Enpresa ereduak mintzagai

,
Naroa Elortza-ren avatar

Enpresak ulertzeko eta bizitzeko moduak eta moduak daude. Enpresak zulo ilun eta hotz senti ditzakegu, langileen eskubideak malgutzen eta lan baldintzak okertzen dituzten tresnak. Klaseen arteko ezberdintasunak areagotu besterik egiten ez dituztenak.

Bestalde, badira bestelako enpresa ereduak, eredu parte-hartzaile eta demokratiko(ago)ak. Egon badira ereduak ohiko sistema kapitalista hierarkikotik aldentzen direnak, helburu eta formetan ezberdin direnak. Kooperatibak dira beharbada bere jatorrian ohiko joeretatik ezberdintzen diren adibide garbienak, demokrazia ekonomikoan oinarritutako erakundeak direnak.

Hala ere, kooperatibak ez dira bakarrak filosofia berarekin lan egiten dutenak, langileen berdintasuna eta parte-hartzea oinarri dutenak. Izaera juridikoa garrantzitsua izan arren (oinarrizko baldintza batzuk ziurtatzen dituena), posible da idealak eta alternatibak hainbat egituratan eraikitzea.

Gai horiexek hartuko ditut ardatz mezu sokan: demokrazia ekonomikoa, langileen parte-hartzea, eta ardura partekatuak jabetzan eta kudeaketan, baita alternatiba ekonomikoarekin erlazionatutako gaiak ere. Izan ere, ezinbesteko dugu garapen sozioekonomikoa bilatze bidean enpresa munduan alternatiben inguruko hausnarketa bultzatzea. Langileen eskubideen malgutasuna eta baldintzen okertzea nagusi den garai hauetan, hain garrantzitsu diren eraginkortasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko beste eredu batzuk badirela arrazoitu eta frogatzea ezinbesteko dugu.

Bide horretan, parte-hartze demokratikoarekin lotutako hiru ildo aintzat hartu beharko ditugu: enpresaren edo erakundearen jabetza, kudeaketan parte-hartzea eta lanpostuko autogestioa. Hiru alderdiak dira gakoak enpresa eredu demokratikoa planteatzerako orduan, izaera kolektiboa indartzearekin batera. Hala ere, formek ez dute garrantzitsuena ziurtatuko: erakundearen helburua eraldaketa soziala dela uneoro bermatu behar da. Hasierako idealak egunerokoan aplikatzen jarraitzea ezinbesteko da, merkatuaren gurpil zoroan sartuta misioa eta funtsa alde batera utzi gabe (hainbat eta hainbat kasu zerrenda genitzake). Nola eta zer garrantzitsua da, baina hutsala zertarako galderaren erantzuna ahaztu badugu.

Irudia: “Latteria Cooperativa d’Italia” by Sibode1 – Fotocamera. Licensed under Public domain via Wikimedia Commons.

Iruzkinak