Red Planets; Marxism and Science Fiction antologia aurkikuntza handia izan da niretzat, eta sutsuki gomendatzen dizuet Etzi Portu Maritimoko irakurleei. Lotura ere hor utzi dizuet, auzoko liburu-dendara joan eta aurkitu ezean begiratu bat edo bi eman nahi izanez gero. Bestela beti geldituko zaigu Amazon…
Liburura txoko hauetan pare bat aldiz aipatu dugun China Mieville Ezkerreko Burusoil Bizarroaren izenak eraman ninduen arren, meritu osoz eta propioz maitemindu naute bertan aurkitutako bazter eta lanbroek: Jules Verneren Nemo kapitainaren globalizazioaren ikuspegi kapitalistari kritika, Hans Holbein Gaztearen Enbaxadoreen koadroko burezurra eta anamorfosia edo amaieran Mievillek berak fantasia generoari egiten dion keinu internazionalista (“Red Planets we have. We should not neglect the red dragons”).
Edonola ere liburuaren hirugarren atala ekarri nahi dut gaur gure artera: Carl Freedmanen Marxism, cinema and some dialectics of Science Fiction and Film Noir.
Freedmanen tesia labur (eta jatorrizkoan baino kamutsago, sentitzen dut) azalduta, zera litzateke: tentsioa dago genero beltzaren (eta konkretuki zinema beltzaren) eta zientzia fikzioaren artean. Zientzia fikzioa nolabait “inflazionista” litzateke: errealitatea gehi bere etorkizuna (Ernst Blochen esanetan) edo Arkhitektôon Biltzarreko gure lagunek mathematikoki adieraziko luketen bezala ZiFi= E + e
(gure formulazioa). Tradizio erromantikoaren jarraipen modura edo, bizitzak (eta munduak) espero genuena baino gehiago eskaintzen digu. Genero beltza ordea “deflazionista” da: errealitateak, gizarteak, gizon-emakumeek… etengabe huts egiten dute. Bizitza, funtsean, uste duguna baino ilunagoa, tristeagoa, gogorragoa, soilagoa eta gordinagoa da. Errealitatea beti da gure ilusioak baino zehatzagoa, gogorragoa, txikiagoa, trinkoagoa (Edo Noir = E - i
); finean, bellum omnium contra omnes bat. Gizon/emakumeak elkarren otso.
Zentzu marxista batean, bi perspektibak dira beharrezkoak noski, marxismoaren bihotz dialektikoak gauza biak behar baititu bere baitan, taupadarik emango badu. Perspektiba deflazionistari dagokio klase gizartearen birprodukziorako eta kapitalismoaren zapalkuntza praktiken sustengatzerako ezinbestekoak diren ohitura eta sinesmen sareak identifikatu eta suntsitzea, baina marxismoaren azken helburuak, bere dimentsio utopikoak ezinbestean behar du giza askapen eta errealizaziorako proiektu inflazionista bat. Marxismoarentzat, Freedmanek ondo jasotzen duen bezala: ” (…) visionary transcendence is the necessary completion of astringent demystification”. Bestela esanda, Freedmanen ustez zinema beltza [noir] eta zientzia fikzioa [ZiFi] genero antitetikoak (sic) diren arren, marxismoaren bi alde ukaezin dira. Kenketa eta gehiketa operazioak eta zatiketa eta biderketaren logikak behar ditugula, alegia.
Hein horretan Koldo D. Bizkarguenagak arrazoi du (berriro) baikor/ezkor izatearen inguruko eztabaidaren faltsutasunaren inguruan, eta Johnny Cashen noir-tasunak (kasu honetan ez Angela Davisen emakume belztasuna, gizon belztasuna baino) ondo jasotzen du Freedmanek genero beltzari egozten dion astringentzian, baina baita “till things are brighter” horretan baikortasun inflazionariozko momentu moduko bat ere (Marx eta Engelsen lanak ere han-hemenka, ez oso sarri, baina modu klabean, zipriztintzen duten ZiFi instintu basati eta askazi hezi ezina bailitzan). Edozelan ere, Freedmanen ustez bada Marx, Engels eta Cashek baino are hobeto batzen dituenak tentsio konponezin bi hauek: Alex Proyas zuzendariaren Dark City (1998) filmak alegia.
Filma gehiegi destripatu nahi izan gabe ere, ezin adosago nago Freedmanen proposamenarekin. Dark City beltza da, zinema beltza beltza izan daitekeen belztasun betean. Are, ultra-beltza edo ultra-noir ere izan daiteke, etorkizun distopikoen esklabotza modu berri eta terribleen deflazionismo barkagabeenaren gailur gisa. Dark City amets txar bat da. Presondegiaren osteko presondegia, gizakiaren labirinto ilun eta amaigabea. Baina baita ere bada, indar berdinarekin eta kontrako norantzan, gizatasunaren askazioaren ipuin zahar/berri bat. Xabier Letek idatz zezakeen Izarren Hautsa ezezik Dark Cityren gidoia ere (bai, hori keinu bat izan da filma ikusi duenarentzat).
Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera,
atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera,
kate horretan denok batera gogorki loturik gaude.
Eta hor dator artikuluaren twist-a, edo. Ekin geniezaioke berriro baikortasun metodologikoaren aldeko diatriba berri bati, baina ez dut uste merezi duenik honezkero. Joera deflazionistak indartsuak dira gure artean, baina badira saiakera inflazionista (“burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaxka gazte”) berriak ere edonon. Kontua ez da hainbeste hori, baizik eta herrigintzan oro har eta euskalgintzan, batez ere, Freedmanen artikuluan eta Proyasen filmean agertzen den figura batekin kateatuta gaudela. Shell Beach-ekin obsesionatuta gaude, ezin itzulirik, bueltaka.
Shell Beach memoria (historiko edo bestelakorik) gabe hotel ilun bateko bainuontzian esnatu eta gabardinan aurkitu dugun postal zahar bat da. Haurtzaroko memoria zoriontsua. (Zoriontsu) Izan gineneko garai/aro/aldi hura. Mundu guztiak erdi gogoratzen duen iragan mitiko hura. Erdietsi beharreko egoera. Ailegatu beharreko azken geltokia. Beti bueltaka gaituen destinazio iheskor hori. Utopia (edo). Kontua da noski ez dagoela Shell Beach-era iristerik. Ez taxiz, ez metroz, ez oinez, ez gara iritsiko bertara. Azken batean “… no object of mere nostalgia can possess authentic utopian value”, eta areago, ez da kasualitatea, ezta istripua ere 1950eko ipar ameriketako oporgune tipikoaren iruditeria erabiltzea filmaren ihes betearen (edo ederraren, Hedoi Etxarte eta Alain Urrutiak lioketen gisan) fantasia bezala.
Eta ez, lagunok. Efektibamente “[s]uch mere regression cannot provide escape from the dark city”. Hori iraganaren (iraganaren, ez memoriaren) nostalgia soilik da, ez egiazko utopia. Ihesa (ederra, betea) giza lanaren eta ekintzaren bidez eraikiko da, ez baitago – jada ez dago- etxera itzultzerik. Ez Proyasen filmean ezta 2017ko Euskal Herrian ere.
Iruditzen zait aspaldion euskararen egoeraren eta etorkizunaren inguruan ari garenean bi genero zinematografiko ageri zaizkigula parez pare. Orokorkerietan nahita erorita (eta barka biezazute boutadea), baina herri eta gune euskaldunetako noir perspektiba (inoiz baino erdara gehiago entzuten da herrian), eta hiri gune eta eremu erdaldunagoetako ZiFi begiradak (ez duzu sinistuko non entzun dudan gaur euskaraz). Begirada deflazionistak eta irakurketa inflazionistak, bere hasperen guztiekin. Batzuek hurbilago gogoratzen dute Shell Beach, oroitzen dira gehiago umetako memoriez, eta alderatzen dituzte egungo hiri ilunarekin. Beste batzuek urrunago sumatzen ditugu udako hondartza hura, haren eguzkia, haren urak, eta gehiago imajinatu nahi dugu “beste” posibilitate berri bat hizkuntzarentzat eta, batez ere, bere hiztunentzat.
https://www.youtube.com/watch?v=tsg-WQmvaYI
Baina ez dago Shell Beach-era itzultzerik, jada etxera itzultzerik ez dagoelako. Etxera itzultzeak, Heimat Blochiar horretara heltzeak gizarte eraldaketaren lan iraultzailea eskatzen duelako, ez 1960 hartakoa moduko “beste Ez dok Amairu bat” edo duela bost mendeko erreinu baten loria galdua. “Etxea”, izatekotan, gure baitan daramagu. Bere onenean (dela Manifestu Komunistan zein extralurtarrei buruzko B serieko filmerik dirdiratsuenetan) [Noir] eta [ZiFi] joerek horixe ahalbidetzen digute: giza sormen eta lanaren bidez errealitatea eraldatzea.
Agian, Dark City bezala, egun eta hemendik aurrera euskalgintzak bi generoak aurrera begira jartzen jarri beharko genituzke indarrak, Shell Beach-era itzultzen saiatzen jarraitu beharrean.
Irrikitan nago jakiteko non entzun dozun euskeraz… 🙂
Ez ez, filma ingelesez eta espainieraz bakarrik ikusi dut. Euskeraz oraindik ez dago ezta azpidatzita, nik dakidala…