Azkenaldian asko entzun / aipatzen dugu kultur diziplina desberdinen kontsumoaren beherakada PPren gobernuak BEZ-ari aplikatu zion gorakadarekin lotuta dagoela. Baina zenbat eta buelta gehiago eman argudioari, orduan eta ahulago bihurtzen da. Argi dago, ez nahiz ni orain BEZaren igoera defendatzera etorriko, %8tik %21erako igoerak ez duela areto bat betetzen lagunduko. Ez da erreklamu onena inolaz ere. Baina zail egiten zait pentsatzen 10€ko sarrera bat 10,80€ BEZ barne ordaindu edo 12,10€ ordaindu, 1,3€ horiek direla aretoak hutsik egoteko arrazoia. Ze hori horrela balitz, doako eskaintza denean aretoak bete egin beharko lirateke. Eta hau ere ez da horrela. Argi azaldu zuen Plateruenako kudeatzaile Beñat Gaztelurrutiak iazko abenduan Durangon, besteak beste Gotzon Barandiaranekin, euskal kulturgintzaren egoeraz eskaini zuten mahai inguruan. Argi azaldu zuen Plateruena bezalako gune baten kalitatezko eta doako programazioa eskainita ere erantzuna beherantz doala azken urteotan. Lehen eskutik ezagutu genuen geuk ere Ondarrun Portuko Ranpi gune alternatiboaren urteurrena ospatzeko asteburu kulturala antolatu genuenean. Puntako programazioa antolatu genuen publiko guztientzat. Komiki tailerra, ikus-entzunezkoen proiekzioak, hitzaldiak, antzerkia, kontzertua… Edo ekintzon atzean zeuden izen batzuk aipatzearren Unai Iturriaga, Hedoi Etxarte, Ana Elordi, Patxi Uharte “Zaldieroa” eta beste hainbat sortzaile. Erantzuna baina oso pobrea izan zen. Batazbeste 12-15 lagun batzen ginen saio bakoitzean, non eta Ondarrun, neguan, basamortu kulturalaren ekuadorrean. Eta hor ere ez zegoen BEZik.
Liburu bat erostera noanean ere zalantza hori etortzen zait. 25€ liburua? BEZa %21a bada oinarria 20,66€koa da eta oinarri honekin %8an zegoenean BEZa, liburuak 22,31€ balio zituen. 2,69€ horiek dira liburu salmenten beherakadaren benetako arrazoia? Baietz esan nahiko nuke baina ezezkoan nago. Ze prezioan badago arazoa, oinarriak ere zerikusi handia du, ez zergak bakarrik.
Behin hau esanda, kultur kontsumoaren beheranzko tendentziari eragiten dioten faktore guztiak identifikatzen saiatu behar gara, berau inbertitu nahi badugu behintzat. Teknologia berrien ondorioz kulturaren kontsumo tendentzietan ematen ari den aldaketa (hau hasi besterik ez da egin) eta beronen aurrean produktu fisikotik edo ekimen presentzialetik bizi diren askok ez dutela beraien eskaintza birpentsatu eta moldatu (egiteak ere ez du inolaz arrakasta ekarriko, baina ez egiteak bidean geratzea dakar) gakoetako bat izan daiteke. 70, 80, 90 zein aurreko hamarkadako errealitatetik abiatutako estrategia egungora moldatzeko zailtasunetaz ari naiz.
Lehen, zuzeneko askotara joaten ginen eta kontzertu baten bideoa VHS zinta gastatu arte ikusten genuen; material berrira sarbidea mugatuago baitzen. Gaur ordea, atzoko kontzertu, poesia errezitaldi, antzezlan edo dantzaldiaren bideoa youtuben dago esekita 24 ordu baino lehenago eta biharko zaharkitua geratu zaigu; berriak egongo baitira, edo zerbait streaming bidez jarraitzeko aukera izango baitugu. Liburua erostera goazenean paperaren erromantikoak garenok badakigu zer ari garen ordaintzen eta zergatik egiten dugun. Berdin diskoarekin. MP3, Pc, iPad, Smartphone, Wifi, bluetooth eta antzekoekin hazi eta hezi diren belaunaldiek ordea disko bat osorik erosi beharrean euro baten truke abesti bat deskargatzea izan dezakete buruan. Berdin gertatzen da areto bat zapaltzerako orduan. Sarean kultur beharrak nahi erara asetzen ohituriko belaunaldien kontsumo tendentziak hasi dira beraz formatu tradizionalean eragiten.
Badira baina BEZ eta Teknologia berriak bezain nabarmenak ez diren beste bi faktore eta hauek baino eragin kaltegarriagoak dituztenak. Bata erakunde publikoetako bulegoetan diseinatutako kultura da eta bestea Telebista bidez batez ere, eta Irratiz baita, herritarrari helarazten zaizkon kultur ereduak. Erakunde nagusiek edukirik gabeko ontziak ezarri eta mantentzen xahutzen dituzte kulturari dagozkion sos gehienak eta ez dute kulturaren munduko premiei erantzuna emango dien plan integral bat garatzen. Munduan kokatuko gaituzten elementuei so bizi dira; munduko mapan egon aspalditik gauden arren. Hezkuntza planean euskal kulturak eta kulturgintzak duen presentzia ezak sekulako mesedea egingo balu bezala. Baina batzuen konplejuek eta besteen diru goseak egungo argazkira ekarri gaituzte.
Eta zer esan medio masiboez? Zer gure telebista eta irrati publikoaz? Apustu nagusia “reality” bat duen telebista publikoak ez du asko laguntzen. Ezta bi belaunaldi analfabetismo musikalean murgildu nahian zaborra bonbardatzen dabilen irrati publikoak ere. Eta txarrena ez da inork ez duela egindako kalteagatik erantzungo; kalteen dimentsioaz konturatzerako beranduegi izan daitekeela baino.
Faktore hauek gutxi ez eta inoizko krisi ekonomiko bortitzena jasaten ari garela ere kontutan hartu behar dugu. 8 urte datoz maldan behera hasi ginenetik. Makro adierazleek egoera hobetzen doala dioten arren, egunerokotasuneko kontzeptuak lan prekarioak, langabezia tasa, pobrezia maila eta esklusio soziala dira besteak beste.
BEZaren igoera izebergaren parte da bai, baina punta besterik ez. Ur azpian dagoenak gehiago kezkatu behar gaitu
Gaur gurean:
@aiertgoenaga: “BEZ? Bai baina ez”
http://t.co/lrTFFQl3tG
#Librea #etzi http://t.co/U0QljDWN35
RT @etzipm: Gaur gurean:
@aiertgoenaga: “BEZ? Bai baina ez”
http://t.co/lrTFFQl3tG
#Librea #etzi http://t.co/U0QljDWN35