Revoir Comanche
RENARD, Romain
Le Lombard, 2024
Revoir Comanche: klasikoaren azken hatsa.
Hermannek eta Gregek sortu zuten Comanche 1969. urtean. Elkarrekin 10 titulu argitaratu zuten, azkena 1983.ean. Ondoren, Gregek eta Rougek sinatu zituzten hurrengo lau aleak, 1997 bitartean. Greg hil ostean azken ale bat argitaratu zen, Rodolphe kredituetan gehituta, 2002. urtean.
2024ko urrian, berriz, Romain Renardek sinatzen du ale berri bat, Revoir Comanche izenburu.
Gaztelerazko irakurleok Mortadelo astekarian ezagutu genuen Comanche. Guk behintzat hantxe segitu genituen Comanche, Red Dust, Ten Gallons eta Triple 6ko etxaldekideen abenturak. (bai, 6 hirukoitia: 6 6 6).
Beraz, Red Dust, Les guerriers du desespoir, Les loups de Wyoming, Le ciel est rouge sur Laramie, Le desert sans lumière, Furie Rebelle, Le doigt du diable eta Les sheriffs dira asteko tebeoari esker ezagutu genituenak. Denak Hermannek marraztuta. Gainera, kasualki edo, Les sheriffs-en amaierak nolabaiteko amaiera formala, nahiz eta irekia, ematen zuen aditzera, bai behintzat Red eta Comanche pertsona heldu bezala jokatu eta behingoz elkarrekin egoteko aukera zutela nahi izanez gero… (egiaren esateko hitz gutxitan adierazten dute bi protagonistek haien nahia; Comanchek “nous recommencerons au ranch! J’ai tout compris à present” esan eta Dustek “On y a mis le prix…” erantzuten dio, garbi dago, ezta?).
Aurrerago, urteak pasata, Et le diable hurla de joie gehi Le corps d’Algernon Brown ezagutu genituen, album formatuan; beti Hermann arkatzetan. Gainera, Greenstone Falls-era iritsi aurreko Red Dusten hainbat abentura ere idatzi zituen, Le prisonnier izenburu pean bildumatuak.
Edozelan ere, 10 ale hauen ondoren, Hermannek seriea utzi egin zuen. Nonbait argitaletxeak jarritako mugak medio. Ordurako ere, Jeremiah serie apokaliptikoan (ala ez horren apokaliptikoan) zegoen murgilduta. Hermannen indarrak pertsonaiak betirako markatuta utzi zituela uste dugu. Izan ere, hurrengo bost ale ez daude maila grafiko berean. Hermannen natura, espazioak, koloreak, espresibitatea… pisua handiegia da. Gainera, Hermannen osteko lehen albumaren amaiera, Les fauves-ena hain zuzen ere, Le doigt du diable-renaren kopia txarra baino ez da. Orokorrean ideiak onak badira ere, azken bost gidoien garapenak maila ez dutela guztiz ematen iruditzen zaigu. Hermannen marrazkirik gabe ezin maila gehiago altxa.
Halere, Greg hil osteko azken albumak, Red Dust express delakoak, nolabaiteko amaiera ematen saiatzen dela irudituko luke, batetik Comanche eta Red Dusten arteko harremanagatik eta, bestetik, azken eszenak garapen industrialari gorazarre egiten.
Biak ala biak, zein baino zein ez egokia. Izan ere, album klasikoetan garapen horrek jaten zuen guztiaren aldarria egiten zuten autoreek, batez ere jatorrizko biztanleen bizitzarena nahiz izadiarena. Eta hala irudikatzen da Cheyenneak agertzen diren bakoitzean.
Hortaz, azken bost ale horien maila ikusita, zer dela eta orain aukera eman Revoir Comanche-ri?
Berrikuspen guztiak ez dira berdin
Klasikoak berrikustea oso ohikoa bihurtu da. Ez soilik superheroiei gagozkiola, bai eta BD franko-belgiar deitzen dugun horretan ere. Thorgal ez da inoiz amaitzen eta spin off ugari ditu; Asterixek ere lortu du bigarren bizitza; Lucky Luke horretan ari da; Valerian et Laurelinen gainean ere ale bereziak egin dira; la quête de l’oiseau du temps hainbat ziklotan dago murgilduta. Corto Maltes… Hermannek berak ez dio uko egin Jeremiah-ri, pentsa! Horren zaharra ez den Donjon bera ere alde guztietatik ari da hazten.
Zio komertzialak, zinemaren eragina, iragan mina… arrazoi ugari dago horren atzean. Arrazoiak arrazoi, emaitza da guri axola zaiguna. Aipatu adibideetan, bai eta beste batzuetan ere, era guztietako emaitzak daude.
Beraz, bai; honako hoi aukera eman ala ez eman egon ginen. Baina izenburua batetik, azala bestetik… eta institutu garaian gelakideak Blueberry gora Blueberry behera guk Comancherekin jarraitzen genuela… alderantzizkoa bihurtzen da galdera: nolatan aukera eman ez?
Bete betean asmatu ere.
Berdin du Comanche aurretik ezagutzen zenuen ala ez. Ezagutzeak barruko istorio batzuk hobeto ulertzeko aukera ematen badu ere, Revoir Comanche ilunabarrean gertatzen den western bat da, Dashiell Hammetten detektibeetatik gertu.
Askotan ahazten zaigu kapitalak noiz birrindu zituen egungo EEBBek betetzen duen espazioa eta bizitza. Alegia, Comancheren garaia. Hori ez zen gertatu aro urrun batean, gure munduaren hastapenetan baizik. Horregatik, Hermannen eta Gregen protagonistak edadean aurreratu ditu Renardek eta hara non Ameriketako Estatu Batuen Depresio handiaren bezperan gaude maisu lan honetna. XX. mendekoaz ari gara, ez eta XXI. mendekoaz.
Protagonismoa betiko pertsonaiei itzultzen die autoreak: bi emakume dira ardatza, Comanche eta ez ezaguna zaigun Vivianne Bosch. Buruhauste handia eman digu azken hau nondik atera den asmatzen saiatzeak. Gure apustua… (oharra: edukia garrantzitsua desblokeatuko dugu jarraian letra tipo txikiagoan, ez baduzu jakin nahi aurrerago jo…. zuk ikusi…. ) Vivianne hau Comanche eta Red Dusten alaba dela izan da, noski. Egia den ala ez, ez dugu esango). Ilargi-orbain ere agertzen zaigu, jada aguretua. Naturak berak ere inguratzen gaitu etengabe, ez ordea Natura basatia, guztiz gizakiak hondatuta baizik. Jakina, indibiduoaren gaiztakeriak tentsio izugarrian izango gaitu. Bai eta Red aguretuaren jokabideak ere. Honek, gainera, oso argi mintzo zaigu kapitalaren aroan bere aukera zein den azalduz. Bitxikerien artean, autoreak Red Dust irudikatzeko Hermannen beraren aurpegia aukeratu izana dugu; Dustek berak, bere bizitzari buruz argibide ematean, aita Hermann izena zuela dio. Beraz, Revoir Comanche ez da hala moduz edo arrazoi komertzial hutsengatik egindako lan axola bakoa.
Jatorrizko Comanche bikain ezagutzen du eta amaiera duina ematen dio serieari. Hunkigarria guztiz; western eta polarrari zor zaien dosi zikinarekin.
Comanche maite bazenuen, ezinbestekoa duzu komiki hau. Komikiak maite badituzu, ere bai. Edizioa zoragarria baita, soinu banda propio eta propioa txertatua. Ez da lehen aldia Renardek hala egiten duela.
Komiki honek 4 sari jaso du lau hilabetetan; agian horrek ere ez du ezer esan nahi baina tartean Anguleman Polar motako komikiari emandakoa dugu.
Dena den, hori dena ahaztu eta behar bezala esan agur Comancheri. Au revoir Comanche.