‘Bioklik’, bidaia distopiko bat sistemaren erraietara

Etzi Portu Maritimoa-ren avatar

Bioklik (Elkar) eleberri argitaratu berria aitzakia hartuta, Asel Luzarraga haren egilea eta Dabid Martinez hacktibista eta teknologia berrietan eta pribatutasunean aritua solasean jarri ditugu egungo gizartea proiektatzen duen distopiaren ezaugarri batzuei buruz hausnarketa eginez, eroan nahi gaituzten norabidea biluzten saiatzeko. Hori da lehen urratsa amesgaizto horren aurkako antigorputzak garatu eta aurre egiteko armak prestatzen hasteko.

  • Dabid Martinez: Zure zazpigarren eleberria dugu Bioklik. Bertan, 2044. urtean, Euskal Herrian, Bilbon bertan, kokatutako gizarte bioteknologiko bat narratzen duzu. Nire ustez, (eta agerikoa dela esango nuke) gizarte hori faxismo bigun edo intentsitate baxuko faxismoaz, kontrolatuta dagoen jendarte bat da, distopia klasiko batean koka dezakeguna. Familia baten bizitza islatuz, Urrutia familiarena, alegia, dugu gizarte horren berri, baina, faxismo bigun hori sakontasun askoz handiago batekin definitzen hasi orduko, zein da Bioklik-en oinarria?

 

  • Asel Luzarraga: Oinarria gure egungo gizarte berarena da, haren ezaugarri nagusiak areagotuta: ustezko askatasuna eta parte-hartzea, eta teknologiak ahalbidetutako kontrola. Egun, hautatzearen eta parte hartzearen lilurapean bizi gara, horren une gorena hauteskundeen ikuskizuna, komunikabideek demokraziaren festa deritzoten hori. Bestalde, pixkanaka, guri buruzko datu guztiak biltzeko eta zentralizatzeko prozesuan gaude bete-betean, segurtasunaren eta erosotasunaren izenean, sinadura digitalak eta horiek guztiak. Horri, biometria hasi zaio gehitzen, gure datu biometrikoak, hala nola irisa, esku markak eta beste ezaugarri batzuk ordenagailu batean sartuta, gu erraz identifika gaitzakeen sistema. Demokraziaren lilura eta bioteknologia uztartuta, biodemokrazia sortzen da, liburuan islatzen den sistema. Bertan, eta biotelebistek bideratuta, edozeri buruz “erabakitzeko” aukera etengabeak eskaintzen zaizkie herritarrei; itxura batean, ez da erabaki bakar bat hartzen herritar guztiek parte hartu barik. Sistemak aurretiaz hartuta dauzkan erabakien erantzukizuna herritar guztien artean banatzen da hala. Ustezko segurtasuna eta askatasuna, eta inork ez dakien nork definitutako ongizate abstraktu bat, Estatuak baino “bermatu” ezin dizkigunak, dira gu nahi duten bidetik otzan eramateko mekanismorik erabilienak. Eta Estatua, bere komunikabideen bitartez, arduratzen da segurtasun premia senti dezagun, gure begi aurrean jarriz etengabe zeri izan behar diogun beldur, besteak beste. Kateak arinago sentitzen dira gure hobe beharrez eta geuk hautatuta daroatzagula uste dugunean.
  • DM: Izan ere, irakurketaren gauzarik interesgarrienetako bat, nire aburuz, gaur egun bogan dagoen (esparru askotan desiragarria izan daitekeen) demokrazia parte-hartzaile bat hankaz gora jartzeko erakutsi duzun gaitasuna da. Apur bat harago begiratzen duzuen horiek eta lerro artean irakurtzen dakiten aktibistak baino ez dira gai antzemateko ze mailako kontrol sozial, fisiko eta birtual bizi dugun, ez 2044. urtean, baizik eta gaur egun ere. Eta Bioklik-eko etorkizun hurbilean berdin gertatzen da, ez dugu asko ikasiko, antza. Antzeman daiteke, begiak irekiz gero. Zoritxarrez, baten batzuk begi bistakoa ez den hori ikustera behartuak dira, Txetxu kasu.
  • AL: Nik uste dut jende askok ikusten duela, deserosotasun puntu bat ere sortzen diela ikusteak, aldi berean aukera erosoa begitantzen zaielako, hain zuzen ere. Oso ugaria da inguruan Estatuak bermatutako ongizateari amore eman nahi ez dion jarrera kritiko azaleko hori. Denok sentitzen gara oso argiak sistemaren arrakalak ikusteko gai garelako, denok pentsatu nahi dugu ohartarazita gauden gutxiengo horietako partaide garela…, baina sistema indartsuegia delako aitzakiaren atzean mozorrotuz benetan gustura gaudela teorian arbuiatzen dugun errealitate horretan. Hor dago Matxinada Telebista sistemaren aurkako aktibista izatearen fikzioa bizitzen uzteko. Eta ez diot hori kanpora begira, neure buruari begira baizik. Beti idatzi dut neure burua ere, eta neure burua batez ere, deseroso sentiarazteko, sistema apurtu, hari bizkarra eman eta aldentzeko ezintasuna neure baitan ikusten dudalako lehenik. Eta norberaren baitako tragedia da beti latzena, besteei ezkutatu nahi dioguna. Masokista naiz, agian, baina nire ezintasun eta barruko borroka horiek literaturan biluzteko premia sentitzen dut beti. Beharbada, apurtzeko eta erosotasun horretatik askatzeko prest dauden bidaideak aurkitzeko itxaropenean, aitzakiarik gabe utziko nautenak. Sistemak dena xurgatzeko, gure diskurtso iraultzaileenak ere fagozitatzeko daukan gaitasunak oso txiki eta biluzik sentiarazten gaitu, ezgauza. Agian dei etsia da nirea, hain txiki sentiaraziko ez nauen jendearekin topo egiteko. Une larrian gaudelako; benetan eta serio sistema hori suntsitzen, eta lehenik eta behin geure baitan deseraikitzen hasten ez bagara, gizateriaren azken egunetan egon gaitezke. Azken boladan transhumanismoaz eta posthumanismoaz entzuten hasi naiz, eta gureak egin duela ematen du. Ez dut etsi gura, ordea. Liburuan ere, begiak itxita iraun nahi dute pertsonaia gehienek, sistemaren pisua modurik mingarrienean pairatu arren, nor bere txikitasunaz konbentzituta. Txetxu lehena, zuk aipatu duzunez. Autogorrotoa eta erruduntasun sentipena dira pentsaera posmodernoak asmatutako edo indartutako beste arma eraginkor bi, batez ere mugimendu disidenteak barrutik desorekatzeko erabiltzen direnak. Arrakalak gure baitan eragitea da sistema ez arrakalatzeko ezarri diguten txertoa. Mikro-gauzak deritzet nik: mikro-faxismoa, mikro-matxismoa, mikro-mikro-mikro…, makro-faxismoa, makro-matxismoa, makro-totalitarismoa… urruntzeko, bistatik galtzeko, kontzientziaren poliziak geure baitan kokatu eta disidentzietan denok denen zelatari bihur gaitezen. Zelatariak eta errepresoreak. Horretaz ere hitz egin dut liburuan, lerro artean. Izan ere, ez dakit nik neuk beti lerro artean irakurtzen asmatzen dudan, baina lerro artean idatzi dut beti, berezkoa da nire literatura guztian. Dena dela, Bioklik-en bertan, itxaropenerako zirrikituak ere utzi nahi izan ditut zabalik. Ezinbestekoa da.
  • DM: Hala da, etorkizun oparoago bat (existitzen bada behintzat) ekarri behar dizkiguten zirrikitu horietan pentsatzen hasten ez bagara harria gelditzen da. Biogizartearen funtsezko atal bat erakusten digu gainera, biototalismoaren aurka lan egiten dutenak. Nor bere moduan; zirrikitu horiek irekitzeko gaitasuna duten pertsonaiak, funtsean sistemaren kontrako borrokan lan egiteko grina dutenak. Eta liburuan badira horietako batzuk, eta ezinbestekoak dira. Bi aipatuko nituzke. Bereziki interesgarria iruditu zait Naomi, badakizu, izan ere oso identifikatuta sentitu naiz nerabe horrekin. Sistemaren kontrako jarrera nabaria zaio, eta ez du ezkutatzen, ezta ezkutatu nahi, baina oraindik bere sentipen horiek nola bideratu asmatu nahi duelakoan nago (nahi duelakoan, ez behar duelakoan). Bigarrena, talotegiko gizona. Bizi bereko bizitzaren tarte bi direla esango nuke. Aipatu duzun Matxinada Telebistaren fikzio hori ikusi baina aldatzen asmatu behar duena eta asmatu duena. Esandakoa, pertsonaia bi, bidearen fase banatan, baina bide berean. Zuk bakarrik dakizu etorkizunean zer gertatuko den Naomirekin.
  • AL: Neuk ere ez dakit, kar, kar, utzi behar diogu bere barruko har horrentzako bide egokia bilatzen. Batek daki, gaztea da eta talotegi horren atzean daudenekin topo egin dezake berak ere. Badago itxaropena sortzen duen beste pertsonaia garrantzitsu bat, hark zer egingo duen ere ez dago argi, baina ez ditut liburuaren hari guztiak agerian utzi gura. Talotegia ezustean agertu zen liburuan, hasieran ez zegoen pentsatuta, baina uste dut beharrezkoa izan nuela, oso iluna zelako protagonistak inguratzen zituen guztia, argi apur bat ekarriko zuen zerbait behar nuen. Gainera, une batean Bioklik ziklo baten amaiera zela konturatu nintzen, aurreko liburu guztiak batzen dituen nolabaiteko katearen azken begia. Etenaldi luze bat jasan zuen liburuak, halabeharrez, hura idazten ari bainintzen Txilen kartzelaratu ninduten egunean, polizia etxera etorri zitzaidan unean bertan, 2009an, eta galduta geratu zen material guztia 2012a arte. Argentinan nengoen ordenagailua eta disko gogorrak berreskuratu nituenean. Eta Txilen bertan, etorkizunerako proiektu bat hasi nintzen zirriborratzen, aurreko liburuekin zentzu batean eten bat ekarriko zuena. Une horretan baneukan asmoa liburuan kartzelak garrantzia eduki zezan, baina halako bat barrutik ezagutu gabea nintzen. Eta ziklo amaiera horren ikur, nolabait, aurreko beste sei eleberrietako pertsonaia bana sartzea erabaki nuen, keinu moduan. Haietako batzuk talotegiari lotuta agertuko dira, eta gainerakoak, kartzelan; eta haietako bat, gainera, funtsezko bihurtu zen. Moduren batean, lotuta daude mutur bi diruditen esparru horiek biak, talotegia eta Basauri Barri hiri-kartzela, garai horren alderik argiena eta alderik ilunena behar lukeena. Kartzelan ere, zentzu etikoan baino ez bada ere, talotegiak ordezkatzen duen munduko pertsonaiaren bat ere badago. Beraz, zuk diozun legez, talotegiko gizonaren eta Naomiren artean belaunaldiek bereizitako pentsaera baten segida egon daitekeen bitartean, talotegiaren eta kartzelaren bidez pentsamolde baten egoera bi agertzen dira, aske iraun eta borrokan jarraitzen dutenena, eta sistemaren atzaparretan egonda amore ez emateko kemenari eutsi nahi diotenena. Naomiren kasuan, izan daitekeena iradokitzen da, modu oso nabarmenean. Kartzelako pertsonaiei dagokienez, zertzelada batzuk baino ez dira, ez baita zehazten kartzelara zerk eraman dituen.
  • DM: Argia da kartzela sistemarekiko kritika, eta mundu hori ezagutu izanak liburuari beste dimentsio bat eman diolakoan nago. Azkenean, hasieran aipatu duzun bezala, norberaren mamuak askatzeko ere balio du idazteak, ezta? Gainera, adierazgarria da, kartzelan ere, nobelaren alde ilunenetarikoa beharko lukeena argitzeko, errepresioa, kondena, faltsukeriak, lanak…, pertsonaiak ere badaudela; kartzelan lagun, ez dakit handiak esan, baina behintzat onak, egiten ditu Txetxuk. Izan ere, bere sostengu dira infernu horretan. Baina kasu honetan, pertsonaien barne munduan sartu gabe (eta emango luke beste lau orri betetzeko beste), kartzela sistemaren inguruan hausnartzeari deritzot interesgarri. Izan ere, Basauri Barri hiri-espetxean badira gaur egungo kartzela sistemaren ustelkeria ulertzeko zenbait leiho, hauetako batzuk aipatzeari interesgarria deritzot, gainetik baino ez bada ere. Eta adibide bi jarriko ditut: lehenik eta behin, “kasta” sistema (ez naiz ari kasta hitz moderno-famatuaz, sakontasun askoz gehiago baitu), zenbat eta bk (biokreditu) gehiago, orduan eta bizi kalitate hobea kartzelan. Izan ere, baten batzuentzat kartzelan egotea hotelean egotea bezala da; agian Basaurin ez dago hondartza exotikorik, baina egongo da besterik. Bigarren adibide bezala, liburuan aipatzen da nola biodemokraziak presoak erabiltzen dituen, adibidez, zenbait lan kartzela sistemari azpikontratatuz. Ekarpen honekin ez dakit erantzun argi bat ematerik dagoen, Asel, baina kartzelaren argi-ilunak zure hitzetan ezagutu nahi nituen.
  • AL: Espetxeak funtsezko erakundeak dira egungo sisteman, burgesek demokrazia izenez bataiatu zuten aristokrazia “ordezkatzaile” honetan. Filosofo ustez erradikal batzuek, hala nola Foucaultek, dezente teorizatu dute horretaz, helburua haiek eraberritu, “gizatiartu” eta onargarriago bihurtzea izanik kasu gehienetan, eta ez haiek desagerraraztea. Bioklik-en agertzen den hiri-kartzela egungo espetxe-sistemak daroan bilakabidearen emaitza logiko bat baino ez da. Garai batean kartzela sistema jakin bat ezagutu dugu, kartzela publikoak, Estatuaren ardurapean daudenak. Azken garaietan makro-kartzelak ugaritu dira, alde batetik, eta espetxe-sistema pribatua hasi da hedatzen, bestetik. Negozio ikaragarria izan dira espetxeak beti. Delinkuentzia, delitua, gizarte burgesak daukan negozio ilunenetako bat da. Preso dagoen biztanleria esponentzialki hazten ari da, eten barik. Espainia muturreko kasua da, delitu-tasarik txikienetakoa dauka Europan, eta biztanleria presorik handiena. Delitua zer den alde batera utzita. Zuk aipatu dituzun adibideak oso interesgarriak dira espetxeen eginkizuna ulertzeko. Alde batetik, denok dakigu kartzelak ez direla aberatsentzat egin. Eskubiderik sakratuena, gizarte burgesean, beste edozeinen gainetik, gizarte eredu jakin batek asmatutakoa da: jabetza pribaturako eskubidea, gutxiengo batek baino ezin disfruta dezakeena. Legea, beraz, hasieratik, pribilegioa babesteko lehen lubakia da. Horregatik, kartzelan dauden gehienak ezer ez daukatenak dira. Baina, zerbait benetan oso larria, ezkutatzerik izan ez duena egin duen aberatsen bat preso hartzen dutenean, berarentzat kartzela ere ez da pobreak ezagutzen duen kartzela bera. Basauri Barri hiri-kartzela da, biztanleria preso horren hazkunde esponentzialak eskatzen duen neurrikoa, makro-kartzelen hurrengo urratsa, eta auzoka dago antolatuta. Hor, daukazun kapital ekonomiko, politiko eta sozialaren arabera, auzo bat edo bestea tokatuko zaizu, 1. auzotik 7.era. Estatu batzuetan, hala nola Brasilen edo Mexikon, esaterako, jakina da narko eta mafioso handi batzuk espetxean daudela, eta ez dutela irten nahi, seguruago daudelako euren negozioak kartzelatik zuzentzen. Ez daukate arazorik euren ondarea handitzen jarraitzeko, eta gotorlekurik onena da espetxea haientzat. Erosotasun guztiak dauzkate bertan. Nik ezagutu nuen kartzela ez da handia, Temuko ere ez da hiri handia, eta, ofizialki, kartzela publikoa da, baina barruan, nahi izanez gero, aukera dago modulu “pentsionatua” eskatzeko. Hilean kopuru bat ordainduta, abantaila batzuk lortzen dira: gela erosoagoa, gimnasioa, aurrez aurreko bisitak… Nor daude pentsionatuan? Polizia izandakoak batez ere. Hobe, beraz, modulu komunean geratzea, kar, kar. Bigarrena askotan ikusi dugu estatubatuar filmetan -kartzela pribatuen eredua ere handik dator-, zelan erabiltzen dituzten presoak eskulan merke edo doako gisa, errepideak egiteko, esaterako. Baina duela gutxi Espainian ere lehertu da “eskandalua”, jakin baita (hedabide gutxitan agertu arren) Corte Inglések, esaterako, presoak esplotatzen dituela bere artikuluak fabrikatzeko eta, gainera, fabrikatutakoa presoei eurei saltzeko. Zenbait udalek ere presoen eskulan merkea kontratatzen dutela jakin da. Baina berehalakoa izan da horren inguruko isiltasuna. Bioklik-en, Bizkaiko Aldundia da Basauri Barriko tailerrak kontratatzen dituena, garraio publikoak behar dituen konponketak merke egiteko, besteak beste. Baina espetxearen funtsezko eginkizuna sartzen direnen gizagabetzea da, nortasuna apurtzea, otzantzea, eta, liburuan legez, presoak eurak erabiltzen dira elkar zelatatzeko, diziplinatzeko, salatzeko… Espainian FIES erregimena erabiltzen da, makurtzeko prest ez dauden presoen aurka, bereziki. Temukoko kartzelan “latak” ziren mehatxurik handiena: isolamendua, iluntasuna, hezetasuna, etzateko ere tokirik gabe. Hala ere, beti daude gizagabetzeko prest ez daudenak, duintasuna galtzeari uko egiten diotenak. Halako batzuk ezagutuko ditu Txetxuk Basauri Barrin, asko ez badira ere. Kalean edozein abantaila eskuratzeko arrastaka jarduteko prest ez daudenak gutxi badira, zer esan kartzela barruan… Baina gizagabetzeko sistema horren atarikoa epaitegietan daukagu. Pertsona jakin batzuek gu epaitzeko eskumena daukatela barneratzen dugunean hasten gara gure burujabetza galtzen. Bioklik-en, ikuskizun bihurtzeaz gain, gizarte osoa egiten da epaitzeko eskumen horren partaide. Gure baitan dagoen ilunena askatzen dugu egun ere, komunikabideek epaitu behar ditugun “gaizkileak” aurkezten dizkigutenean. Gaur egun sinbolikoki baino ez ditugu epaitzen, sare sozialetan-eta, baina argi sumatzen da zelan manipulatzen diren jendearen iritziak, sentimenduak eta kontzientziak, helburu ideologiko eta politiko aitortu gabeekin. Elkarren epai izateko hezten gaituzte pixkanaka. Laster, jendeak berak eskatuko du bere epaiak kontuan hartuak izateko eskubidea. Gure barruko faxista ari dira elikatzen, eta gainera, diskurtso itxura batean askatzaileak, are iraultzaileak erabiltzen dira gure gorrotoa eta mendeku gosea xaxatzeko, ezagutu ere ez dugun jendearen aurka. Epaitzen duena beti sentitzen da epaituaren gainetik, nagusitasun moralez janzten du bere burua. Zelan ihes egin horren partaide bihurtzeari? Hori da asmatzen hasi behar duguna…
  • DM:b>Izan ere, epaiketa horiek guztiak, bai pertsona desberdinengan burutzen dituztenak, zein telebisiboak, ezinbestekoak dira biogizartean; zuk ondo diozun moduan, edozer epaitu daiteke: greba bat egiterik dagoen, gustuko ez dugun musika merkatutik kentzea, politikarien “bizi pertsonala”… Horrelako sistema batean nork ez du, ba, esango: hobe hau ez egin, badaezpada. Askatasuna eman beharko lukeena, edo behintzat biogizarteari horrela saltzen zaiona (demokrazia “parte-hartzaile” bat), askatasuna urritzeko ezinbesteko tresna bilakatzen da. Ez ia kontzientziak epeltzeko, baita norberaren gogo eta nahi pertsonalekin, beharrizanekin kasu batzuetan, bukatzeko ere. Izan be, horrelakorik gabe ez da biogizarterik. Zirku bat. Tira, beste zenbait gai ere jorratzen dituzu liburuan: harreman pertsonalak, sexuari buruzko hausnarketak, familiaren beharrizana eta entitatea bera, hezkuntza sistema…, eta ezin dugu guztia hemen hustu, baina ez gogo faltagatik kar, kar, kar. Nire ustez, zeurea da azken hitza, zerbait gehitu behar dela uste duzu?
  • AL:Tira, bai, asko dira zeharka naiz zuzenean jorratu ditudan gaiak, eta hobe da haiei buruzko gogoeta ez agortzea, ez nioke irakurleari irakurketa lar baldintzatu gura. Batez ere, begiak hainbat noranzkotan irekita eduki behar ditugula iradoki nahi izan dut. Susmoak piztu behar litzaizkiguke ustez iraultzaile edo, horrenbeste izan barik, eraldatzaile diren diskurtsoak, aldarrikapenak, hiztegiak… komunikabide guztietan bolo-bolo agertzen hasten direnean. Haien guztien erroetara jo behar genuke, ea noiz eta non sortu diren, zein asmorekin, ea sistemak bere egiteko bidean desbideratu, desitxuratu eta hustu dituen, ala hasieratik bete duten sistemak emandako eginkizuna eta itxura eraldatzaile hori guri opari pozoitua bilgarri polit batean eskaintzeko modu bat baino ez den… Liburuan garrantzi handia eman diot, esaterako, osasunaren erabilerari eta, bereziki, osasun mentalaren erabilerari. Ez dut uste kasualitate denik emakume ahaldunduaren eta noranahikoaren irudia saltzen zaigun garaiotan, haiek izatea psikofarmakoak saltzen dituzten mafien bezero kutunak, gizon askoren irtenbidea, psikofarmakorik ezean, suizidiotik pasatzen den bitartean. Familiari buruzko hausnarketa funtsezko gaia bihurtu zitzaidan liburua idatzi ahala. Baina ondo esan duzu, nahikoa hitz egin dugu, eta onena irakurleek liburuari heldu eta euren bilaketa eta interpretazioetan murgiltzea, gogoa badute…

Iruzkinak

  1. […] Luzarragak Bioklik idatzi zuenean, baleko distopia bat aurkeztu zigula uste nuela esan nion. Bere liburu onenaren aurrean geundela. Ez naiz nekatu Bioklik gomendatzeaz. Aste honetan irakurritako albiste batek, berriz ekarri dit […]