Testua: Ana Morales.
Argazkia: @gacela.
ERANSKINA: MAYI PELOTEN LANAK
Dudarik gabe, solasaldiko protagonista Mayi Peloten obra izan zen. Alabaina, saioa labur geratu zitzaigun lan horien interesgarritasuna iruzkin xeheago batez nabarmentzeko. Hori dela eta, hurrengo lerroetan, Biharko oroitzapenak ipuin sortaren eta Teleamarauna nobelaren zenbait zertzelada emango ditut, idazleak merezi duen arreta pizten lagunduko duten itxaropenaz:
Biharko oroitzapenak, Maiatz, Uhargi 4, 1985. Hemen eskuragarri: https://armiarma.eus/maiatz/PelotBiharkoOroitzapenak.htm
Bilduma sei ipuinek osatzen dute. Lehenengo laurak erlazionaturik daude: guztietan Esqwal Herry agertzen da, eta elkarrekin zerikusia duten pertsonaiak azaltzen dira lau istorioetan. Bosgarrena Berreusen gertatzen da, Turioi planetan. Bai Esqwal Herry eta bai Berreus Euskal Herriaren irudimenezko bertsioak dira. Azken ipuina da guztien artean bereziena: mitologia germanikoko —zehazki, nibelungoen sagako— bi pertsonaia hartzen ditu, eta ikuspegi futurista batez birkontatzen du haien historia.
1. «Miren»
Haria: Miren Etxegorrik urteak eman ditu lanean Sigma enpresak zabor itsasoaren kutsadura ez hedatzeko eraikia duen hormaren ondoan, eta bularreko minbizia sortu zaio. Borondatezko eutanasia eskatu du (hau da, gobernuak agindu aurretikoa) eta onartu egin diote. Haren azken orduak ezagutuko ditugu eutanasia instalazioetan.
Zi-fiko zenbait elementu eta neologismo aipagarri: androideak, «arroltzmatikoak» (lurretik 50 cm-ra dabiltzan gurpilik gabeko autoak, denak ere Sigmarenak), «ate-begiak» (ateetan dauden begi sintetikoak; aurrean paratzen zaien pertsona ezagutuz gero, atea zabaldu egiten da), «espaloi mugikorrak», botoi bat sakatuz gero hormak desagertzen zaizkien eta paisaia birtual bihurtzen diren gelak…
2. «Boga-boga»
Haria: Leyre neskatoa azaltzen zaigu teleikastolako kabina indibidualaren barruan, Esqwal itsas bazterrari buruzko azalpen bat ikusten bideoan. XX. mendean Esqwal Herry Frantziaren eta Espainiaren artean zatiturik bazegoen ere, gaur egun Espainia Iranen mende dago, eta mendebaldeko Europa, aldiz, Munduko Estatu Batuen zati bat da. Itsasoa erabat kutsatua dago, eta 1995az geroztik horma batek babesten du lehorra zabor olatuetatik. Kostaldeak guztiz pozoiturik daude, baina baserria askoz gutxiago, eta bertako ibaietako ura oraindik edan daiteke. Film didaktikoak dio hori hormari esker dela, baina ez dela nahikoa, eta Sigma enpresak proiektu berri bat daukala Byorn hirirako, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Leyrek tristeziaz gogoratzen du nola bere izeba zena itsas aldean lan egiteagatik gaixotu zen.
Zi-fiko zenbait elementu eta neologismo aipagarri: «teleikastola», bertako ikasgela indibidualak, 3Dko bideoen bidezko klaseak…
3. «Feed back»
Haria: kristau egutegiko 1992. urtean (egutegi musulmaneko 1370ean) Esqwal Herryn Bizkaiko zentral nuklear batean istripua gertatu zen eta harrez gero «lurralde debekatua» da, Basamortua izenekoa. Gero, III. Mundu Gerra etorri zen, eta orduz geroztik Iberiar Penintsula osoa Iranen mende dago eta musulmana da, eta Europako mendebaldea, aldiz, Munduko Estatu Batuen barruan dago. Orain 2039. urtea da. Nizan protagonistak Irango gobernuarentzat egiten du lan Kordobatik. Iranek India galdu berri du, eta Iraneko Reza Ayatollah handinahiak misil base bat jarri nahi du Basamortuan, androideen bidez gobernatua, kontraerasoari ekiteko. Badirudi beste gerra bat datorrela. Nizanek ez dakit zer dagoen Basamortuan, baina ez zaio gustatzen Ayatollahren asmoa eta kontzientzia arazoak dauzka gobernuaren aginduak betetzeko.
Zi-fiko zenbait elementu eta neologismo aipagarri: «espaloi mugikorrak», «arroltzmatikak», «automuezzin elektronikoa», Mekarantz apuntatzen duen gezi argitsua geletan, erlaxatze sistema automatikoak…
4. «Telelabirintoa»
Haria: Anaiz Etxeberry arkigrafo edo teleidazkari euskaldunak Sigmarentzat egiten du lan New Yorken. Sigmako zuzendari Opusday jaunak deitu dio esateko Anaiz bere jaioterri Esqwal Herryra aldatuko dutela, Byorn hirira. III. Mundu Gerraren ondoren, Esqwal Herrya laborantza eta hazkuntzari lotu zitzaizkion, eta Sigmaren bulego berriei janaria salduz aberastu da. Sigmak New Byorn izena eman dio Byorni, eta jatorrizko herritarrak Sigmako langileekin ordezkatzen ari da goi mailako teknologiadun etxebizitzetan. Byorn Sigmari esker automatizatu da eta hiriko zerbitzu guztiak kanpotar horiei begira egiten ari dira —ostatu gehienak ere Sigmarenak dira—. Jatorrizko byorndarrek larunbatari «turistenena» eta igandeari «turistartea» deitzen diete.
III. Mundu Gerraren ostean frantsesa ia desagertu zen Frantziatik, eta orain Belgikari eta Quebeci esker irauten du batez ere. Euskara, berriz, hezkuntzan sartu zen bete-betean eta indartsu dago. Anaizen lana izango da baserritarrak konbentzitzea beren segurtasunagatik lurrak Sigmari saltzeko, euskaraz egingo dizkien aurkezpenetan. Byornera itzultzean Miren Gorka Lasarekin eta haren lagunekin elkartuko da. Gorka sindikalista da, eta Miren Etxegorriren («Miren» ipuineko protagonistaren) alarguna. Gorka, Anaiz eta beste byorndar batzuk ez daude ados Sigmak hartu duen bidearekin, mesfidati dira bere asmo ezkutuez, eta erresistentziari ekingo diote.
Bestalde, mundua bloke politiko hauetan banatua dago:
*Bloke ubela: antzinako URSSen parekoa. Panslabia du izena
*Bloke beltza: Indonesia
*Bloke urdina: India (Iranek galdu berri du, eta kontraerasorako prestatzen dabil)
*Bloke horia: Txina, Afrika (Magreb izan ezik), Japonia eta Txina.
*Gorria: Munduko Estatu Batuak (Amerikak eta mendebaldeko Europa)
*Bloke zuria: Iran, herrialde arabiarrak, Ekialde hurbila eta Espainia.
Panslabia eta Munduko Estatu Batuak aliatuak dira. Haien jakintsu eta teknologoen biltzarrak Esqwal Herryan egiten dira, bertako bulego hipermodernoetan. Bi blokeok bloke zuriaren (Iranen) aurkakoak dira, eta horregatik, India askatu berriaren aldeko. Bestetik, Sigma enpresa boteretsuak lotura estuak ditu Munduko Estatu Batuen blokearekin. Bloke zuriak India galtzearekin, tentsioa areagotu da blokeen artean, eta gerra hotsak entzuten hasi dira.
Bestalde, ipuin honetan jakingo dugu berez Basamortua Esqwal Herryren eta Espainiaren arteko eremua dela, garai batean Esqwal Herryren zati izan zena (hau da, Basamortua gaur egungo Hego Euskal Herria litzateke, eta gertaeren garaian Esqwal Herry deritzona, berriz, gure oraingo Ipar Euskal Herria litzateke. Lehenengoa Iranen menpe legoke, eta bigarrena, Munduko Estatu Batuen menpe). Gertaeren sasoian Basamortua leku debekatua da. Zurrumurruek diote hango fauna eta gizakiak mutatuak direla, baina inork ez daki benetan bertan zer dagoen.
Zi-fiko zenbait elementu eta neologismo aipagarri: laster irakurtzeko metodoa; «holotelebista» (telebistako irudia gela osoa bihur daiteke, eta norbera irudian sartu); «robot urdinak» (NBEko kasko urdinen antzekoak); Esqwal Herryra joandako turistentzat aritzen diren robot pilotariak eta robot dantzariak. Hiriaren deskribapen futuristak: «Karrika guztiak estaliak ziren orain, ta haietako gain artifiziala irudi holografikoez betea zen: ama eta semea ibiltzen ziren karrikan, irudiak urrezko armiarmak ziren. Haien amaraunek (memozintek hobeki erran) mugituz doinu ezti batzu sorrerazten zituzten».
5. «Plist plast»
Haria: Turioi planetan, Berreus herria Basik eta Kobol estatuen artean banatua dago. Bien arteko mugari «Ekuatorea» deritzo. Katryl protagonista maskulinoa Basikeko Deunargi herritik Koboleko Xuripi herrira doa ihesi, Deltarako aireontzi bat hartzeko asmotan. Atzetik robopolak (polizia robotak) ditu segika. Katryl liluralez zauritua dago, eta ondorioz haluzinazioak ditu, oroitzapen faltsuak… Haren benetako izena Donle Ondor da. Haren aita erresistentziakoa izan zen, eta «berreziketa» ospitale batera bidali zuten; Katrylen anaia tiroz hil zuten mikromisilen kontrako ekintza batean.
Deunargin sumendi asko daude, energia iturri; Xuripin ere sumendiak daude eta, gainera, lohium izeneko gaia, sendagai ahaltsuak egiteko balio duena. Xuripi portu herria da eta ubide asko ditu. Jendea dorre naturaletan irekitako kobazulo modernizatuetan bizi da. Berreuseko etxeetako ateetan itsas zaldiaren formako aldabak daude, eta gizon berreustarrek itsas zaldi bat daramate bekokian tatuaturik. Turioi planetan zerua berdea da, eta eguzkia, berriz, urdina.
Bai Basik eta bai Kobolek berreustarrak beren herritik bota nahi dituzte, Basikek sumendietako energiaz armak egiteko, eta Kobolek, berriz, misilen geltoki bat bertan jartzeko. Bestalde, Kobol eta Basiken soinu kodea erabiltzen da komunikaziorako, eta Berreusen, aldiz, hizkuntza. Auzo estatuek nahi dute berreustarrek hizkuntza utzi eta soinu kodea ikas dezaten, eta beren herritik kanpora joan daitezen lanera. Berreusen, bestalde, hidroglifak daude (sumendi labaz egindako pintada kristalizatuak), jausitako ekintzaileen oroimenez eginak. Hidroglifak dira Turioi planetako hitz idatzi bakarrak: Kobolen eta Basiken zenbakiez eta gurutzeez baino ez dute idazten.
Katrylek Zerune izeneko neska bat ezagutuko du Xuripin —indartsua, kementsua, independentea— eta bikote bihurtuko dira. Ipuinaren azken herenean, Zerune bihurtzen da narrazioko protagonista. Begoña botikariaren eskutik, Berreuseko emakumeek sortutako elkarte sekretu batean sartzen da, zeinak modu bat bilatu duen, klonazioari lotutako teknika baten bidez, jausitako aktibista berreustarrak ordezkatzeko: «Berreuseko emakumeok arbasoen rito xaharrak gaurtaratuz askatasuna lortu genuen».
Zi-fiko elementu eta neologismo aipagarri batzuk: «robopolak» (polizia robotak, 3. begi bat daukate bekokian), «urairekoak» (itsasontzi-aireontziak), «lohiuma» (Berreuseko gai preziatua, mina kentzeko eta infekzioak sendatzeko balio du), «lilurala» (haluzinazioak, amets gaiztoak eta oroitzapen faltsuak sortzen dituen droga, robopolek erabilia), «zentro medikopolitikoak» (iraultzaileak bezatzeko ospitale psikiatriko modukoak), «hidroglifa» (labaz egindako grafiti kristalizatua), «ardiahuntz esnea» (Berreuseko edari super indargarria); Xuripiko sukaldeetan maratila bati eraginda, sutegia atoan berotzen da, sumendietako beroa kanalizatua baitute.
6. «Harremana»
Haria: ipuin honek Wotamen eta Erdaren istorioaren birmoldaketa futurista bat da. Mitologia germanikoan, Wotam jainko-jainkosen erregea da, eta haizearen eta itunen jainkoa. Erda, berriz, lurraren eta jakituriaren jainkosa da. Biak walkirien gurasoak dira. Peloten ipuinean Wotamek Fricka emaztea utzi du hyperlogizialaren bila joateko (mega programa informatiko bat). Halako batez, mezu misteriotsuak jasotzen hasi da bere ordenagailuko pantailan. Erdarenak dira, eta abisua ematen diote hyperlogiziala kaltegarria dela gizakientzat. Pixkanaka, Wotam Erda nor den ikasten hasten da: ama-memoria itsua da, eta Daleth planetako lurpean dago.
Wotam Dalethera doa Erdaren bila. Ezezagun horrek gero eta gehiago erakartzen du. Hasieran, baina, Wotamen interesa dominazioa da: lortu nahi du munduak eta izakiak kontrolatzeko ahalmena. Bidaian, Wotamek hiru «Norm» direlakoak aurkituko ditu, Erdaren «alabak», amari loturik daudenak burutik ateratzen zaien lokarri («zain» edo sustrai) banaren bidez. Lotura horri esker, «Norm»ak amaren pentsamenduen berri dute. Hiru «Norm»-ek Wotam gidatuko dute Erdarengana. Hala ere, Erdarekin guztiz elkartzeko, Wotamek begi bat galdu beharko du, Erdak begi zulotik sar diezaion bere zain edo lokarria.
Begia galduta eta zaina sartuta, Wotam azkenean Erda dagoen tokiraino heltzen da, eta bertan Erdaren zainek inguratzen diote gorputz osoa, eta Erdak bere baitan hartzen du. Wotam zoriontsua da, Erdaren maitasunean eta berotasunean guztiz murgildurik. Erdaren baitan, Wotamek hainbat tokitako bisioak dauzka: bere jauregiaren eta bere seme Thorrenak, gizalandareen herriarenak, gizotso eta emaotsoen oihanarenak…Wotamek ez daki bisio horiek iraganekoak, orainaldikoak ala etorkizunekoak diren, denbora ez baita ibaia, «Maëlstrom» baino.
Denboragarrenean, Wotamek ume bat eskatzen dio Erdari, alaba bat, eta Erdak Brünhilde sortzen du. Wotam eta alaba zoriontsu bizi dira Erdaren memorietako labirintoetan jolasean, baina azkenean Brünhildek irten egin nahi du bere bisioetako batean ikusitako giza akerren planeta urruna benetan ezagutzeko. Erdak bere barnetik irteten uzten die aita-alabei, eta Wotam eta Brunhilde Walhallera itzultzen dira, Wotamen familiarengana, baina ez dira uste bezain ongi etorriak izango…
Zi-fiko zenbait elementu eta neologismo aipagarri: «eskutela» (eskumuturreko telefonoa), «ardiahuntz esnea» (aireontzi guztietako pilotuek daramaten edari indargarria)…
Teleamarauna, Maiatz, Uhargi 13, 1987
Haria: telepatia da nobelaren ardatza. Galaxiako planetetan badira zenbait izaki (gizakiak eta beste espezie batzuetakoak) telepatiaren ahalmena dutenak. Halakoak dira lau pertsonaia:
-Unai Gaztelumendi: Uron planetako abeslari gaztea, masen idoloa. Gizon erakargarria, sentibera, xaloa… Euskurdin sistematik Antaresera joandako esquwaldunen ondorengoa da, eta euskaraz abesten du arrakasta itzelaz Galaxiako planeta ugaritan.
-Salvy Guilhot: Sol3 planetakoa (antzinako izenez, Lurra), zehazki Zidobrekoa, Goi Okzitanian. Telemezularia (kazetaria) da lanbidez, eta gizon sendoa, erabakitsua, maitale ugarikoa, baina bakartia. Sol 3 «lo leku» planeta lasaia da, eta bertan bizi eta egiten du lan bere etxetik Salvyk, albisteak sailkatzen eta Galaxia guztira bidaltzen.
-Liebe Tanaka: Trantor planetan bizi da, jatorriz Biwa planetakoa bada ere. Haren arbasoak TokyoBerri planetakoak ziren, horregatik Liebek hazpegi asiarrak ditu. Galaxiako Akademiarentzat lan egiten duen emakume argi, kementsu eta buru hotza da, telepata aurreratua. Akademia deritzona erakunde sekretu bat da. Zer egiten du? Bada —eta hau Etzipm-eko irakurleentzat bereziki interesgarria izango delakoan nago—, Galaxiaren isilik, psikokondaira lantzen du, hots, etorkizuna lege eta ekuazio zehatzen bidez kalkulatzen du, eta, kalkulu horien arabera, historia bideratzen saiatzen da, zibilizazioaren aldeko Plangintza bati jarraituz. Psikokondairalariak Galaxiako jakintsu zaindariak dira. Akademiak ikasle «psi» dohaindunak (goi mailako telepatak) erreklutatzen ditu, trebatze prozesu baten ostean, galaxiako zaindari bihurtzeko. Liebe hautatu horietako bat da.
-Tanga: Y planetako gizartza (giza hartza). Garai batean olerkari eta musikaria izan zen, baina Yko diktadorearen kontra matxinatu zen eta, ahots kordak laserrez erre eta gero, preso bidali zuten ziega aireontzi batean, betirako kondenaturik bakar-bakarrik eta hutsean alderrai ibiltzera. Ziega, baina, Sol3 planetan jausi zen.
Beste bi pertsonaia nagusiak hauek dira:
-Floss Meyer: Lindhauss planetako andre gaztea, polita eta itxuraz delikatua. Bere aitaorde Rhofrieden kontrol eta mespretxua jasan behar izan du, baina harengandik libratu berri da, Hirlekin ezkondu eta gero. Flossen arbasoak Ruhr Berri sistemako neo naziak ziren, eta Lindhauss planetan lehendik zeuden Ognarud sistemakoak jazarri zituzten, beste arraza batekoak —gizotsoak— zirelako. Flossi txikitatik irakatsi diote ognarudtarrei beldurra eta gorrotoa izaten.
-Hirl: nekazaria, Flossen senarra. Ognarud sistemakoa da izatez (ohar bedi izen hori, alderantziz irakurrita, Durango dela; gogoratu hemen Itxaro Bordak solasaldian Sarrionandiaz aipatutakoa), eta, beraz, hango guztiak legez, gizotsoa. Hirlek ezkutatu du bere identitatea, baita Flossen aurrean ere (begi horiak lentillekin estali ditu, eta letaginak kamustu). Flossi egia aitortzen dionean, Floss hasieran izuz eta higuinez aldentzen da Hirlengandik, gero berarekin maitemintzen bada ere. Flossek bi aldiz salbatuko dio bizia Hirli herritarrak hura lintxatzen saiatzen direnean.
Y planeta diktadura baten menpe dago. Planeta aberatsa da thuronium mineralean, eta hango gizartzak esklabu bizi dira meatzeetan lanean. Matxinada saioak egon dira eta errebeldeak Iota presondegi planetara bidaltzen dituzte Hermes deritzen ziega hegalarietan. Gainerako planetek thoriuma behar dute, eta ezikusia egiten diote Yko diktadura gordinari. Telepata protagonistak ohartu dira indar mental ezezagun bat beren gogoan sartzen ari dela eurak kontrolatzeko. Esaterako, Unai Gaztelumendi kantaria «erotu» bezala egin da azken aldian eta Y planetako diktadorearen aldeko propaganda zabaltzen hasi da; Liebe Tanakak huts egingo du, ezustean, Akademiako psikokondairalaria bihurtzeko probetan, oztopo mental arrotz batek traba eginda.
Protagonistak ahaleginduko dira eurak txotxongilo gisa helburu ezkutuekin erabiltzen ari den telepata super indartsu hori —«Armiarma»— nor den argitzen, eta taldean lan egingo dute haren kontra borrokatzeko.
Zi-fiko elementu eta neologismo aipagarri batzuk: «gogoirudia» (irudi telepatikoa), «mentalikera« (telepatiako hizkuntza), «hartzaidea» (giza hartza), «emartza» (eme hartza) «thermotxarpoila» (premiaren arabera tenperatura egokitzen duen koltxoia), «ukaraiko eskutela» (eskumuturreko telefonoa), «ikusfonoa» (telefono pantailaduna), «galaktikera» (galaxiako lingua franca), «galaxipol» (galaxiako polizia), «hamarmendea» (hamar mendeko aroa), «indarraldea» (indar eremua, objektuei airean eusten diena), «lurroihal lerrokorra» (espaloi mugikorra), «medikumatika» (gaixo bat ohatilan etzanda, sendaketak egiten dizkion makina), «artarrobota» (robot erizaina), «robopol» (robot polizia), «kiribilptera» (helikoptero berezia), «golderotorra» (golde aurreratua), «laserraiztoa» (laser labana), «itzulmakina» (hizkuntzak itzultzen dituen makina), «xirulmatika» (txirula automatikoa), «inglesperantoa» (ingelesaren aldakia, Plutonen hitz egiten dena), «robopsikologoa» (robot psikologoa), «laserxizpa» (laser fusila)…
Amaitzeko, generoaren ikuspegitik interes berezia daukaten nobelako aipu batzuk ekarriko ditut hona:
«bortxatua izateko beldurrak neskari lepoa hestutu zion» (Flossi buruz esana, 25. or.)
«(…) emazteen artean elkar lagundu behar» (Liebek Flossi, 59. or.)
«Eta puta hori? Ez zazue joatera utzi! Gizotsoak pasa daitezken lekutik denok aise pasatuko gara! Puta hori errekan garbi eta oraino erabil liteke!» (Hirl gizotsoa lintxatzera datozen lindhausstarrek Flossi buruz esana, 64. or.).
«Bai puta naizela… nere bizia salbatzeko Hirl abandonatu dut…» (Flossek bere buruaz, 64. or.).
* * *
Mayi Peloten lanen deskribapen honekin ahalegindu naiz idazleak mundu sorkuntzan eta hitz sorkuntzan —zientzia fikzioaren bi zutabe garrantzitsu horietan— ageri duen abilezia erakusten, eta orain dela 30 urte inguru hain irudimen handiaz landu zituen gai politiko eta sozialen modernotasun eta interesa azpimarratzen. Lehenago esan bezala, haren bi liburuek edizio berri, eguneratu eta zaindua merezi dutelakoan nago, bidegabeko ahaztura luzeegi horretatik lehenbailehen berreskuratu ditzagun, eta behar bezala gozatu.
Post data: aipatu gabe geratu ziren beste lan eta idazle batzuk
Ansiblefesteko solasaldiaren haritik tiraka, beraz, zientzia fikzioa edo distopia landu duten zenbait emakumeren izenak bildu genituen: Mayi Pelot, Itxaro Borda, Eider Rodriguez eta, berrikiago, Maite Dárceles. Zerrenda horri momentuz gehitu behar diogu Garazi Albizuarena, azken ukituak ematen baitabil laster argitaratuko duen Izadia nobela distopikoari. Era berean, nabarmentzekoa da laster kaleratzekoa dela Ursula K. Le Guineren The Dispossessed nobela mugarriaren euskarazko itzulpena, Nagore Vegaren eskutik.
Bidenabar, gogoratu nahi dut emakumeek literaturaz bestelako medioren batean ere landu izan dutela zientzia fikzioa euskaraz, ikuspegi feminista eta umoretsuaz, gainera: «Ikaarrizko krisiya» film laburraz ari naiz, Chochowsky Ahizpak izenaren pean emakume talde batek 2016an egina, Euskal Harriaren ABDak izeneko zientzia fikzio, beldur eta fantasiazko film laburren ekimenerako. Hementxe ikus daiteke: https://euskalharriarenabdak.com/i-2/.
Bestalde, amaitu aurretik hizpidera ekarri nahi ditut zientzia fikzioaren auzoko eta ahizpa diren beste genero bi: fantasia eta beldurra. Asko ez izan arren, euskaraz badira genero horietan koka daitezkeen eta emakumeek eginak diren zenbait lan. Hurrenkera kronologikoan aipatuko ditut batzuk (ziurrenik gehiago ere izango direla jakinik): Ipuin izugarriak ipuin bilduman (Elkarlanean, 2004), Begoña Bilbaoren «Isuritako ura ez da batzen» eta Ana Moralesen «Adibidez» ipuinak azaltzen dira, biak ere fantastikoak. Uxue Apaolazaren «Bueltak» ipuina (Umeek gezurra esaten dutenetik, Erein, 2005) genero berean koka daiteke (nahiz eta kokainak ere zerikusiren bat eduki lezakeen protagonistaren gorputzaren deseraikuntza literalean). Irati Jiménezen Nora ez dakizun hori nobelan (Elkarlanean, 2009) Ipar Euskal Herriko likantropo baten gorabeherak azaltzen dira. Ana Malagonen zenbait mikroipuinek ere joera fantastiko, futurista eta post mortem nabarmena dute, adibidez, «Ederrena», «Automobilaren sentimendua», «Zoriak», «Irudi dardartiak» eta «Odol beroan» izenekoek, denak ere Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014) liburukoak. Azkenik, Garazi Arrulak dobleekin eta errealitate paraleloekin jolasten du «Abian» ipuinean (Gu orduko hauek, Txalaparta, 2017).