimentsio baterako ataria zirudien «PARKING AUTOLAVADO» errotuluaren azpiko burdin atea zabaldu, ibaiertzeko arkupe luzea zeharkatu, eta, hantxe zegoen, bukaeran, beste mundu batzuk posible direla aldarrikatu nahi dutenen topagunea. Bi egunean zehar, mahai inguruak, hitzaldiak, tailer praktikoak eta umeentzako jarduerak izan genituen bertan, bai eta liburu eta arte azoka ere. Jaialdiko harribitxia ostiral gauean izan zen, Worlds of Ursula K. Le Guin dokumental estreinatu berriaren emanaldiarekin, eta filma hasi aurretik antolatzaileek Arwen Curry zuzendariari bideokonferentziaz egindako elkarrizketarekin.

Musika eta bisualek girotutako festa batek eman zion amaiera I. Ansiblefest honi. Bikain notarekin gainditu du jaialdiak bere lehen agerraldia: ikusgarria izan da antolaketa, saioen kalitatea eta gaien interesa, eta entzuleen erantzuna, ez sinestekoa. Ustekabe hunkigarria izan da halako toki berezian egindako eta hain gai eta ikuspegi espezifikoak jorratutako jaialdi batean jesarleku guztiak beteta eta jendea lurrean jesarrita edo zutunik ikustea. Balentria hau lau emakumeren —Arrate Hidalgo, Laua Gaelx, Laura Lazcano eta Laura Huelin andreen— lan eskergari eta ilusioari zor zaio: bejondeiela eta betoz beste Ansiblefest asko.

Jaialdia gehienbat gaztelaniaz izan bazen ere —datozen edizioetan euskarak presentzia handiagoa izatea espero dugu, euskarak edozer ikertzeko balio baitu, ez «euskal» gauzez aritzeko bakarrik—, euskarazko hiru saiorekin abiatu zen festibala: lehendabizi, «Euskal emakume idazleak zientzia fikzioan» gaiaz jardun genuen mahai inguruan Arrate Hidalgok, Itxaro Bordak, Josune Muñozek eta nik neuk; hurren, Josune Muñozek eta biok Eider RodrĂ­guezen «Nahiago nuke gezurrik ez esan» ipuinaren irakurketa dramatizatua egin genuen; eta, azkenik, Garazi Albizuak bi orduko tailerra eman zuen zientzia fikzio feministaren idazketaz.

Hurrengo lerroetan mahai inguruan esandakoen laburpena egingo dut, eta artikulu honen egile izateak eta etorkizunetik idazteak ematen dizkidan abantailak profitatuz, lotsagabeki gehituko ditut bertan esateko astirik izan ez nuen zenbait gauza. Irakurleak berehala antzemango dionez, solasaldian figura bat nabarmendu zen bereziki, agian irakurle askorentzat hain ezaguna ez den idazle bat: Mayi Pelot. Haren lanei buruzkoa da etzi idaztearen pribilegioaz baliaturik gehitu dudan eranskina. Lotsa gabezia gorabehera, mahai inguruaren laburpena egitean deserosoa egin zait lehen pertsona erabiltzea nire ekarpenak aipatzeko, eta hirugarren pertsonaren atzean ezkutatu naiz.

Solasaldiari abiapuntua emanez, Arrate Hidalgo moderatzaileak adierazi zuen aurretik solaskideoi hausnarketa ariketa bat proposatu zigula emakumeek euskaraz egindako zientzia fikzioaz, eta gogoeta horretan bost edo sei idazleren izenak atera zirela, batez ere Mayi Pelotena, eta zenbait galdera ere proposatu zirela. Orain, gonbit egiten zigun gure gogoetak partekatzeko, literatura modu desberdinetan jorratzen duten feministak izanik: Itxaro Borda idazlea eta Maiatz aldizkariaren sortzaileetako bat; Josune Muñoz literatur kritikaria eta Eskolastika literatur zerbitzuen sortzaile eta gidaria; eta Ana Morales, itzultzailea eta Xerezaderen Artxiboa literatur podkastaren egileetako bat.

Itxaro Bordak hartu zuen hitza lehendabizi, esanez lehen aldia zela gai hau mahai inguru publiko batean aztertzen zela, eta Mayi Pelot idazlea aurkeztu zuen. Horretarako, laurogeiko hamarkadara itzuli ginen, Baionara, Maiatz aldizkariaren sorrerara. Ordura arte euskaraz eliza liburuak, laborantza liburuak eta abar idatziak ziren, baina fikzio gutxi. Maiatzen helburua zen fikzioari bidea irekitzea. Ez zuten bilatzen fikzio perfektu, errentagarri, merkaturakoa, baina bai egunerokotasuna, errealitatea eta fikzioa islatuko zituena. Une harrigarria zen, guztiak posible zirudien sozialki eta politikoki (Frantzian sozialistak boterera helduak ziren lehen aldiz). Euforia garai bat zen. Maiatz aldizkaria sortu zuten (oraino irauten du), edozein literaturari irekia: intimista izan, politikoa edo soziala izan… edo zientzia fikzioa izan. Mayi Pelot Maiatzeko taldean zen, eta beso zabalik hartu zuten elkar aldizkariak eta idazleak. Pelot Bordele ondoan sortua zen, 1945ean. Irakaslea zen Miarritzeko lizeoan, eta latina, grekoa eta frantses literatura klasikoa irakasten zituen. Pertsona arrunta zen kanpotik, ez zen sekula pentsatuko zer asmakizun zerabilen buruan. Euskaldunberria zen, eta agian horregatik jo zuen zientzia fikziora, beharbada horregatik idatz zitzakeen euskaldunzaharrek baino errazkiago fantasia kutsuko istorioak. Izan ere, duela 30 urte esaten zen euskara metaliko edo tekniko hura —batua— zientzia fikzioko euskara bat zela, orduan bazuen bere zientzia fikzio kutsua, orain naturala bazaigu ere. Pelotek testuak igortzen zituen Maiatzera argitaratzeko, eta ilustrazioekin argitara zitezen nahi zuen. Bi liburu argitaratu zituen: Biharko oroitzapenak ipuin bilduma eta Teleamarauna nobela, biak irudiekin: lehenengoarenak, Marie ThĂ©rĂšse Peillenek egin zituen (Txomin Peillenen emazteak) eta bigarrenarenak, Itxaro Bordaren ustez, Joseba Sarrionandiak, batzuk behintzat. Gainera, Teleamaraunako pertsonaia batean garai horretan, 85etik aurrera, Iparraldean ibiltzen zen Joseba Sarrionandiaren itzala sumatzen da, nahiz eta Bordak ez zion sekula ozenki horretaz galde egin Peloti, badaezpada garai hartan hobe baitzen horretaz ez jakitea, ez esatea, ez ikustea eta ez entzutea. Beraz, afera galdera ikur batekin geratzen da.

Ipuinak lehendabizi aldizkarian argitaratu zituen, eta gero liburu moldean (Biharko oroitzapenak izenburuarekin, Uhargi saila sortu baitzen liburuak publikatzeko. Sail berean plazaratu zen bi urte geroago Teleamarauna nobela).

Gero isilune bat etorri zen. Pelotek seme bat adoptatu zuen, eta haur bat heztea den beste zientzia fikzio mota horretan murgildu zen. 2016an zendu zen 69 urtez, minbiziak eramanik. Bizitza biziki diskretua izan zuen, ez zen publikoki agertzen, mereziko zuen baina ez zuen nahi. Bordak Emakumeak idazle antologia egin zuenean, Pelotek ez zuen bertan agertu nahi izan. Idaztea omen zen haren pindarra, baina gainerakoa, berriz, bizitza pribatua.

Pelot iragan mendeetako fikzioaren jakinean zen, literatur irakaslea baitzen, eta bazuen, adibidez, erromatarren garaiko literatura distopikoaren berri. Baina, gainera, gai horiek lantzeko lan handia egin zuen hizkuntzaren inguruan, teknika eta zientzia literaturan sartzeko. Maiatzeko kideek, oro har, ez zuten laborantza hizkuntza egin nahi, hizkuntza sozialagoa bilatzen zuten, baina Mayi Peloten idazkera desberdina zen Lucien Etxezarreta, Aurelia Arkotxa edo Itxaro Bordaren beraren idazkeratik. Beste hizkuntza mota bat bilatzen zuen, eta ekarri zion euskarari. Lehen mintzaldi hau amaitzeko, Itxaro Bordak gaineratu zuen ez zuela huts egin nahi izan Mayi Pelotez hitz egiteko aukera hau, Pelot biziki gutxi aipatzen baita euskal literaturaren historia egiten delarik edo antologietan (Iparraldeko idazleak berez gutxi agertzen dira, eta Pelot are gutxiago), baina merezi duela, eta Ansiblefesteko omenaldia ere bai.

Hurren Ana Moralesek hartu zuen hitza. Irakurri zalea eta zientzia fikzio zalea izan arren, deskubritu berria zuen Mayi Pelot, Arrate Hidalgori esker. Peloten bi liburuetatik ipuinak gustatu zitzaizkion gehien, beharbada liburu hori irakurri zuelako lehenik, eta ikaragarri harritu zuelako. Lehenengo eta behin, hizkuntzaren erabilera nabarmendu zuen. Itxaro Bordari entzunda Pelot euskaldunberria zela, are miresgarriago iruditzen zitzaion hark neologismo sorkuntzan erakutsitako trebezia bere irudimenezko munduetako ezaugarri eta tramankuluak adierazteko, hala nola «galaxipol» (galaxiako polizia), «lurroihal lerrokorra» (espaloi mugikorra), «medikumatika» (gaixoak artatzeko robot ohatila), «golderrotorra» («Byorn» izeneko herrian baserritar ultrateknologizatuek darabilten golde aurreratua), «laser aiztoak», «ingelesperantoa», «robotpsikologoa», «eskutela» (eskumuturreko telefonoa, solaskidearen holograma ere proiektatzen duena)… Moralesen ustez, hitz asmatu horiek berehala ulertzen dira eta oso ondo funtzionatzen dute testuan.

Bigarrenik, pertsonaia femeninoen garrantzia eta pisua azpimarratu zuen: askotan protagonistak dira, eta sarritan emakume independenteak, profesionalak eta erabakitsuak, ekintza mugiarazten dutenak… Eredu «tradizionalago» baten araberakoak direnean ere, emakumeen begiradatik ikusten da narrazioa, eta alde horretatik, literatura feminista da. Bestalde, liburuetan andreen arteko elkartasun eszenak ere azaltzen dira, non andreak euren artean solasean eta elkarri laguntzen agertzen diren. Sarritan, emakumeen ekimenez ematen zaio irtenbidea egoerari: esaterako, istorioetako batean emakumeek osatutako elkarte sekretu batek klonazioaren bidezko teknika bat garatu du, erresistentziako aktibista bat jausten den bakoitzean haren ordezko bat sortzeko.

Hirugarrenik, Pelotek jorratutako gaien modernotasuna aipatu zuen (kezka politikoak, ekonomikoak, gentrifikazioa, arrazakeria, geopolitika…). Euskal Herriaren trasuntoa izan daitekeen leku bat azaltzen da istorioetan, izen desberdinekin. Horietako bat Berreus herria da, Basik eta Kobol estatuen artean banatua (hor umorea ere badago, Basic eta Cobol programazio hizkuntza zaharrak baitira). Berreusek badauzka baliabide erakargarriak (bere sumendi ugariek sortutako energia, besteak beste), eta bere ondoko bi estatuek horregatik eta bere kokapenagatik gutiziatzen dute. Beste ipuin batean kutsadurari buruzko kezka azaltzen da, zaramaren produkzio masiboari buruzkoa, zehazki. Itsasoa zabor itsaso bihurtu da, eta gobernuak horma bat eraiki du haren kutsadura kontinentera ez hedatzeko. Testuinguru horretan, hormako langileen gaixotasunen arazoa azaltzen da, herritarren erresistentzia politikoa eta abar.

Laugarrenik, Peloten liburuak zipriztintzen dituzten xehetasun xamur eta umoretsuak azpimarratu zituen. Irudimenezko etorkizun hiperteknologizatu batean kokatuta egon arren, Pelotek benetako Euskal Herriko eszena edo ezaugarri oso gertukoak tartekatzen ditu. Adibidez, aireontzien ondoan, halako batean saskia hartuta perretxikotan dabilen gizon bat aurkitzen dugu, edo, beste istorio batean, kostaldeko herri baten deskribapena, non paisaia fantastiko eta koloretsu baten erdian —non ubideak, kobazuloetan eraikitako etxeak, sumendiak, zeru berdeak eta eguzki urdinak dauden—, euskal portu arrunt bateko bizitasuna ezagutzen dugun, edo estropaden antz handia duen kayak lasterketa bat.

Teleamarauna nobelan telepatiaren gaia jorratzen du, eta hor ere ikusten dira berriz ere geopolitika kontuak maila interplanetarioan, eta baliabide energetikoak kontrolatzeko lehia, bai eta horrek eragindako manipulazioa eta zapalkuntza ere. Beraz, oso testu politikoak dira.

Moralesen ustez, bi liburuak berrargitaratzea mereziko luke, gaur egun ez baitago ez bata ez bestea aurkitzerik. Biharko oroitzapenak Armiarma webgunean dago, baina edizioa ez da batere erosoa irakurtzeko eta testuak ortografia zaharkitua eta akats ugari ditu, tipografikoak eta bestelakoak.

Josune Muñozek hartu zuen berba gero, eta adierazi zuen argitaratu berria dela Maite Dårcelesen Bihotzean daramagun mundua nobela distopiko eta zientzia fikziozkoa, eta agian haren bidetik sor litekeela berriz ere Mayi Peloten lanen gaineko interesa. Badaude berrargitaratu eta ezagutu behar diren horiek bezalako materialak, baina gutxi dira, hala ere, eta parada baliatu beharko genuke galdetzeko zergatik dagoen hain zientzia fikzio gutxi euskaraz, batez ere andreena, bereziki kontuan hartuta zein baliagarria den literatur genero hori feminismorako, mundu berriak sortzeko ahalmena duen neurrian. Literatura anglosaxoian sortutako zientzia fikzioa eta distopia oso maila altukoa da, eta horrek betetzen du panoramaren parte handi bat, baina Muñozen ustez hori ez da arrazoi bakarra, eta gogoeta egin beharko genuke zein beste arrazoi dagoen ikertzeko. Horretaz gain, Muñozek galdetu zuen zer egin dezakegun euskaraz zientzia fikzio gehiago idatz dadin.

Arrate Hidalgok azaldu zuen zientzia fikzio feminista irakurtzeko irakurle talde bat sortu berri dela Zarautzen, berak gidatzen duena, eta hasiak direla testuak irakurtzen. Euskal literaturari dagokionez, aipatu zuen zientzia fikzioaren defendatzaile sutsuena Iban Zaldua dela, eta gaztelaniaz baduela genero horretako nobela bat, Si Sabino vivirĂ­a. Ana Moralesek gogoratu zuen Zalduak gainera genero horretako ipuinak ere badituela euskaraz [eta baita Azken garaipena izeneko komikia ere —gehitzen du Moralesek etorkizunetik, mahai inguruaren egunean ahaztu egin baitzitzaion—). Arrate Hidalgok gaineratu zuen maiz joera izaten dugula zerbaitetan lehenengoak garela pentsatzeko, edo esateko «hau edo hori egiten den lehendabiziko aldia dela», baina normalean aurretik egindako gauzak egoten direla, nahiz eta ezagunak ez izan, Mayi Peloten lanekin gertatzen den bezala.

Itxaro Bordak gehitu zuen badagoela beste euskal autore bat generoa lantzen duena, emakumea ez bada ere. Fernando Morillok zientzia fikzioa idazten du, baina arazoa da literatur genero horiek ez direla heltzen publiko zabalagora. Morilloren liburuak ilustratuak egoten dira, badituzte CDak eta abar, muntaia kultural handiak dira, ikusgarriak. Arazoa da ez direla ezagutzen, ez dira heltzen gehiengoaren begietara.

Bestalde, erantsi zuen zientzia fikzioa edozein kulturatan beti dela pasionatu edo erdi eroen gustukoa. Frantzian ere zientzia fikzioa ez da mainstream, bazterrekoa baino. Gero gerta daiteke halako batean nobela distopiko politiko bat azaltzea, Houellebeqen Soumission bezala, eta oihartzun handia izatea, baina orokorrean literatur mota hori pasionatuen eskuetan gelditzen da, eta Euskal Herrian ere beharbada halako zerbait gertatzen da.

Bere zientzia fikzioko produkzioaz galdetuta, Itxaro Bordak azaldu zuen badituela genero horretako zenbait lan: «Waiting for the sun» ipuina, Maiatz aldizkarian 1985 aldean argitaratua, zientzia fikzio postnaturalista bat, non eguzkia hiru hilabetez desagertzen den kutsaduraren ondorioz. Bestea nobela argitaragabe bat da, Crypton 85 deritzona. Fukuximako ezbeharra gertatu ostean idatzi zuen, eta bi emazteren arteko istorioa kontatzen du, zartaketa nuklearraren ondotikako egoeran kokaturik. Bordaren ustez, oso litekeena da halako testuak idatzita dituzten idazleak egotea, publikatuta ez eduki arren, pasio bat baita imajinatzea katastrofe bat gertatzen dela eta norberaren eguneroko bizitza beste zerbaitera doala.

Josune Muñozek gehitu zuen agian hitz gakoa horixe dela: apasionatuak izatea, edo, beste hizkuntza batean esanda, frikiak. Zientzia fikzioa, komikia bezala, oso urrun dago akademiatik eta ez du prestigio akademikorik izan: ez da sartzen eskuliburuetan, eta, programatzen ez denez, eskoletan ez da lantzen. Beraz, gurpil zoro bat sortu da, baina, zorionez, gure literatur sistema hain txikia izanda, baditugu horri aurre egiteko abantailak: programa dezakegu zientzia fikzioa irakurle txoko feministetan eta bestelakoetan, eta eztabaida arinago mugituko da literatur sistema txikiagoa izateagatik beragatik. Muñozen ustetan, hau behar-beharrezkoa da, orain arte ez baita zientzia fikzioa irakurtzeko batere ohiturarik izan, eta irakurtzen ez denez, ez da idazten. Bestalde, mundu anglosaxoitik datorren zientzia fikzioa erraldoia denez, badirudi horren itzalak dena hartzen duela; gainera, zientzia fikzioa sortzeak baditu bere zailtasunak: hizkuntza teknikoa behar da, ezagupen teknikoak, mundu oso bat asmatzeko ahalmena… Beraz, agian neurri txikietan hasi beharko da idazten. Esaterako, amodiozko gutunen lehiaketak antolatu beharrean, agian hasi beharko ginateke bestelakoak antolatzen, adibidez, zientzia fikziokoak.

Horren harian, Ana Moralesek gogoratu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean orain dela urte asko antolatzen dela «Alberto Handia» zientzia fikzioko eta fantasiako ipuinen lehiaketa, eta andreren batek inoiz irabaziko zuela, edo, hala izan ez bada, pentsatu beharko genukeela zergatik ez. Edozelan ere, beste solaskideek esan bezala, hor egon daitezke hainbat material, gero apal hautseztatuetan geratu direnak.

Arrate Hidalgok esan zuen oso garrantzitsua dela erreferentziak izatea, jakitea nor egon den aurretik, jendeak idazteko. Ez da bakarrik zientzia fikzioaren arazoa, baina baita ere literatura «seriotzat» jotzen ez diren beste generoena, literatura «arrosarena» adibidez.

Ana Moralesek erantsi zuen edozein hizkuntzatan emakume gutxiago hurbildu direla zientzia fikziora (azken aldion generoak interes orokorragoa piztu badu ere, agian Margaret Atwooden nobelak telesail bihurtu izanari esker), eta arrazoietako bat izan daitekeela prestigio gutxiko generoa izatea. Emakumeek zailago izan dute berez literaturako ate handitik sartzea, eta, beraz, normala da ez ausartu izana zientzia fikzioarekin hasten, hau da, ulergarria da literaturan errespetatua izan nahi duena herabeagoa izatea hasieratik zientzia fikzioa egiteko. Gauza bera gertatzen da fantasiarekin. XVIII. eta XIX. mendeetan andre pila batek fantasia egiten zuten Britainia Handian, nobela gotikoak eta abar, baina oso desprestigiatua zegoen generoa. Emakumeek berez andrazko erreferente gutxiago izanda edozein generotan, nekezago imitatuko dituzte desprestigiaturik dauden generoetakoak.

Ildo horretatik, Josune Muñozek aipatu zuen Maite Dårceles Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua dela, eta Bihotzean daramagun mundua nobela argitaratu baino lehen, Eraldaketarako gidalerroak saiakera liburu «serioa» idatzi zuela, eta nobela argitaratu zuenerako andre profesional eta jantzi bezala agertua zela plazara

Itxaro Bordak esan zuen horrek literatura mailan ez lukeela inportantziarik eduki behar. Zientzia fikzioa idazten dutenek ez dute nahitaez Zientzia Nuklearrean doktoratuak izan behar. Edozein idazlek landu dezake genero hori, zeren eta zientzia fikzioan bada teknologiarik, baina gehienbat literatura da, irudimena eta hitza sortzeko kapazitate hori. Egia da, hala ere, orokorki emazteei ez zaiela ematen teknikaren gustua; ematen zaie literatura seriosa, emazte baten ikusmoldetik eginiko literatura, intimismoa…, halako alorrak ditu emazteak «zilegi» heziketaz. Ikasketaz ere, emazte gutxiago dira goi mailako sail teknikoetan. Hala ere, ez da baitaezpadakoa Fisika Nuklearrean doktoratua izatea, nahiz eta pixka bat jakin behar den. Baina gaurko denboran, duela 30 urte ez bezala, eskura dugu jakintza hori, aski da klik bat egitea kultura hori guztia Interneten bidez eskuratzeko. Alabaina, emazteak badu oraindik determinismo hori eskola mailan. Orain ari da pixka bat aldatzen, baina doi-doia.

Josune Muñozek azpimarratu zuen kontraesan handia dela emakumeak arlo horietara ez hurbiltzea, zientzia fikzioak mundu berriak, jendarte berriak eta feministak sortzeko hain ahalmen handia izanik. Hala eta guztiz ere, uste zuen hasia dela «emakumea», «feminismoa», «euskal literatura» eta «zientzia fikzioa» hitzak elkartzeko garaia, eta hitzaldi, ikerketa, irakurketa eta mahai inguru gehiago behar izango direla, eta neurri literarioak ere bai, baina abiatuak garela dagoeneko bide horretan.

Solasaldiari amaiera emateko, eta Muñozek aipatutako hasiera horren erakusgarri, Arrate Hidalgok iragarri zuen arratsalde horretan bertan eta Ansiblefesten esparruan, Garazi Albizuak zientzia fikzio feminista idazteko tailer bat emango zuela euskaraz. Josune Muñozek, bere aldetik, adierazi zuen Eskolastika literatur zerbitzuen liburutegian zientzia fikzioari eskainitako atal bat daukatela interesa daukaten guztien esku, eta pozik gehitu zuen literatur txoko eta ikastaro zenbaitetan hasiak direla zientzia fikzio eta distopia liburuak programatzen. Azkenik, Ana Moralesek aukera ederra galdu zuen (baina oraintxe konponduko du hori) esateko Xerezaderen Artxiboa literatur podkastean berak eta Jasone Larrinagak badituztela entzule guztien esku, Interneten, zientzia fikzio eta fantasia ipuinak audio formatuan, eta testuinguru honetan bereziki interesekoak direla Ansiblefesten inspirazio eta gidari izan den Ursula K. Le Guinen hiru testu, Jasone Larrinagak euskaratuak eta Moralesek berak grabatuak: «Legez kanpokoa» (https://blogak.eus/xalp/legez-kanpokoa-ursula-k-leguin), «Neure buruaren aurkezpena» eta «Zergatik dira estatubatuarrak herensugeen beldur» (http://xerezade.org/irakurketa/neure-buruaren-aurkezpena-zergatik-dira-estatubatuarrak-herensugeen-beldur).

Mahai inguruaren ostean, eta hasieran agindu bezala, Josune Muñozek eta Ana Moralesek Eider Rodríguezen «Nahiago nuke gezurrik ez esan» ipuin distopikoaren irakurketa dramatizatua egin zuten. Ipuina Haragia (Susa, 2007) bilduman agertzen da. Bertan, protagonistak erabaki garrantzitsu bat hartu du bere bizitzaz, baina bere deliberamendu hori aurrera eramateko, gizartearen aurrean onargarri den justifikazio edo aitorpen bat egitea eskatzen zaio, gezurra izan arren.

Iruzkinak

  1. […] Ea gehiago etortzen diren, laster; duela gutxi aldarri hori bera egin da Bilbon antolatutako Ansiblefest zientzia-fikzio feministaren jardunaldietan, eta ziur nago hala izango […]