Bosgarren Olatua, kooperatibismo eraldatzailearen uhinak azaleratu eta hedatzeko sortu nuen Telegram kanalaren izena izan da. Orain, teknologia burujabetza irizpideak kontsideratuz, eta gaur egun Euskal Herriko kooperatibismoaren errealitatea erakusteak komunikazio estrategia hobe bat eskatzen duenez, aldaketak egingo ditut Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela probestuz.
Euskal Herrian mugimendu kooperatiboak bost olatu izan dituela kontatzen dugu, hegemonia kooperatiboak gaur egun kontatzen dena baino ikuspegi historiko eta anitzagoa beharrezkoa dugulako, datorren proiektugintza kooperatiboari zentzua eman nahi badiogu bederen. Hortik dator Bosgarren Olatua, Olatukoop bera sortu genuenetik eraiki behar izan dugun kontakizunetik. Beste post batzuetarako bosgarren olatuan eta aurrekoetan sakon murgiltzeko aukera.
Bosgarren Olatua telegram kanal bat izan da orain arte, eta hau ere kakazte bidean denez, aspalditik egitekoetan nuen proiektuaren zentratzeari eta zabaltzeari ekingo diot; alde batetik edukigintza indartuz eta Etzi.pm blog kolektiboko kategoria eta orrialde bihurtuz, eta bestetik zabalpenerako estrategia fedibertsora eta tresna libre eta burujabeetara bideratuz.
Aurrera begira beraz, eduki gehiago eta zabalpenerako tresna gehiago; mailing bat, Mastodon kontu bat, Telegram ordezkatuko duen zerbait, e-posta helbide bat, podcast bat, eta zergatik ez, paperean zerbait? Joango naiz ikusten, sortuko dira ideia eta aukerak.
Bosgarren Olatua komunikazio proiektuan interesa baduzu, jarraitu edukik kanal ezberdinetan, eta proiektuan parte hartu nahi baduzu, jarri nirekin harremanetan. Bosgarren olatuak kooperatiboa izan behar du ezinbestean.
Irudia: Wikimedia Commons